519 Zenbakia 2010-02-05 / 2010-02-12

Gaiak

Donostia: itsas bazterreko espazio urbanoaren irudi sinbolikoa

VIVAS ZIARRUSTA, Isusko



1. Urbano bihurturiko paisaiaren abiapuntua 2. Hirigintzak itsasoari eskainitako aurpegi esanguratsua 3. Izan zitekeen hiria: ur-fronteetako egituraketa adierazgarriaren mugarri galduak 4. Garapen historikoaren ondorio estetikoak

“Eskultura bat ez da sekula amaitzen bere kokalekuan, zeruan jarraitzen baitu; baita lurrean [edota itsasoan ere...]”.

C. Brancusi 1. Urbano bihurturiko paisaiaren abiapuntua

Urgull mendiko gaztelupean eta itsasoak ia inguraturik izan zuen jaiotza Donostia hiriko fenomeno urbanoak. Mendeak iraganda, itsasoari gerturatzen zaion zabalguneak, aldiz, Kontxako badiako lurralde paduratsuak izango zituen halabeharrezko eskenatokiak. Hortik aurrera hiri-kontzeptu modernoaren aldaketa nabarmena izango zen, garai bakoitzeko beharrizan produktibo, ekonomiko, kultural eta estetiko artistikoak eraginda. Argi dago defentsaren eta plaza militar historikoaren beharra XIX. mendearen erditik aurrera eroria zela jadanik, hiri-paisaiaren forma eta antolakuntza beste aktibitate komertzial (lehenengo) eta turistiko (bigarrenik) batzuen menpean jarriz. Azkenik, itsas bazterreko lehenengo lerroetara hurbiltzen den hirian turismoak bereganatu zuen indarrik gehien. Aldaketa horien guztien lekuko Donostiak mende eta erdiko denbora tartean garatuko duen erlazio bitxia bai itsasoarekin kosta partean (hondartzako lehen-lerro eraikietan ez ezik harkaitzetako eremuetan ere) eta baita Urumea ibaiarekin bere bokale probetxagarrien erriberetan.

Portu-espazioen mugikortasunak itsasadarreko paisaiak zeharo eraldatu ditu, gune urbanoak sorraraziz eta behin baino gehiagotan ubideei loturiko hirien fenomeno metropolitarrari bidea eginez. Portu-izaeradun ibai-hertzetan, beraz, lurraldearen ezaugarri berezi hori gogoraraziko diguten elementu anitz topatu ahal izango ditugu kasurik gehienetan, maiz alderdi estetiko, artistiko eta monumentalak oparitzen dizkiguten proposamen arkitektoniko eta eskultorikoekin. (AURKIBIDEA) 2. Hirigintzak itsasoari eskainitako aurpegi esanguratsua

XIX. mendearen hasieran 1813ko sutea eta suntsipena funtsezko gertaera izan zen ez bakarrik donostiarrentzat baita hiriaren traza urbanoarentzat ere. Data horretatik abiatuta bide osoro desberdinetik aurre egin zion bere etorkizunari, antzinako defentsa moduak ahaztu eta definitiboki itsasoari aurpegia erakutsiz. Historiagileek modernitatearen hasiera finkatu izan dute hiri zaharraren aurrietan, etorkizunaren ildoek definitiboki itsas bazterrera eta ibai-hertzera gerturatuko duten hiriaren oinarriak sendotuz.

1. Irudia. Itsasoko lehenengo lerroetako elementu urbano eta arkitekturatxoak burges hirian (argazki-muntaia).

1863. urtea benetan klabea izango zen Donostiaren historia urbanoan eta hiriak itsasoarekin pairatu izan duen talka-harreman etengabean. Harresien kortseak desagertuta, Antonio Kortazar ingeniariaren plano berriak hirigintza modernoa inauguratu zuen Donostian, zabalguneen aroari ongietorria emanez. Gerora, hiriaren eta uraren arteko erlazio gatazkatsuak ez ziren soilik itsasoari arrera egingo zion espazio urbano berrira mugatuko. Aitzitik, Urumearen meandroen okupazioak orduraino ezezaguna zuen dimentsioa ireki zuen, ibaiaren bi alderdiak apurka-apurka padurako lokatz bustia izatetik sekulako balio estetiko eta plastikoak dituen espazio urbano izateraino jasandako ibilbide txit laburrean. Udarako turismoaren eta aldi baterako bisitarien interesei so, urak eta hiriak talka egin ordez balio estetiko anitzeko espazioak planteatzea premiazkoa zen; lorategiak, pasealekuak, arkitektura enblematikoenak eta elementu urbanorik apaingarri eta esanguratsuenak urarekin sortzen diren elkarguneetan agertuz, horietako gehientxoenak Donostiaren identitatearen zeinu sinbolikoak bihurtuko zirenak, alegia.

Monumentaltasunik adierazkorrena maiz ur-fronteetan garatutako eraikuntza arkitektonikoak bereganatuko zuen Donostian, klasizismotik eklektizismora doazen XIX. mendeko azken hereneko urteetan, ‘revivalismoaren’ tendentzia ‘neo’ guztietatik pasatuz. Ezen, Iberiar Penintsulako lehen mailako hondartza izanda, zerbitzu ugari ezarri edo hobetu beharko zituzten; horien artean uren ekarrera, zoladura eta argiztapena. Hiri-espazio zinez monumentalak beharko zituen, beraz, eraikin paradigmatikoez gain izaera bereziko hiri-altzariak. Horien lekukorik apartekoenek itsas bazterreko eta, orokorrean, ur-hertzeko Donostiaren bereizgarri den irudirik estetikoena opatzen digute. Aldayren Kontxako hegalarekin batera, R. Kortazar-ek eskala txikiko funtzio konkretudun arkitektura adierazkor batzuk proiektatuko zituen (Erreginaren bainu etxea, gaur egun Eguzki elkartea dagoen lekua edota “La Perla del Océano”), hondartzaren eta espazio urbanoaren tarteko lerroan Donostiaren ikuskizunik tipikoenetarikoak baimentzen dizkigutenak, irizpide estilistiko eklektikoak berriro ere eskuratuz eskarmentu gutxiko etapa modernistaren ostean (1. irudia).

2. Irudia. Kontxako badia eta Ondarreta hondartza lotzen nahiz aldi berean banatzen dituen lurmuturreko parajea.

Miramar Jauregiak Erdi Aroko ‘neo-estiloak’ hartuko ditu eredutzat. Selden Wornum arkitekto britainiarraren proiektuaren araberakoa, Kontxako badiako kokagune singularrean finkatutako jauregiak Donostiako itsas bazterreko paisaia osatzen du (2. irudia). Erdaraz “Pico del Loro” edo “Pico del Oro” deitua, Loretoko Amabirjinaren ermitatxoa harkaitz haien gainean aurkitzen zenez (Antiguako kanposantu zaharraren barnean, kartzelaren eraikuntzarako eta tranbia-bidearen ezarpenean harri-iturri lez erabilia Udaleko akordioen arabera; harria oso eskuragarria eta merkea baitzen), izena hortik datorkiola diosku Txillardegik (Loreto-pea, hasieran “Pico del Lorito” bihurtua). Bertatik oso gertu Zaldisko-Zokoa ageri da, Kontxako hondartzarantz abiatuz, XX. mendearen azkenean Eduardo Chillidaren eskultura bat jarri zuten pasealekuko begiratokia (3. irudia). Antiguako beste puntan, bertako ur-fronterik zakar, korapilatsu eta ahantzienean emango zion Donostiak amaiera sinbolikoa itsas bazterreko fenomeno urbanoari laurogei urte baino geroago, E. Chillida eta Luis Peña Gancheguiren esku-hartze urbanistiko eta eskultorikoarekin: “Haizearen Orrazia”, Euskal Herrian adierazkortasun garrantzitsua bereganatuko zuen interbentzio artistiko eskultoriko eta urbanoa suposatuko zuena. Bizpahiru hamarraldiren ostean, espazio publikoaren estetikak beste bide batzuk hartuko dituela dakusagu. Bi momentu horien artean (1970eko hamarkada eta XXI. mendearen hasiera), beste behin ere eraikitzeke (‘altxatzeke’) gelditutako ‘beste eskultura’ eta ‘beste monumentu’ baten oihu garratz ahantzia ekarriko dugu hurrengo paragrafoetara, arkitekto eta eskultorearen lanak elkarlotuz sortutako ‘beste estatua’ baten kontzepzio berriaren bilaketarako. (AURKIBIDEA)

3. Irudia. Pasealekuaren simetria bortitza markatzen du Fleming doktorearen omenezko monumentuak (E. Chillida). 3. Izan zitekeen hiria: ur-fronteetako egituraketa adierazgarriaren mugarri galduak

XX. mendearen bigarren hamarraldia hastearekin Donostia udako gorte-hiria izatearen balio sinbolikoak goraipatu nahi izan zituzten Mª Cristina erreginaren omenezko monumentuarekin. Monumentuaren deskribapenean obra ‘kolektiboaren’ aipamena agertzen da, itsasoari begiratuko diona eta gainera ‘modernoa’. Halaber, eraiki izan balitz monumentu klasikoaren usaia oraindik mantenduko zukeen, nahiz eta garaiko irudi anitz ez kontserbatu. Hirurogeita hamar urte beranduago berriz ere kolektibotasuna, modernotasuna eta itsasoaren gertutasuna presente izango zituen beste huts egindako monumentu bat Donostian nola planteatu zen ikusiko dugu aurrerago: Jorge Oteizaren hilerria; ez Santa Klara irlan baizik eta Ametzagañako mendixkan, kasu horretan abangoardiatik eta J. Oteizaren ikuskera artistikotik heldutako ‘estatua abstraktuaren’ balio erantsiarekin. Bata zein bestea bi garai aldakorren tartean kokatuak, XX. mendeko hasiera eta amaiera.

Ametzagañako auzoan kanposantua egiteko aurre-proiektuen nazioarteko lehiaketarako oinarriak 1984an onartu zituen Udalak, ohiko hilerrien eskema eta eredu zaharkituari balio erantsia gehitzeko ahaleginarekin, oraindik ere nolabaiteko zilegitasuna zeukan 1962ko Donostiako Hiri-Antolaketaren Egitamu Orokorraren baitan onartua. 1950eko hamarkadaren amaieran R. Puig arkitektoarekin Oteizak Montevideon eraikitzeke utzi zuen Batlle eta Ordoñez politikariaren omenezko monumentua gogoan (hau ere itsas bazterreko muino baten gainean, hiritarrek finantzatua eta ‘modernoa’, lehen aipatu dugun Mª Cristinarenaren aurrekariekin), Donostian ere Juan Daniel Fullaondo, Marta Maíz eta Enrique Herrada arkitektoekin batera “26 11 41 Izarrak Alde” proiektua aurkeztu zuen eskulturagileak. Mendixkaren gainaldea hegazkinak aireratzeko pista lez geldituko litzateke, itsaso zabalera begiratuz, ezkerraldean Urgull eta eskuinaldean Ulia zituela. Hilerriak ohiko kanposantuen itxuratik diferentea litzatekeen ‘paisaia zibikoa’ sinbolikoki berrinterpretatu beharko zuen, 1958ko Montevideoko konkurtsoaren elementu estetiko formal batzuk eguneratuz. Batlle eta Ordoñez-en memoriari eskainitako monumentu hartan ere kareharrizko losa edo estela beltz handiak, lurretik metro eta erdiko altueran, meditaziorako eta isiltasunerako ‘lekua’ adierazten zuen, monumentuaren ideiaren plano estetiko eta izpiritualak konpartituz. Beste grabitazio-kanpoa prisma laukizuzen batek bereganatzen zuen, itxia eta erabat funtzionala, mendixka gainean etzana flotazio linea bailitzan. Eraikin horren beheko aldean branka itsasoari erakusten zion murru ‘babeslea’ jaiotzen zen, horizontalki, ‘desokupazioz’ sortutako losa-estatuaren espazio hutsa ukitu arte luzatua. Monumentu honek inflexio puntua markatzen du paraleloki kutxa hutsekin eta kutxa metafisikoekin zerabilen jarduera esperimentalean. Arte-arkitektura erlazioa hierarkiarik gabeko osotasun estruktural gisa gertatzen da, bai arkitektoari eta bai artistari konpromiso profesional eta esperimental berbera eskatuz (hiriaren diziplinarteko eraikuntzaz zeuden nazioarteko foro eta debateetan interesatua baitzegoen Oteiza).

Arteen eta arkitekturaren integrazioan aurkitzen zuen Oteizak monumentuari irtenbidea emateko soluzioa, hirian lan egiten duten diziplinen kolaborazioarekin batera. Garai bakoitzeko espresio kolektiboaren beharrizanak arte (eskultura), arkitektura eta hirigintzaren arteko egiazko sintesi batukorrean bilatu beharko ditugu eta. Hala izanik, eskultura eta arkitektura harreman sinbiotiko horretan jartzeko moduen artean soluzio ‘integratua’ hobesten du Oteizak. Artistak eta arkitektoak elkarrekin hartu behar dituzte erabakiak metodologia honen arabera (eredurik aipagarriena Montevideokoa izanik).

4. Irudia. Paseo Berriko itsas borne historiakoa, azken urteetako berriztapen nahasiaren ostean (Oteizaren pieza).

Erabat bestelakoa litzateke Paseo Berriko Oteizaren eskulturaren kokapena, bertako paisaiaren anabasaren eta gehiegizko hiri-altzari zein azken boladan eraikitako arkitekturatxoen artean. Itsasoaren, mendiaren eta hiriaren arteko bitarte horretan panorama estetiko arras zaratatsua aurkitu genezake, auto-trafiko etengabearekin areagotua. Inguruarekin lotura estetiko estuak bilatzeari neurri batean muzin eginda, 2002. urtearen hasieran Bilboko ‘Campo de Volantín’ pasealekuan ezarritako Oteizaren beste eskulturaren kasuan parte hartu zuten Francesc Bacardit eta Manuel Ruisánchez arkitektoek lagundu zuten obraren instalakuntzan (4. irudia). Izan ere, Udalak Oteizaren eskultura bat nahi zuen nola edo hala, artista honen ondarearen gestoreek bere eskulturatxo txikiak eskalaz handitu eta gune publikoetan jartzeko hartu duten ildoari jarraituz. Bide hauetatik ibiliz, sarritan ‘keriak’ ‘tasun’ bilakatzeko trebezia lotsagabe eta zaletasun beldurgabea erakusten dira, Oteizaren obrak inoiz izan ez dituen erreferentziak, adierazkortasun-nahiak eta inguruarekiko elkarrekintzazko propietate txit arraroak asmatuz. Hauek lirateke, laburbilduz, Donostiako egitasmo eskultoriko arkitektoniko galdutakoen artean inportanteenetako batzuk. (AURKIBIDEA) 4. Garapen historikoaren ondorio estetikoak

Estimulu bisualen saturazioan etengabeko tranpa hedonista ikusten zuen Oteizak, hiritarra ikusle soila bihurtzeko ahaleginetan entretenigarriak barra-barra oparitzen baitzaizkio, artearen indar transformatzaileaz ohartu gabe. Hiri-espazioaren tratamenduan, adierazpen estetiko eta plastikoetan, artearen garrantziak gorderik jagon beharko du; zeren eta eraikina arkitektura bihurtzen denean orduan bilakatuko da hiria bera artelan, beti ere hiri-paisaia osotasun estetiko, artistiko, urbanistiko eta arkitektonikoaren barnean ulertuz, guri dagokigunean itsas bazterreko eta ibai-hertzeko ur-fronteei eta muga-lerroei loturik. Nola ez, eskultura-arkitekturaren aipatu elkarlotura eta elkarrekintzek Ametzagaña mendiko hilerriaren proiektuan izango zuten agerpenik oparoena. Montevideoko adibidea gogoan, eskultura-arkitektura integrazioa erabatekoa izan zitekeen ‘estatua’ berri baten ‘ulerkera zibiko’, politiko eta kulturalaren bilaketan ‘efikazia antropologikoz’ jokatuz.

Mendixka horietako bakoitzak funtzio sinboliko konkretu batzuk bete izan ditu Donostiako itsas bazterreko hiri-paisaiaren eraiketa historiko eta estetikoan ere. Alabaina, beti funtzionatu izan dute elementu solte bezala, fenomeno urbano adierazkorra bateratuko zuen ideia edo proiektu benetan komunak dastatu gabe (Igeldon funikularra, atrakzio parkea eta etxebizitza garestiak, Urgullen militarren aurri historikoak eta Santa Klaran urbanizazioak, lorategi-parkeak eta portuaren hazkundea, besteak beste [5. irudia]). Izan ere, horrela ikusita Urgulleko paisaia kulturalak Donostiaren historia zaharrarekin lotzen gaitu, antzinako aroekin, Igeldoko azpiegiturek aisialdirako aurrerapen teknologikoekin eta Santa Klarak beti jaso ditu Donostiako hiri-ideiaren kontraesanak, komertzioaren eta turismoaren aldeko eztabaidetan; bai Kontxan, Grosen edo Antiguan eta Urumeako paduretan jaio ziren kontzepzio desberdinak kostako badia inguratzen duten hiru tontor hauetan nola edo hala errepikatuz.

5. Irudia. Santa Klara uhartea Ondarretako muturrarekin elkarlotzeko dikearen arrastoak ur-azpian diraute oraindik ere.

Ondarretatik Urgull-eraino doan hiriaren ardatz egituratzaileak (itsasoarekiko horizontalean) puntu adierazgarriak ditu hiriaren limite geografikoetako kota baxuetan, natura-artifizio lokarria ez ezik lurraldearen formak espazio antropikoaren mugak deskribatzen dizkigun ur-fronteetan. Hiri-altzari historiko eta xelebreak hondartzari loturiko bizipenaren agerkari sinbolikoak balira (garaian garaiko gustu estetikoari eta diseinu urbanoari atxikiak), Chillidaren eta Peña Gancheguiren interbentzio urbanistiko eta eskultoriko gartsuak (“Haizearen Orrazia”) artelanaren funtzioa erakusten digu hiriko espazio publikoen berreskurapenean (6 irudia). XX. mende hasieran eta amaieran Santa Klara edota Ametzagañako egitasmo zapuztuetan ordea, monumentaltasun kontzeptu berrituak izango zuen agertokia. Mª Cristina erreginaren monumentua ideia klasikoetatik abiatzen bazen ere, bai taiukeran eta baita lengoaia plastikoetan modernotasuna aldarrikatzen zuela ikusi dugu. Oteizak eta Fullaondok aldiz, ‘monumentu-estatua’ guztiz modernoaren kategoria ‘sakratu’ eta aldi berean ‘humanoa’ bilatu zuten arkitektura-eskultura integrazio boteretsuan. Urte horietarako, ostera, postmodernitatearen giroak ez zuen jada ‘osamen izpiritualerako’ monumenturik erreklamatzen, baizik eta hiriaren apaingarri izan zitezkeen eskalaz handitutako eskulturak eta, gehienez ere, Donostiari ikonografia berria emango lioketen balio erantsiko arkitektura ponposoak. Huts egindako bi intentzio indartsu horiekin, Donostiako itsas bazterrak Santa Klara eta Ametzagañako tontorrak kateaturik utziko zizkigun beste ardatz sinboliko eta monumentala galdu zuen definitiboki; bata modernotasunaren plastika aurrerakoiaren adierazgarri eta bestea ‘modernoegia’, ziurrenik, postmodernotasunaren baitako kode estetiko eta errepresentazio-beharrak asetzeko. (AURKIBIDEA)

6. Irudia. Espazio urbanoaren amaiera bitxia Donostiako ur-fronteetan (hiritik itsasora begira; “Haizearen Orrazia”).