516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hotzari aurre (gaztaina saltzailearenak)

GARAI, Maitane



Ez naiz hasiko urtaro honi propio egokitzen zaion eguratsari buruz kexaka. Arrazoi ezberdinengatik gustuko ez dudala esan nezake, baina zertarako? Behar beste baino gehiagotan izaten da gure hizketa–gaia, eta horrek ez du egoera hobetzeko balio izaten...

Aitortu behar dut azken egunotako “freskotasunak” –mania itzela gure hotzari sinonimoa bilatzeko!– negu parteko fenomeno bati erreparatzeko balio izan didala. Egunez egun, graduak behera joateaz bat, ilara handituz joaten da herriko kale nagusiko tren itxurako postuaren inguruan.

Handik igarotzen baldin bagara –eta usaiak konturatu gabe eramaten gaitu–, emadazu dozena bat; niri dozena erdia ipini entzungo dugu. Eta hor aurkituko dugu gaztaina saltzailea, makinistaren antzera, lan–jantzi urdina soinean duela. Normalean, umeek kontsumitzera behartzen dituzte gurasoak, tristura–begirada teknika erabilita, esaterako. Edo hori sinetsi nahiko lukete aita–ama askok; haurrak nahi duelako erosten ditut gaztaina erreak, ez pentsa! Ondoren, neska–mutikoak gehiago jan nahi ez duenean, gustura–gustura irensten dituzte hondarrak, baina!

Arrazoiak arrazoi, herritarrek kontsumitzen dutelako etortzen da urtero gure herrira gaztaineroa, eta beti ipintzen du leku berean salmenta–tokia; funtzionatzen badu, zertarako aldatu? Oraindik ere ikusten da jendea hotzari aurre egiteko ilaran zain, baina halere, krisiaren eragina ere iritsi zaio gizonari eta gutxiago dira gaztaina erreen bila gerturatzen direnak.

Bere albotik pasatuta, maiz galdetu diot nire buruari merezi ote dion lan horrekin jarraitzeak; jende gutxik erreparatzen dio lanbidearen gogortasunari. Erosleek ematen dioten solasaldiak bi motakoak izaten dira, zenbaten dago paketetxoa? edo niri nahikoa eginak eman! izaten da. Noizean behin, sudurretik mukia darion mutikoa gerturatzen zaio, edota sugarren txinpartei begirik kentzen ez dien neskatoa eta haien ahotik sortzen diren galdera xelebreak izaten da saltzailearen eguneko animazioa!

Baina zer izango litzateke negu bat gaztainarik egon ezean? Egun gris–tristeak are eta goibelagoak direla emango lukete airean zabaltzen den usainik gabe eta zer esanik ez, barruak berotzeko bide egoki eta osasungarria dugula.