516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22
Musikaria, gitarra–jotzailea, abeslaria... Emakume polifazetikoa da Aurora Beltrán nafarra. Iruñean jaio zen 1964ko abuztuaren 26an. Halere, txikitan familiarekin batera Beriaingo Potasa herrira mugitu eta bertan eduki zuen urteetan bizitokia. Egun, Txulapain Ibarreko Usin herrixkan bizi da. Argazkia: Diario de Noticias de Gipuzkoa.
Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko seigarren mailako ikasketak egiten hasi zenean, gaixotasun batek harrapatu eta denbora luze eman zuen etxean. Hala, aitak gitarra bat egin zion opari denbora–pasaren bat izan zezan, eta afizioa hartu zion instrumentuari; 13 urterekin bere aurreneko kantua idatzi zuen: Muerte ven.
Zaletasuna alboratu gabe, ikasketekin jarraitu zuen nafar gazteak, eta OHO amaituta, urtebete irauten zuen elektrizitate ikastaro bat burutu zuen. Orduan, bere pasioari serio heltzea erabaki zuen, eta Iruñeko Kontserbatorioan izena eman eta zazpi urtez egon zen bertan; biolineko 5.mailara arteko ikasketak burutu zituen.
XX. mendeko laurogeiko hamarkada erdialdean, Belladona taldeko gitarrista moduan hasi zen, baina etapa laburra izan zen hura Auroraren bizitzan; Las mujeres y los niños primero lana kaleratu zuen haiekin. Garai berriei heldu eta 1987an Manuel Beltrán Lolo anaiarekin batera Tahúres Zurdos talde mitikoa sortu zuen; gitarra jotzeaz gain, ahots nagusia ere bera zen.
Musika talde gehienek moduan, maketa bat grabatu eta agertokietara igo eta kontzertuak emanaz, izena hartzen joan zen talde iruindarra. Horri esker iritsi zen aurreneko diskoa grabatzeko aukera. Tahúres Zurdos izena ipini zioten, eta 1988an publikatu zen. Horren ostean zortzi lan gehiago kaleratu zituen talde nafarrak: Tahuría (1990), Nieve Negra (1991), Árido (1992), La caza (1994), Azul (1996), Tak (1998), El tiempo de la luz (2000) eta 17 años (2004). Azken hori zuzenean grabatu zuten Tuteran eta horrekin eta hamazazpi urteko ibilbidearen ostean, Tahúres Zurdos taldeak agur esan zion publikoari.
Orduan, egoera berriari aurre egin eta bertigo zantzurik gabe, bakarlari gisa aurkeztu zuen bere burua Aurora Beltránek publikoaren aurrean. Clases de baile grabatu zuen 2007an, eta urtebete beranduago ikusi zuen argia. Lagun ugarik kolaboratu zuten lan berrian, besteen artean, Loquillo edota Enrique Bumburyk. Gainera, 2008an Rosendo eta Barricadarekin batera, Otra noche sin dormir biran hartu zuen parte.
Baina Aurora Beltránek estatuan jotzeaz gain, kanpoan ere eskaini ditu emanaldiak, eta horren adibidea da 2009an Ameriketako Estatu Batuetara joan eta Filadelfia, New Jersey, Boston edota New Yorken aritu izana.
Musika arloan daukan ibilbide luzeak hainbatetan Musikaren Sarietarako izendatuta egotea ekarri dio emakume ilehoriari eta bestalde, HeavyRock aldizkariak ere, abeslari onenaren saria eman dio bost urtez jarraian.
Pertsonalitate handiko emakume honek ideiak argi dituela diote ezagutzen dutenek. Hala, ez da harritzekoa, taldean edo bakarlari moduan, jendearengana iristeko modua aurkitu izana.