515 Zenbakia 2010-01-08 / 2010-01-15

Artisautza

Fernando Castro. Marko jartzailea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Prozesuak errazak dira. Bezero bat datorrenean zer nahi duen jakin behar da lehenbizi, eta ondoren artisauak bere ideien ekarria egiten du, era guztietako aukerak emanez eta bakoitzaren prezioak erakutsiz. Asmoa bideratuta dagoenean lana egiten da.

Kontuan hartu behar da koadro batek hainbat pieza izaten dituela:

“Passe-partout” delakoa, obra nagusia eta markoaren artean jartzen den elementua alegia. Kartoizkoa izan ohi den arren, material asko erabil daitezke: kortxoa, zura, oihala, plastikoak, baita parasitoen aurkako bereziak ere artelan eta museoetarako.

“Passe-partout” hauek bereziak izaten dira “arima zuria” izenekoetatik, zuria izaten den alaka horitu ez dadin.

Kristala. Obra kanpoko zikinetik eta erasoetatik babesteko erabiltzen da, eta beirazkoa edo plastikozkoa izaten da. Kasu batzuetan plastikozko geruza bat ematen zaio eguzki-izpi ultramoreen aurka (UV).

Atzeko itxitura (kartoizkoa izan ohi da edo “luma-kartoia” (paper-konposatua, gainean poliuretano geruza duena, obra hormako hezetasunetik babesteko) eta ixteko banda edo zinta.

Batzuetan kanpoan egongo diren koadroak enkargatzen dizkiote (jatetxeetako menuak edo antzekoak) eta kasu hauetan hezetasuna sartu ez dadin atzeko plaka berezi bat erabiltzen da.

Eusteko elementu metalikoak, eskuarki obra paretatik zintzilik jartzeko.

Kasu batzuetan aurrean plakatxo bat jartzeko eskatzen zaio egilearen edo obraren izena adierazteko. Lamina metalikoan edo plastikoan jartzen da, eta torlojuz edo itsatsita bermatzen da.

Obra guztietan atzeko partean eranskin bat jartzen die izenarekin: ENMARCACIONES CASTRO.

Muntatzeko zenbait mahai dauzka, baita honako hauek ere: inglete-zerra, gillotina, arrabotatzeko makina elektrikoa, grapagailu pneumatikoa eta hutsean lan egiteko prentsa –laminak lantzeko–, tresnak (mailuak, kurrikak, metroak eta abar) eta kontsumigarriak (arkatzak, erregelak, konpasak eta abar), markoa, “passe-partout”, beira... Azpimarratu behar da erabiltzen dituen kola guztiak bereziak direla obrarekin korrosiboak izan ez daitezen.