515 Zenbakia 2010-01-08 / 2010-01-15

Gaiak

Ez dok amairu mugimendu kulturalari sarrera

AURTENETXE ZALBIDEA, Auritz



XXen mendeko 60en hamarkadaz geroztik, bizi zen testuinguru politikoak bultzatua, kantatzeko modu berri bat agertu zen Euskal Herrian zein Estatu Espainiarreko beste autonomia erkidegoetan. Katalunian Nova Cançó izenez ezagututako mugimendua Euskal Herrian Euskal Kantagintza Berria izan zen, eta Katalunian sortutako taldea Els Setze Jutges izan bazen, Euskal Herrian ez dok amairu mugimendu kulturalean bilakatu zen. Horrela, kantagintza berriaren bitartez komunikabide zein adierazpen bide berri bat ireki zen, erregimenak eta honi loturiko komunikabideek luzatzen zituzten mezuei, zigorrei eta zentsurari aurre eginez. Hortaz, mezu berriak kaleratzeko bidea kantagintza izango zen, oholtza gainean gitarraren laguntzaz kantaria agertuko zen itxaropenari, bizitza berri bati, gizarteak bizi zuen kutsaduraren kontra egiteari, askatasunari, justiziari, bakeari eta elkartasunari abestuz, horrela berezko identitatea sortu, injustiziak salatu, herriari kontzientziaren beharra azaldu, itxaropena transmititu eta literatura herriari hurbiltzen saiatuko zen. Mezua helarazteko bidea kantagintza izanik, jaialdiak bihurtu ziren jendearen topagunerako eta elkargunerako aitzakia, bertan, jaialdietan talde izaera bultzatzeaz gain, kasu batzuetan ere, ekitaldi politiko bihurtu ziren. Horrela mintzo ziren gai korapilotsuaren inguruan Antton Valverdek eta Xabier Letek 1977en urtean Deia aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean:

Antton Valverde.

- Antón Valverede: Euskal kantarien politizazioa uka ezinezko da. (...) “Herri kanta” izenekoan ari diren guztien artean gertatzen da. (...) Inguru polítiko batean bizi gara, eta inguru horren lekuko gara. Azken hilabeteotako kantaldiak mitin hutsak izan dira.(...)

- Xabier Lete: Polítika zentzua ere argitu beharra dago. Nazio baten oinarrizko eskakizun-burrruka izan da batez ere orain arte. Eta polítika honetan, kantari guztiok, gehiago edo gutxiago, aritu izan gara. Baina ez gaitu politikak egin, (...)1

Euskal mugimendu kulturalak orokorrean, eta kantariek bereziki helburu bat izan zuten, “Abeslarien lana hizkuntzaren eta abertzale kontzientzia berreskuratzea,(...)”,2 bizi zen egoera politiko frankistaren ondorioz euskal gizartean sortzen ari zen hutsune kultural bat betetzea, berpizkunde kultural bat bultzatzea euskal kultura, euskara eta herri nortasuna oinarritzat hartuta. Ondorioz, ez dok amairu mugimendu kulturalaren lehendabiziko pausoa hizkuntza, euskara eta abertzaletasun izaera berreskuratzea izango ziren.

Baina ezin da 1964 eta 1965en urte bitartean jorratu zen euskal mugimendu kulturalaz berba egin kantagintzaren bi aitzindari aipatu gabe, Nemesio Etxaniz apaiza eta Michel Labeguerie politika gizona. Biek egin zuten lan kantagintza berri baten alde, lehendabizikoak, Etxanizek, kantagintza berri bat sortu nahi zuen atzerritik heltzen ziren kantei aurre egiteko, horretarako tradizionalak ziren kantak garaiko gustuetara moldatzea eta atzerritik zetozen kantak euskaratzea izan zuen helburutzat. Mixel Labegueriek berriz kantagintzaren bidez eta gitarra eskuan hartuta euskal nortasunaren aldeko kantak sortu zituen, euskal kontzientzia pizteko.

Ez dok amairu mugimendu kulturalak musikagintzan emandako lehenengo pausoa aipaturiko aitzindariekin lotura izan bazuen, taldeak emandako bigarren urratsa Jorge Oteizaren planteamendu estetikoekin harremana izan zuen. 1970en urtean ez dok amairu-k musikagintzaren barruan estetiko zein musikalki aldaketa garrantzitsua suposatuko zuen proposamena aurkeztu zuen baga biga higa sentikaria izeneko espektakuluaren bidez. Mugimenduaren helburuak zabaldu ziren, euskararen eta abertzaletasunaren berreskuratzearekin batera kantutegietan jasotako kanta tradizionalak jendeari erakustea, garaiko olerkarien lanen musikalizazioaren bidez olerkarien lanak plazaratzea, bide esperimentalei bidea irekitzea eta gal zorian zeuden musika tresnak berreskuratzea eta plazaratzea izango ziren. Baina oraingoan, espektakuluan, publikoaren aurrean talde izaera agertuz eta arte adierazpen ezberdinak uztartuz agertuko dira taldekideak. Hortaz espektakulu kolektiboa agertu zuten bere osotasunean, gizartean bizi zen egoerak hala eskatzen baitzuen, gizarte arazoak ez baitziren norbanakoarenak baizik eta taldearenak.

Michel Labéguerie.

Espektakulua atsedenaldi baten bidez bi zatitan banatua aurkeztu arren, hasieran eta bukaeran taldeko kideak oholtza gainean agertzen ziren Baztango dantza dantzatuz, espektakuluari batasuna emateaz gain, zentsu zirkularra, amai gabea, ziklikoa agertuz. Besteak beste lehendabiziko “Xoxoak galtzen du mokoa” (kanta tradizionala), txalapartaren soinua, “O! Pello, Pello” (kanta tradizionala), toberaren soinua, taldeko olerkarien lanen errezitatzea edota “Txori txikia” (J.A. Artzeren olerkia) bezalako kantak abestuko zituzten. Bigarren zatian, lehenengoaren ildoari jarraituz, mosu gitarraren soinua entzuteaz gain, “Txoria txori” (J.A. Artzeren olerkia), “Gizona lana eta makina” olerkia (J.A. Artze) edota “baga biga higa” (kanta tradizionala) interpretatuko zituzten beste batzuen artean.

Ondorioz, ez dok amairu mugimendu kulturalak tradizioa eta modernitatea komuztatzen zituen espektakulu berri bat agertu zuen, planteaturiko helburuak sentikariarekin bete zituelarik.

Kantagintza berriak tradiziozko kantaren berjabetzaz nortasun kulturala indartzeaz gain tradiziozko errepertorioaren berdefinizio bat egingo du, garaiko gustuetara kantak moldatuz. Era berean euskararen erabilerarekin batera autentizitatearen ideia presente agertuko da, horrela nortasunaren defentsa egiteko kanta tradizionalen bidez iraganari begiratzen zaio. Hala ere gal zorian zegoen errepertorioaren berjabetzaren bidez errekuperazio, kontserbazio eta berrasmakizunaren ideia agertzen dira.

Modernitatea eta tradizioa bateratuz Euskal Kantagintza Berria izeneko mugimenduak euskal gizartean funtzio bat bete zuen, estetikarako inplikazioa izan zuen, nortasunaren inguruko galderei erantzunak eman zituen, norbanakoaren bizitza pribatua eta publikoaren arteko harremana sortu zuen baita esperientziei momentu historiko bat jarri, gaur eguneko errepertorio herrikoira helduz. Horren adibidetzat Jose Anton Artzeren olerkian oinarrituta Mikel Laboak 1969en urtean musikatutako “Txoria txori” izeneko kanta dugu. 70en hamarkadako kanta izanik, honek egun euskal gizartean duen presentzia eta errelebantziak adierazten dute kantak garaian izandako kolektibo batenganako indarra eta bizi izandako esperientziekin lotura, horregatik egun, 39 urte beranduago, kolektibo ezberdinen ahotsean kantatua da, herrikoia izanik.

Ez dok amairuk euskal kulturarengan eta kantagintzarengan zegoen malefizioarekin apurtzea lortu zuen, aurrera atera zen gerra ostetik isilpean eta zapaldurik zegoen kultura. Ondorioz, 60en hamarkadaren erdialdean jorratutako mugimendu kulturalak ate berriak ireki zizkion euskal kantagintzari baita ondorengo belaunaldiei ere.

1 L.A.A. Euskal gizartea aldatzen den neurrian aldatu beharko du, Deia, 1977-09-01ean argitaraturiko albistetik ateratako pasartea.

2 Jakin . “Euskal kanta berria” 4 zenbakia. 1977 Urria-Azaroa.