
Artisautza
Mia Rissanen. Ehungintza: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Garai batean, Euskal Herriko herri guztietan izaten ziren ehungailuan ehotzen zuten ehuleak. Baserritarrek lihoa ematen zieten eta, diruaren truke, ehuleek ehunak egiten zituzten.
Ikus dezagun nolakoa den, laburki, irazki-hari baxuko ehungailuaren lana gaur egun.
Lanean era guztietako hariak erabil daitezke, baina normalean kotoi-, liho- eta artile-haria erabiltzen da. Haria hariletan, konoetan edo matazetan eros daiteke, baina matazetan datorrenean harilak egiten dira. Irazkia egiteko, harilak hainbat ataltxo dituen tiraderan ipini behar dira. Tiradera horien goialdean hari-gidari bat egon ohi da, eta irazkiko hariak handik igarotzen dira, harilkaira heldu baino lehen nahas ez daitezen.
Irazkia ehungailuko hari-multzoa izaten da eta horietan ehotzen da bilbea. Bilbea eta irazkia elkarzutean ipini ohi dira.
Harilkaia tresna bi eratakoa izan daiteke: marko motakoa horman ipintzeko edo danbor motakoa, birak ematen dituena. Harilkaiak irazkia egiten du; hots, gero ehungailuan jartzeko irazkiak izan behar duen luzera prestatzen du.
Hurrengo pausoa, orrazi-pasagailuaren laguntzaz irazkia ehungailuan muntatzea izaten da. Hariak, banan-banan, lehenik sareetatik eta gero orrazitik igaro behar dira. Amaitzean, irazkia tolesgailuan biribiltzen da. Zenbait ehungailutan, lehenbizi irazkia biribildu eta gero lehen aipatutako lanak egiten dira. Pedalak, berriz, dagozkien makila-igorgailuei eta goiko hagei lotzen zaizkie, eta horien mugimenduen eraginez bilbe batzuk igo eta besteak jaitsi egiten dira, eta horiekin batera irazkiaren hariak ere bai, anezka igarotzeko zuloa irekiz.
Lan aldi hori amaitutakoan, irazkia makilari lotu eta tenkatu egiten da. Ehotzen ari denak gurpil horzdunen bitartez egokituko du irazkiaren tenkatzea, eho beharreko gaiak duen malgutasuna eta produktuaren helburua kontuan izanik.
Jadanik zati bat prestatua dago; orain bilbea anezkan muntatu behar da, lanean hasi baino lehen.
Lanerako hari mehea erabiltzen denean, lehenengo haria, txirrika moduan, paperezko oinarri batzuetara igarotzen da, eta gero txirrika anezkan ipini behar da. Hala ere, lanerako gai lodiak, kordoiak edo trapu-zerrendak erabiltzen badira, material hori zuzenean anezka luze eta ireki batean biribiltzen da.
Bitxikeria modura esan dezagun gure emakume artisauak hariak ez ezik, ehun-zerrendak ere erabiltzen dituela lanerako, ehun-zerrenda horiek elkarri lotuz edota hariarekin nahasiz. Ehun-zerrenda horiek erabilitako kotoizko arropa garbietatik ateratzen ditu, botoiak edo kremailerak kendu ondoren zerrenda luze eta etengabe batean ebakiz, josturak eta azpildurak agerian gelditzen direla. Zerrendak hariletan biltzen ditu kordoiak balira bezala.
Ehungailuan 120 zentimetro arteko zabalera duten ehunak eho ditzake, baina gehienetan 60 eta 85 zentimetro arteko zabalera dutenak ekoizten ditu, eta luzera nahi adinakoa.
Azoketara joaten denean, mahai gaineko ehungailu txiki bat eramaten du edo eskumuturrekoak eta gerrikoak egiteko erabili ohi den gerri-ehungailuaz lan egiten du.
Azkenean, oso egitura alai eta ikusgarria duen ehuna ekoizten du, tamainaren arabera edozertarako erabil daitekeena.
