499 Zenbakia 2009-09-11 / 2009-09-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kepa Junkera

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal musika tradizionala, folka eta abar uztartuz, baina batez ere infernuko hauspoari eraginda bihurtu da ezagun gure artean eta baita nazioartean ere Kepa Junkera. Errekaldeko (Bilbo) musikaria 1965eko apirilaren 10ean jaio zen.

Oso gaztetan sentitu zen trikitiak erakarrita bizkaitarra, eta bere kasa ikasi zuen euskal akordeoiaren tekla zuri eta beltzekin jolasten. Afizioa urtetik urtera handitzen joan zitzaion barrenean eta poliki–poliki eta praktikarekin teknika ikusgarria eskuratu zuen Junkerak.

Herriz herri, bere abilezia publikoari eskaintzen hasi zen Kepa, fandango, arin–arin eta bestelako euskal musika ardatz hartuta aurrena. Baina esperimentatzen hasi zen beranduago, gaur eguneko estilora iritsi arte; hori bai, gure musika tradizionalaren erroak galdu gabe, beti ere.

Makina bat diskoren egilea da bizkaitarra. Aurrenekoa Zabaleta eta Motrikurekin batera grabatu zuen 1986an Infernuko Auspoa izenburupean. Alabaina, erran bezala, Junkeraren trebetasun eta sormen ahalmenak diskografia zabala ekarri dio bizkaitarrari. Horien artean hauexek daude: Triki Up (1990), Trikitixa Zoom (1991), Trans–Europe Diatonique (1993), Kalejira Al–buk (1994), Lau eskutara (1995), Leonen orroak (1996), Bilbao 00:00 (1998), Maren (2001), K (2003), Athletic Bihotzez (2004), Hiri (2006) eta Etxea (2008).

Berekin elkarlanean artista euskaldunak nola atzerrikoak izan ditu. Esate baterako, hor egon dira Andoni Egaña edota Jon Sarasua bertsolariak ?Kalejira Al–Buk diskoan hain zuzen–, Oreka TX txalapartariak, eta Carlos Nuñez, Caetano Veloso zein Phil Cunningham dira nazioarteko artistarekin aritu direnetatik gutxi batzuk. Hala ere, Exea diskoan batu zituen artista ugarien Junkerak. Abesti ezagunak hartu eta hainbaten artean Pedro Guerra, Ana Bel?n eta Victor Manuel, Miguel Bos?, Miguel Rios edota Lluis Llach euskaraz kantatzen jarri zituen.

Euskal musika beste kontinenteetara zabaldu du eta hiri asko eta askotan emanaldiak eskaini dituen soinugilea da. Horrez gain, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean bere musikaren erritmora dantzatu izan dute.

Kepa Junkera birritan izan da izendatua Grammy Latinoen Sarietan, hain zuzen Folk Album Onenaren atalean. Aurrenekoa, Maren diskoarekin eta bigarrena K zuzenekoarekin; azken honekin lortu zuen saria etxeratzea 2004an. Baina bestelako galardoak ere eskuratu ditu, Maren lanarekin urrezko bi disko jaso zituen edota Musika Sarietan euskarazko lanik onena saria eman zioten bere Harrobiaz Harro kantuagatik 2004an, esaterako.

Gainera, musika tradizionalarekiko daukan ezagutza beste batzuekin partekatzeko tartea ere hartu du Kepa Junkerak eta modu horretan, Musikeneko –Goi Mailako Musika Ikastegia– irakasle gisa dihardu.

Baina nahiz eta Kepa Junkeraren inguruko kritikak onak izan orokorrean, polemika ere sortu zen 2008an. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eskutik 702.000 eurotako diru–laguntza jaso zuen hiru disko sortzeko eta jende ugarik bere desadostasuna erakutsi zuen. Kepak hala ere, aurrera jarraitu du proiektuarekin eta 2009ko abuztuan hegazkina hartu eta Amerikako Estatu Batuetara egin zuen hegan; 2010eko uztailera arte bertan egoteko asmoa du. Han, hiru diskoetatik bigarrena sortzea du helburu eta Ameriketako artista ezagunek parte hartzea espero da.

Eskusoinuaren maisuak euskal folklorea bere modura egokitu eta mundu osoko jendea dantzan ipintzea lortu du, bere atzamarren abilezia eta inguruan dituen profesionalen laguntzarekin.