497 Zenbakia 2009-07-31 / 2009-09-04
Zergatik erabaki du Arabarrik hamar hiri harresituotan esku-hartzea?
Guztiak bizirik dauden elementuak direla uste dugu, mendez mende garatu direla, etengabeko bilakaera izan dutela. Gainera, guztiek balio artistikoa eta ondare mailakoa edo monumentala dute. Sorreran harresiak defentsarako eraiki bazituzten ere, gaur egun asko etxebizitzak dira. Herritarrak izan dira harresiak zaindu dituztenak. Lehengoratzeko eta birgaitzeko lanetan hasi ginenean konturatu ginen batzuk ia ukitu gabe zeudela, beste batzuetan esku-hartzeak ugariak izan zirela, eta desagertuta zeudenak ere antzeman genituen. Hori guztia kontuan hartuta erabaki genuen jarduketa puntualetatik haratago joatea, eta hortik etorri da Plan Zuzentzailea deritzoguna.
Izan ere, harresiek bizilagunak dituzte. Horregatik, Plan Zuzentzailearen helburua da, neurri handi batean, interes publikoak (besteak beste gure sozietateak izan ditzakeenak) eta pribatuak uztartzea. Kontuan hartu behar dugu harresia bertako bizilagunen bizitzaren osagaietako bat dela.
Arabako hiri harresitu bakoitzak bere Plan Zuzentzailea du, beraz. Laburbilduko al diguzu zein lanetan ari den gaur egun Arabarri?
Hiribildu bakoitzak bere Plan Zuzentzailea izatea da Arabarriren helburua, bakoitzak bere ezaugarriak baititu. Zaila da laburbiltzea gaur egun aurrera daramagun lana. Adibidez, Guardiak eta Antoñanak badute Plan Zuzentzailea, baina Agurainen ez dugu halakorik landu, Udalak nahiko argi duelako nondik nora joan nahi duen. Gesaltza Añanan, berriz, ia desagertua zegoen harresia lehengoratzen ari gara...
Hau da, Plan Zuzentzaileak bilakaera kontrolatua du xede, monumentuan bizi den gizartearen nahiak eta ondare horren zaintza kontuan hartuta. Ildo horretan, Plan Zuzentzailea hainbat fasetan egituratzen da: analisiaren eta diagnosiaren fasea da lehena, gero helburuak eta irizpideak finkatzen dira eta azkenik esku-hartzeko jarraibideak erabakitzen dira. Era berean, planak hiru alderdi nagusi ditu: erakundeen arteko komunikazioa, herritarren partaidetza eta ezagutzaren zabalkundea.
Arabarri lanean ari den hamar hiribilduon artean bada premia larriagoa duenen bat? Zein irizpideren arabera ezartzen dira lehentasunak? Monumentuaren egoeraren arabera, agian?
Plan Zuzentzailea aurrera eramateko aukera da irizpide nagusia, une bakoitzeko premiak baino gehiago. Beharrezkoak badira jarduketa puntualak egin egiten dira, baina etorkizunera begirako planifikazio integrala da gure helburua.
Zein testuingurutan sortu ziren harresiok?
XII. mendean sortu ziren Erdi Aroko hiri harresituak, bai Araban eta baita Nafarroan ere. Beraz, guztiak gotorleku izateko sortu ziren, eta testuinguru historikoa aldatuz joan zen heinean jendeak bizilekutzat hartu zituen eta erabilera pribatua eman zitzaien. Denborak aurrera egin ahala batzuk ahaztuta gelditu ziren, eta orain, moden antzera, jendeak ondarearekiko kezka du eta berreskuratu egin nahi ditu, eurenak direla sentitzen dutelako. Hori da gure helburua, ondarearekiko lotura sortzea, arbasoengandik jaso dugulako, gure historiaren osagaia delako eta gurekin batera aurrera doalako.
Zein bilakaera izan dute? Nolakoa da bizilagunak dituen harresia? XII-XIV. mendeetako arkitekturako osagaiak identifika al daitezke gaur egungo etxebizitza batean?
Mendeetan zehar bilakaera etengabea izan da, ez bakarrik itxuraren aldetik, baita erabilerari dagokionez ere. Egia esateko, harresiaren sorrerako ezaugarriak haren behealdean ikusten dira. Mendeetan zehar hasierako harresiaren tokian dorretzarrak, pasabideak, ateak... jarri dituzte, betiere garai bakoitzeko bizimoduaren beharren arabera.
Plan Zuzentzailea lantzean bilakaera hori guztia aurkitu dugu. Eta bilakaerak aurrera jarrai dezan azterketak egiten dira, eta bizilagunekin asko hitz egiten da etorkizuneko jarduketen inguruan. Jendea ulerkorra da, baina euren eskariak ere kontuan hartu behar dira... Eta harresian tarteak ireki behar dira, azken finean haien etxeetako leihoak baitira eta ezin da argi-espazio hori jatorrizko tamainara mugatu.
Arabarri enpresa den arren, enpatia handia du bizilagunekiko. Teknikariek oso harreman pertsonala dute jendearekin eta badute haien beharren berri. Jarduketei buruz hitz egin ohi dute haiekin. Hartzen ditugun erabakiak zailak dira batzuetan, baina herritarrek orokorrean ulertzen dituzte. Jendea oso kontzientziatua dago.
Beraz, herritarren inplikazioa ezinbesteko baldintza al da hiri harresituetan esku-hartzeko?
Zalantzarik gabe. Arabarrin agente publikoaren lana eta ekimen pribatua uztartzen ditugu. Horren adibide da Labrazaren kasua. Bertara iritsi ginenean ikusi genuen ez zegoela harresia lehengoratzeari buruzko inolako barne araudirik. Hala ere, arau idatzirik egon ez arren, udalerriaren garapenari begira jatorrizko eraikuntza-sistemara egokitzera behartu izan dute euren burua herritarrek. Inork ez die ezer inposatu, herritarren ardura izan da elementu arkitektonikoa zaintzea. Labraza, Hiri Harresituaren Nazioarteko Saria
“Saria bizilagunen ahaleginaren ordaina da”
Labraza 115 biztanledun herrixka ia ezezaguna izan bada ere, gaur egun Arabako toki bisitatuenetakoa da astebururo, bizilagunen ahaleginari esker. Ahalegin hori eta Arabarriren lana saritu ditu Hiri Harresituen Nazioarteko Elkartearen Batzorde Exekutiboak Hiri Harresituen Munduko Sariaren bidez. Erabilera pribatua eta ondarearen zaintza uztartzen ditu Arabako Errioxako herrixka horretako harresiak.
Saria hiru urtean behin ematen da harresi historikoak kudeatu, zaindu eta birgaitzeko proiektu berritzaileak saritzeko. 2008ko ekitaldian saria jasotzeko hainbat hiri zeuden hautagaien artean, Labrazaz gain: Carrickfergus (Irlanda), Chichester (Ingalaterra), Plasencia (Extremadura) eta Gasteiz (Euskal Herria). Azkenean Labrazak eraman zuen saria.
Zein alderdi saritzen ditu Hiri Harresituen Nazioarteko Elkartearen Batzorde Exekutiboak? Ondare, arkitektura edo turismoaren aldetik baloratzen da monumentua?
Hiri harresituen kudeaketa saritzen da. Batzuk euren monumentua erakutsi zuten, eta guk, berriz, monumentuaz gain horrentzat nahi dugun bilakaera azaldu genuen. Hau da, alde pribatua eta publikoa uztartzea da gure ikuspegiaren funtsa.
Ildo horretan, Labrazaren kasuak aipatu dituzun alde guztiak hartzen ditu. Guk monumentuen bilakaera hartzen dugu kontuan. Izan ere, bukatuta egon arren, denborak aurrera egin ahala eta beharren arabera konponketa-lanak eta birgaitzeak beharko ditu etorkizunean ere. Ahalegin hori guztia eta planteamendua izan ziren, nire ustez, Batzordeak kontuan hartu zituenak gu saritzerako orduan. Agian azpimarratu behar da alderdi guztietatik turismoarena dela Labrazaren kasuan gutxien landu dena. Harresia ikusteko gidatutako bisitak antolatu dira eta arrakastatsuak izan dira, baina ostalaritzari begira ez dago eskaintza egokirik.
Toki ezezaguna izatetik ondare eta arte gidetan azaltzera igaro da herria. Nola eman da aldaketa hori?
Sariaren eskutik etorri da aldaketa. Gasteiz lehiakide izanda Labraza garaile ateratzea harrigarria izan da askorentzat. Ondarea bilakaeraren ikuspegitik eta ingurunearekin lotuta ulertzeak oihartzuna izan du, “bizilagunak dituen harresiaren” ideia da. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerririk txikiena da, 0,57 hektarea bakarrik baititu. Hala ere, bisita gidatuak jendez betetzen dira. Jendearen eta Arabarriren kontzientziazioak merezi izan du, argi dago. Saria ahaleginaren ordaina da. Kontuan hartu behar da etxebizitza berri bat izan beharrean halako eraikinean bizitzeak ahalegin handia eskatzen duela. Harresiko bizilagunek etxebizitza berritu nahi dutenean hainbat muga jartzen dizkiete euren buruei...
Sari-banaketa Canterburyn izan zen eta bertaraino joan ziren Labrazako biztanleak. Bidaia oparia izan zen. Nola bizi izan zuten?
Jende heldua, haurrak, gazteak... denetatik zegoen. Hori bizi beharra dago! Labrazari buruzko elastikoak egin zituzten... Baten bat lehen aldiz atera zen herritik... Egun handia izan zen guztientzat. Agian helduek hobeto ulertu zituzten ospakizunaren arrazoiak baina ziur naiz haurrek ere gogoratu eta ulertuko dutela urteek aurrera egin ahala.
Zalantzarik gabe berri ezin hobea izan zen herritarrentzat. Eta zuek, Arabarritik, nola jaso zenuten saria?
Saria bultzada izan da gure jarduketa-filosofiari begira. Ilusioz beteta zaude eta egiten duzun lanean sinesten duzu, egin duzuna ona dela diozu eta beldurrik handiena da egin duzun hori kanpotik ulertuko ote den. Toki askotan azaldu genituen planaren gorabeherak, eta nolabaiteko itxaropena bagenuen. Baina zalantzarik gabe saria ezusteko oso atsegina izan zen.
Urtebete igaro da saria jaso zenutenetik. Zein fasetan dago gaur egun harresiaren Plan Zuzentzailea?
Hainbat jarduketa jasotzen ditu Plan Zuzentzaileak, baina betiere batzorde teknikoaren eta adierazleen arabera eramango dira aurrera... Urteek aurrera egin ahala bestelako kezkak azalduko dira eta beste Plan Zuzentzaile bat sortuko da. Izan ere, jendeak etxe horietan bizitzeari uzten badio azkenean desagertu egingo direla uste dugu.
Arabarri Arabako 10 hiri harresitutan ari da lanean. Aurkeztuko al da berriro ere lehiaketara? Zein proiektu aurkeztuko zenuke?
Kontrastan Plan Zuzentzailea lantzen ari gara eta dagoeneko jaso dugu eskariren bat, baina oraindik goizegi da hortaz hitz egiteko. Labrazarekin irabazle izanaren alderik onena da ondarearen gaineko kontzientzia sortzen dela. Horregatik, beste herri batera joan eta Plan Zuzentzailea aurkezten dugunean, Labrazaren kasua ezagututa, biztanleek ulertzen dute nola egiten dugun lan eta era irekiagoan hartzen gaituzte. Baina dena den, itxaron egin beharko dugu hurrengo ekitaldiaren deialdia ikusi arte. Jokin Villanueva Zubizarreta (Eibar, 1972) Profil profesionala: . Administrazio-burua Medoc, SA enpresan 1996. urtetik. . Arabarri sozietateko zuzendari-gerentea 2007ko urritik. Bestelakoak: . Oiongo udalean zinegotzi (1999-2007). . Arabako Errioxako Taldean batzarkide (1999-2007). . Oiongo udalean alkateorde (1999-2003).