496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31

Elkarrizketa

Germán Yanke. Kazetaria: Oro har, kazetariok zintzo jokatzen saiatzen garela uste dut, nahiz eta gero zuzen ala oker ibili

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Kazetaritza bere bokazioa izan da, eta bere zaletasun sutsua ere bai. Etorkizunari baikortasunez begiratzen dio, eta teknologia berrien arriskuak aipatzen hasi beharrean, alderdi onak gogorarazi dizkigu berehala: “abiadura eta askatasuna”. Germán Yankek Madriletik erantzun dio gure elkarrizketari. Ongi hartu dute Madrilen, eta hiri “irekia eta plurala” dela uste du. Zuzen egindako lana du gogoko, eta etsaitasunezko giro gogorrean jardun behar duten komunikatzaileen profesionaltasuna goraipatzen du.

Nola ikusten duzu Euskadi Madriletik? Nolako itxura hartzen diozu urrutitik, beste ikuspegi batetik begiratuta?

Euskadi Madriletik ikusten dut, eta Madril Euskaditik, astero itzultzen bainaiz Bilbora. Handik, herriminak jota begiratzen diot Euskadiri, eta sarritan amorruz beteta, horrenbeste indarkeria- eta totalitarismo-ekintza gertatzen direlako... Han nagoenean, haserrea pizten zait, noski, aipatutako gorabeherengatik, baina malenkonia ere sumatzen dut, gauzak beste era batekoak izatea nahi nukeelako. Hau da, neure barrenak agintzen du, kokalekuak baino gehiago.

Zer alde on eta alde txar ditu etxetik kanpo egoteak?

Alde onak, niretzat behintzat, profesionalak dira, besterik gabe. Dena den, Madril oso hiri irekia eta plurala da. Gehienak beste nonbaitetik heldu dira, eta etorri berriek ongi hartzen dituzte ondoren iristen direnak ere. Alde txarrak familiarekin eta lagunekin dute zerikusia, denbora batez haiengandik urrun egon beharrarekin.

Zer iritzi duzu egungo euskal kazetaritzari buruz? Orain, hain zuzen, hainbat aldaketa ari dira gertatzen, gobernu-aldaketaren ondorioz.

Ez zait gustatzen orokorrean hitz egitea, eta euskal kazetaritzan, gainerako tokietakoan bezala, denetik dago. Kazetari batzuek beren ideologiari ematen diote lehentasuna, eta beste askok profesionaltasunari. Zenbaitetan, botere publikoekiko mendekotasuna neurriz kanpokoa izaten da, baina kazetari askok eginahalak egiten dituzte horretan ez erortzeko. Esanak esan, ororen gainetik, profesional bikainak daude, eta, gainera, indarkeriaren eta mehatxuen ondorioz, etsaitasunezko giro gogorrean aritu behar dute lanean. Guztion aitormena eta laguntza merezi dute.

El Mundo egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, kazetaritzan erabateko objektibotasuna lortzea ezinezkoa dela adierazi zenuen, nahiz eta, zintzotasunaren izenean, ezinbestez eskatu beharreko baldintza izan. Zure ustez, kazetariak behar bezain zintzoak dira? Hain zaila da zintzoa izatea?

Zaila da zintzoa izatea, edozein lanetan, baina presioen mende dagoen alderdi publiko hori duten lanbideetan, are zailagoa da. Eta horixe gertatzen da kazetaritzan. Objektibotasuna ezinezkoa da. Behar bezain zintzoak al gara? Hori norberaren esku dago, baina, oro har, kazetariak zintzo jokatzen saiatzen garela uste dut, nahiz eta gero zuzen ala oker ibili.

Zergatik ikasi zenuen kazetaritza?

Egunkariak irakurtzeko zaletasun sutsua izan dut betidanik, gertatzen diren gauzak kontatzeko grina bizia, eta idazteko bokazioa. Kazetaritzak zerbait magikoa duela uste nuen, eta halaxe dela egiaztatu dut.

Eta legeak?

Garai hartan, aitak eragin handia zuen nigan, eta lehenbizi zuzenbidea ikastea eta gero kazetaritzari ekitea egokiagoa zela uste zuen. Hasierako arrazoia horixe izan zen, eta, gero, inertziaz jarraitu nuen. Orain eskertu egiten diot, zuzenbideak legeei eta politika-sistemari buruzko ezagutza baliagarriak eskaintzen baititu.

Non eta nola aritzen zara gustura zure bizitza profesionalean?

Lana zuzen egiten eta, noizean behin, norbaitek ezkutuan gorde nahi duen zerbait ezagutzera emateko aukera izaten.

Zorrotza al zara?

Bai, baina ulerkorra ere bai. Neure buruarekin eta besteekin.

Zer da arrakasta?

Arrakastak alderdi publiko bat du, norbere lanarekin gustura egoteaz gain, lehen aipatu dizudan bezala. Eta alderdi horren ondorioz, iragankorra da beti.

Prentsan, irratian eta telebistan egin duzu lana. Non aritu zara erosoen? Zein duzu gogokoen eta zergatik?

Telebista liluragarria da, baina ez dator bat azterketak eta hausnarketak eskatzen duten lasaitasunarekin. Lotura handiegia du irudiarekin eta abiadurarekin. Irratiak harrapatu egiten zaitu, ezbairik gabe, baina aukeratzekotan, nahiago dut prentsa idatzia. Azken finean, idaztea gustatzen zait benetan.

Teknologia berriak arriskutsuak izan daitezke?

Ez dut uste arriskua, hain zuzen, teknologia berrietan dagoenik, horien garapenaren hastapenari lotutako gorabehera berezietan baizik. Hastapen horretan, izan ere, dena zilegi dela irudituko zaigu agian, edo dena berdina dela, serioa eta zorrotza nahiz zabor hutsa izan arren.

Zer abantaila dituzte?

Egunez egun, informazioa eta iritzia gero eta gehiago hedatuko dira, bai igorlearen bai hartzailearen ikuspegitik. Abiadura ez ezik, askatasuna ere handiagoa izango da.

Eusko Ikaskuntzan ere aritu zara lanean, Komunikabideen Sailean eta Batzordean. Zer eman zizun esperientzia horrek?

Komunikabideen Saileko eta Batzordeko esperientzia oso aberasgarria izan zen, ikuspegi pertsonaletik eta intelektualetik. Euskal kulturaren alorreko pertsonarik garrantzitsuenek oso harrera adeitsua egin zidaten, eta haiek entzuteko eta gogoetak, kezkak eta proiektuak partekatzeko aukera izan nuen. Batzordeko kideen artean, gainera, oso pluraltasun aberasgarria zegoen: abertzaleak eta ez-abertzaleak, ezkerrekoak eta eskuinekoak, akademikoak eta artistak. Zenbait eztabaida izan nituen, solaskideen arteko errespetu osoan oinarrituz betiere, baina izugarri ikasi nuen.

Zergatik argitaratu zenuen Stendhalen Viaje al País Vasco?

Viaje al País Vasco lanean, hitzaurrea eta oharrak idatzi nituen, baina testua, noski, Stendhalena da, Viaje al mediodía lanaren atal bat. Horren bertsioa argitaratzea erabaki nuen, halako lan interesgarria irakurle espainiarren esku ez egotea harrigarria iruditzen zitzaidalako.

Gai edo pertsonaia jakin bati buruz idaztea gustatuko litzaizuke? Kazetaritzaren, literaturaren edo bestelako alor baten ikuspegitik, alegia. Eta gai edo pertsonaia jakin bati buruzko programarik egingo al zenuke?

Unamunoz idatziko nuke, ezbairik gabe. Idatzi izan dut zerbait, baina hain aberatsa denez, ikuspegi ugaritatik hel dakioke. Eta telebistan, gauzak nola dauden ikusita utopia hutsa izan arren, liburuei eta ideiei buruzko, edo liburuetako ideiei buruzko, programa on bat egin nahi nuke.

Gaur egun, egunkarietako kolaboratzailea izateaz gain, idazlea zara eta hitzaldiak ere ematen dituzu, ezta? Nolakoa da Germán Yankeren eguneroko bizitza?

Bidaiak izan ezik, bulegarien bizimodu berbera dut. Ia egun osoa paper artean ematen dut, eta gainerako tarteetan jende askorekin hitz egiten dut, batik bat politikaz, nire kazetaritza-lanean denbora gehiena gai horri eskaintzen baitiot.

Zer asmo dituzu etorkizunerako? Zer egitea gustatuko litzaizuke, alderdi profesionalean?

Liburu on bat idatzi nahi nuke. Ez liburu bat, jadanik idatzi dut eta, liburu on bat baizik. German Yanke (Bilbao, 1955) Zuzenbidean lizentziatua eta kazetaria. El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarian hasi zen lanean, Bilbon. Hagako korrespontsala izan zen. 2000ra arte, El Mundo egunkariaren Euskal Herriko edizioko zuzendariordea izan zen, eta, 2000tik 2002ra bitartean, Época aldizkariko zuzendaria. Halaber, COPE kateko La Linterna irrati-saioko alboko zuzendaria ere izan zen. 2004ko maiatzean, Madrileko kate autonomikoak, Telemadridek, kontratatu zuen, eguerdiko albistegia zuzentzeko eta aurkezteko, baina handik hilabete gutxira, Diario de la noche izeneko albiste-saioa bideratzeko ardura eman zioten. Aipatutako saioan, kazetaritza-estilo pertsonalagoa jorratu zuen, informazioa, iritziak eta elkarrizketak uztartuz. Gaur egun, ABC egunkariko kronikari politikoa eta Estrella Digital egunkari digitaleko editorea da, besteak beste. Azken hamabost urteotan, espainiar literaturari buruzko hitzaldiak eman eta mintegiak zuzendu ditu Ameriketako Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan. Ildo horretan, Miguel de Unamunoren lanetan oinarritu da gehienbat. Lau poesia-liburu, hainbat entsegu, 80ko hamarkadako espainiar poesiaren antologia eta Blas de Oteroren bibliografia argitaratu ditu. Unamunoren lanetan aditua denez, Unamunoren Dokumentazio Zentroko (Bilbo) lehendakaria da 1997tik. 1991tik 1997ra arte Eusko Ikaskuntzako Komunikabide Saileko lehendakaria izan zen.