492 Zenbakia 2009-06-26 / 2009-07-03
Zure esperientzia profesionala Iowa-ko Unibertsitatearekin lotuta al dago oso-osorik?
Bai. 50eko hamarkadaren amaieran hasi nintzen Unibertsitatean ikasten eta hantxe lan egin dut duela gutxi erretiroa hartu dudan arte.
Zein izan zen zure lehen harremana euskal kulturarekin?
70eko hamarkadaren hasieran izan zen; Kixote irakasten ari nintzela, euskal pertsonaia agertu zen. Horrela hasi nintzen euskararen gaiaz zertxobait interesatzen. Harriturik nengoen eta neure buruari galdetzen nion ea nolatan ez zidan inork euskararen berri eman hainbat urtetako ikerketen aldi luzean. Beraz, Estatu Batuetako ikasleak Burgosera ekartzen zituen beka-programa batean eman nuen izena. Egia esan, nik Euskal Herrira etorri nahi nuen, eta, bidaia ordaintzen zidatela baliatuz, etorri egin nintzen. Hori 73. urtean izan zen, eta handik gutxira geroz eta gustukoagoa nuela konturatu nintzen, eta landa-lana egin nahi nuela. Horretarako, jakina, euskara ikasi beharra nuen...
Eta orduan Iowatik euskara ikasten hasi zinen?
Ikasten zehazki ez... nik egin nuena liburu bat hartzea izan zen. Pentsa dezakezunez, garai hartan ez zegoen, ez, liburu asko euskara ikasi ahal izateko; beraz, ahal nuen moduan eta hiztegi bat hartuta, azaletik ikasten hasi nintzen.
Gero, 80. urtean itzuli eta euskaltegi batean izena eman zuen. Lehenbizi bi asteko ikastaro batera joan nintzen Zegaman. Denbora gutxi nuen, nire hemengo egonaldia laburra zelako, eta ikastaro hartara joan nahi nuen; baina, egia esan, ez nuen mailarik. Orduan, hitzik egin gabe bada ere, ikastaroan egoten uzteko konbentzitu nituen ikastaroko irakasleak. Eta, halaxe, bi aste igaro nituen hitz egin gabe! Gero, beste ikastaro batean eman nuen izena... eta orduan zerbait gehiago ikasi nuen.
Bizpahiru urtetan, hiru barnetegitan izan nintzen. Gero, euskara ikasteko, euskaldun zaharrak ekartzen nituen nire etxera. “Etorri, nahi baduzu”, esaten nien, “niri euskaraz hitz egin eta nire etxea utziko dizut”. Azken finean, truke bat izaten zen: haiek ingelesa ikasi nahi zuten eta nik euskara. Baina oso polita izan zen, gaur egun nolabaiteko ospea duten pertsona ugari izan baitzen han; Lourdes Oñederra, esaterako, nire alabaren etxean egon zen... Baina hori duela 20 urte baino gehiago izan zen.
Bai hizkuntza, bai kultura ikasteko era ona da.
Bai, bai. Eta, zeri begiratu jakiterakoan gainera, oso eredu onak izan ditut beti. Horixe da, bada, historia: holaxe hasi nintzen euskaraz hitz egiten.
Eta gogoan al duzu, egin dituzun ikerlan ugariren artean, zein izan zen euskal kulturari buruz egin zenuen lehena?
Urte askotan –eta esango dizudana txorakeria hutsa irudituko zaizula ohartarazten dizut–, zenbakiak interesatu zitzaizkidan, Euskal Herrian erabiltzen ziren neurriak. Lehenago ere atentzioa eman zidan 7ren neurri eta multiploen erabilerak. Horrela, bada, 15 urte igaro nituen gai horren atzetik. Hura izan zen nire lehen proiektuetako bat. Hantxe aurkitu nuen hamalau zenbakiarena.
Konta iezaguzu hamalau zenbakiaren hori...
Nik, hasieran, “hamalau hitzak zenbakia baino zerbait gehiago adierazten du” pentsatzen nuen, eta Oiartzungo lagun batek, Iñaki Arbelaitz ingeniariak, “pentsa dezakezun zenbakirik handiena da” esan zidan. Eta nik, nire baitan: “Zergatik, ordea, hamalau? Horren atzetik zerbait egon behar du...”.
Geroago konturatu nintzen gizonezko euskaldun zaharrek topo egiten zutenean, batak besteari “Zer moduz?” esatean, besteak “ondo esan beharko” edo “hamalau bezain ondo” erantzuten zuela. Eta, azkenean, hamalau erdi izakia zela ohartu nintzen. Esaera ere badago: “hamalau delakoan, alkandora soinean”. Eta geroago, “bizkaitar guztiak hamalau direlakoan daude” zioen Gipuzkoako emakume bat ezagutu nuen. Horrela sartu nintzen hamalauaren gaian, norbaitek honako hau esan zidan arte: “zuk ez duzu hamalauri buruzko ipuina irakurri, ezta?” Eta nik ezetz erantzun nion.
Nik ere ez dut irakurri, Roslyn...
Basora joan eta han hartza aurkituko duen Iratiko emakume baten ipuina da. Bien artean “zerbait” sortu eta emakumea hartzarekin joango da. Geroago haur bat jaioko da, hamalaua edo hartz-umea, erdi hartz, erdi gizaki dena. Horrek badu loturarik nik entzuna nuen beste gauza batekin ere, euskaldunek, garai batean, hartzen ondorengoak zirela uste baitzuten. Eta hori ipuinean ere islatzen da. Gaia jorratzen hasi eta ipuin hori Europa osoan zehar zabaldurik dagoela aurkitu nuen.
Ez da, beraz, Euskal Herriko ipuina bakarrik?
Ez, ez, ezta gutxiagorik ere! Zenbait lekutan, Pirinioetan adibidez, ipuinaren atal bat antzeztuz hartz-jaiak izaten dira, baina, egia esan, ipuina badenik ere ez dakite. 30 urtetan, bada, Europako hainbat lekutan ibili naiz, folklorean lan egiten dutenekin hitz eginez.
Eta non aurkitu duzu “hartza”?
Polonian, esate baterako, hartza eta ipuina dituzte...eta hori hemengoarekin ahaideturik dago. Baina, nola azaldu hori ere Bulgarian badagoela? Hori nola azaldu, hortxe dago arazoa. Sardiniako kasuan, esaterako, hartzaren jaian parte hartzen dutenak mamuthoiak dira. Ohar zaitez “mamu” agertzen dela... eta gainera, oso antzeko mozorroak erabiltzen dituzte... Han, Sardinian, gaiari buruzko jakin-min handia agertu zuten eta hainbat txosten prestatu ditut italieraz, sardinieraz, ingelesez... Nire hainbat artikulu ere, Sardiniako eta Euskal Herriko folkloreen artean dagoen loturari buruzkoak, argitaratu dituzte.
Zure currilucumean ikusten dugunez, ondo hitz egiten duzu ingelesez, gazteleraz eta euskaraz, baina beste zenbait hizkuntza ere badakizkizu: errusiera, alemana, frantsesa, italiera, portugesa...
Hainbat hizkuntza ikasi nituen, eta errusiera, irakatsi ere egin nuen! Eta doktoregoan hainbat hizkuntza erromantze ere ikasi behar izan nituen. Beraz, euskarara heldu nintzenean, jadanik hainbat hizkuntza banekizkien. Euskara izan zen azkena... Zenbaten artean? Ez dakit.
Zure ikerkuntza-eremuetan, literaturatik matematikara arte, era askotako gaiak agertzen dira, baita etno-astronomiari lotutakoak ere... Nolatan interesatzen zaizkizu hain desberdinak diren gaiak?
Desberdinak direla ematen du, baina kontuan izan hamalau zenbakia dela (barrez)! Izaten da aztarnaren bat, lehenago, hartzaren mitoa asmatu zutenean, sistema matematikoarekin lan egiten zutela adierazten duena; bestela, zergatik ipini behar zioten hamalau izena? Egia esan, ez dirudien arren, den-dena loturik dago.
Etno-matematika neurketarako sistema bat da, lehenago hemen erabiltzen zena. Jadanik unitate horiek ikertu ditugu eta sistema osoa eraiki ahal izan dugu berriro. Erlojua bezalakoa da, bere pieza eta engranaje guztiekin, baina berregiterakoan, engranajeak modu bakar batean bakarrik uztar daitezke. Ez dago beste modurik. Pixkanaka eraikitzen hasi eta amaieran sistema nolakoa zen aurkituko duzu. Sistema zoragarri hori aspaldi erabili zen: kartografian, nabigazioan...; eta hori ikusi egin daiteke. Ez dugu garai hartako agiririk, baina ikus daiteke. Badirudi Mediterraneoan eta Atlantiko itsasalde osoan sistema hori erabiltzen zela, baina hemen gorde da.
Zer dela-eta etorri zara bisitan Euskadira?
Egia esan Lisboara saroiei buruz hitz egitera gonbidatu nautelako nago hemen. Badirudi loturaren bat egon daitekeela hemengo artzainek erabiltzen zituzten saroien, edo protosaroien, eta cromlechen artean.
Saroiei buruzko ikerketak ere egin al dituzu?
Bai... Foruen atal batean saroia nola neurtzen den azaltzen delako hasi nintzen. Hastapenetan nengoela, duela ia 20 urte, Luis Mari Zalduarekin topo egin nuen eta informazioa trukatzen hasi ginen.
Eta saroietan, zerk erakarri zintuen?
Ni, bereziki, geometriak erakarri ninduen. Puntu kardinalekiko duten joera, esaterako; haize-arrosaren antzeko zerbait dagoelako, esparru oktogonal horiek 8 harriz eta iparraldera begira egiten jarraitu zutelako. Eta hori guztia, zertarako? Beharbada non zeuden jakin nahiko zuten, edo eguzkia nondik irteten zen... Hori guztia neurtuta baldin bazuten eta denek tamaina berekoak baziren, edozein tokitan egonda ere bazekiten non zeuden. Neurri batean, ostertza ere neur zezaketen... Eta horretan ari gara orain, hainbat matematikarirekin, astronomorekin... lanean; baina ez hemengoekin, Euskal Herritik kanpokoekin baizik.
Feminismoari buruz zerbait hitz egin nahi nuke, zuk jorratu duzun gaia baita hori ere.
Gure lehenbiziko lana XVI. mendeko Iparraldeko Foruei buruzkoa izan zen; artikulu guztiak aztertu genituen, emakumeak zer eginkizun eta zer eskubide zituen jakiteko. Esan beharrean nago jende askok ez duela, dirudienez, horrelakorik egin, jendearen ustez jaiotako lehen semeak bakarrik oinordetzen baitzuen; baina irakurtzen jarraituz gero, ikusiko duzu nola beherago jartzen duen gizonezkoa edo emakumezkoa izan daitekeela.
Elizkizunak zuzentzeaz arduratzen zen elizako emakume nagusi horren gaiak ere, serorarenak, biziki erakarri ninduen... Seroraren morfologia aztertzen hasi nintzen, zer eginkizun zituen, eginkizun horiek nondik norakoak ote ziren, etab. Aldi berean, banekien XI. eta XIII. mendeen artean bazela beginak izeneko emakume talde bat. Nire iritziz beginak ez ziren zehazki sorginak; aitzitik, elizarekin loturik zeuden, baina arazoak izaten zituzten beti, nahiko era askean ibiltzen zirelako... Beginen eta seroren arteko lotura deigarria gertatu zitzaidanez, hari buruzko ikerketa egin eta artikulu bat ere argitaratu nuen euskaraz duela zenbait urte. Beginen eta seroren eginkizunak parekatuz gero, oso antzeko eginkizunak dituztela ikusten da, eta hori deigarria zen. Kontuan izan behar da, ordea, beginak erasoak jasaten zituztela, sorginak zirelakoan salatu egiten baitzituzten; baina maistrak ziren, elizaren hizkuntza bakarra latina zenean, hizkuntza frankoak irakasten zituzten; sendalariak ziren, belarrak ezagutzen zituzten....
Azkenean, seroraren deskribapen bat aurkitu nuen Baionako artxibo batean, eta han jartzen zuenez, seroren laguntzaileak braina izenekoak omen ziren... Ikusten al duzu zein antzekoak diren braina eta begina hitzak? Eta Kixoten ere antzeko zerbait agertzen da. Hitzaren etimologia Bega santuaren izenetik etor daitekeela esaten dute, baina hori bazterturik dago, santu hori jaio baino mende bat lehenagoko agiriak daudelako, begina emakumeek sinatutakoak. Beti jakin nahi izan dut begina hitzaren etimologia, eta horrek ere euskara gehiago ikastera bultzatu ninduen. Pixkanaka, belarginatik zetorrela konturatu nintzen: belargina, begina, bragina.
Baina, horrezaz gain, Erdi Aroko emakumeen mugimendu hori ez dago hemen bakarrik, baita Europa osoan ere! Roslyn M. Fran (Kalifornia) Roslyn Iowako Unibertsitatean irakasle emeritua da gaztelera eta portugeseko Departamentuan, honako gai hauetan espezializatu delarik: euskal gaiak, linguistika kognitiboa, etnografia, etnografia europarra, etnomatematikak, etnoastronomia eta arkeoastronomia, informazioaren teknologiak eta ahozkotasuna, ekokritizismoa, espainiar kultura eta zibilizazioa, eta espainiar idazleak. Honako erakunde hauetako kidea da: Astronomia kulturan Elkarte Europarra, Arkeoastronomia eta Astronomia kulturan Nazioarteko Elkartea, Etnomatematiketako Nazioarteko ikerketa taldea, Ameriketako Eusko Ikaskuntzetako Elkargoa eta Eusko Ikaskuntza / Sociedad de Estudios Vascos. Londreseko Euskal Ikerketetako Institutuko aldizkariko editorea da, eta Texasko Unibertsitateko Arkeoastronomia eta Astronomia kulturan Nazioarteko Elkarteak argitaratzen duen Journal of Archaeoastronomy aldizkariko berrikuslea ere bada, besteak beste. Ikerketak egin eta hitzaldiak eman ditu herrialde hauetan: Alemanian, Argentinan, Austrian, Belgikan, Bulgarian, Txilen, Kolonbian, Costa Rican, Danimarkan, Ingalaterran, Estonian, Euskal Herrian, Frantzian, Grezian, Guatemalan, Italian, Irlandan, Lituanian, Mexikon, Polonian, Marokon, Nikaraguan, Panaman, Polonian, Maltan, Errusian, Sardinian, Eskozian, Hego Korean, Espainian, Suedian, Herbehereetan eta Galesen.