496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31

Gaiak

Zer egiten dute aisialdian gizonek eta emakumeek?

BILBAO GAZTAÑAGA, Miren

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko teknikaria



Azken urteetan aisialdiari emandako garrantzia nabarmen gehitu da, bai gizonen artean, baita emakumeen artean ere, baina batez ere, azken hauen artean.

Horrela diote behintzat “Ikuskerak-2” izeneko txostenean agertzen diren datuek. 2007an jaiotako ikerketa bilduma horretan gizonen eta emakumeen portaerak eta iritziak aztertu eta konparatu egiten dira, eta bildumaren bigarren ekarpen honetan (2008ko bukaeran argitaratua) aisialdia da gai nagusia.

Aisialdiari emandako garrantzia

Ikerketaren datuekin jarraituz, astegunetan emakumeek gizonek baino denbora libre gutxiago dutela ikus daiteke: gizonen %73k, batez beste, hiru ordu libre edo gehiago dituztela diote, emakumeen kasuan, aldiz, %62ra murrizten da hori bera diotenen portzentajea.

Eta nola betetzen dute astegunetako denbora libre hori? Ohikoena telebista ikustea da eta ondoren kalean egotea eta familiarekin egotea. Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunei erreparatuz, ikus daiteke emakumeek gizonek baino neurri handiagoan diotela telebista ikusten dutela, kalean egoten direla eta irakurtzen dutela; eta gizonek, aldiz, emakumeek baino gehiago diote kirola egiten dutela edo ordenagailuarekin entretenitzen direla.

Asteburuetan etxe barruko ekintzak, hala nola, telebista ikusi, irakurri, musika entzun, irratia entzun, edota ordenagailuarekin denbora pasa, gutxiago aipatzen dira eta protagonismo handiagoa hartzen dute etxez kanpo egiten diren edo sozialagoak diren ekintzek: lagunekin edo bikotekidearekin egon, tabernetara joan, mendira joan edo txangoak egin. Gainera, asteburuetan agerian gelditzen dira astegunetan nabarmentzen ez diren gizonen eta emakumeen arteko beste alde batzuk: asteburuetan gehiago dira mendira edo kirol ikuskizunetara joaten diren gizonak, emakumeak baino, eta, aldiz, gehiago dira mezatara joaten diren emakumeak, gizonak baino.

Asteburuetan aisialdian gehien egiten diren jarduerak

Gizonak, oro har, emakumeak baino kirozaleagoak dira eta kirol gehiago egiten dute: gizonen %59k egiten dute kirolen bat eta emakumeen kasuan zifra hori %46ra jaisten da. Gizonek gehien egiten dituzten kirolak txirrindularitza, ibiltzea, igeriketa eta mendia dira. Gainera, gehiago dira footinga, futbola, areto-futbola edota pilota egiten duten gizonak, emakumeak baino. Emakumeek ibiltzea eta igeri egitea hobesten dute, eta ondoren mantentze-gimnasia, aerobica eta antzekoak.

Kirola egiteko arrazoiak aztertu ondoren argi ulertzen dira batzuen eta besteen kirol aukerak: emakumeek gizonek baino garrantzi handiagoa ematen diote osasuna mantendu edo hobetzeari eta argal egoteari, eta, bestalde, gizonek baino gutxiago aipatzen dituzte ondoko arrazoiak: dibertitzea, kirolzaletasuna edo lagunekin egotea.

Kirola egiteko arrazoiak

Gizonek zaletasun handiagoa erakutsi dute irakurketarekiko ere. Edozelan ere, irakurtzeko arrazoiak eta irakurtzen dena ezberdinak dira emakumeen eta gizonen artean.

Gizonek batez ere informaturik egoteko irakurtzen dute, beren iritziz, informatzea delako irakurketaren helburu nagusia. Horrexegatik gehienek egunero irakurtzen dituzte egunkariak; aldizkariak eta liburuak, aldiz, emakumeek baino gutxiago irakurtzen dituzte.

Emakumeek informatzeari besteko garrantzia ematen diote denbora pasatzeari, beraien ustez horixe baita irakurketaren helburu nagusia. Esan bezala, emakumeek gehiago irakurtzen dituzte aldizkariak, batez ere, txutxumutxuetakoak, eta liburuak eta horien artean literaturakoak, eta are zehatzago, nobelak, hobesten dituzte.

Irakurtzeko arrazoiak

Musikaren kasuan, emakumeek adierazi dute zaletasun handiagoa. Gizonek baino garrantzi handiagoa ematen diote beren bizitzan eta sarriago entzuten dute, normalean beste zerbait egiten duten bitartean. Gehien gustatzen zaien musika estiloa popa da; rantxerak, salsa, “canción española” deiturikoa eta boleroak ere gizonei baino gehiago gustatzen zaizkie. Gizonek, aldiz, rocka nahiago dute, eta emakumeek baino dezente gehiago entzuten dute heavy metala ere.

Musika estilo gustukoenak

Musikarekiko zaletasun handiagoa adierazi arren, emakumeak gutxiago joaten dira kontzertu edo musika emanaldietara. Beren hiri edo herriko jaietan ere, gizonak baino emakume gutxiago joaten dira musika kontzertuetara, baita txapelketa gastronomikoetara, herri bazkari edo afarietara, herri kirolak ikustera, kirol lehiaketetara edo zezenketara ere. Emakumeak, aldiz, gizonak baino gehiago joaten dira jaietan dantza ekitaldietara eta mezatara.

Datu hauek guztiak (eta hainbat gehiago) Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak aztertu eta bildu egin ditu lehen aipatutako “Ikuskerak-2” izeneko txostenean, azken urteetan EAEko 18 urtetik gorako biztanleriari etxez-etxe egindako inkestetan jaso diren emaitzetatik abiatuz. Ondoko helbide elektronikoan kontsulta daiteke osorik txosten hori: Ikerketa soziologikoak.