496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31
Eritasun infekziosoak inpaktu handikoak izan dira historian. Oraindik ere kezka handia eragiten dute mundu osoko osasun-agintarien artean.
XIX. mendean, nafarreria, izurria edota kolera etengabeko arriskua izan ziren Europa Mendebaldeko eta Ipar Amerikako herrialdeentzat. Poliki-poliki, beste infekzio batzuk joan ziren nagusitzen, hala nola, tuberkulosia, paludismoa edota sexu-transmisiozko gaixotasunak.
Baina XX. mendearen lehen erdian osasunaren alorrean eman ziren aldaketek eta horiekin batera penizilina, estreptomizina eta aurrerago beste antibiotiko batzuk aurkitu izanak, txerto-kanpainei ekin izanak eta garapen sozioekonomiko garrantzitsuak nabarmen jaitsarazi zuten eritasun infekziosoen eragina eta batez ere hilkortasuna garatutako herrialdeetan.
Lorpen horiek eta beste batzuk ikusita, eritasun infekziosoen aurkako borroka ia-ia garaituta zegoela uste zen. Eta baziren datuak arrakasta hori iradokitzen zutenak. Horren adibide esanguratsuena nafarreria desagerraraztea izan zen. Osasunerako Mundu Erakundeak nafarreria desagerrarazteko kanpainari ekin zionean, 1967. urtean, gaixoen kopurua 10 eta 15 milioi artekoa zela diote adituek. 1977. urtean Somalian antzeman zuten ofizialki azken kasua. 1980ko maiatzaren 8an nafarreria erabat desagerrarazi zela adierazi zuen OMEk. Orain arte desagerrarazi den eritasun infekzioso bakarra bada ere, epe laburrera beste gaixotasun batzuk ere ezereztatuko direla espero da, besteak beste, poliomielitisa edo drakunkuliosia (parasitoek eragindako gaixotasun arraroa).
Argazkia: erix!.
Baina urtebete eskas beranduago gaixotasun berri bat azaldu zen, HIESa, eta eritasun infekziosoen amaiera oraindik ere oso urrun zegoela erakutsi zigun.
Infekzio-agente berri batek eragindako gaixotasun azaleratu berriaren adibide da HIESa. Azaleratu berri den eritasun infekziosoaren kontzeptua 1992an finkatu zuen Estatu Batuetako Medikuntza Institutuak; ordura arte ezezagunak izanik azken urteetan azaldutako gaixotasun infekziosoak definitzen ditu.
Azken hamarkadetan hogeita hamarretik gora infekzio-agente berri aurkitu dira. Giza immunoeskasiaren birusa (GIB), Ëbolaren sukar hemorragikoa edota Creutzfeldt-Jakob gaixotasunaren aldaera berria (“behi eroen” gaixotasuna esaten zaiona) dira horietako batzuk.
Aldi berean, ustez kontrolatuta zeuden beste gaixotasun batzuk ezusteko gorakada izan dute azken urteotan, jada osasun publikoarentzat arriskutsuak ez zirela uste bazen ere. Hori da tuberkulosiaren, dengearen edo sukar horiaren kasua. Berrazaleratutako gaixotasunak dira.
Tuberkulosia, OMEren arabera, hilkortasun-kausa nagusietako bat da munduan. Munduko biztanleriaren herena (2.000 milioi lagun inguru) dago Kochen baziloak infektatuta. Aire bidez kutsatzen da, hotzeria arrunta bezala. Biriketako tuberkulosia duten pertsonek bakarrik transmititzen dute infekzioa. Eztul edo doministiku egitean, hitz egitean edo txistua botatzean gaixotasunaren germenak aireratzen dituzte, hau da, bazilo tuberkulosoak. Tratatu gabeko tuberkulosi aktiboa duen gaixo batek batez beste 10-15 lagun infektatzen ditu urtean. Hala ere, tuberkulosiaren baziloak infektatutako pertsona guztiek ez dute gaixotasuna garatzen. Germenak urte asko egon daitezke egoera sorrean. Gaixotzeko arriskua areagotu egiten da pertsonaren sistema immunologikoa ahul dagoenean.
Hainbat arrazoi daude tuberkulosia berrazaleratu izanaren atzean, horien artean garrantzitsuenak dira HIESaren birusaren hedapena, pobreziaren gorakada, migrazio-mugimenduak eta multierresistentea den tuberkulosia azaldu dela. Betidanik tuberkulosia pobreziarekin lotu izan da, eta ildo beretik, transmisioa errazten duen jende pilaketarekin eta desnutrizioarekin lotu ohi da pobrezia. Gizateriaren zati handi bat muturreko pobrezia-egoeran bizi da gaur egun, eta eskualde pobreenetan ematen da tuberkulosi-kasuen % 95.
Orain dela 50 urte inguru ez zegoen tuberkulosia sendatzeko farmakorik. Selman Abraham Waskmanek ekin zion 1943an estreptomizina erabiltzeari, eta orduan hasi zen tuberkulosiaren baziloaren aurkako borroka eraginkorra. Aurkikuntza horri esker Nobel saria eman zioten Waskmani.
Azken urteotan dokumentatu denez, tuberkulosiaren aurkako farmakoren baten aurrean erresistenteak diren zepak daude ikertutako herrialde guztietan. Are gehiago, tuberkulosiaren aurka erabili ohi diren farmako guztien aurrean erresistenteak diren bazilo-zepak ere antzeman dira.
Oso erresistentea den tuberkulosiak kolokan jar dezake eritasunaren kontrola, eta beraz, tuberkulosiaren oinarrizko kontrola sendotu behar da eta arau berriak abiarazi.
Osasunaren ikuspuntutik azken erronka handia A gripearen pandemia da, gaixotasun azaleratu berria hori ere.
Argazkia: Eneas.
Gripe-epidemiak urtero ematen dira urritik martxora eskualde epeletan. Gaixotasunak ospitaleratzea eta heriotza ekarri ohi ditu batez ere arrisku handiko taldeko gaixoen artean (haur txikiak, adinekoak eta gaixo kronikoak). Urteroko epidemietan 3-5 milioi kasutan gaixotasuna larria izaten da eta 250.000-500.000 lagun hiltzen dira. Industrializatutako herrialdeetan gripearekin lotutako heriotzak 65 urtetik gorakoen artean ematen dira batez ere.
Gripearen birusak etengabe aldatzen dira, eta mundu osoko Gripearen Zentro Nazionalak biltzen dituen Gripea Zaintzeko Munduko Sareak gizakien artean zirkulazioan diren birusak kontrolatzen ditu. OMEk zepa nagusien aurkako txertoa hartzea gomendatzen du. Zepa horiek urtetik urtera aldatu egiten dira, txertoa bezala.
A (H1N1) birus berriak eragin du gaur egungo gripea. Orain arte gizakien artean ez da inoiz halako birusik eman, eta ez du loturarik sasoiko gripearen beste birusekin, lehenago edo orain gizakia kutsatu dutenekin. Beraz, gehienok ez dugu immunitatetik haren aurrean.
2009ko ekainaren 11n Osasunerako Mundu Erakundeak A H1N1 Gripearen pandemia deklaratu zuen. Dena den, gaixotasuna orain ez dela lehen baino larriagoa adierazi zuen. Haatik, OMEk deritzo pandemiaren larritasun orokorra gaur egun nahiko apala dela, baina aldi berean ohartarazi du pandemien larritasuna denborarekin alda daitekeela eta ezberdina izan daitekeela leku edo herrien arabera.
40 urte eta gero, lehen gripe-pandemiaren aurrean gaude. XXI. mendeko lehen pandemia da.
Urtero, apirilaren 7an, OMEk Osasunaren Mundu Egunarekin ospatzen du eratu zeneko urteurrena, eta interes orokorreko osasun-arazoren baten berri eman ohi du. Duela urte batzuk eritasun infekzioso azaleratu berrien gaia aukeratu zuen “Mundu mailako Alerta, Mundu mailako Erantzuna” leloarekin. Mezu horren bidez, osasun publikoa zaintzeko sistemen eta gaixotasun azaleratu berriak kontrolatzeko prebentzio-neurrien garrantzia azpimarratu nahi izan zituen, osasun-agintariak ildo horretan sentsibilizatu.
Sentsibilizazioak gora egin du arlo guztietan, horren adibide dira A gripe berriaren aurkako neurri koordinatuak. Hala ere, ahalegin handia egin behar da jarduteko protokoloak lantzeko, adosteko eta abian jartzeko. OMEren zuzendari nagusi Margaret Chan doktorearen esanetan, “inoiz ez da pandemia bat horren azkar antzeman, hain hurbiletik zaindu, denbora errealean eta hasieratik”.
Informatuta eta aldi berean ekitea da arrakastaren osagaietako bat.