496 Zenbakia 2009-07-24 / 2009-07-31

Gaiak

Euskal Herritik zehar: Hondarribiako Kutxa Entrega

CUENDE, Amaia



Beste urte batez, uztailaren 25ean Kutxa bira eta bira ibiliko da Hondarribiako Arrantzaleen Hermandadearen parean. Tradizioak dioenez, horren arabera gertatuko da hurrengo urteko arrantza-garaia. Zenbat eta buelta gehiago eman, gero eta hobeagoa izango da arrantzaleen kanpaina. Beraz, ez da (ez) gutxi Iraia Bandresek duen ardura. Bera izango da aurten Kutxa eramango duen neska. Bertan, Kofradiako eskuizkribuak, eskuarteak, ondasunak eta erlikiak gordeta daude. 17 kilo, alajaina!

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. Arrantzaleen egun nagusia

Festa arratsaldeko 6etan hasiko da. Ordu horretan jarraigoa San Pedroko Itsas Gizonen Kofradiatik Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria Elizarantz abiatuko da. Buruan Musika Banda izango da, Okendo martxaren doinuarekin desfilearen erritmoa markatuz. Atzean festaren protagonista kokatuko da, Kutxaren eramailea, hamabi arraunlari gazte eta agintariek lagunduta. Hondarribiako flotaren patroiek jarraigoa itxiko dute. Behin elizara iritsi, urteko balantzearen irakurpena egingo da sakristian. Ekintza honen ondoren, dokumentuak berriz ere Kutxan gordeko dira eta jarraigoa Kofradiara itzuliko da.

Hondarribitarrek gogoz espero duten momentua iritsi da. Neska gaztea, soineko dotore batekin eta zetazko xalarekin jantzita, ahal duen bira gehien ematen saiatuko da. Arraunlariek euren arraunekin arku bat osatu dute Arrantzaleen Kofradiaren parean, neska erdian kokatuz. Bandaren musikaren erritmoari jarraituz, neska biraka hasiko da. Bat, bi, hiru,... Ikusleak arretaz begira daude eta neska txalotzen dute. Laurogeita hamar, laurogeita hamaika, laurogeita hamabi,... Kutxak biratzen jarraitzen du. Entsegu eta prestaketa ordu asko izan dira, arrantzaleen egun nagusian dena primeran irteteko.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. Santiago eguneko ohiturak

Asko izango dira Santiago jaiak ospatuko dituzten herri eta auzoak. Esate baterako, Irunen polkak entzungo dira berriz ere eta, haur danborrada, Santiago auzoko kaleetatik ibiliko da. Zubietan berriz, “oilasko biltzaileak” izango dira festaren protagonistak. Baserriz baserri abesten ibiliko dira, oilaskoak bildu eta horiekin bazkari herrikoia prestatzeko. Garaik ere ospatuko du Santiago eguna. Dantzak izango dira jai egun honen ekintzarik garrantzitsuena. “Ezpatadantza”, “Dantzari Dantza” edo “Agintariena” dira eskainiko diren dantzetako batzuk. Hauek dira bihar jaietan egongo diren herri batzuk baina, hauekin batera, beste asko ere izango dira. 3digitalako objektiboek jasotako tradizio eta ospakizunak.