494 Zenbakia 2009-07-10 / 2009-07-17

Gaiak

Siloak, zuloak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Garia

Ogia

Laboreei buruzko lehenengo ebidentziak K.a. 8000. urtekoak dira, eta garai hartan Ekialdeko Asian (Mesopotamia, Siria, Jordania, Turkia eta Irak) laboreak lantzen zituztela erakusten dute.

Laboreen lanketarekin eta bizimodu berriarekin –nekazaritzarekin– loturik, aipatzekoak dira beste hainbat elementu ere, jende haien kultura materiala osatzen dutenak, hala nola lanabes berriak eta, batez ere, guretzat interes handikoa den beste bat: siloak.

Joan Corominasek honelaxe definitu zuen silo hitza, bere obran:1

gaztelaniazko hitz berezia, jatorri ezezagunekoa, erromatarren aurrekoa seguru asko, eta euskarazko zilo edo zulo hitzaren ahaidea, “alea gordetzeko haitzuloa” esanahi primitiboa duena; litekeena da hizkuntza zeltako “silon” hitzetik eratorria izatea.

Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiaren hiztegiaren arabera, berriz, hauxe da silo hitzaren esanahia: lurpeko tokia, lehorra, garia eta bestelako ale, hazi eta bazkak gordetzekoa eta, hedaduraz, lurpeko ezein toki sakon eta ilun.

Ez dugu ahaztu behar lurrean hobiak ere egin ohi zirela, askotariko xedeetarako:2

A. Hileta-fardelak ehorzteko.

B. Aletegi edo silo gisa erabiltzeko, aleen aldi baterako biltegi modura nahiz bat-bateko larrialdiren batetik babesteko, edo hurrengo labore-uztan ereiteko hazien biltegi modura.

C. Bitxiak eta tresnak ezkutatzeko.

D. Isurkariak (olioa, ardoa, ura) gordetzeko; halakoei dagokienez, egokiagoa litzateke aska hitza erabiltzea, esaterako.

Analut-en (Libia) induskatutako siloak.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Francisco Antonio Fuero3 jaunak 1765ean Ercávica (Cañaveruela, Cuenca) erromatar hiriari buruz egindako deskribapenaren arabera, 60 eta 70 silo bitarte zeuden han, pikotxaz harkaitzean zulatutako suilen tankerakoak; honela azaldu zuen haiek nola egiten ziren: “lurpean, soto eta haitzulo handietan, erromatarren garaiko erlikiak ere badira. Horren lekuko da Plinio, zeinak kontatu baitzituen munduko probintzia guztiek aleak kalterik gabe kontserbatzeko erabiltzen zituzten askotariko neurriak”.

Hobi horiek ondoren adierazten diren moduetan erabiltzen zituzten silo modura:

1. Hobietan alea gordetzeko zeramikazko ontzi batzuk sartuta.

2. Haitzuloa barnealdetik buztinez estalita.

3. Alea zuzenean hobian gordeta.

Peña-Chocarro, Zapata, González eta Ibáñez egileek ikerketa egin zuten Marokon gaur egun oraindik erabili ohi dituzten elementu horiei buruz, eta zehatz-mehatz azaldu dizkigute haien erabileraren xehetasunak.4

Barnealdea ongi garbitutakoan, hormak luzitzen zituzten, lur, lasto, birzahi eta ur nahastura batez, edo buztin eta behi-gorozkien nahastura batez. Luzitu ondoren, su txiki bat sartzen zuten barruan, hormak lehortzeko. Gero, hormak lastoz estaltzen zituzten, eta zotz batzuk jartzen zituzten lastoari eusteko, perimetro osoan hainbat garaieratan, uztaien modura, alea hormen hezetasunetik ahalik eta hobekien babesteko. Gauza bera egiten zuten hobiaren hondoarekin.

Azkenik, alez betetzen zuten, aleak estu-estu eginda gelditzeko moduan, eta lasto trinkoa gehitzen zen, ahoraino. Gero, ahoa harri handi batez itxi eta buztin eta behi-gorozkizko geruza batez estaltzen zuten kanpotik. Garrantzi handikoa zen barrura batere oxigenorik ez sartzea, alearen arnasketa hasieran barruan itxita gelditutako airea agortu arte besterik gerta ez zedin. Barneko aleen parte bat hozitzen hasten zen, batez ere kanpoaldetik eta hormetatik hurbilen zeuden aleak, eta hozitze-prozesu horretan, barneko oxigeno guztia agortzen eta anhidrido karbonikoa sortzen zen; hala, hortik aurrera bertan behera gelditzen zen hozitze-prozesua, eta atmosfera egonkor bat eratzen zen barruan, gainerako aleak egoera onean gordetzeko aukera ematen zuena.

Gordelekura hezetasunik edo oxigenorik sartuz gero, usteltze-prozesua hasten zen berriro, harik eta atmosfera berriro egonkortzen zen arte; betiere, aldiko ale-kantitate txikiren bat galduta.

Egile askok ziotenez, kontserbazio-sistema hori luzarorako zen baliagarria; alegia, ezin ibil zitekeen gordelekua etengabe irekitzen eta ixten, eta, beraz, kontsumorako bakarrik irekitzen bide zuten. Baina lehen aipatutako irakasleen esperientziak aditzera eman zuenez, gordeleku horiek ireki egiten zituzten, aldian behin (3-4 astez behin, eta bi hilabeteko gehieneko tartea gainditu gabe) aleen parte bat ateratzeko. Horren ondorioz, zuloa ixten zuten bakoitzean hozitu egiten zen goialdean kokatutako ale-geruza; hainbat irekialdiren ondoren, atera egiten zuten geruza hozitua, eta animaliei ematen zieten, bazkarako.

Marokoko silo horiek 0,8 bat metroko diametroko ahoa zuten, pertsona bat sartzeko modukoa; barne-diametroa 3 bat metrokoa zen, eta sakonera, berriz, 5 eta 6 metro bitartekoa. Edukieran, alde handiak izaten ziren batzuetatik besteetara, baina baziren 1.000 kilo labore gordetzeko adinako edukiera zutenak. Siloen gainean muino moduko bat eraikitzen zuten, non kokatuta zeuden adierazteko, etxetik kanpokoei dagokienez, jakina; etxe barnekoak soinuaren bidez aurkitzen zituzten, zoruan kolpe batzuk jota.

Silo horietan garia, garagarra, txitxirioak, babak, etab. gordetzen zituzten. Gero ikusiko dugunez, herri-lurretan ere izaten ziren siloak eta eratzen zituzten silo-guneak.

1988an, Alcalde eta Buxó5 irakasleek saio esperimental bat egin zuten; gari-zuriaren aleak lurperatu zituzten silo batean, eta ondorio hauek atera zituzten handik denbora batera:

1. Hobe zen biltegiratu nahi zen haziak galbizarrik ez edukitzea, aleak elkarrengandik zenbat eta hurbilago, orduan eta errazagoa baitzen alea mikroorganismoengandik babestea.

2. Horrela gordeta edukitako haziak ereindakoan, errendimendu hobea (% 90 handiagoa) zutela ikusi zuten, eta, beraz, egiaztatuta gelditzen zen haien eraginkortasuna.

Aipatzekoa da oro har “silo” izendatu izan diren (hainbat egilek emandako izena errespetatuko dugu) “hobi” (zuloak, ez aletegiak) askoren berri jaso dugula.

Los Cascajosko (Los Arcos, Navarra) Neolitoko gunean, txabola baten arrastoak topatu zituzten, eta silo bat, ustez nekazaritzarako erabiltzen zena.6 Garai hartakoa da, orobat, Can Torrasen (Castellar del Vallés, Bartzelona)7 aurkitutako hileta-siloa.

K.a. hirugarren milurtekoaren lehenengo erdikoak dira, bestalde, Lizcano irakasleak Torredonjimenoko gazteluan (Jaén) topatutako hobi batzuk.

Kobre Aroko kanpai formako silo bat dago Cerillo Blancon (Porcuna, Jaén). Eta Kalkolitikokoa da, halaber, Cáceres hiriburutik 18 bat km-ra Torrequemadoko herrixka harresituan topatutako biltegiratze-siloa;8 eta Peña Oviedoko indusketetan (Camaleño, Kantabria), berriz, txabola bat, bi silo eta grabatuez hornituriko hilarri bat topatu zituzten, Kalkolitikokoak guztiak, K.a. 2800 ingurukoak.9

Lazagurriako (Nafarroa) siloaren sarrera.

Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Camposoton, Cádizko badian, 1,8 m-ko sakonera zuen silo bat aurkitu zuten txabola baten oinarrian, Antzinako Brontze Arokoa, K.a. 2000koa,10 eta baita harkaitzean zulatutako kanpai formako zenbait silo ere, Alcalá de Guadaírako gazteluan (Sevilla).11

Penintsularen iparraldean, garai bereko silo bat topatu zuten, artean barruan hurrak zituena, baita metalurgiaren arrastoak ere, Arangasko haitzuloan (Cabrales, Asturias).12

Gure inguruan hobiak aurkitu izan dira, Saratsua, Larrunberri, Inurrieta, Astarosoa, Puente del Cerrado, Lorkazarra, Osaleta eta Cortecampo II herrixketan.

San Esteve d’Oliusen (Lleida) iberiar garaian datatutako (K.a. III. m.) silo bat topatu zuten.13

Erromatarren garaiari dagokionez, txabola bat eta silo bat daude Can Castelles masiatik hurbil, Vidreresen (Girona), K.a. I. eta II. mendekoak, hain zuzen; eta garai hartako beste silo bat agertu zen, barruan elikagai-hondarrak zituena, Canalejako haitzuloan (Romagordo, Cáceres),14 baita Iruñako Oppidumean ere (Tresponde, Araba).15

Son Peretóko (Manacor, Mallorca) basilika paleokristauaren indusketan, 2 hobi eta 5 hilobi agertu ziren.16

Araban, aleak gordetzeko erabilitako lurpeko siloak aurkitu dituzte berriki, VI. eta VII. mendeetakoak, bai La Escaladan (Barrutia) bai Ristrako eremuan (Zalduondo).17

XI. mendeko silo bat dago Alacanteko Gallinera gazteluan.18 Eta Herrera del Pisuergan ere agertu zen Erdi Aroko bat.

La Puente de Cádizen, XIII. mendetik XV. mendera bitarteko “nekazaritzako silo” batzuk aurkitu zituzten.19

Gasteizen, harkaitz naturalean zulatutako silo bat topatu zuten, XIII eta XV. mendeen artean datatua.20

Etnografiari helduta, esan beharra daukat, Libian adierazi zidatenez, lurrean zulo handiak egiteko ohitura zutela; zulo haiek 2-3 metroko hondoa eta horma luzituak zituzten, eta aleak geruzaka gordetzen zituzten haietan (alea, belarra, alea, belarra, etab.). Goiko aldean, adreilu edo teila bat sartzen zuten, jabearen izena idatzita zuena, eta gero itxi egiten zuten zuloa. Siloaren berri alearen eta lursailaren jabeek beste inork ez zuen izaten; lurjabea inguruko jaun handiren bat izan ohi zen, erabateko errespetua merezi zuenen jaun bat, eta alezain-eginkizuna betetzen zuen. Beharra zegoenean, hara joan eta alea biltzen zuten. Lurpeko aletegi horietako bakoitzari “matmur” zeritzon, eta aletegiak zeuden eremuari, berriz, “ogla”.

Ikusi dugunez, elementu horiek toki orotako nekazariek erabili izan dituzte (baita gure ingurukoek ere), Neolito garitik bertatik hasi eta ia gaur egunera arte. Ez zen berdin gertatu silo-guneekin; izan ere, Neolitoaren hasieran erabili ohi ziren, baina aurrerago, V eta XII. mendeen artean, gainbehera egin zuen haien erabilerak, salbuespenak salbuespen, Talavera la Realekoa eta Gibraltarko itsasarteaz beste aldekoren bat, esaterako. Neurriak

J.A. Quirós irakasleak bi motatako siloak bereizten ditu, neurriaren arabera:21

A. Silo txikiak, 2 eta 12 hl bitarteko edukierakoak, hau da, 200 eta 1.200 litro labore gordetzeko modukoak.

B. Silo handiak, 20, 40, 50 edo 60 hl-koak, 2.000 eta 6.000 litro labore gordetzeko edukierakoak.

Gallipienzoko siloak (Nafarroa).

Esan bezala, Marokoko silo gehienek (han matmura deritzenek) 0,8 m inguruko diametroko ahoa izaten zuten; eta 3 metro inguruko barne diametroa, eta 5-6 metroko sakonera. Edukiera aldakorra izaten zen, baina 1.000 kilo labore gorde zitezkeen handienetan, eta, beraz, A taldekoak ziren.

Quirósen iritzian, garai hartan urtean 32 hl labore beharko lituzke 8 edo 10 kideko familia batek elikatzeko; hau da, 3.200 litro inguru, 3,2 m3ko silo batean edo metro kubikoko 3 silo txikitan gorde zitezkeenak.

Matematikari jarraituz, beraz, esan daiteke siloko m3 bakoitzean 2,5-3 lagun urte osoan elikatzeko adina labore gorde zitekeela (buruko 320 eta 400 litro bitarte labore kontsumituta).

Ikus Auñamendi XV. liburukia, 37. or.: Galipentzuko siloak.

1 COROMINAS, J.; PASCUAL, J.A.: Diccionario crítico etimológico castellano e hispánico, Gredos argitaletxea, Madril, 1983, V. lib., 247. or.

2 Egokiagoa litzateke, agian, “zulo” hitza, Espainiako Errege Akademiak gaztelaniazko hiztegiari berriki erantsitako hitza, “bahitutako gauzak edo pertsonak ezkutatzeko lekua” esan nahi duena.

3 FUERO, Francisco Antonio: Ercávica, Historiako Errege Akademiaren Buletina, www.cervantesvirtual.com

4 PEÑA-CHOCARRO, Leonor; ZAPATA PEÑA, Lydia; GONZÁLEZ URQUIJO, Jesús E.; IBAÑEZ ESTÉVEZ, Juan J.: Agricultura, alimentación y uso del combustible: aplicación de modelos etnográficos en arqueobotánica, Saguntum aldizkaria, Valentziako Unibertsitatea, Valentzia, 2000, 403-420. or.

5 ALCALDE I GURT, Gabriel; BUXÓ I CAPDEVILLA, Ramón: Almacenamiento y explotación del trigo de espelta.

6 ERCE, Ande; GARCIA, Jesús; SESMA, Jesús; UNANUA, Raquel; ZUAZUA, Nicolás: La Cabaña nº 7 del poblado de “Los Cascajos” (Los Arcos, Navarra): un ejemplo de depósito voluntario de utillaje para la talla del silex, III Congreso Neolítico en la Península Ibérica kongresuko aktak, Santander, 2002ko urriaren 5etik 8ra. Kantabriako Unibertsitatea, 2005.

7 COLL, Joanmanuel; ROIG, Jordi: La inhumación colectiva en el silo del neolítico medio de Cam Torras (Castellar del Vallés, Barcelona), III Congreso Neolítico en la Península Ibérica kongresuko aktak, Santander, 2002ko urriaren 5etik 8ra, Kantabriako Unibertsitatea, 2005.

8 La Nueva España. Oviedo. 2007.08.22

9 DÍEZ-CASTILLO, Agustín: Arqueología de Cantabria.

10 Diario de Cádiz. 2008.03.09.

11 DOMÍNGUEZ BERENJENO, Luis: Complejo fortificado de Alcalá de Guadaíra (Sevilla), Aparejadores aldizkaria, 68. zk., 2004ko abendua.

12 El Periódico. Caceres. 2007.03.06

13 http://arqueologiaypatrimonio.blogspot.com/2007/10/hallazgo-ibrico-en-olius.html

14 GONZÁLEZ CORDERO, Antonio. www.romangordo.info

15 FARIÑAS, J.: Silo en el Oppidum de Iruña (Trespuentes, Álava), Estudios de Arqueología Alavesa, Gasteiz, I. Lib., 1966, 162-163. or.

16 Diario de Mallorca. Palma Mallorca. 2007.09.29

17 ARKEOIKUSKA, E.J. Kultura Saila, Vitoria-Gasteiz, 2008, 96. eta 163. or.

18 www.valldegallinera.es

19 SÁEZ ESPLIGARES, Antonio; M. SÁEZ ROMERO, Antonio: Reflexiones acerca del “Concejo de la Puente” origen y desarrollo en los ss. XII-XIV, Arqueología y Territorio Medieval, Jaéngo Unibertsitatea, Jaén, 2005, 7-34. or.

20 DOMÍNGUEZ, Ainhoa; ZULUAGA, Mª Cruz; ORTEGA, Luis Ángel: Estudio de la cerámica bajomedieval en Vitoria, a través de la intervención practicada en la manzana II, Isturitz aldizkaria, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 11. zk., 2001, 23-49. or.

21 QUIRÓS CASTILLO, Juan Antonio: La génesis del paisaje medieval en Álava: la formación de la red aldeana, Arqueología y Territorio Medieval, Jaengo Unibertsitatea, Jaén, 2006, 67. or.

Garia

Ogia