492 Zenbakia 2009-06-26 / 2009-07-03

Gaiak

Euskal Herritik zehar: Gorria, zuria eta beltza. Gora San Martzial!

CUENDE, Amaia



Ekainaren 30a argitzen ari da. Kaleak ilun daude oraindik, baina etxeetako leihoak pixkanaka pizten doaz. Goizeko bostak besterik ez dira, baina haurrak eta helduak pozik esnatzen dira. Jantziak, espartinak eta txapelak bizirik daude eta kaleak hartu dituzte. Egunsentiaren lehenengo argiek San Martzial egunari ongi etorria egiten diote. Irundar asko San Juan plazaruntz abiatzen dira, plaza osoa zuriz, gorriz eta beltzez tindatuz. Segundu batzuk besterik ez dira falta goizeko seiak izateko eta isiltasuna plazan nagusi da. Udaletxeko kanpaiak dilin-dalan dihardute. Seiak dira! San Martzial eguneko Dianaren lehenengo notak entzuten dira. Eguneko momenturik hunkigarrienetakoa da eta ezinbesteko zita irundarrentzat. Diana bukatu eta txaloak isiltzen doaz. Ezpaloiak, petrilak eta balkoiak gosari inprobisatuen lekuko bihurtzen dira. Itxaronaldia luzea izango da eta indarrak berritu behar dira. Ordu bat baino gehiago falta da oraindik Alardearen hasiera ofiziala bizitzeko, “Arrankada” alegia.

San Martzial Alardea. Atxeroak San Juan plazara heltzen. Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. 1983ko ekainak 30. Alardea hastear dago

Ordua iristen da. Tropak Urdanibia plazan elkartu dira. Minutu batzuk besterik ez dira falta. Hortxe ditugu ordu zehatza seinalatzen duten erlojuak, emozioz beterik elkartzen diren eskuak eta irribarre konplizeak. San Martzial kalea isildu da. Bat-batean turutaren soinua entzuten da. Denek espero duten seinalea da: Arrankada. Txaloak kale osoan zehar entzuten dira. Atxeroen Kaboak San Martzial aldapa igotzen du pauso sendo eta seguruz. San Juan plazaraino daramaten lehenengo metro horiek indarrez egiten ditu. Bere atzetik, Atxeroak, Zalditeria, konpainiak kantinerekin eta Artileria doaz. Irundarrek txaloez laguntzen dituzte eta “Arrankada” emozioz biziko dute. San Juan plazan bildutako tropek Alardeko Generalaren sarrera espero dute. Minutu batzuk barru, jantzi beltza soinean, bikornioa buruan eta aginte-makila eskuan Generala lauhazka agertzen da. Eskopetarien deskargen ondoren, konpainia guztiak Junkal Parrokiako plazarantz abiatzen dira. Irteerako puntura itzuli, Urdanibia plazara alegia, eta tropek lerroak hausten dituzte.

San Martzial Alardea. Generalaren sarrera San Juan plazara. Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. 1983ko ekainak 30.

Goizeko Alardea bukatu da eta, soldaduak, kantinerak eta irundar asko, San Martzial mendira abiatzen dira. Oinez, autobusez edo motorrez. Edozein aukera da egokia mendi tontorrera iristeko eta bertan ospatuko den lore eskaintza ikusteko. Hamaiketakoa edota belar gainean kuluxka txikiren bat egiteko ere momentu aproposa. Musika eta dantzek San Martzial Ermitaren inguruko zelaiak girotuko dituzte. Urruti dago jada 1522 urte hura, irundarrek frantsesak garaitu zituztenean. Garaipen haren omenez ospatzen da urtero ekainaren 30eko San Martzial Alardea. Alaitasun malkoak

Eguna luzea eta bizia da. Alardea, mendia,... Kantinerek jakak kentzen dituzte eta oinak deskantsatzen dituzte. Soldaduek txilibitoak eta danborrak alde batera utziz, mahai-tresnak hartzen dituzte indarrak berritzeko. Kafea, kopa eta purua, eta... denak egunaren azken orduetaz gozatzeko prest. Kantineren ezpain gorriak apaindu, txapela ondo jarri eta abanikoa eskuan hartu. Kaleak berriz ere jendez gainezka daude, Alardea azken aldiz ikusteko. Arratsalde erdia da, San Martzialeko martxak herriko kaleetan berriz entzuten direnean. Urdanibia plaza, Elizako aldapa, Kolon pasealekua eta... kale Nagusia. Estua eta harriztatuta, Alardearen momenturik hunkigarrienetakoak biziko ditu. Jendearen oihuak, horren berotasuna eta alaitasuna pausoz pauso sentitzen dira. Tristura eta emozio malkoak nahastu egiten dira. Herri osoaren bihotza azken zati honetan murgilduta. San Martzial eguna amaitzear dago. Festa, musika eta alaitasunaren azken orduak dira.

San Martzial Alardea. Kantinera bat San Martzial kalea jaisten. Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. 1983ko ekainak 30.

Iluntzen ari da eta Irungo kaleek atseden hartzen dute. Erredoble eta txilibitoak isildu dira. Kantinerek mototsak desegin eta botak askatzen dituzte. Generalak bikornioa kendu eta aginte-makila uzten du. Urte bat besterik ez da falta San Martzial egunaz berriz ere gozatzeko. Bitartean, 3digitalan gogora ekarriko ditugu jai honetako unerik politenak. Datorren ekainaren 30era arte!