49 Zenbakia 1999-10-08 / 1999-10-15

Efemerideak

1925eko urriaren 10a, Jon Mirande Ayphasorho idazlea jaio zen / 1987ko urriaren 11a, Koldo Mitxelena Elissalt hizkuntzalaria zendu zen / 1933ko urriaren 13a, Gabriel Aresti Segurola idazlea jaio zen

Efemerideak: 1999 / 10 / 8 15 1925eko urriaren 10a, Jon Mirande Ayphasorho idazlea jaio zen Iturria: Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Auñamendi Entziklopedia (Paris 1925 Paris 1972). Mirandek ("Jon Chaho" goitizenez) guraso zuberotarrak zituen. Parisko eskolan euskara galdu zuen, baina urte batzuk geroago berreskuratu zuen. Bigarren Munduko gerran lagun abertzale naziak egin zituen. Mirandek 10 bat hizkuntza ikasi zituen. Eusko Gogoa, Gernika, Egan...eta beste hainbat aldizkariko kolaboratzailea, euskaltzain urgazle izan zen, baina ez zen euskaltzain oso izatera heldu. 1949an, Txomin Peillen ezagutu zuen. 1962an, biek Igela aldizkari kritikoa plazaratu zuten. Bertan argitaratutako artikuluetan mendebaldeko demokraziaren, katolikotasunaren eta "konpromezuzko" literaturaren kontra egin zuen. 1970ean argitaratu zen bizirik zela argia ikusi zuen liburu bakarra: Haur besoetakoa elaberri polemikoa. Bere obretarako aukeratutako gaiak polemikoak izan ziren, garaiko sinismenak eta sexu morala zalantzan jartzen baitzituen: Neskatsak, (lesbianismoa); Eder bati, (masturbazioa); Amsterdameko oroitzapen bat, Larrazken gau batez eta Haur besoetakoa (pedofilia); Merry Christmas, (necrofilia); Jainkozalea (pederastia); Hiru putattoak, (prostituzioa); Ohean ona, (erotikoa). Hori dela eta, Mirande baztertuta sentitzen zen euskal giroan eta 1972an bere buruaz beste egin zuen 1987ko urriaren 11a, Koldo Mitxelena Elissalt hizkuntzalaria zendu zen Iturria: Lur Hiztegi Enziklopedikoa Hizkuntzalari eta idazlea (Errenteria 1915 Donostia 1987). Gaixotasun bat zela medio berandu hasi zen eskolara. Zeruko Argia irakurriz alfabetatu zen euskaraz. EAJko kide zen eta Gerra zibilean Eusko Gudarostean sartu zen. Kartzelan egon zen, eta ikasten aritu zen beti, Filosofia eta Letrak eta Hizkuntza Klasikoak. 1954an Euskaltzain oso izendatu zuten. Ostean, irakaskuntzan jardun zuen, Sorbonneko eta Salamancako unibertsitateetan, besteak beste. Bere iritzien arabera finkatu zen euskara batua. Horrez gain,EHUko eta Egan aldizkariko sortzaileetako bat izan zen. Ugariak dira Mitxelenak idatzitako lanak. Bizitzaren azken urteetan, sari eta ohorezko izendapen ugari izan zituen, hala nola, Doctor Honoris Causa Bordeleko eta Bartzelonako unibertsitateetan eta Menéndez Pidal, Ossian eta Principe de Asturias sariak. 1933ko urriaren 13a, Gabriel Aresti Segurola idazlea jaio zen Iturria: Lur Hiztegi Enziklopedikoa Euskal idazlea, 1933ko urriaren 13an jaio zen Bilbon. Euskaldun berria, euskarak erabat bereganatu zuen. Euskal poesia modernoaren bultzatzaile eta berritzailerik nabarmenena izan zen. Baita euskara batuaren bultzatzaile sutsua. Aristik aldizkari frankotan idatzi zuen: Eusko gogoa, Egan, Anaitasuna, Olerti, Zeruko Argia...1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten. Sari anitz bildu zuen bizitzan: "Loramendi" (1959), "Orixe" (1963), "Lizardi" (1966), "Toribio Alzaga" (1961)...Maldan Behera izan zen bere lehen poesia liburua. Ondoren beste asko etorri ziren: Harri eta Herri, Euskal Harria, Harrizko Herri Hau eta abar. Antzerkigintza eta itzulpengintza ere jorratu zituen. Aresti, 1975 zendu zen bere jaioterrian. Euskonews & Media 49.zbk (1999 / 10 / 8 15 ) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria