485 Zenbakia 2009-05-08 / 2009-05-15
Aurreko artikulu batean ikusi zen bezala, Ongizate Estatua erreformatzeko gaur egun dauden eredu ezberdinek erantzun mugatua ematen ari diote hiritartasun kontzeptuari –eskubide zibil, politiko eta sozialak–. Nolabait ere, hiritartasuna eta enplegua uztartzen dituen ikuspegia eta eredua ahuldu egin da, gehien bat bigarrenaren prekarizazioaren ondorioz. Horrela bada, enpleguaren prekarizazioari buruz hitz egiten den bezala ez da gehiegikeri bat hiritartasunaren prekarizazio bati buruz hitz egitea ere, gutxienez Ongizate Estatua nagusi den lurralde garatu gehienei dagokienez.
Esandakoa kontutan harturik, errealitatearen inguruko deskribapena nahiko ezkorra dela azpimarratu daiteke. Horregatik, hain zuzen ere, garai egokia da honen aurrean hiritartasuna sendotzeko baliogarriak izan daitezkeen idei eta proposamen ezberdinak aztertzea, eztabaida hauek gaurkotu eta freskatzeko ez bada ere. Eta hauen artean, besteak beste, Hiritartasun Oinarrizko Errenta bezala ezagutzen den proposamena aipatu daiteke.
Laburki bada ere, Hiritartasun Oinarrizko Errentak (HOE hemendik aurrera) gutxieneko diru-sarrera batzuk hiritar guztiei bermatzea planteatzen du. Ikusi daitekeen bezala, eta izenak engainurako beta ematen badu ere, ezberdintasun batzuk eskaintzen ditu gaur egun Euskal Autonomi Erkidegoan ematen den Oinarrizko Errentaren aurrean. Horrela, azken honek famili izaera eta zenbait baldintza ezartzen dituen bitartean, HOE-k izaera unibertsala izango luke eta baldintza bakarra hiritarra izatea izango litzateke. Beraz, HOE-k proposatzen duena gutxieneko diru-sarrera hiritartasun eskubidetzat jotzea da eta osasuna edota hezkuntzarekin gertatzen den bezala, hiritar guztiek bermaturik izatea eskubide hau, era indibidualean eta kontutan hartu gabe zein den bere harremana lan merkatuarekiko edota zeintzuk diren dituen gainontzeko diru-sarrerak.
Logikoa denez, artikulu hau irakurtzen duten askorentzat proposamen honek planteatzen dituen hainbat ezaugarri nahiko zalantzagarriak izango dira, bideragarritasun politikoa edota ekonomikoari lotutako elementuak edota HOE-k sortarazi ditzakeen ondorioei lotuta daudenak, besteak beste. Artikulu honek duen tamaina dela eta, elementu hauetan ezin da sakondu, baina bai gutxienez aipatu daiteke honen inguruko eztabaida mamitsu eta bizi asko daudela eta kontrako zein aldeko argudio sendoak topatu daitezkeela honen inguruan.1
Argazkia: Bohman.
Era berean, batzuk pentsa dezakete HOE-a idei edo proposamen guztiz iraultzailea dela eta gaur egun arte lurralde garatu gehienetan jarraitutako ildo politikoekin apurtu egiten duela. Dena den, Ongizate Estatuaren muina edo zutabe nagusia zein den kontutan hartzen badugu, ikuspegi iraultzaile eta erradikal hau zalantzan jarri dezakegu. Horrela bada, Ongizate Estatuaren oinarri edo idei nagusiena hiritar orori merkatutik at oinarrizko beharrizanak bermatu behar zaizkiola da, hau gehien bat gutxieneko material batzuen bidez ahalbideko litzatekeelarik.
Aurreko pasartean aipatutakoa kontutan harturik, nahiko era nabarmenean ikusten da HOE zuzen-zuzenean errotzen dela Ongizate Estatuaren ideien filosofia zein aplikazioarekin. Gaur egun, adibidez, hainbat beka, diru-laguntza, prestazio ezberdin, pentsio ez kontributibo, eta abar eskaintzen dituzte administrazio ezberdinek gutxieneko baldintza hauek bermatzeko eta azken urte hauetan Ongizate Estatua erreformatzeko nagusitzen ari diren ereduetan –workfare–, enplegurako politika aktiboak eta gutxieneko diru-sarrera nabaria da ere hiritarren bizi-kalitatea segurtatzeko eta gizarte zaurigarritasunari –vulnerabilidad social– aurre egiteko eskaintzen ari diren neurri ezberdinek garrantzi esanguratsua dutela.
Gehienetan neurri hauek kolektibo eta behar jakinetara zuzentzen dira, hauen arteko egituratze eta koordinazio maila askotan oso ahulak izaten direlarik. Honen ondorioz, argi gelditzen da pertsona batzuen hiritartasuna bermatzeko hainbat neurri daudela, baina hauen artean ematen den zatiketa edota partzialtasuna dela eta, askotan ez dituztela ezarritako helburuak betetzen, edo ez gutxienez ahal den eta eraginkortasun handienarekin. Testuinguru honetan, Hiritartasun Oinarrizko Errentak badu zeresana. Izan ere, neurri guzti hauen bilgunea izan daiteke, idei honek Ongizate Estaturako zein hiritartasunerako beharrezkoa diren errenten bermaketa ahalbidetzen baitu, sistema osoa bere osotasunean hartuz eta ikuspegi orokor bat aldarrikatuz.
Argi dago HOE-a ez dela Ongizate Estatua beregituratzeko irtenbide bakar eta nahitanahiez hoberena. Beste hainbat neurri eta estrategia martxan jarri behar dira hiritarren ongizatea bermatu ahal izateko. Baina egia da ere, HOE-k paper interesgarria joka dezakeela eztabaida guzti hauetan. Gainera pil-pilean dauden gizarte arloko beste hainbat auziekin zuzenki lotuta agertzen da.
Argazkia: erix!.
Enpleguari dagokionez, adibidez, nabarmena da hiritar gehienentzat enplegua bera izango dela integraziorako tresna garantzitsu eta indartsuena. Baina egia da ere, working poors bezala ezagutzen den fenomenoa, enplegu bat duten pertsonak eta era berean pobrezian bizi direnak alegia, gero eta indar gehiago duela lurralde garatu gehienetan, gure erkidegoa salbuespena ez delarik. Errealitate honen aurrean, esaterako, Hiritartasun Oinarrizko Errentak bete dezakeen funtzioa oso interesgarria izan daiteke, eta behin baino gehiagotan esan den bezala, hiritartasun eskubideak osatzeko edota bigarren mailako hiritartasunei aurre egiteko tresna baliogarria izan daiteke. Enpleguarekin jarraituz, eta azken urte hauetan bogan dagoen flexisecurity ereduaren aurrean ere, malgutasun ekonomikoa eta gizarte segurantza uztartzen saiatzen den eredua hain zuzen ere, HOE-k kontzeptu honen ekuazioaren bigarren zatia sendotu egin dezake eta bide egokia –edo gutxienez lantzeko modukoa– zabaldu dezake honen inguruko eztabaida zentratzeko eta era serio batean aztertzeko. Izan ere, orain arte flexisecurity eredu honen inguruan egindako ekarpen gehienek arreta jarri dute flexi zatian, baina ez security-an.
Lan merkatuarekin jarraituz, konziliazioa hitza ez zaigu azkenaldi honetan arrotza suertatzen eta gero eta gehiago entzuten da lan arloan –lan produktibo zein erreproduktiboa– sexuen arteko ezberdintasunen inguruan hitz egiten denean. Piskanaka bada ere arlo honetan neurriak hartzen ari dira, nahiz eta gehienetan oso ahulak eta partzialak izan. Horregatik, hain zuzen ere, eta HOE ez dela soluzio bakarra garbi edukita, gutxienez honen inguruko eztabaidetan ere haize freskoa ekarri dezakeen proposamena ere bada. Baina ez soilik, lan merkatuari lotuta, beste hainbat gaietan ere HOE-ren zeresana nahiko handia izan daiteke. Hor dugu, adibidez, dependentziaren inguruan ematen ari diren eztabaida eta tira-bira guztiak, esaterako.
Orain arte ikusi duguna ikusita eta ikuspegi errealista zein pragmatikoari lehentasuna emanez, nahiko nabaria da HOE-ren aukerak epe motz eta laburrera begira mugatuak direla hein batean gutxienez eta bere aplikapena epe ertain-luzera begira egindako estrategia baten baitan antolatu behar dela. Halere, proposamenaren aktibazioa gaur egun jada egin daiteke. Are gehiago, guztiz erakargarria izan daiteke martxan jartzea, honen berehalako aplikazioa emateko ez bada, bai gutxienez gaur egun Ongizate Estatuak dituen erronka eta eztabaida ezberdinetan eragina izateko eta HOE-ren inguruko ezagutza-maila zabaltzeko ere.
Zentzu honetan, hipotesi erakargarria izan daiteke etorkizunera begira, eta eztabaidatu beharrekoa ere, HOE-ra ailegatzea –edo gutxienez gerturatzea– gaur egun ematen diren gizarte politiketan HOE-ren filosofia jarraitzen duten erreformen bidez eraginda, zenbait politiken izaera unibertsala indartuz adibidez. Beste aukera bat kolektibo zehatzetarako HOE-ak bultzatzea izan daiteke, Adingabekoentzako Hiritartasun Oinarrizko Errenta eraikiz, hirugarren adinekoentzako edota enplegu prekarioak dituzten gazteentzako. Ikusi daitekeenez, asko dira HOE-ren proposamenaren bidez azaleratzen diren gaiak eta auziak, zeharka zein era zuzen batean. Guzti honi gaur egungo momentu zehatza eztabaida pizteko aproposa izan daitekela gehitzen bazaio, guztiz erakargarria izan daiteke HOE-k planteatzen dituen zalantzak plazaratzea, gizarte arloko eztabaida ezberdinetan barneratzea eta beste hainbat gaiekin harremanetan jartzea.
1 Hauetan gehiago sakontzeko ikusi Oinarrizko Errenta Sarearen web orrialdean dauden artikuloak eta informazio anitza edota MORENO, G. (2008): Crisis y reconstrucción del Estado del Bienestar. Las posibilidades de la Renta Básica de Ciudadanía, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.