
Artisautza
Xabier Mendibe. Makilak: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Makilak egiteko, oro har, hurrondo, gaztainondo, zuhaixka eta ezpel adarrak erabiltzen ditu, baina behin edo behin ereinotz-adarrez ere baliatu izan da. Azken horiek lanerako oso atseginak iruditzen zaizkio Xabierri, eta, gainera, ekinean ari dela, usain gozoa sortzen dutela dio. Gorostia ere gogoko du, oso moldakorra delako.
Adarrak Xabierrek berak biltzen ditu mendian, edo lagunek ekartzen dizkiote. Adibidez, bere ezagun bat gorosti-sail baten jabea da, eta aldizkako entresakak egiten dituenean, adar batzuk oparitzen dizkio.
Mozketak ilbeheran egiten ditu beti, azarotik urtarrilera bitartean. Lehen ez zien jaramonik egiten horrelako kontuei eta edonoiz joaten zen mendira egurra moztera, ireki egiten zitzaizkiola konturatu zen arte.
Moztu ondoren, txokora eraman eta lehortzen eta “pausatzen” uzten du egurra, 2 urtetan gutxienez.
Bere makila gehienek bi atal dituzte: batetik, gorputza edo kirtena; bestetik, burualdea edo heldulekua. Burualdeko egurra beste mota batekoa izaten da batzuetan, oro har berezko forma bitxia duten egurrezko piezak erabiltzen baititu makilak egiteko. Xabierrek adierazi digunez, “gehienetan egurrak esaten dizu berarekin zer egin behar duzun”. Horregatik, burualdea egiteko, ezpel-egurra erabiltzen du ia beti.
Bi atalak bukatutakoan lotu egiten ditu, mihiztadura-sistema baten bidez, egurrezko ziri batez eta zurgin-kolaz baliatuta. Gogor-gogor geratzen da makila, pieza bakarrekoa balitz bezala.
Gehienetan artisauak berak erabakitzen du egurra nola landu, baina zenbaitetan xehetasun jakinen bat egiteko eskatzen diote bezeroek. Makila pertsonalizatuak egiten ditu, enkarguz beti, intsignia, izen, data, elementu sinboliko edo eskerroneko esaldi eta guzti.
Makila desmuntagarriak ere egiten ditu, bai gorputzaren bai heldulekuaren atalean.
Hona zer adierazi digun Xabierrek: “Marrazki originalak egiteko enkarguak, ideia berriak, ditut gogokoen. Adibidez, Santiago bideko etapei buruzko alegoriak, haran jakin bateko mapa eta herrien izenak... Edo animalia-marrazkien piro-grabatuak”. Horrelako elementuak eta izena tailatuz edo marrazki pirografiatuz osatutako oholak enkarguz egiten ditu.
Egurra hartu, azala kendu eta leundu egiten du. Prest dagoenean, tailatu beharreko irudia zuzenean marrazten du egurrean. Horretan ematen omen du ordu gehien, oso arreta eta kontu handiz egin beharreko lana baita.
Marrazkia bukatu ondoren, egurra lantzen hasten da, gubiak eta mazoak erabiliz.
Kirtena landutakoan, burualdea egiten du, antzera jardunez. Ondoren, lixa fin batez leundu, garbitu eta koloretako bernizez margotzen du dena, kasuan kasuko diseinuaren arabera.
Pieza lehortu, pintura-akats txikiak hortz batekin kendu, lixa fina berriz ere pasatu eta azken berniz-geruza, oraingoan gardena, ematen dio makilari.
Azkenik, goialdean zuloa egin eta larruzko uhala ezartzen du bertan. Mendiko makilei metalezko punta eransten die, eta kalekoei, berriz, gomazko punta.
Makila erraz bat egiteko 12 bat ordu behar izaten ditu.
Kartelak edo oholetako elementuak egiteko prozesua antzekoa da, tailaketa edo piro-grabaketa eginda ere. Desberdintasun bakarrak motiboa eta euskarria izaten dira.
Zereginak erabat bukatutakoan, egindako pieza zehatz-mehatz marrazten du liburu batean. Azkenera arte ezin omen izaten du halakorik egin, lanean ari dela, hasieran aurreikusi gabeko ñabardura txikiak eransten baititu. Beraz, azken emaitza eta hasierako asmoa ez direnez izaten berdin-berdinak, erabat bukatu eta gero marrazten du pieza aipatutako liburuan.
Gure artisauak honako erreminta hauek erabiltzen ditu: arkatzak, gomak, erregela, konpasa, gubiak, mazoa, lixa, arraspa, zulagailu elektrikoa, iltzeak, mailua, kurrikak, hortzak, pintzelak eta transistorea.
Horiez gain, zurgin-kola, bernizak, lixak eta agoarrasa erabiltzen ditu.
Etxe azpiko txoko txikian aritzen da ekinean, bere zaletasuna lantzen.
