481 Zenbakia 2009-04-10 / 2009-04-17

Artisautza

Ziku. Bitxigilea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Lehenik eta behin pieza diseinatzen du, koaderno batean marraztuz, ahalik eta xehetasun handienarekin.

Egia esan, orokorrean, behin pieza egiten hasten denean, egin ahala aldaketak sartzen ditu, baina beti ideia nagusiari eutsiz. Esan dezakegu xehetasun txikiak soilik aldatzen dituela.

Behin ideiak argi dituenean, pieza argizariz egiten du. Horretarako argizari bereziak erabiltzen ditu, bitxigileentzako produktuetan espezializaturiko establezimenduetan saltzen direnak.

Hainbat eratako argizariak daude: berdez tindatua, gogorrena dena, eta urdinez tindatua, bigunena dena. Dentistentzako argizari berezi bat ere erabiltzen du, kolore arrosako xafla mehetan datorrena.

Zerratxo batekin bloketik argizari zati bat mozten du eta haren gainean punta meheko soldagailu elektrikoaren, xaflen eta karraken laguntzaz nahi den pieza eginez doa.

“Gehien atsegin dudana eskuekin eta argizariarekin jolastea da, argizariaren barrutik zerbait ateratzea. Piezak pertsonalitatea izaten du, bizitza izango balu bezala”.

Horrela hainbat pieza egiten ditu, eta behin amaituta daudenean enbor nagusiari batzen zaizkio, itxuragatik zuhaita deritzonari forma emanez. Hori zilindro baten barruan jartzen da, eta eskaiolaz betetzen. Ondoren huts-makina batean sartzen da, barruan geratzen den aire guztia ateratzeko. Behin lehortzen denean, molde hori labean sartzen da, eta beroaren eraginez barruko zuhaitza urtu egiten da. Gero hutsik geratu den ardatza, zilarrarekin betetzen da.

Behin moldea zilar urtuarekin bete ostean, hozten uzten da, jarraian barrutik zuhaitza ateratzeko, baina oraingoan zilarrezkoa. Ateratako pieza desberdinak banandu egiten dira, eta lan-mahaira eramaten, amaitzeko. Izan ere, gogotik limatu eta leundu behar izaten dira, eta kasu batzuetan elementu osagarriak erantsi behar izaten zaizkie, hala nola, perlak, harriak, etab.

Gure artisauak erabiltzen dituen ekipoak honako hauek dira:

· Kautxua bulkanizatzeko prentsa. · Argizaria likidotzeko makina. · Huts-ponpa. · Labea. · Galdaketako arragoa (butanozko sopletearekin berotzen da). · Zentrifugadorea. · Leuntzeko makina birakaria. · Txapa edo haria egiteko ijezteko makina. · Hariak egiteko trefilagailua. · Sopletea. · Mikromotorra

Eta makina bat esku-erreminta, baita konpainia egiten dion irrati bat ere.