Bidarraiko Harpeko Saindia Bidarraiko Harpeko Saindia Anuntzi Arana Harpeko Saindia leku berezia da, hunkidura handia eragiten du, bereziki lehen aldikoz ikusten duenari. Harpean izan zen Alsaziako emazte batek horrela idatzi zion haraino lagundu zuen bidarraitar bati: Ezin dizut idatzi harpe hura ene oroitzapenean irudikatu gabe. Pribilegio bat da enetzat horrelako leku paregabea ezagutu izana. Beldurra ere ematen ahal du, beste batek hori bakarrik oroitzen du: Ez niz ongi oroit, bakarrik behin izana naiz amarekin, 7 urte edo nituelarik. Gero, buhameen bestara joan nintzen "Saintes Maries de la Mer" eliza batean egiten da, lurpean... Biziki inpresionatua nintzen: olala erran nin ez dut holakorik ikusi nahi ere, jadanik ikusia dut ene herrian, haurra nintzenean saindu hura mendian, harpe batean, beldur ematen daut. Horrelako inpresioak egin dituztenek oinez egin zuten bide osoa, errekako oihanpe ilunean lehenik eta gero mendi mendian. Bidarraitik Harpeko Sainturaino (Noblia zubitik bada 5 kilometro luze, beraz kasik bi oren). BIDEA Hara heltzeko, Baztan errekan gora, Infernuko zubia pasa, eta ezker aldetik jarrai Bernateneraino eta Harruseraino, beti errepidean. Harrusetik hara oinez jarraitu behar da GR 10tik, gora lehenago eta maldaren saihetsean gero. Orain seinalizazioa bada, gainera, ez euskaraz, "Le Saint qui sue" baizik; Bidarraiko norbaitek bere haserrea erakutsi zidan, delako balizaia ikusirik eta ez da gutiagoko. Harpearen heinera heldu eta, eskuinean, malda xutean ikusten dira parpeinez egin mailak: hantxe gainean da harpea. DESKRIPZIOA Bidarrai. Ezkerrean, Infernuko zubia Harpearen forma hiru angelukoa da, erpina goian duela. Bost metro zabal, bost sakon eta bost luze eman zizkion Barandiaranek. Gela hartako ezkerraldean hamar mailak badira, kuluar hertsi labur batera buruz, eta haren txokoan dago Saindia: argia eraman badugu, harri bat (estalagmita bat) ikusiko dugu, jende baten gorputzaren itxurakoa, baina bururik gabe, 1,10 metro gora eta 0,20 zabal.Harriari ura dario eta sabaitik ere xortak erortzen dira. Eta, guzti horrekin, bistan da, inpresioa aski azkarra da: "Sesitia zira, pertsona bat zira eta ilun da xoko hartan" 1982ko agorrilean harpean baziren gauzak: ohikoez gain, baziren ez ohikoak. Ohikoak, hurrengo aldietan ere ikusi ditudanak: Mokanesa asko, bai oihalezkoak, bai zelulosazkoak. Haur atorrak (zelulosazkoak ere...). Erramu sorta eta ilarra sorta. Lourdesko Ama Birginaren irudiak. Hainbat marmolezko plaka idatzirik, hilarrietan ikusten direnetakoak, batean idatzirik, "A mon parrain", beste batean "Souvenirs", besteetan "Merci St. Bidarray" edo "Merci". Paper tikiak haitzaren arrailetan sartuak, eta haietan otoitzak ("Begira gaitzazu") edo eskerrak. Familia Sainduaren metalezko plaka bat, eta beste bat Santa Teresarena. Errosarioak, metalezko eta zurezko gurutze tikiak bi ziriz eginak eta errosario gurutze tiki asko, medailak ere anitz. Tortxak eta haiek utzi negarrak, Intzentsu pakete bat (Spiritual Sky). Meza liburu bat. Dirua biltzeko tronko bat eta txanponak haitzaren arrailetan. Eta ohiko gauzen artean, egun hartan, baziren oihalezko xingola handiak, kolore bizikoak, urrundik ikustekoak eta, itxura, harpea apaintzeko asmoan ezarriak. Ihi tortxak ere baziren, erreak. Aipatu plaka batean, "Merci" gainean, "Eskerikasko Andere Mari", gorriz idatzia. Gazte talde batek apaindu omen zuen zuen harpea gau batez eta, Mariren aipamenak salatzen duenez, Barandiaran irakurrita, aitzineko errito paganoren bat berritzeko nahian. Barandiaranek 1945ean egin ikerketan txanponak aurkitu zituen, bai tronkoan (Bidarraiko apezak biltzen dituenak), eta bai harriaren gibelean, hau da, Saindiarentzat berarentzat eta ez elizarentzat. ERRITOA Gauza horien guztien eginkizuna Harpeko Saindian egiten den erritoak esplikatzen du. Saindiak sendatzen du, hari darion uraren bidez, bereziki azalezko eritasunak, negala eta. Saindiaren gorputzari darion hezeari izerdia erraiten diote (hortik "le Saint qui sue"). Eriek mokanes batezhartzen dute ur hori eta hartaz torratzen dute larruko mina. Gero mokanesa bertan uzten dute anitzek, eskaintza gisa, edo, batzuek diotenez, eritasuna hartan gelditzen delakoan. Eriak ezin badu Sainduraino joan, beste norbaitek hartzen du botoila batean harpean kurritzen ura, eta hari eraman; baina hobe da norberak bertan torratzea, zuzenago egiten baita. Han jendeek, izerdi hartaz, minak edo zer zituzten torratzen zituzten. Ekzema zerbait balin bazenin, han, ur hartan, ura heldu delarik, mokanes edo zerbaitez hura torratuz, saindu hura torratuz, ur hartaz garbitzen zenitin haiek (minak). Eta hek ere (mokanesak) han uzten: mokanes edo zerbiet berdin, edo oihal harizko bat berdin. Eta hango uretik ekartzen zen etxera, Xortaño bat beti. Sainduren izerdia lortzeko torratu behar da harria. Otoitz ere egin behar da: "Lehenago erraiten zuten zuk otoitz eginago eta harek izerdia ematen zuela gehiago". Gehiago dena: "Ez baduzu otoitz egiten ez da pitxik heldu". OTOITZA ETA ESKAINTZA Ez da otoitz berezirik, elizan bezala egiten zen, belaunika ere bai: Arrosorioa egiten da, hura eta Agur Maria. Gero mokanesa busti eta arrenguran torratu. Lourdes en Ama Birjinari nola egiten da? Galdegiten duzu han: bistan da, ez oihuka, baina galdegiten da arrengura delarik. Batzuk, hona jiteko, Harpeko Saindura jiteko, beren koosioa eta komunionea eta dena egin egiten direnak: koosaturik eta komuniaturik, Bazkoak egiten diren bezala, hala hala egiten direnak, hainbertzeraino debozionea gogoan harturik, eta nahiz resultat on bat izan (...): "Beno, orai behar dut berriz koosatu eta komuniatu eta gero berriz joanen gira Harpeko Saindura, gure eskerren bihurtzera Saindiari". Hara, nik hola aditu izan dut jendeer erraiten. Beila egin aitzin edo belan berean konfesatzea aspaldiko ohidura da: Santiora joaten zirenek hala egiten zutela dio Legenda Aurea k XIII. mendean. Eskaintzak uzteko bi une dituzte Saindiaren debotoek: lehena eskatzera joaten direnean, bigarrena, eskatua lortu eta, eskerren bihurtzeraberriz joaten direnean. Eskaintzak nolakoak diren jadanik ikusi dugu: harpean atxematen diren gauzak. Mokanesak uzten zituzten sukatzen, oroitzapeneko uzten zituzten. Eta gero sosak: batzuk sos bat, bertze batzuk bi sos. Hola, bakoitzak ahal zuena. Eta gurutze ttipi batzu ere bai. Ganibetaz egiten dira, erramiarekin: ziri batzu egin, hura arraildu eta ezartzen zituzten han, penaren kontra, zonbaitzuk. Jendeek tortxak han uzten dituzte pizturik eta medailak. Edo uzten zuten arrosorio bat, edo oroitzapen bat, edo sosak. Denek emaiten zuten edo dirua edo zerbait uzten. Zonbait aldiz haurren arropak uzten zituzten han, ez sendatu ondoren bainan sendatu baino lehen, lehendabiziko aldian. Eskaintza egiteko egiten zuten, ene gostuko: eriaren eskaintza, haren zerbait iduri izateko han. Gero sosa ere uzten da. Aditu izan dut nik jendeer, zonbaitek arrosorio pare bat uzten, bertze batzuk berdin mokanes batzu, bertze batzuk fulard batzu, bakoitzak zer ideia zin. Bertze batzuk berriz, sosak uzten. Bereziki eskerrak bihurtzera joaten direnek uzten dute zerbait. Erremertziatzera jiten dira, ordion uzten zenitin edo saindu batzu edo arrosorio batzu... Sendatzen dena ez bada berriz etortzen, mina berriz ateratzen zaio. Hori ere ikusi izan dut. Zonbat aldiz ikusten dira zilarrezko gauzak eta, bistan da, han beste jendeek ebasten dituzte. Izaiten dira biziki gauza pollitak, zonbait aldiz, gurutze batzu biziki ederrak. Eta gero faltatzen ziren handik; aldi batetik bestera, beti baziren gauzak eskas. Nik ezagutzen dudan neska bat Amerikatarat joan zen aitamekin. Eta amak hil gabe erran zakon: "Bon, Bidarraiko Saindiak eman baitaut eta nik behar dudana, eraztun hau hartuko duzu eta han emanen". Maleruski bizpahiru egunen burian eraztun ederra falta zen. Hori da. Eta hola zenbat istorio... Horiek egiak dira e? Horiek egiak dira. (...) Kanboko gizon batek ere nahi zin eta "une chapelle" edo zerbait egin. Gure apezak erran zakon ezetz, eta sos hura Bidarraiko elizarat emaiteko. Saindua etaapezen arteko etsaigoa nabaria zen orain 20 bat urte arte bederen. Jendeek komentarioak egiten zituzten, sosak elizarendako biltzen zituztela bai, eta gero Saindua arbuiatzen. Harpeko Saindian egiten ziren erritoak eta eskaintzak beste leku askotan ere aurkitu izan dira. Tours eko Gregorioak jadanik deskribitu ditu antzekoak bere garaian (VI. mendean): aintzira bati oihalak, jantziak eta jatekoak eskaintzen zizkioten, euria eginarazteko. BEILARIAK Anitz jende ibiltzen zela oroit dira bidarraitar xaharrak: Zer jendeak ziren!... Batzuk haurra bizkarrean, bertzeak besoz beso eriarekin... Harrusetik goiti hau (mahaia) bezain garbitia atxikitzen zin bidexka hura, malda hura, jendeak: goiti dabilki, goiti dabilki... Jendeak inguru guztietatik etortzen ziren, Baztandik, Lapurditik, Zuberoatik... Ostaler batek erreklama eginik? gero kazetariak etorri ziren, Paris Match, Jours de France... eta gero jin zen jende, hola! Parisetik, Belgikatik... jende oso gaixoak: bat bidean hil omen zen. Sainduko ura leku urrunetara igorria izan da: Argentinara, Alsatziara, Marseillara. Bisita pribatuez gain, gerla aitzin bazen Harpeko Sainduko beila Trinitate egunean. Orduan trumilka etortzen zen jendea, oinez, Mehatxeko lepotik barna Itsasutik, Ainhoatik, Ezpeletatik. Gero besta egiten zuten Borketxenbordan eta Leizetakobordan: akordeon txar bateko musika bazuten eta "besta polita egiten zen euskaldunen artean, karabineroak sartu arte!". Sumusenbordan ere egiten zen besta Mendekostez. Ez zuten denek gostuko besta, debotoek ez zuten denbora pasatzen musikan eta bestan: "jendea zinez heldu zena Sandiari buruz, itzultzen zen fite etxerat". Bidarraitar xahar baten oritzapena: Ez ginen negian joaten, negia ez da sobera agreable han (...) Komunzki maiatzean joaiten ginen, denbora eder eta klar batez. Goizean partitzen ginen aitatxirekilan, goizeko freskuran. (...) Gauari buruz ez zin nahi gure ama zenak joaitea hari buruz: leku peniblea zela han, sekula jende batek min hartzera edo zerbait heldubalin bazen gauari buruz... ez zela prudentzia ... Nehork ez du erraiten ahal, erori eta hezur bat hautsi edo zerbait... Eta gero, arratsaldearekilan ez da ontsa ageri han, Saindu hura, ilunago jartzen da, goizean argi gehiago da (ekialdera begina da). Beti hek, gure aintzineko zaharrek eni erran dautate hori: goiza behar zela hara joateko. Eta aitatxirekilan eta ama zenarekilan ere, beti goizearekilan izan niz, han arribatzeko gisa eguerdi baino biziki lehenago, hamarretan, hola. Gero fite hango itzulia eginik etxera jiteko gisan; ez baitzen, orain bezala autobiderik eta. Bide penosa baitzen, bide penosa baitzen. Ni nintzen astoarekilan "xoferra": ateratze ziderra bada gero han... (...) Ama zenarekilan izan naizela, behin baino gehiagotan, eta aitatxirekilan joaiten nintzelarik, komunzki tortxa pare bat hartzen genin urte guziz zerean, Ganderailuz benedikaturik, tortxa fresko freskoak. Eta beno, tortxa heetarik joaiten (eroaten) genin eta han uzten pizturik. Otsailaren bian, Ganderailuz benedikaturik, urte oro: urte oro pare bat benedikatzen, beti, eta gero han pizten genitien. Iluna zen biziki han argirik gabe. Ordion, han piztu, ontza gauza ikusteko, eta han uzten genin tortxa pizturik, eta partitu, argia han utzirik zerbaiten kontra: "Hori arrastazan ontza, es dadin tortxa eror, uzkail ez dadin, zutik egon dadin" erraiten zadan aitatxik. (...) Beti ama zenak hola erraiten zin eta aitatxi zenak : "Bertze aldi artio Saindia, uzten zaitut eta bertze aldi artio". Ba, horra. Eta "Otoi, lagun gaitzazu", erraiten genin. Ni izan nintzelarik, bertzenaz, utzi izan dut beti hola, tortxa edo arrosorio bat. Nahi bazenin, medailak ere uzten zenitin. SENDATZEAK Azaleko minak eta ekzemak dira bereziki osatzen Harpeko Saindian, baina besteak ere bai, kabaletan zein jendeetan. Sendatuak kontaezinak dira, berriemaile bakoitzak badu zerrenda, berak ezagutu jendeen artean, bereziki haurrak. Ikusi dut haur bat senarra hemen bazen erranen zauzun holakorik ez dut naski behin ere ikusi:bainan dena, dena zakar: ez zin iskilima buru baten pausa biderik garbirik. Eta haur hura ekarri zuten hiru lau asteren buruan berriz: larru guztia fin fin fina, oraino zikatriza ageri, baina dena sendatua. Deus gabe. Eta zenbat holako. Beste istorio bat ere haur bati buruz, mirakulu handia ez dena baina ongi kontatua: Istorio hunek badu beharbada 10 urte baino gehiago (1982an, beraz 1970.koa dateke). Donibanera joan nintzen eta trenean emazteki bat kausitu nin bi haurrekilan trenean (...) Hemen sartu bainintzen, Bidarraiko garan eta, erraiten daut eta: Zu bidarraitarra? eta Hala niz, ba. Ni lekondarra niz... A ba, izana niz ni Bidarraiko Saindian, ba hementxeko bi haur hookin. A, bon, bazenin ordian zerbait arrengura... Ba, ba, banin. Haurrak biziki normalak emaiten zuten, partikularzki mutikoa, xarmanta, mutiko hark bazitin berdin hamar urte, ene iduriz, e? Haur hura eleketan eta dena bazekien untsa. Eta haur hark, haur hari egundaino ez ziezakoten ogirik janaraz; bertze gauzetarik zernahi, zernahi jaten zin haur hark, haurrak jaten zin zernahi bertze gauzetarik, e? Eta ogirik ez ziezakoten janaraz (...) Medikietarat eta denetara joiten zuten; medikiek erraiten zioten, bon, hasiko zela ogia ere jaten haurra. Ba, baina laborari etxe eta, badakizu, hek ez ziren hala kontent. Hola denborian, norbaitek erran omen zioten haur harekilan zertako ez zuten egiten beila bat Harpeko Saindura. Eta denbora berean, mutiko eta neska baitzitien berekilan, neska hark bazin ekzema, omen, eta harendako ere bazebiltzaten hantxe hementxe midiku egiten, badakizu... Ba, baina haurrari ez zitzakon joaiten ekzema hura. Azkenean hartu omen zuten ideian behar zutela senar emazteek beren bi haurrekilan Saindura jin, eta behar zutela ikusi ea beharbada mutiko hura ere, hark ere zerbait abantail harrapatuko ote zin haurrak ba omen zitin, mutiko hark ere, ezagutzak eta denak, e? Mintzo eta denak, badakizu, salbu ogia ez zin jaten. Horrara ba jin ziren, hor egin zuten beren debozionea,eta haurra etxera joan eta ogia han jaten hasi zen. Gero neska hark hementxe, nunbait hor erakutsi zadan emazte hark oraino bazitin, badakizu, markak, nun ukana zin ekzema, neska harek, ba. Eta harendako ere han, delako saindu hura torraturik, hartaz, ur hartaz, garbitu zuten. Eta hara jintxo, haurra bederatzigarren eguneko, neskak joana zin ekzema. Beno, izigarri kontent, izigarri kontent, mutikoa ogia jaten, ogi eta gasna, ogi eta xokolet, alo, emaiten zakoten ogi guzia: bazkaritan, afaritan bere ogia jaten jende normal batek bezala. Konprenitzen duzuia? Ikusten denez, haurrekin du Saindiak zaletasun handia. Mintzo ez zen haur bat ere sendatu zen: Lehenago nik erranen dautzut istorioa, ez da istorio, egia, pasatu dena. Ene senarraren ama mendian bizi zen, arrunt mendian, Zuhaian. Oinez joaten ziren, ez zen pitxik (autobiderik), mendiz mendi Bidarraitik Ezpeletara... Eta egun batez jin zitzakola gizon bat, (...) eta Harpeko Saindiaren bidea galdegiten zakola. Eta sarrarazi ziela badakizu, Euskal Herrian beti bada holako eta, zerbaiten hartzeko... Eta izigarri denbora txarra zela. Eta gero han jakin genin gizon hark Kanbon medikia zen bazin haur bat mutia, eta haren zerbitzuko bazen neskato bat euskalduna. Eta neskatoak erran zakon nagusiari: Bazauzu, nagusia, emadazu eni laguntza pixkat, nik joanen dut haur hau Harpeko Saindura, Bidarrairat. Eta hola izan zen, medikiak eman zakon haurra... eta laguntza eta jin zen Harpeko Saindura; bainan beti oinez, mendiz mendi. Eta gure amaren etxera sartu zirelarik gizon hek abiatiak ziren denbora txarra ikusita, heen (haur neskatoen) biderat, xerka. Eta badakizu mendia nola den, ximista eta, izigarri leku baita... Haurra izitu, emazteñoa ere, izitiak ziren, trenpatiak. Eta aita ikusi haurrak, eta oihuka hasi zela: "Aita! Aita!", mutia. Voilà. Jende hek beren bizi guztian bazutela Harpeko Saindiarendako amodioa... PUNIZIONEAK Bidarraiko Saindiak eskerroneko jendeak estimatzen ditu: sendatu eta eskerrak bihurtzera joatenez denak berriz eritasuna harrapatzen du. Bereziki trufariak ez ditu maite eta haietaz mendekatzen da. Horra adibide bat: Hura ez dakit batere nungoa zitakeen. Norbait jin omen zen horrarat, Harpeko Saindura, bere ustez beilan. Doaikabe ez zin sinesta handirik, horreratu eta erran omen zin: Hau saindia dela? Hau saindia dela? Hau deus ez duk, hau kaka saindia duk. Harengatik, e? Beno, ez zin arrazoina, haren erraitearen beharrik; harek ez zekien ea zer zen, bai edo ez: ez zekien pitxik! Handik partitu eta etxera gabe, salbu errespetia, eta ikaragarriko beheitikoa jautsi omen zitzakon pretsuna horri. Eta berriz horra gabe ezin sendatu. Berriz joan behar izan ziin horra eta eskerren bihurtzera (!?), barkamendu galde egitera. Bai. Miriku eta istorio eta komeri, dena. Ezin erreusitu! Nik erranen dut: kaxu! Gauzetan ez da sobera trufatu behar, ez da sobera trufatu behar. Egon ixilik, egon ixilik bederen. Zer nahi duzu? Hura han balin bazen hala, e be, zerbait bazen hura. Beste baten ustez, apeza zen Saindiaz trufatu eta beheitikoa harrapatu zuena. Eta beste istorio batzuetan zangoa haustea izaten da Saindiaren mendekua. Esan behar da bide hartan Saindiak begiraturik izan behar zela zangoa ez hausteko gibelatekoan. Batzuetan, mespretxuz Saindiak ez duela berriz ikusiko esaten duenak zerbait han ahantzi eta arra joan behar dute gauza horren bila. Bada zigor bat seriosagoa. Aspaldian, emazte batek hartu omen zituen Saindiaren sosak. Gaxuxa zin izena emazteak eta senarrak Joanes. Eta egun hartan, omen, eta arratsean denbor gaixtoa egin zin, izigarri: ihurtziri eta. Eta jarririk omen zagon Gaxuxa, senarraren beha senarra kanpoan zin nunbait lanean eta beti supazterran zagolarik, gainetik beheiti sartu zakon zerbait eta brasa dena barreatu, sartu brasan (...), ximiniatik beheiti (...) sartia zela hala egin zuten , supazter guztia barreatu zen (...) eta aztala ereman (Gaxuxari). (...) Ni gau hartaz oroitzen niz (...) ni zer gaua zen hura: izigarri zen ihurtzuria eta ximista,ximista, ximista ximisten gainean. Gero, berehala barreatu zen aire gaixtoak joan zakola supazterretik zera, aztala. Gero egin zakoten midikiek zapeta larruzkoa. Baina ez zen... gero beti hola ibiltzen zen, beti hola (maingu). Beste batzuk diote zurruta zilotik sartua zela Gaxuxari aztala eraman zion mamua. MITOA Nor da eta nola da Saindu hura harpean? Misterio bat zela erran zidan bidarraitar batek. Nehork ez du konprenitu behin ere, badakizu? Nehork ez du konprenitu. Harpeko Saindian, Saindian sartia izana da hamabi argiekilan, Saindu hori. (...) Eta gero, denbora hartan, argi heekilan Saindu hori sartzen ari zelarik (...) memento hartan, Ohatarreko kabala guztiak orro eta marruma... ez omen ziren ixildu hura han sartu arte; hura, Saindu hura han sartu arte. (...) Badakizu, Lourdesko mirakulia bezala sartu zen han. Pentsamazu, gura aitatxi zena haurra zen oraino, denbora hartan, hori gertatu zenean. (...) Hamabi argiekilan sartu omen zen hura gauaz. Eta sekulako mogimendia: Hause, Harruse, Bernateneko, Putzuko, kartier hortako kabala guziak, denak marrumaka ari izan omen ziren. Eta ordion Saindu hura han pausatu eta gero fini! Gertakari harrigarri hura, mitoaren bigarren partea baizik ez zatekeen. Funtsean, hori baino askoz lehenago beste zerbait agitu zen: Neska bat bazela galdua zena artzaintzan ari zelarik, eta ez zuten harrapatzen. Eta denbora luzearen buruan, ikusi zituztela gau batez hamabi argi hor, zilo hortan sartzen, gaueko hamabietan. Eta geroztik zagola saindu hori. Mitoaren eskema neska galdu bat harpe batean bildu izana eta hartan berean argia sartzea Anbotoko Anderearen Mariren mitoetan aurkitzen dugu. Gogora dezagun andere horrek ekaitzak egiten dituela, mendietako harpeetan bizi dela, eta batetik bestera aldatzen denean sutan zeharkatzen duela zerua: batzuetan bere harpean sartzen ikusten dute. Batzuetan kontatzen dute neskato bat zela, behi baten ondotik joan zela, abereak leize batera eraman zuela eta hura zela Anbotoko Anderea. Arrazoin horiengatikBarandiaranek dibinitate horren agerkera edo modalitate bat dela dio. Anuntzi Arana, antropologoa Berriemaileei goraintzi: Marixan Zedarri, Ane Miren Zedarri, Marixane Uztaritz, Yvonne Elorga, Elizetxe anderea, Angèle Harrusekoa, Maiana Bernatenekoa, Mari Kazernakoa, Beronika Garakoetxea, Isabel Etxeparekoa, Jose Mari Kastantxo, Ana Mari Kastantxo, Cabillon jauna, Julia Borda, Sumusenbordako anderea. Euskonews & Media 48.zbk (1999 / 10 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.