479 Zenbakia 2009-03-27 / 2009-04-03

Gaiak

Bideoa: Ángel de Apraiz

MURO ARRIET, Koro

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari



Ángel de Apraizen bideo honekin ildo berri bat ireki nahi dugu Eusko Ikaskuntzarentzat garrantzitsuak izan diren pertsonaien biografiak prestatuz. Apraiz, Eusko Ikaskuntzako lehendabiziko idazkari nagusia izan zen.

Honetarako Ángel de Apraiz ondo ezagutu zuten hainbat pertsonarekin izan ditugu elkarrizketak: Begoña Apraiz, alaba; José Antonio Apraiz, iloba; Joseba Agirreazkuenaga Historian doktorea eta Lucía Lahoz Salamancako Unibertsitateko irakaslea.

1885eko uztailaren 25ean Gasteizen jaio zitzaigun Angel de Apraiz y Buesa, bertako semerik ospetsuenetakoa izanik ezezagunetakoa ere bada. Familia aberatsekoa zen eta beste bederatzi anai-arreba zituen. Gurasoen begirada adeitsupean hazi zen, hots, Odón de Apraiz y Sáenz de Elburgo eta Julia Buesa Martínez del Campo.

Lehen ikasketak Aita Marianisten Ikastetxean burutu ostean, gurasoen etxea utzi eta Deustuko Unibertsitatera jotzen du goi-mailako ikasketei heldu nahian. Horrela, 1900ean Salamankan Filosofia eta Letretako Fakultatean lizentziatura lortzen du. Bost urte igaro eta gero, jada Madrilen dagoela, doktoretza-tesia aurkezten du Inés de Castro-ri buruz, goreneko kalifikazioa erdietsiz. Horrez gain, urte berean Zuzenbidean lizentziatura eskuratzen du Unibertsitate berean.

1911an Arte eta Literaturari buruzko Teoriako katedra eskuratzen du oposizio-lehiaketa librearen bitartez. Horrela, Salamankako Unibertsitatean oso ibilbide arrakastatsuari ekin zion, bertan zortzi urte eman zituelarik. Ordurako Miguel de Unamuno genuen Unibertsitate horretako erretorea eta Apraiz honen lagun mina bilakatu zen.

Bestelako kultura eta herrialdeak ezagutzeko grina zuen eta horren ondorioz 1914an Ikasketak Hedatzeko Batzordearen eskutik sei hilabeterako beka bat eskuratu zuen. Horri esker, Lehen Mundu Gerra hasi baino lehen Europa eta Ameriketako Estatu Batuetan barrena ibili zen.

Bidaian zehar atzerriko unibertsitateetan bizi eta ikusi zuen guztiaz hausnarketa egin ostean, 1918ko urtarrilaren 5ean Bilboko Filarmonikaren egoitzan hitzaldia eskaini zuen gai horri buruz eta bertan Euskal Unibertsitatea sortzearen alde agertu zen.

Hitzaldi horrek oso oihartzun zabala izan zuen, Europan barrena ikus zitzaketen gertaeren eraginez eta euskal abertzaletasunaren indarrez. Horrela, zenbait egun beranduago mozioa onartzen da urte bereko irailean Oñatin Euskal Ikaskuntzei buruzko Kongresua burutzeko proposamena kaleratuz eta horixe izango da Eusko Ikaskuntzaren muina.

Garai hartan, Odon aitak, hil baino egun gutxi batzuk lehenago, zera eskatzen dio Angeli, Odon, Ricardo eta Emilio anaiak zaindu ditzala. Hori dela eta, Salamankako Unibertsitatea utzi eta Bartzelonara jotzen du 1919an.

Hiri horretan bizi da Eusko Ikaskuntzaren idazkaritza nagusia bere eskuetan dagoen bitartean. Horretarako bidai ugari egiten ditu Donostiara eta aldi berean eskutitz pila bidaltzen ditu Elkartera, hainbat lagun eta kideei, eta gero bere emaztea izango den Mari Cruz Landetari.

Ángel de Apraiz.

Azkenean, 1926ko irailaren 6an Angel de Apraiz Mari Cruzekin ezkontzen da, berau Eduardo Landeta eta Carmen Beascoechearen alaba izanik. Landeta familia Bilboko goi mailako burgesiakoa zen eta Sota familiagatik hurbil zegoen. Familia abertzalea eta kultua zen, betiere jarrera kezkatsua agertuz. Mari Cruz 1897ko abenduaren 17an jaio zen, zortzi anai-arrebetatik zaharrena zen eta gaztetandik oso hezkuntza fina jaso zuen.

Handik gutxira, 1928ko martxoaren 29an, bikotearen lehendabiziko semea jaio zen, Javier izena eman ziotelarik. Laster Begoña jaio zen, arreba gazteena, 1930eko azaroaren 25ean alegia.

1933ko uda partean Angel de Apraiz beste irakasle batzuekin eta ikasle talde batekin Mediterraneoan zehar itsas bidaiari ekin zioten inguruko kultura eta herrialdeetako hiriak eta artea ezagutu nahian. Guztira hilabete eta erdi eman zuten bidaia osoa egiteko eta piskanaka piskanaka bidaia bera gertakari diplomatikoa bilakatu zen. Mediterraneoan zehar Espainiako Unibertsitateren batek egindako horrelako lehendabiziko espedizioa izan zen. Gainera bakarra izan zen, antolatzaileek besteren bat egiteko asmoa bazuten ere.

Baina Gerra zibila ailegatzen da eta inolako alderdi politikoko kide ez bazen ere, bere ideiak direla eta enplegua eta soldata kentzen dizkiote. Gainera 1939ra arte erabaki gabe geratu zen espediente berreslearen xede bilakatu zen. Hain egoera latzari aurre egin nahian, bere burua eta familia arriskuan ikusita, atzerrira jotzea erabaki zuen.

Familia osoa Marie Therese de Urkiak Bidarten duen etxera alde egiten du; aurretik beste hiru hilabete ematen dituzte Bordelen, bertara Santurtzetik Habana itsasontzian heldu zirelarik. Bitartean, betiko egonezinari eutsiz, Angelek artikuluak idazten ditu Frantziako egunkarietan euskal arte eta erromesaldiei buruz, hitzaldietan esku hartzen du eta, batez ere, espediente berreslearen kontua konpontzen saiatzen da, horren ondorioz lana galdu baitu.

Neke ugari igaro eta gero, azkenean bere kargua berreskuratzen du baina baldintza bat jartzen diote, 1919an utzi nahi zuen Unibertsitatera itzultzea alegia. Horrela, 1941an Salamankara itzultzen da eta hantxe topatzen ditu Unibertsitate zaharra, ikastetxe nagusia, lagun zaharrak eta laguntzaile berriak.

Halere, ez du denbora asko bertan ematen eta Salamankatik alde egiten du. 1945ean Arkeologia eta Artearen Historiako katedra bikoiztu egiten da eta Angelek lekualdaketa eskatzen du. Oraingoan prozedura arrunta erabiltzen du horretarako eta Valladolideko Unibertsitatera alde egiten du.

Valladolideko Unibertsitatean emango ditu bere ibilbide akademikoko azken hamar urteak. Horrela Valladolideko Unibertsitateko Artearen Historiako lehen katedraduna bilakatu zen. Testuinguru horretan eta Unibertsitate munduan berez zioten estimua zela medio, irakasle hutsa izatetik ardura handiko karguak eskuratzera igarotzen da. Lehenik eta behin Fakultateko dekano-ordea izendatzen dute eta gero Dekanoa.

1955ean erretiratzeko garaia heltzen zaio, ibilbide akademikoari amaiera emanez. Unibertsitatean utzi zuen zantzua zenbaterainokoa izan zen jakiteko, azken lezioa ematerakoan eskaini zioten omenaldiari so egitea besterik ez dugu behar.

Halere, berea bezalako izaera eragile, dinamiko eta bihurria ikusita, pentsa daiteke erretiroa bera jada hasita zeuzkan ikerketei edota ikerlan berriei ekiteko garaia bezala hartuko zuela. Aurretik artikulu asko idatzi eta hitzaldi ugarietan parte hartzen bazuen ere, hortik aurrera are gehiago.

Gainera, erretiratu eta gero, hainbat ekitaldi akademiko, kultural eta sozialetan parte hartzeko eskatzen zioten. Hain zuzen, 1956ko ekainean A Coruñako batxilergo azterketetako buru izateko eskatu zioten. Haraino joan zitzaigun laster batean, ohi zuen bezala, baina bertara ailegatu bezain pronto ospitalera joan behar izan zuen biriketako gaitzak jota. Segituan Mari Cruz emazteari deitu egin zion eta hau gaixotasunaren larritasunaz berehala jabetu zen egun berean erretzeari utzi egin ziola esan baitzion. Zoritxarrez, susmo txarrak bete egin ziren eta hurrengo egunean, 22an alegia, Angel de Apraiz y Buesa A Coruñan hil zen.