478 Zenbakia 2009-03-20 / 2009-03-27

Elkarrizketa

José María Asua. Ingeniaritza Kimikoko katedraduna: Ideiak saltzea da gure negozioa

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Donostiako Ibaetako unibertsitate-kanpusaren ondoan dago Polymat. Bertara joan eta José María Asuak bere bulegoan hartu gaitu. Dokumentuz gainezka dagoen mahaiaren inguruan eseri gara, eta alboan daukagun arbelean letra multzoak daude marraztuta, euren arteko lotura eta guzti. Asua doktorea umoretsua da. Ondo ezagutzen dituen gaiei buruzko baieztapen borobilak eta umore fina uztartzen ditu solasean. Donostiar ere sentitzen da, maiteminduta dago patua antolatu zion hiriaz. Solasaldi interesgarria izan dugu berarekin.

Txikitandik maite izan al duzu molekulen mundua?

Egia esan, txikitan ez nuen inongo bokazio argirik. Zientziak gustuko nituen, baina kimikak ez ninduen bereziki erakartzen. Batxilergoan oso irakasle onak izan nituen, eta batez ere gogoan dut Lamadrid irakaslea, Basauriko Institutuan fisika eta kimikako eskolak eman zizkidana. Irakasle bikaina zen, ikasgaiak irakasteaz gain ni “arrastoan sartzeaz” arduratu zen.

Nola izan zen hori?

Lamadrid irakaslea konturatu zen bere azalpenak ondo ulertzen nituela, baina ez nuela “gehiegi” ikasten. Horrela, nahiz eta azterketa gainditu nuen, uda osoan bere etxean eskolak hartzera “gonbidatu” ninduen, doan (dio irribarrez). Batez ere eskuzabaltasun lezioa izan zen, eta gero, nire ibilbide osoan baliagarria izan zaidan lan-dinamika barneratzen lagundu zidan.

Unibertsitatera iristean...

Leioan ikasi nuen, Bilboko Unibertsitatea zen garaian, eta azterketak gainditzeko beste ikasi nuen, “ez gainditzea” onartezina baitzen familia apal batean. Gurasoek argi zuten ikastea zela guretzat gizartean aurrera egiteko bidea, eta asko ahalegindu ziren arrebak eta biok ikasteko aukera izan genezan. Onartu beharra daukat sasoi hartan nire helburua partzialak gainditu eta ikasturtea lehenbailehen amaitzea zela. Orduan ez zegoen “nota igotzeko” azterketak egiteko ohiturarik, beste garai batzuk ziren.

Handik Zaragozara joan zinen, zerk bultzatu zintuen doktoretza egitera?

Leioan José Corella izan nuen irakasle, une hartan erreaktore kimikoen ingeniaritzan Espainian zegoen aditurik onena (garai hartan Kimika-ingeniaritza Kimika-ikasketen espezializazioetako bat zen). Hura Zaragozara joan zen katedradun gisa, eta berarekin joateko gonbita egin zidan, Tesia han egin nezan.

Lamadridekin gertatu zitzaizunaren antzera, agian?

(Barre egiten du). Beno, garai horretan ikasi egiten nuen... Egia esan, karrera egiteko ikasi egin behar da.

Zein gai landu zenuen Tesian?

Katalizatzaile solidoen desaktibatzea (isilune laburra).

Nola iritsi zinen EHUko irakasle izatera?

Doktoretza-tesia amaitzen ari nintzela, 77ko San Tomas egunean, Donostiara etorri nintzen Kimikako fakultate berria ikusi eta Gonzalo Martin Guzman irakasle eta dekanoarekin hitz egitera. Hark lanpostua eskaini zidan, polimerizazio-erreaktoreen ikasgaiaren ardura hartu eta arlo horretan ikerkuntza-ildoa garatzeko. Une hartan gaiak ez ninduen gehiegi erakartzen. Gainera Fakultatea abiatu berria zen eta baliabide gutxi zituen. Baina San Tomas egun hartan, hirian zehar paseatzen ari nintzela, jasotako proposamena buruan, aurrera egitea erabaki nuen, bertan bizitzeak ahalegina merezi zuelakoan. Beraz, polimeroekin lan egiten dut Donostian bizi nahi nuelako.

Unibertsitatean eman zenuen lehen eskola?

Ke zuriarekin batera hasi nintzen Unibertsitatean lanean. Izan ere, Fakultatean lehen eskola eman nuen egunean Joan Paulo II.a aukeratu baitzuten Aita Santu (barre egiten du).

(1978ko urriaren 16an Sixtotar kaperan jarritako tximiniatik ke zuria atera zen, munduari adierazteko Aita Santu berria aukeratu zutela. Hogeita sei minutu beranduago Pericles Felici kardinalak jakinarazi zuen Aita Santu berria Wojtyla kardinala zela).

Eskolak emateaz gain ikertzaile ere bazara. Lan –eta dedikazio– ordu asko eskatuko dizkizu jardun horrek. Bateragarriak al dira ikerlari eta unibertsitate-irakasle izatea eta famili bizitza aurrera eramatea?

Noski baietz (eta eskerrak! Bestela ikerkuntza utziko nuke). Emaztea Zaragozan ezagutu nuen, bera ere Tesia lantzen ari zela, guztiz bestelakoa zen gaiaren ingurukoa. Alaba bat daukagu eta oso gustura jarraitzen dugu elkarrekin... Beraz, jardunok bateragarriak dira, noski. Ildo horretan uste dut nolabait puztu egiten direla ikerkuntzaren exijentziak. Beste lanbide batzuetan askoz zailagoa da lana eta familia uztartzea, hori da kamioilarien kasua, adibidez.

Baina batzuetan, fisikoki toki batean egon arren, buruan laneko kontuak ibiliko dituzu bueltaka. Ezinezkoa izango da atea itxi eta ikertzen ari zaren gaia alde batera uztea, ezta?

Hori ohikoa da lana gustukoa eta erronka dela sentitzen dutenen kasuan. Baina diziplinaz, posible da, neurri batean bederen, famili bizitza eta laneko kezkak bereiztea.

Zein osagai dira funtsezkoak ikerlari izateko?

Jorratzen dudan esparruan ikerlari onenetakoa izan den Hamielec irakasleak, jada erretiratuta dagoen lankide kanadarrak, zera esaten zuen, ikerkuntzak ezinbesteko hiru osagai behar dituela: gaitasun intelektuala (sormena barne), nabarmendu nahia eta helburuak lortzeko energia. Nik laugarren osagaia gehituko nuke, komunikatzeko gaitasuna. Ideiak saltzea da gure negozioa, horiek ondo azaltzeko gai ez denak ez du lanbidean aurrera egiten.

Diziplina anitzeko taldeak?

Proiektu bakoitzerako behar diren adituak bildu behar ditu taldeak, baina ez gehiago. Azken urteotan modan daude ikerketa-talde jendetsuak, eta oso eszeptikoa naiz politika horren aurrean. Horren adibide dira 6. programa markoko proiektu europarrak, non sarritan, modu artifizialean, partzuergo izugarriak osatzen diren finantzaketa lortzeko bide bakarra delakoan. Ez zait iruditzen ikerketa-sistemarik eraginkorrena denik. Hainbat jakintza-esparru biltzen dituzten erakunde handietan, unibertsitatean kasu, ikerkuntza antolatzeko moduaz eztabaida pizten du diziplina-aniztasunak. Diziplina anitzeko talde handietan antolatu behar al dugu? Nire ustez hobe da tamaina ertaineko talde asko izatea, barne-lotura egokiak dituztenak, bakoitza alor batean espezializatua, eta behar dutenean euren artean komunikatu eta elkarrekin lan egin dezatela.

Horrek nolabaiteko paralelismoa du polimeroekin, ezta? Izan ere, polimeroetan hainbat ezaugarri dituzten monomeroak elkartzen dira...

(Barre egiten du) Ez, inolaz ere, polimeroak kontrolatu egiten ditugulako eta pertsonak, berriz, ez. Talde handien ideia erakargarria izan liteke ikerkuntza-politiken arduradunentzat, baina partzuergo handiak osatzea behartzen zuen 6. programa markoaren esperientzia ez da ondo atera. Egia da elkarrekin komunikatzeko gai izan behar dugula, beste diziplina batzuekin harremanak izan behar ditugula, baina bakoitzak bere arloan izan behar du aditu; beste arlo batzuetako jakintza behar duten proiektuak garatzeko aldi baterako aliantzak sortzearen aldekoa naiz, enpresen aldi baterako bat egiteen antzera.

Baina bakoitzak bere arloan bakarrik lan egiten badu, nola jakin zein aukera eskaintzen dituzten beste diziplinek?

Arazo serioa da hori, baina gainditu liteke lan eginaz, ahaleginduz, irakurriz, biltzarretara joanaz, entzunaz eta askotan apustu eginaz. Azken finean, sarritan apustu egitea da jendearekin harremanetan jartzea, aurretik ez baitakizu zein emaitza lortuko duzun. Ikerkuntzan inork ezin du aurreikusi bost urteren buruan zer gertatuko den. Gogoan dut nire ibilbidearen hasieran bilera batera gonbidatu nindutela Racinen (Wisconsin), gure esparruan etorkizunean landuko genituen lan-ildoei buruz hitz egiteko. Ondorioak liburu batean argitaratu genituen. Noizean behin berriro irakurtzen dut eta onartu behar dut gauza askotan erratu egin ginela. Ikerkuntza batez ere arriskatzea da.

Nola aukeratzen dituzue ikertu beharreko gaiak?

Garrantzitsua deritzot galdera egokia zein den jakiteari. Hau da, zer da ezagutzea merezi duena. Gainera, eremu aplikatuan lan egiten denean, nire kasuan Kimika Ingeniaritzan, zertarako ere galdetu behar diogu geure buruari. Ikertzea merezi duen gaia zehaztu ondoren formula erraza da, lana, lana, lana, lana (gero eta ozenago dio)..., eta noizean behin, inspirazio apur bat lanean jarraitzeko.

Hemen, Polymaten, nola erabakitzen dituzue ikertuko dituzuen gaiak?

Polymat Ikerkuntzarako Unibertsitate Institutua da, eta jakintza Unibertsitatetik Industriara bideratzeaz arduratzen da. Hau da, euren arazoak azaltzen dizkiguten enpresekin zuzenean egiten dugu lan, eta erantzunak eman behar dizkiegu.

Ikerketen emaitzak balioztatzeko sistemarik ba al duzue?

Enpresekin lan egiten dugunean, haien gogobetetzea. Ikerkuntza libreagoan, jakin-minak bultzatzen duen horretan, berriz, ideiak gainontzeko lankideek ikuskatzen dituzte. Ulertzekoa da norbere ideietaz maitemintzea, baina jakintzaren beste arlo batzuetan ez bezala, Zientzietan teoriek neurketa esperimentalaren proba gainditu behar dute. Horregatik, hobe da zure ideiak lehenbailehen lankideekin alderatu eta eztabaidatzea.

Polimeroak:

Demagun tren bat daukagula beste tren batzuekin edozein puntutan eta norabidetan lotu daitekeena, ba hori dira polimeroak. Tren bakoitzaren bagoiak monomeroak lirateke, eta tren-polimeroak espazioko hiru norabideetan lotzen dira elkarri. Bagoi eta tren bakoitzean zuk nahi dituzun ezaugarriak jar ditzakezu, nahieran: azalera guztietara itsatsiko den zerbait (kola), edo inondik inora itsatsiko ez dena (jakiak ez itsasteko zartaginen estaldura); ura xurgatuko duena (pixoihalak) edo iragazgaitza dena (goretexa).

Materialak aukeran:

Polimeroekin aukerako materialak sortzen ditugu. Ez dago material sintetikorik polimeroen erabilera anitza duenik. Hamaika erabilera dituzte: nekazaritza intentsiboko negutegiak, pixoihalak, ibilgailuak, bihotz artifizialak, zartagin ez-itsaskorrak, haize-sorgailuak, itsastekoak, fitosanitarioak, ukipen-lenteak edota balen kontrako txalekoak, besteak beste. Produktu horiek ez lirateke existituko edo ez lirateke horren eraginkorrak izango polimerorik gabe. Idazten duzun papera polimeroz estalita dago, eskuan duzun boligrafoa polimeroekin eginda dago, eta baita tinta ere, kotxe barruan zaudela zure ingurura begiratzen baduzu... ia dena polimeroak dira. Hor daude gaur egungo mendirako materiala edo duela 30 urtekoa. Ez dute ia antzik ere. Polimeroak dira aldea.

“Urre beltzaren” % 4:

Monomeroak petroliotik lortzen dira, eta polimeroen industria hornitzeko munduan ateratzen den petrolioaren % 4 erabiltzen da. Beste iturri batzuk ere erabil litezke, ikatza edo landare-produktuak kasu, baina garestiagoa litzateke.

Hondakinen kudeaketa:

Polimeroak berez material inerteak dira, eta beraz, sortzen duten kutsadura heziketa-arazoa da; ibai, hondartza edo mendietan ikusten ditugun plastikoak heziketaren eta hondakinen kudeaketa-faltaren ondorio dira. Donostiak azkenean errausketa-planta izango du. Aspaldi egin beharrekoa zen, ez baitugu lurrik eta zaborra sortzen jarraitzen dugu. Zaborra erretzeko erregaia behar da. Zaborrak zenbat eta polimero gehiago izan orduan eta erregai gehiago beharko da. Eta hor dago eztabaida: zer egin erabilitako polimeroekin.

Birziklatzea:

Birziklatzearen arazorik handiena merkatuaren exijentziarekin lotuta dago. Polimeroek erabilera ugari eta merkeak eskaintzen dituzte, horretara ohitu gara. Baina birziklatutako polimeroak ezaugarri eskasagoak ditu, eta beraz, ezin da erabili kalitate-arau zorrotzak bete behar dituzten erabilera guztietan. Bestalde, polimeroak monomeroetan deskonposatu eta horiekin polimero berriak lortzeak energia-baliabideak gastatzea dakar, eta horrek eragin handiagoa du ingurumenean petroliotik polimero berriak sortzeak baino.

Baliabide naturalen erabilera:

Ezinezkoa da Lurreko biztanleria-dentsitateari eustea gaur egungo bizi-mailarekin (munduko leku batetik bestera alde handia badago ere), baliabide naturalak erabili gabe. Mundu bukoliko eta menditarra bateraezina da gure gizartearekin. Garrantzitsua da guztiok horretaz konturatzea. Ez dut esan nahi ingurumena zaindu behar ez dugunik, eta aberastasuna hobeto banatu behar dugulakoan nago, baina ezin dugu esan “natura ukiezina da, baina nire bizi-maila ere”, ezin gara kontraesan horretan erori. Prest al gaude guztiok gure erosotasunari hein batean bederen uko egiteko?

Polimero jangarriak:

Proteinak... polimeroak dira.

Globalizazioa:

Zientzian betidanik izan da globalizazioa, baina areagotu egin da Internetekin eta Asiako bi herrialde handi zientziaren munduan sartzearekin batera, hau da, Txina eta Indiaren etorrerarekin. Lehia handiagoa da, baina aldi berean, informazio gehiago eskuratzen dugu.

Edertasuna, ikerketan aritzeko arrazoi al da?

Bizitzan ez ditugu gauzak arrazoi bakar batengatik egiten. Zergatik igotzen gara mendira? Igotzea bera erronka delako ala tontorretik ikusten den paisaiaz gozatzeko? Oso pertsonala da hori. Niretzat erronka oso garrantzitsua da, eta batzuetan konturatzen zara erronka hori gainditzeko izan duzun ideia bikaina dela, baina horretaz gain estetikoki ere ederra dela... arrazonamendu dotorea.

Ikerkuntzaren euskadi saria:

Sentimendu kontraesankorrak: Poza, harrotasuna, hainbat lankideren lanaren errekonozimendua, jasotako laguntzen aurrean esker ona, eta beste alde batetik baita tristezia ere, jada hemen ez diren bi pertsonen hutsunea nabaritu nuelako.

Jakiunde:

Lehenik eta behin ohorea da, eta gero... gero lana da. (Barre egiten du).

Sotto voce....

Zu limurtzeko?

Isilpeko informazioa da hori.

Zer saihesten duzu?

Burokrazia saihestu nahiko nuke.

Jaso duzun oparirik onena?

Alaba jaiotzea.

Alabarentzako desioa?

Zoriontsu izan dadila Bakean bizi den gizartean. José María Asua (Zaratamo, 1953) Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da, baita Material Polimerikoen Institutuko (POLYMAT) zuzendaria ere. Zaratamon jaio zen, 1953an. 1975ean, Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen, eta 1978an, doktoratu egin zen, Zaragozako Unibertsitatean. 1978an, Donostiako Zientzia Kimikoen Fakultatean sartu zen, eta han, Polimerizazio Erreakzioaren Ingeniaritzako irakaskuntza- eta ikerketa-programa bat garatzeaz arduratu zen. Oinarrizko ikerketa-jarduera egin zuen, industriaren aldetik garrantzitsuak ziren polimerizazio-prozesuetan; izan ere, uretan sakabanatutako polimeroak ekoizteko estrategiak garatu ditu, ezagutzan oinarrituta. Arlo horretan, nazioarteko ospea lortu du Liburu bat argitaratu du, eta beste bi editatu. Horrez gain, 230 artikulu argitaratu eta 45 hitzaldi eman ditu (bai gonbidatu gisa, bai osoko biltzarretan), baita 150 hitzaldi eta poster baino gehiago ere, nazioarteko batzarretan. 4 patenteren egilekidea da eta 33 doktore-tesiren zuzendaria izan da. Polymer Reaction Engineering aldizkariko editorea izan da, eta Chemical Engineering Journal, Macromolecular Materials and Engineering eta Macromolecular Reaction Engineering aldizkarietako argitalpen-batzordeko kidea da. Nazioarteko hainbat batzarretako zientzia-batzordeko kidea izan da, eta NATO Advanced Study Institute bateko zuzendaria. Doktoratu osteko egonaldia egin zuen Liejako Unibertsitatean (Belgika), eta urte sabatikoak eman ditu Lehigh-eko Unibertsitatean (AEB), Fulbright bekaren bidez, eta Waterlooko Unibertsitatean (Kanada), irakasle bisitari. Halaber, irakasle bisitaria da Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika) eta Dortmundeko Unibertsitatean (Alemania). 2005ean, Euskadi Ikerketa saria jaso zuen, Zientzia eta Teknologia modalitatean, eta horrez gain, Rhône Poulenc saria ere eman zioten, Teknologia Garbien arloan. Jakiunde, Eusko Ikaskuntzaren Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kide da. Asua irakasleak ahalegin handia egin du unibertsitatearen eta industriaren arteko harremanak bultzatzen. 30 industria-proiektutik gora zuzendu ditu eta Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako zenbait enpresatako aholkularia da.