473 Zenbakia 2009-02-13 / 2009-02-20

Elkarrizketa

Xabier Etxebarria Zarrabeitia. Eusko Jaurlaritzako Zigor Betearazpenaren eta Gazte Justiziaren Zuzendaria: Adingabeko arau-hausleen % 72k ez du berriz deliturik egiten

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Eusko Jaurlaritzak Gazte Justiziaren gaineko eskumena lortu zuen orain dela 13 urte, eta gai horretan neurriak eta prozedurak ezartzeko hirugarren plana onartu berri du. Aurreikusitako zigorrez gain, adingabeko horiekin Euskadin lan egiten duten profesionalentzako –200 baino gehiago– protokoloak arretaz diseinatu nahi izan ditu Gobernuak. Arazo berriak eta arau-hausteen kopurua egonkortzea izan dira hirugarren plan horren erronka nagusiak. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Zigor Betearazpeneko egungo zuzendari Xabier Etxebarriak azpimarratu duen legez, 2012ra arte egongo da indarrean.

Gobernuak abian jarri du Gazte Justiziaren plan berria. Aurreko biekiko zer hobekuntza jasotzen ditu?

Eusko Jaurlaritzak gai horren inguruko hirugarren plana onartu berri du, baina nik ez nuke esango aurrekoak baino hobea denik, desberdina dela baizik. Horietako bakoitzak momentu jakin bati erantzuten zion eta testuinguru jakin bat zuen abiaburu. Eusko Jaurlaritzak Gazte Justiziaren gaineko eskumena 1996an hartu zuen bere gain. Bi urte geroago, 98an, lehenengo plana egin zuen, jakina, momentu hartan zeuden araudi eta baliabideekin eta inoiz planteatu gabeko helburuekin. 2004an bigarren plana jarri zen abian, beste egoera batean, eta neska-mutil kopuru handiago bati erantzun behar izan zitzaion. Plan berria desberdina da: ez dago plan hoberik edo txarragorik. Bakoitza momentu batean garatzen da eta aldi horretarako beharrezkoak uste diren helburuak planteatzen dira.

Garaiak eta arazoak aldatu egiten dira, eta planak egoera berri horiei egokitzen zaizkie. Ez al da horrela?

Hala da, errealitatea asko aldatzen da gai horretan. Esaterako, egoera oso desberdina da bete beharreko neurri judizialen kopurua 200 izanda, edo 1.100 izanda, gure kasuan bezala. Dena aldatzen da: zentroak, horietan lan egiten duten profesionalak... Dena desberdina da. Momentu bakoitzean, helburu desberdinak finkatu behar dira. Planak momentu bakoitzean erantzun onena ematen saiatzen dira.

Euskadiko egungo egoerari dagokionez zer diagnosi egingo zenuke?

Diagnosia bigarren planari begiratuz egin genuen, 2004 eta 2007 artean indarrean egon zenari. Aldi horretan, Eusko Jaurlaritzak betearazi behar zituen neurri kopurua oso handitu zen. Horregatik, planak zentro berriak aurreikusten zituen, adingabeei ostatu emateko, profesional berriak prestatzeko... 2008an genuen egoera, berriz, desberdina zen. Hortaz, zera erabaki genuen, aurreko aldian, 2004 eta 2007 artean, gertaturikoaren ebaluazio bat egitea. Bertan ikusi genuen epaitegiek urtero jartzen zuten neurri kopurua egonkortu egin zela, eta ez zuela hazteko joerarik. Hori dela eta, plan berrian ez dugu haztea helburu, orokorrean zentro berriak sortzea ere ez, baizik eta beste helburu batzuk ditugu. Konturatu ginen aldi horretan arazo berriak azaldu zirela. Esaterako, zigorren laurden bat neska-mutil atzerritarrei jartzen zaizkie. Atzerritar horien erdia magrebtarrak dira eta beste erdia beste herri batzuetakoak. Batzuk familiarekin bizi dira hemen, eta beste batzuk familiarik gabe. Horrelako kolektiboei, azken urteetan azaleratu den errealitate horri, ondo erantzun ahal izateko baliabideak moduz planifikatzea behar-beharrezkoa da. 2012ra arteko aldian zer baliabide behar izango ditugun aurreikusten saiatzen gara. Ildo horri jarraiki, beren familiarteko baten, batez ere amaren, aurka biolentzia erabiltzen duten adingabeen kasuak ematen ari dira gaur egun. Fenomeno hori ere berria da; eta, horri aurre egiteko baliabideak aurreikusi eta berariazko programak egin behar ditugu.

Argazkia: Yo, adolescente.

http://www.flickr.com/photos/yo_adolescente/2506580324/

Diagnosi horri dagokionez, adingabe horien artean zein dira deliturik arruntenak?

Funtsean, bi eratako delituak izan ohi dira: batetik, ondare delituak eta arau-hausteak, hala nola, ebasketak, indarra erabiliz egindako lapurretak eta indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretak; eta bestetik, lesio-delituak, borrokak, etab. Badira gurasoen aurkako erasoak ere, baina oraindik ez dira oso ugariak. Urtean guztira 60 neska-mutil inguru zigortzen dituzte delitu horregatik. Horrek, oso fenomeno berezia denez, trataera ere berezia behar du. Delitu nagusiak ondare-delituak izan ohi dira, baina, halere, handia da kalte materialengatiko falten eta pertsonen aurkako delituen, eraso fisikoen, kopurua.

Adingabeek buruturiko delituei buruz hitz egiten dugunean, beharbada, hainbat gai desmitifikatu beharko genituzke. Horietako bat, delitu gehienak adingabe atzerritarrek egiten dituzten ustea da.

Arrazoia duzu. Oso portzentaje handia den arren, gazte atzerritarrek delituen % 25 baino ez dute burutzen. Egia esan, epaitegi batek neurriren bat ezarri dieten neska-mutilen % 75 bertakoak dira eta % 25 kanpokoak. Hori da egungo errealitatea. Beste gauza bat da hedatzen den irudia; izan ere, jendeak bere iritzia ematen du eta komunikabideek gertaera jakin batzuk soilik jasotzen dituzte. Batzuetan badirudi marokoarrak direla Euskadiko delinkuentziaren erantzuleak, baina hori ez da horrela. Marokoarrak % 13 dira eta atzerritarrak orokorrean, lehen aipatu dugun legez, laurden bat. Gainera, Foru Aldundiek esaten digutenaren arabera –horiek dira adingabe atzerritarrez arduratzen direnak–, familiarik gabe Euskadira etorritako adingabe atzerritarren % 10ek soilik egiten du epaitegietara eramateko moduko arau-hausteren bat. Horrek esan nahi du familiarik gabe gure artera heltzen diren adingabeen % 90ek ez duela inolako kausarik. Hori ere argitu egin behar da, jendeak duen pertzepzioa errealitatearekin bat ez datorrela azaldu.

Arazo eta egoera berri horiei guztiei aurre egiteko, profesionalek eta hezitzaileek duten prestaketa ere aldatu egin al da?

Hain zuzen, 2003tik gaur arte, zentroetako hezitzaileen lanak etengabeko bilakaera izan du. Horregatik, era eraginkorrenean nola esku hartu jakiteko eta hezitzaileen prestakuntza egokitzeko, esku-hartzeko programak egitea zen plan berri horretan argi genuen ideietariko bat. Esan behar dugu, gai horren inguruan lanean ari diren pertsonekin –200 bat guztira– pozik gaudela. Azken finean beraiek dira guzti horren oinarri. Alderdi horri dagokionez, maila handia dugu. Hasteko, titulazioak behar ditugu, gizarte-hezitzaileak, gizarte-langileak... diren eta prestakuntza eta profesionaltasun jakin bat duten pertsonak. Konpromisoak bokaziozko puntu bat du, eta horretan lan egiteko konpromisoa eta bokazioa beharrezkoak dira. Azken finean, konpromisoa funtsezkoa da arazo ugari dituzten gazteekin lan egiteko jarrera psikologiko egokia izateko.

Adingabeen artean zigorgabetasun-pertzepzioa dago, hau da, nahiz eta delitu bat egin ez zaiela ezer gertatuko uste dute. Ez al da horrela?

Bai, horrela da. Gezurtatzen saiatzen garen beste mito bat da hori, ez baita inola ere egia. Egiaz, adingabeen delituetan helduenetan baino gehiago esku-hartzen da. Adibidez, urtebetean epaitegiek 700 bat gazteri jartzen dizkiete neurriak Euskadin, eta 14 eta 18 urte bitartekoak ez dira 70.000 baino gehiago. Horrek esan nahi du adin-tarte horretako biztanleriaren % 1en gainean jarduten dela. Helduen kasuan jarduerak urrunetik ere ez dira heltzen biztanleriaren % 1 izatera. Uste denaren kontra adingabeetan gehiago esku-hartzen da. Gaur egun Heziketa Plan bat gauzatzen ari gara, adingabeen erantzukizunen gaineko informazioa Euskadiko ikastetxe guztietara eramateko. Bertan azaltzen da zer gertaerek eraman dezaketen adingabe bat epaitegietara. Ikusten dugu, askotan, adingabeak ez direla horren kontziente. Esaterako, borroka bat auzo-eskolako zerbait dela iruditzen zaie.

Ez da horrela, horregatik epaitegira eraman zaitzakete. Betidanik izan dugu eskaera hori irakasleen aldetik eta gai hori ikastetxeetara eramanez, informatzeko eta prebenitzeko, lan ona egiten ari garela uste dut.

Planeko neurriak askotarikoak dira...

Izan ere, ez dugu nahi adingabeei mendekuz erantzutea, baizik eta heztea dugu xede. Ez da “zuk lapurretan egin duzu, beraz, hainbat urte kartzelan igaro behar dituzu” esatea bezain erraza. Gazteari bere egoera gainditzeko heziketa-erantzun bat eman nahi zaio. Esaterako, ohikoa da droga-kontsumo handia edo buru-arazoak dituelako adingabe batek delituren bat egitea. Kasu horietan ezarri behar zaizkion neurriak tratamendu psikiatrikoa edo drogazaletasuna gainditzeko tratamendua izan beharko dira. Hori zentro terapeutiko batean egin dezake, edo modu anbulatorioan, drogazaletasuna gainditzeko edo buru-osasunerako tratamendua gauzatzeko neurriekin. Neurriek ez dute izan nahi osagai zigortzaile soila, nahiz eta adingabeak zigor bat balitz moduan bizi duen.

Argazkia: Voltaire::..

http://www.flickr.com/photos/v0ltaire/1075193983/

Kasu batzuetan etxean egotera zigortzen dituzte, edo zentro batean sartzera. Zein da neurri bat ala bestea hartzeko irizpidea?

Argitu nahi dut oso kasu gutxitan zigortzen dela adingabea asteburuan familiaren etxean egotera. Normalean zentroetan betetzen dute zigorra. Etxeko egonaldietarako adingabearen familiaren konpromiso handia behar da, neurria beteko dela eta familiak neurri horiek betearazteko ahalmena duela ziur egoteko. Halere, Sailak eginiko plan berrian irizpide batzuk ditugu noiz neurri batzuk gomendatu eta noiz beste batzuk jakiteko. Esaterako, adingabe baten familia-egoera hutsaren parekoa denean, ez duenean nork kontrolatu, zentzuzkoena zentro batean sartzea da. Bestela, familiaren laguntza behar da; neurri batzuek, esaterako zaintzapeko askatasunak edo zerbitzu-emateek, minimoki konprometituko diren familiak behar dituzte. Egia esan, faktore asko hartu behar dira kontuan erabakia hartzerakoan. Delituaren larritasunak ere eragina du: delitu larrien kasuan ziurrenik epaitegiak adingabea zentro batean sartzeko erabakia hartuko du.

Eusko Jaurlaritzak egiten al die jarraipenik adingabeei adin nagusitasunera heltzen direnean? Hau da, egiaztatzen al du gazteen etorkizunerako harturiko neurriak eraginkorrak diren?

Hain zuzen, hilabete honetan ikerketa bat argitaratuko da, faltak dituzten adingabeen aldizkako jarraipena egitea xede duena. 2003an neurriak bete zituzten neska-mutilekin ikerketa bat egin genuen. Gutxi gora-behera 2007 arteko bilakaeraren jarraipena egin dugu, berrerortze maila egiaztatzeko. Zentzu orokorragoan, droga kontsumoari, lanari, ikasketei eta abarri dagokienez, hoberantz egin duten ere egiaztatzen dugu. Ikerketa horren ondoriotariko bat hau da: adingabeen % 71,9k aurrerantzean ez du Justiziarekin inolako arazorik izaten. Oso datu ona da, datu positiboa.

Adingabeentzako zentro horien kokapena polemika-arrazoi izan ohi da auzokideen artean...

Kokapenari dagokionez, babes-zentroak dira polemika handiena sortzen duten zentroak. Guztira guk zortzi zentro ditugu; horietatik lau hiriburuetako pisuak dira, eta gainerakoak etxe independenteak, hesituak eta hainbat segurtasun-neurrirekin. Egia esan, ez dugu arazo handirik izan zentro horiekin. Ez dugu duen plaza kopurua baino pertsona gehiago hartzen duen zentrorik; hamabi plaza baditugu, hamabi gazte ditugu, ez hamahiru. Hain zuzen, zentro bat dugu zazpi neskarentzat, beste bat zazpi mutilentzat, beste bat 14rentzat eta laugarren zentro bat 34rentzat. Zentro txikiak dira eta hezitzaile eta arduradun ratio handia dute. Horrek inguruneari, auzokideei, lasaitasuna eman behar die, neska-mutil horiek ongi kontrolatuta daudelako. Esaterako, hezitzaileek lagundurik irteten eta sartzen dira. Gai horrek beldurrak, zalantzak eta kezkak sortu ohi ditu auzokideen artean. Oso garrantzitsua da auzokideekin hitz egitea: azalpenak eman, zalantzei erantzun, beraiekin egon, etab, baita beste zentro batzuetara bisitak antolatzea ere, beste zentro batzuk ezagutzeko eta haien inguruan bizi diren auzokideekin hitz egiteko.

Azkenik, neskek ala mutilek egiten dituzte delitu gehiago?

Mutilek neskek baino delitu gehiago egiten dituzte. Epaitegietako zifrek oso argi erakusten digute hori, izan ere, arau-hausleen % 90 mutilak baitira, baina ez adingabeetan soilik, baita helduen artean ere. Xabier Etxebarria Zarrabeitia (Bilbo, 1967) Zuzenbidean lizentziatua da ekonomiako espezialitatean Deustuko Unibertsitatean. 1998an Unibertsitate Irakaskuntzako Espezialitatean lortu zuen Diploma. Bizkaiko Abokatuen Elkarteko kidea da. Bere heziketa-jardueratik azpimarratzekoa da Freiburg im Breisgau-ko Albert-Ludwigs Universität unibertsitateko Institut für Kriminologie und Wirtschatftsstrafrecht institutuko egonaldia, 1992 eta 1993 artean, Irakas. Dr. Dres. H. C. Klaus TIEDEMANNen zuzendaritzapean Zuzenbide penalaren irakasle-arduradun gisa lan egin zuen Deustuko Unibertsitatean eta irakasgai hauek eman zituen: Zuzenbide penala zati orokorra, Adingabeen zuzenbide penala eta Zuzenbide penalaren soziologia.