475 Zenbakia 2009-02-27 / 2009-03-06
Gu, nafarrok (Alberdania; 2007) liburuaren karietara zure izena ezagunagoa egin zen nolabait.
Ezagunago? Ez dut uste. Neskak erakartzeko behintzat ez dit balio izan.
Zer ibilera izan du liburuak? Zer oihartzun?
Pozik nago liburuaren harrerarekin. Egiaztatu dut susmatzen nuena: euskaldunok ez garela hain buruberoak. Azken hogeita hamar urteak ez direla alferrik pasa. Kritika onartzen da, arrazoiak azaltzen badira.
Liburua euskaraz dagoenez, baina, Nafarroan oihartzun gutxi izan du. Erdarazko bertsioa argitaratzen denean, ikusiko dugu Nafarroako gizartea hain “europarra” ote den. Dudak baditut.
Espero zenuena ekarri du, ekarri al dizu? Esparru akademikoan nola letren munduan orobat?
Euskararen mundua oso txikia da. Beraz, ez nuen zerurik espero. Aurreko liburuak erdaraz idatzi nituen, eragin handiagoa izanen zutelakoan. Harritu nau, eta poztu, ikusteak euskaraz badagoela jakin-nahi ikaragarria (jakin-gosea esanen nuke). Uste dut euskaldun gehienak aspertuak daudela betiko lelo biktimistekin.
Mundu akademikoa beste afera bat da. Ni outsider bat naiz, nire prestakuntza akademikoa bada ere. Ez nago unibertsitatean. Horrek bere alde ona badu: askatasun osoz idazten ahal dudala, gaiak, estiloak eta metodologiak nahasiz. Uste dut, gainera, nire liburuek (eta ez bakarrik nireek, noski) zubi-lana egin lezaketela unibertsitatearen eta gizarte guztiaren artean, maiz elkarrengandik sobera bereizirik bizi dira eta.
“Nafarroan sekulako probintziakeria dago” adierazi zenuen elkarrizketa batean. Sakondu esanera horretan, mesedez.
Hemengo agintariek behin eta berriro esaten digute Nafarroa erresuma handi bat izan zela, gure foru araubidea berezi-berezia dela. Jende xeheak uste osoa du sanferminak bezalakorik ez dagoela munduan eta San Frantzisko Xabier gizon aparta izan zela. Nafarrek (gainerako euskal herritarrek eta gainerako espainolek bezala) gehixeago ezagutu beharko lukete Ama Lurra, gehiago bidaiatu, hizkuntzak ikasi. Agian konturatuko lirateke Espainiatik aparte inor gutxik entzun duela inoiz “Nafarroa” hitza.
“Nafarroa, arragoa” idatzi eta abestu zuen Xabier Letek. Zer da Nafarroa Xabier Zabaltzarentzat?
Letek bete-betean asmatu zuen. Enetako, Nafarroa, lehenik eta behin, zama bat da. Woody Allenek honelako zerbait esan omen zuen film batean (ez dakit zeinetan): “Judua naiz, baina esplikatzen ahal dut!”. Nik, hark bezalatsu, hauxe diot, ezinbestean: “Nafarra naiz, baina esplikatzen ahal dut!”. Zer erremedio!
Aita Iruñerrikoa, ama Erriberakoa. Erribera zer da zuretzat, zer behar luke euskaldunontzat?
Tira, nik erdaraz beti esaten dut Iruñekoa naizela. Euskaraz, baina, Tuterakoa naizela. Zergatik? Jendeari bitxiago egiten zaiolako, Tuteran oso euskaldun gutxi daude eta. Tuteran jaioa naiz, baina, egia esan, ez naiz inoiz bertan bizi izan, oporretatik aparte.
Xabier Zabaltza Kroaziako Dubrovniken.
Argazkia: Koko Vicente.
Erribera, enetako, errealitatearekiko lotura da. Tafallatik gora izugarrizko joera dugu amets egiteko. Kixote gehiegi daude. Erribera Sancho Panza da. Malcolm Xk esan ohi zuen bezala, “dantzan egiteko, bi hankak behar dira” (bera bere buruaz eta Martin Luther Kingez ari zen). Nafarroak bi hanka ditu: Mendialdea eta Erribera, euskara eta erdara. Bata zein bestea gabe ez zait interesatzen.
Amaren ama katalana eta Tuteran bizi duzu. Zure aitona EAJko Tuterako kidea izan zen... Historialaria izateko erreferentzia egokiak, ageri denez.
Bizitzako lehen zortzi urteak Bartzelonan eman nituen. Ia-ia esan nezake haurtzaroa Iruñera etortzearekin batera bukatu zitzaidala. Katalunia oso hurbil sentitu dut beti, oso maitatua. Euskal Herriarendako eredugarria: nortasunari eutsi dio, hizkuntzari bereziki, bortizkeriarik gabe.
Abuelo Joaquín EAJkoa izan zen Errepublika garaian. Tuteran saldu ziren lehen ikurrinak gure familiaren dendan saldu ziren. Aitatxik euskara pixka bat eta guzti ikasi zuen. Hala ere, beste asko bezala falangista bihurtu zen komeni izan zitzaionean (ez dakit larrua salbatzeko edo bestela). Gero, noski, ez zuen interes handirik izan bere bizitzaren atal hori ezagutarazteko. Gure amak nik esanda jakin zuen bere aitaren gazte denborako balentrien berri.
Katalunia eta Valentzia nola Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa hala? Parekatu daitezke bitasun horiek?
Neurri handi batean, bai. Teodor Llorente i Olivares Valentziako Renaixençaren buruzagiari gaur irakurtzen badiogu, harritu egiten gara. Zer esanik ez, Llorente, Alderdi Kontserbadoreko senadorea izan zena, beti katalanismo politikoaren kontra egon zen, baina ez zuen inoiz ukatu Valentzian katalana hitz egiten zela. Alegia, onartu egiten zuen Kataluniako Printzerriaren eta Valentziako Erresumaren artean bazela lotura kultural bat. Horren antzera, lehen navarrista politikoei irakurtzen badiegu, Víctor Praderari kasu (eta Pradera ez zen kontserbadore bat, ia-ia faxista bat baizik), berehala konturatuko gara arrazoi politikoengatik zeudela Euskal Herriaren batasunaren kontra, baina, hala ere, ez zuten ezbaian jartzen Nafarroa Euskal Herria zela.
Zer gertatu zen Valentzian eta Nafarroan? Bi gauza nagusiki. Lehenik, lehengo eliteak, Errestaurazioko sistemarekin ezin hobeki moldatzen zirenak, mehatxaturik sentitu ziren sistema usteldu horri aurka egin nahi zioten mugimendu abertzale berriak sortzean. Bigarrenik, bai Lliga Regionalistak, bai Euzko Alderdi Jeltzaleak, beren nazioetako eremu batean jardun zuten nagusiki, beste eremuak arrazoi taktikoengatik bigarren mailan paratuz, esanak esan. Nazionalismo politikoak sortzean Valentzia Kataluniaren eranskin bat bihur liteke eta Nafarroa, Bizkaiarena. Hori onartezina zen anitzendako. Gero, Gerra Zibilarekin eta frankismoarekin, bi kasuetan, “espainolisten” eta “abertzaleen” arteko harremanak hautsi ziren. Orain arte.
Historian doktore zara eta nazionalismoan aditua. Sabino Aranaren ideologiaren inguruan gorpuztu zen gaur egungo euskal nazionalismo politikoa. Zer iritzi duzu Sabino Aranaren figura historikoaz?
Onerako eta gaitzerako, gaurko Euskal Herria ez da Sabino Arana gabe konprenitzen ahal. Aranaren abertzaletasunak hutsegite larri asko egin zituen: arrazakeria, konfesionalismoa, demokrazia liberalaren kontrako jarrera, Espainiarenganako gorroto gordina, euskaltzaletasun sutsuaz mozorratzen den egitezko erdalduntasuna, historizismo antzua... Haren nazionalismoak ez zuen zerikusi handirik garai bereko Kataluniakoarekin. Gaur egun, Aranaren lehenbiziko bi akatsak zuzendurik daude jadanik. Hirugarrena zuzentzeko bidean dago, oztopoak oztopo. Luze joko du besteak gainditzeak.
Arturo Campión nafarra Sabino Aranaren garaikidea duzu. Nolako nazionalismoa izan zen berea? Nazionalismoa izan bazen.
Bai, Arturo Campión nazionalista zen. Halaxe zeritzon bere buruari behintzat: “nazionalista unionista” (hots, “ez separatista”).
Campión sobera idealizaturik daukagu. Agian bakarrik haren eleberri historikoak ezagutu ohi direlako. Campión Arana bezain arrazista zen (nor ez zen arrazista haien garaian?). Ustez hizkuntza arrazaren gainetik jarri bazuen ere, egitez askoz gutxiago idatzi zuen euskaraz Sabinok baino.
Xabier Zabaltza Amitabha Buddharekin Japoniako Kamakuran.
Argazkia: Javier De Esteban.
Historian izan al dira sabindarra ez den bestelako nazionalismoa eraikitzeko aukerarik?
Oso esperimentu interesgarria izan zen Eusko Abertzale Ekintzarena, Errepublika garaian. Badira pertsonaia batzuk, zinez kontuan hartzekoak: Horazio Etxebarrieta, “Errepublika eta Foruak” goiburua asmatu zuena, Frantzisko Ulazia, autodeterminazio eskubidea lehenbizikoz mintzagai izan zuena, Ramón Madariaga, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako autonomia estatutugaia idatzi zuena... “Ekintzaleak” (horien artean, Zuzen Garateren lana aipatzekoa da) saiatu ziren haien ondarea berpizten eta egokitzen, baina Gerra etorri zen eta akabo. Frankismoko azken urteetan eta Trantsizioan, bestalde, Jose Migel Azaola baskismo mota berri bat sortzen saiatu zen, sabindar tradiziotik bereizia, baina Euskal Herriko gizartea oso polarizaturik zegoen, oraindik heldugabe hark proposatzen zuen erdibiderako. Tamalez, gizon horietariko gehienek, ekarpen garrantzitsuak eginagatik ere, erdara baizik ez zuten erabili. Hego Euskal Herrian erdaraz bultzaturiko abertzaletasunaren eta Ipar Euskal Herrian euskaraz bultzaturiko euskaltzaletasunaren arteko sintesia oraindik ere egiteke dago.
Agosti Xaho Lagarde zuberotarra lehenagokoa zen. Mende eta erdi hil zela eta, bere obra han-hemenka aipatua izan da azkenaldion. Zer iritzi duzu bere pentsamenduaz?
Xaho erromantiko bat zen. Ez zen intelektual bat, “sentimental” bat baizik eta, beraz, ezin zaio pentsamendu egituraturik eskatu. Dena dela, kontu batzuetan izugarrizko aldeaz irabazten dio Sabinori: tradizio liberalaren onarpenean, katolizismo atzerakoiarekiko hausturan, euskara jatorraren erabileran, literaturaren eta folklorearen ezagutzan, Euskal Herri osoaren batasun-sentimendu garbian (“bizkaitarkeriarik” gabe, baina baita “nafarkeriarik” edo “zuberotarkeriarik” gabe ere)... Beste kontu batzuk baztertzekoak dira. Adibidez, Xaho heriotza zigorraren aldekoa zen eta Espainiarekiko mespretxuarari dagokionez ere ez zen fin ibili (Xaho, azken batean, frantsesa zen).
XXI. mendean gaude eta herrien eskubideak aipatzen dira sarri. Zuk zeuk “Herri baten eskubideak ez dira historian oinarritzen” esan duzu. Sakonduko al duzu aburu horretan, mesedez?
Hori lehen aipatu dudan probintziakeriarekin loturik dago. Espainiatik ateratzen bagara, inori ez zaio inporta Euskal Herria inoiz independentea izan zen edo Antso Handia euskaldun guztien errege izan zen. Eztabaida hori emankorra izan daiteke mundu akademikoan, baina alferrikakoa politikan. Atzerrian ez didate inoiz galdetu euskal estaturik izan ote den, oraingo herritarrek zer nahi duten baizik. Gainerako guztia bost axola. Euskaldunek, katalanek eta galegoek (eta murtziarrek eta leondarrek eta abarrek) independentzia aldarrikatu nahi badute, nire ustez, eskubide osoa dute, betiere horretarako bortizkeriarik erabiltzen ez badute. Nik historia ez manipulatzeko besterik ez diet eskatzen.
Inoiz edo behin kontsumismoa kritikatu izan duzu, Kontsumoaren Erresuman bizi garela erran duzu. Krisi ekonomikoaren ziklo bat iritsi zaigu. Nola ikusten duzu berau Euskal Herriak gaur egun bizi duen testuinguruan?
Tamalez, iruditzen zait “euskal arazoa” konpontzen ez deino, jendea ez dela konturatuko bestelako arazoak direla garrantzitsuak.
Egoeraren aurrean ikusmolde hitsak plazaratu dira, baina onurak ere ikusten dizkiote batzuek krisiari. Zer diozu zuk?
Ez dut harroa iruditu nahi, baina, adiskide guztien artetik, ni naiz autorik ez daukan bakarra. Bentzina-kontsumoan, beste anitz kontutan bezala, ez dut diferentziarik sumatzen ezkertiarren eta eskuindarren artean, konstituzionalisten eta abertzaleen artean.
Ingurumena eta Hirugarren Mundua maiz hizpide izaten ditugu, baina ez dugu ikusi nahi (edo ez ikusiarena egiten dugu) gure bizi mailak ingurumenaren eta Hirugarren Munduaren kontra jotzen duela bete-betean. Munduko bizilagun guztiek euskal herritarrek adina kontsumituko balute Lurrak aspaldi leher eginen zuen.
Adibide bat aipatuko dut, asko kezkatzen nauena. Kongoko Errepublika Demokratikoko (lehengo Zaireko) gerra, neurri handi batean, koltan sorguneak kontrolatzeko da. Koltana Lehen Munduko sakelako telefonoen ezinbesteko osagaia da. Duela urte batzuk Odolezko diamanteak filma zuzendu zuen Edward Zwickek, arrakasta handiz, gainera. Norbaitek Odolezko koltana egin beharko luke. Leonardo DiCapriorekin balitz, hobe.
Politikariak, bankuak eta abar salatzen ditugu (eta, zer esanik ez, Ameriketako Estatu Batuak), baina inor ez dago prest bere bizi maila jaisteko (batzuk ez eta noizean behin autoa garajean uzteko ere). Nik uste dut, baina, herritarrok ere bete behar dugula Kiotoko Protokoloa. Erantzukizun guztia ez dela gobernuena.
Krisiak asko jotzen dituen bitartean, beste askok El Corte Inglés leporaino betetzen segitzen dute. Lehen Mundua eta Laugarren Mundua (paperik gabeko etorkinak, langabeak, ijitoak eta abar) parez pare ditugu, Euskal Herritik atera gabe. Ideologia errealitate berri honetara egokitu behar dugu. Pragmatismo handiagoa behar da eta itxurakeria gutxiago.
Gizartearen kohesioa lortzeko. Krisirako etika bat eraikitzeko onurak alegia.
Oso eszeptikoa naiz. Ez dugu ikasten. Krisi hau gaindituko dugu, baina hutsegite berberak eginen ditugu berriro: aberastasuna gaizki banatu, gehiegi kontsumitu, ingurumena xahutu...
Krisirako etika eraikitzeaz galdetu dizugu. Gu, nafarrok liburuaren hasierako eskaintzak honela dio: “Nafarroa, Euskal Herria edo Espainia baino giza bizia maiteago duten guztiei”.
Luis Mitxelenak behin esan zuenez, bera lehenago gizakia zen euskalduna baino eta, gauza guztien gainetik, antifaxista. Beti miretsi dut Mitxelena hizkuntzalari eta pertsona gisa. Zer esanik ez, ados nago harekin. Euskal Herria askatzeko, gizaki bakar batek hil behar baldin badu, ez zait interesatzen. Espainiaren batasunari atxikitzeko, gizaki bakar batek hil behar baldin badu, ez zait interesatzen. Gaur egun indarrean diraute Sébastien Castellionek duela bost ehun urte ahoskatu zituen hitzek: “Gizaki bat hiltzea ez da doktrina baten alde egitea, gizaki bat hiltzea baizik”. Gainerako guztiaz eztabaidatzeko prest nago.
Bukaera berriz umoretsua dauka liburuak. Quino Mafaldaren sortzailearen tira bat aipatu duzu: “Gu gara herria! Haiek herriaren etsaiak dira!” Tirabiren ondoren eta, urte asko pasata, herri honetara bisitaz datozen turistek “Zer zegoen hemen” galdeturik, honela diotse gidariak: “Herri bat”.
Gizateriaren historiari soako bat egiten badiogu, gerrak eta gerrak ikusiko ditugu eten gabe. Nor oroitzen da gaur egun katolikoen eta protestanteen arteko liskarrez, adibidez? Ehunka mila pertsona hil ziren gerra haietan Europa osoan, baina orain ez dugu ulertzen zergatik ezin ziren elkarrekin bizi, bakean, protestanteak eta katolikoak. Ziur nago mende batzuen barru historialariek gorriak eta beltzak ikusiko dituztela azaltzeko zergatik ezin ginen elkarrekin bizi, bakean, “konstituzionalistak” eta “nazionalistak”. Norbaitek, ez dakit nork, esan zuen: “Gizabereak senez jokatzen du... beste erremediorik ez duenean”. Hitz horiek Homo vasconicus delakoari ezin hobeki doazkio.
“De nobis fabula narratur” da liburuko zure azken lerroa. Latina izugarri maite duzu. Azaldu esaldi horren esanahia bukatzeko.
Esaldi horrek hauxe esan nahi du, gutxi gorabehera: “Ipuin hau gutaz ari da”. Bai, latina maite dut. Horretan behintzat ez nago batere ados Johañe Miranderekin. Zuberotar idazleak “latinkeria” zeritzon gustukoa ez zuen guztiari. Gogorarazi behar da historian ez dela inoiz Euskal Herri osoa bildu duen estaturik, Erromatar Enperadoregoa ez bada, ez eta Antso Handiaren erresuma ere. Gure hiru erdaren “aita” da latina (gaztelaniarena, frantsesarena eta gaskoiarena, alegia) eta hizkuntza horrexetan daude idatziak Euskal Herriko historiako lehen dokumentuak. Euskal Herria, Euskal Herria izan baino lehen, Vasconia izan zen.
Gainerakoan eta azkenik, zer berri Euskal Herriko hiriburuan?
Iruñean? Zaharrak berri. Gauzak aldatzen ari dira, baina emeki-emeki. Dena dela, badut esperantza inoiz euskara normaltasunez onartuko dutela hemengo erakunde ofizialek. Prezio berean, hobe da baikorra izatea ezkorra baino. “Normaltasun” hori, baina, ez da ez eta hurrik eman ere euskarazko elebakartasuna izanen, ez eta, toki askotan, elebitasuna ere. Herritar euskaldun eta erdaldunen aukera linguistiko eta nazional guztiekiko begirunean datza, ene ustez, normaltasuna. Asko falta da oraindik. Xabier Zabaltza Pérez-Nievas (Tudela, 1966) Historian doktore eta nazionalismoetan aditua. Mater Vasconia. Lenguas, fueros y discursos nacionales en los países vascos (Hiria, 2005), Una historia de las lenguas y los nacionalismos (Gedisa, 2006) eta Gu, nafarrok (Alberdania, 2007) liburuak argitaratu ditu. Itzultzailea da Nafarroako Gobernuan eta Eusko Ikaskuntzako eta International Primate Protection League/Societas Internationalis Primatibus Defendendis elkarteko kidea. Gaur egun Agosti Xahoren Adiskideak elkargoaren bultzatzaileetariko bat da, Zuberoako idazle bikain horren lanak eta utzia ezagutaraztea helburu.