467 Zenbakia 2009-01-02 / 2009-01-09
Koadroek paisaia ezberdinak islatzen dituzte.
Bai, hala da, baina, egia esan paisaiak aitzakia bat dira. Aitzakia horrek askatasuna ematen dit gauzak kendu edo ipintzeko. Ez dira paisaien izenak agertzen, berandu ibili ginelako, baina nik “Lanbroak. Nieblas” izena jarri nahi nion koadro hauek biltzen dituen mostrari. Konturatu nintzelako lanbroa guztietan ageri den elementua dela. Itsasoa ere maiz azaltzen da. Koadro gehienek itxura horizontala daukate eta hori primeran datorkio itsasoari.
Nola egin zenuen aukeraketa?
Margotzen duzunean ez duzu planteatzen koadroa nondik joango den edo zer margotuko duzun. Pinturak berak markatzen dizu ildoa, pintura orbanetik dator, ni horizontalean margotzen hasi nintzen eta itsasoa agertu zitzaidan, nik bidea zein izango zen jakin gabe.
Donostia eta Euskal Herriko txokoetako paisaiak ez ezik, beste toki batzuk ere margotu dituzu.
Bai, ibili eta ezagutu ditudan txoko ezberdinak islatu ditut: Soria, Ávila… Koadro batean etxe ondoan egin genuen su txiki bat erabili nuen aitzakia gisa. Gaia aitzakia da beti baina gero kolorea asmatu behar duzu, aitzakiarekin batera koadroa sortu ahal izateko.
Argazkia: Idoia Bilbao Mitxelena.
Margotzeko modu espontaneoa daukazula esango zenuke?
Ez dut erakusketa bat modu txukun batean prestatzen, ezta koadro bat ere. Koadro bat margotzen hasten naizenean ez dakit zein bidetik eramango nauen, ezta zein itxura hartuko duen ere. Erakusketak egiten ditudanean momentuan dauzkadan obrak sailkatzen ditut. Pintatzen hasi baino lehen badaude erabaki beharreko gauza batzuk: erabiliko duzun oinarria, aukeratuko dituzun pintzelak... Berezkotasunak ez dauka ia presentziarik orduan, pintatzeko eran fisikoa denez, bai. Gaiak, koloreak eta hauen arteko harremanak dira berezkoak.
Koadro hauetan kolore gehiago antzematen dira.
Bai, esan daiteke argi gehiago dagoela.
Egur zati txikitan ere margotzen duzu.
Egur zati soltetan margotzea gustatzen zait. Euskarri ezberdinetan egiten dut lan, badaude zimurtasunak dauzkaten oihalak, baina baita guztiz leunak direnak ere.
Non margotzen duzu?
Gehienetan kanpoan margotzen dut, argi naturala niretzat premiazkoa da koadro bat egiteko. Kasu batzuetan egiten ari naizen koadroaren tokian margotzen dut, baina gehienetan etxean egiten dut lan. Argia premiazkoa da, ordutik ordura aldatzen doalako eta horrek, etengabe, zentzu berri bat ematen diolako koadroari.
Mihise zuriaren aurrean zaudenean, badakizu zer margotuko duzun?
Normalean ez. Pinturak berak esaten dizu non bideratu eta zein modutan bukatu. Baina hastea ez zait batere kostatzen. Zailena, niretzat, koadro bat amaitutzat jotzea da.
Bai, argi ikusten da hori, koadro askok geruza pila dauzkate...
Hala da. Maiz, koadro bat amaitu dudala uste dudanean berriz hartzen dut eta geruza bat edo gehiago gehitzen dizkiot.
Zergatik?
Momentu batean gai bat interesatzen zaizu baina hurrengo momentuan beste bat egin nahi duzu. Inoiz amaitzen ez den zerbait da koadroa, etengabe bizirik dagoena. Koadro batek beste batera eramaten zaitu, eta horrek bestera...
Argazkia: Idoia Bilbao Mitxelena.
Koadro bat baino gehiago izan dezakezu esku artean?
Bai, maiz gertatzen zait hori. Batzuetan gertatzen zait koadro batekin ezin aurreratu gelditzen naizela eta horri konponbidea aurrerago aurkitzen diodala.
Metodikoa zarela esango zenuke? Egunero margotzen duzu?
Egunero margotzen dut, hori egia da. Eta ahal dudan ordu gehien ematen ditut margotzen. Ordu asko sartzen ditut. Ahal baldin bada ez dut egun bat bera ere margotu gabe igarotzen. Gainera, margotu gabe denbora ematen baduzu, gero askoz ere zailagoa da berriz hastea.
Urte asko daramatzazu honetan.
Txikitatik margotzen dut. Bost urte nituenean hasi nintzen pintatzen.
Beti jakin izan duzu hau izango zela zure bidea?
Bai, hala da. Zazpi urterekin oleoak erabiltzen hasi nintzen. Nire koadroen gaiak bilakatuko ziren aitzakiak bilatzen ematen nuen denbora.
Zaila izan da?
Beno, nik nola hain argi izan dudan beti egin nahi nuena, ez dut inoiz planteatu bidea zaila edo gogorra egingo zitzaidan edo ez. Diruarena bigarren mailako arazo bat da, pintura da garrantzitsua.
Autodidakta zara?
Bai, baina tira, pintura asko ikusi dut. Museo pila bat bisitatu ditut, Parisen, Erroman, eta beste toki askotan.
Zeinen eragina izan duzu?
Pintura betaz osatzen da. Influentzia edo iturriak pintore bakar bati mugatzea ez dauka zentzurik.
Zure burua korronte artistikoren batekin identifikatu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Ez nuke batere ez aukeratuko. Askatasun osoarekin mugitu izan naiz beti. Ez dut inora lotuta egon nahi.
Argazkia: Idoia Bilbao Mitxelena.
Zein da zure desira nagusia? Zer da zure karrera artistikoan lortu nahi duzuna?
Tailerrean zikin zikina nagoenean, orduan sentitzen naiz ongi.
Nola bideratzen duzu sortze lanak dakarren tentsioa?
Badaude pintatzen gozatzen dutela esaten dutenek, baina nik gaizki pasatzen dut. Sortzeak dakarren sufrimenduaz ari naiz. Pintatzea oso neketsua da, eta estresagarria ere izan daiteke.
Espresionismotik gertu sentitzen zara?
Espresionismoa zer den ere ez dakit. Zalantza hori ere badaukat. Pintura zerbait mentala da, gehienek esaten dute sentimenduekin zerikusi zuzena daukala, baina nahaste bat dago hor. Pintura mentala da. Duela gutxi batek esaten zidan haserre dagoenean indar edo aiurri gehiagorekin margotzen duela, niri ez zait hori gertatzen. Pintura mentala da eta fisikoa ere bai, baina sentimenduekin zerikusi gutxi dauka, edo beste modu bateko harremana dauka. Hain espontaneoak ematen dutenak ez dira espontaneoak. Espontaneoa ez da, bizia dela esango nuke, bestela hil egiten zaizu.
Artista izatea zaila dela esango zenuke?
Ni saltzen dudanarekin bizi naiz. Artista gazteekin harremana badut.
Non aurkitzen duzu inspirazioa?
Tailerrean. Inspirazioarena barruko istorio bat da. Nire barneko munduarekin zerikusi zuzena daukana... Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950) Goenagak estreinakoz Parisen erakutsi zuen bere lana, 1971ean, erakusketa kolektibo batean. Lehenengo banako erakusketak Durangon (1973), Donostiako San Telmo Museoan eta Euskal Herriko galeria ezberdinetan egin zituen. Besteak beste, 1982. urtean Madrilgo Udal Museoan “Pintores vascos entre el Realismo y la Figuración. 1972-1982” erakusketan parte hartu zuen. Bere banako mostren artean, Bilboko Arte Eder Museoa (1978), Donostiako San Telmo Museoa (1979, 1981, 1986), Bilboko Windsor Galeria (1981, 1984, 1990), Paris (1985), Nueva York (1987) edo Baiona (1999) nabarmendu daitezke. Erakusketa kolektiboetan izan duen presentzia are garrantzitsuagoa da: Praga (1978), Pontevedra (1983), Kolonia (1984), Zaragoza (1986), Estatu Batuetan eginiko ibilitari bat (1998-2001), Biarritz… Besteak beste, Zarauzko Torre Luzean 1984an Balerdi eta Zumetarekin erakutsi zuena edo Baionako Bonnat Museoan “Modernismoa” izenburupean 1985ean eginiko nabarmentzen dira. Madrilgo ARCOn izan da 1976, 1983, 1985, 1987 eta 1997 urteetan eta Espainiako hiriburuko Albatros galerian (1992) eta Egam galerian (1986) erakutsi ditu bere lanak. 2001an “Postura txinarrak” izeneko serie erotikoa aurkeztu zuen. 2003ko ekainean Ruiz Balerdi eta Vicente Ameztoyekin batera San Telmo Museoan erakutsi zuen eta hilabete batzuk beranduago Kursaalen Zumeta, Remigio Mendiburu eta Ruiz Balerdirekin. 2005eko amaieran Bilbon erakutsi zuen berriz. Bere obra euskal museo eta bilduma garrantzitsuenetan dago: Bilboko Arte Eder Museoa, San Telmo Museoa, Gasteizko Artium...