Has gaitezen jolasa eta jokoaren arteko ezberdintasunarekin.
Printzipioz ulertu behar duguna da jokoak eta jolasak direla gizartearen eraikin batzuk, hau da, kulturak sortutako zerbait. Eta euskarak, hizkuntza guztiak bezala, izendatzen dituen heinean ezberdintzen ditu. Baina ezberdintasun hau ez da bakarrik hitzean baizik eta gertaeretan ere. Jokoak dira aisiako jarduera batzuk, non guk euskaldunok egiten duguna, joko horietan beste baten aurka jardutea da. Bilatzen duguna irabaztearen plazerra bizitzea da, jokoaren mamian irabaztean datza eta. Jolasean aldiz, plazer hori ez dago irabaztean, baizik eta elkarbanatzean. Ez da “nik beste baten kontra irabazi nahi dut”, baizik eta “nik beste batekin jolasten naiz”. Euskarak bereizten du “jokatzen dut” eta “jolasten naiz”. Jokatzen dut esaten da zerbait dagoelako jokoan, gainera euskaldunok etxe bat beste baten kontra egiten dugu, futbolean adibidez, “etxekoak kanpokoen kontra” esaten da. Jolasean aldiz, ezkutaketa adibide, elkarrekin jolasten aritzea da bilatzen duguna. Gozatzea jolas horrek daukan elkarbanatzeko plazerrarekin eta hori gure memorian gordetzen da; sekretuak, anekdotak... jokoan berriz emaitza gordetzen zaigu; irabazi edo galdu dugun.
Hauetan ere bi jokabide ezberdin nabaritzen dira: Jokoan beste etxeen aurrean zer nolako jokabide dut, eta jolasa dauka etxekoen, barnekoen, arteko jokabidea. Bat da lagunen artekoa eta bestea lagun talde batek beste baten aurkakoa.
Aurreko erantzunean esan duzu “guk, euskaldunok...” zergatik zehaztasun hori? beste tokitan ez al da horrelako bereizitasunik egiten edo?
Guk euskaldunok europar kultura bat gara, baina gure hizkerak gorde izan du jokoa eta jolasa terminoak modu indartsu batean. “Jokoa” hitza latinetik dator, jocus, eta “jolasa” solaz (aisia gazteleraz) hitzetik dator. Azken honek eman zuen gaztelaniaz holgar, eta holgazán eta bizkaitarrez “olgetan” esaten da. Honek adierazten du, zentzu batean, gure ikuskera kulturala Europar kulturaren ispilu dela eta gure alboko kulturekin irizpide berdintsuak jarraitzen dituela. Esate baterako, pilotako modu ezberdinak jokatu izan dira Europan zehar, gurea ez da joko horien ondorioa edo aztarna baizik. Ez gera horren espezialak...
Orduan, Euskal Herriko kirol tradizionalak zer izango lirateke, jokoak ala jolasak?
Dudarik gabe tradizioak jokoak eta jolasak dira, biak. Gertatzen dena da gaur egungo jokoak duela indar handia, eta helduen bizia jokoekin lotu egin da eta ez jolasarekin, helduen gertaera edo eginkizun horiek bihurtzen dira gizartearen ikurra: hor daukagu harri-jasoketa edo pilota ikur bat gisa, gizarte baten tradizioen ikur bihurtzen direnak. Baina horrek ez du esan nahi ikurra ez diren jarduerek ez direla tradizioa. Adibidez, orain gizarteak duen kirol politikan, tradizioaren izenean herri kirolak bultzatzen ditugu, baina honek jolasaren bazterketa ekartzen du. Eta nik beti galdera berbera egiten dut: Zu, txikitan zenbateko harria altxatzen zenuen? Eta erantzuna beti da, “ez, nik ez nuen harririk altxatzen”. Eta orduan, zergatik nahi duzue nire semeak egitea? Azkenean, gizartearen korronteak bultzatzen duen kirolaren nozioa da azpian dagoena. Infrakultura oso indartsua da.
Bideojokoak.
Hasteko, bideojoko gehienak joko motorrak dira, futbola moduan, baina ez daukate gastu energetiko handirik. Baina martzianoak hiltzen jakin behar da eta behatzekin egin behar da hori. Pasatzen dena da informatikodun gizarte batek dituen joko/jolasak ere informatikodunak direla. Gure antzinako gizartea gorputzaren sasoiean zegoen oinarrituta eta zituzten joko/jolasak ere gorputzaren sasoian zeuden oinarrituta. Baserri bat aurrera ateratzeko jakin behar zen lurra goldatzen, behiak jaisten, gauzak gorputzarekin mugitzen ziren azken finean eta elbarri batek ez zuen baserria aurrera eramateko aukerarik. Hortxe ikusten da zer nolako garrantzia duen haurrek txikitatik ulertzea zein den gorputzaren balioa. Gaur egun inportanteena ez da 100 metro 10 segundotan egitea, baizik eta zuk informatika menperatzea, eta horren arabera zure lanbidea topatuko duzu, ez gehiago edo gutxiago korritzen duzulako.
Goazen orain herri kiroletara berriz: zergatik jokoak bai eta jolasak ez.
Kirol joko/jolasen inguruan 4 elementu ulertu bejar dira ikusteko joko/jolasak nola aldatu egin diren: espazioa, harremanak, denbora eta objektuak.
Jokoak nagusiki espazio leunetan egiten dira, herriko plazan, frontoian... eta denen aurrean. Jolasak aldiz, etxetik urrunago ematen dira, espazio aldakorra eta arriskutsua izaten da eta lagunen artekoa. Gaur egun espazio batzuk babesten baina beste batzuk desagertzen ari dira, eta hor ematen diren joko/jolasak ere desagertzen ari dira.
Harremanak: arlo honetan, normalki gure tradizioan taldea da inportantea. Euskaldunok hartzen dugu etxearen izena eta hau banakakoa baina inportanteagoa da. Jolasean inportantea da denok ondo pasatzea baina jokoan inportanteena, gero eta gehiago gainera, banakakoa da. Ikusten baduzu, gaur egungo jokoak atletismoa, igeriketa,... dira non banakakoa du garrantzia eta lehen baino pisu handiagoa hartzen ari dira. Ez gera konturatzen, baina informatikako jokoekin bezala gertatzen da, hori da gaur egungo ispilua.
Berdin pasatzen da denborarekin: gaur egun dena neurtzen dugu, dena konparatzen dugu, dena objektiboa izan behar du eta hori azkenean emaitza bat da. Jokoak emaitza du, jolasak aldiz ez. Ez duzu neurtzen zenbat gozatzen duzun harrapaketan edo ezkutaketan. Gizarteak dena neurtzeko intentzioa dauka eta haurrei hori erakusten ari zaie.
Eta objektuak, laugarren elementua?
Gure tradizioan gaur egun baino objektu gutxiago zeuden eta zeudenak ingurunean bildutakoak ziren. Orain eraiki egiten ditugu objektu espezifikoak eta bereziak. Kontsumoko gizarte honek etengabe ematen dizkigu objektuak. Gaur egun kirolak espazio ziurretan, bakarka, irabazlea dutenak eta teknologia eta objektu izugarrizkoak daramakitenak dira eta hori hala da gure gizartea hala delako.
Jokoak eta jolasak, beste gauza askoren moduan, gizartearen ispilu dira beraz.
Dudarik gabe eta aipatutako elementu hauetan argi ikusten da. Orain “kirola” hitzak dena englobatzen du eta kirola zentzu batean. ñabardurak jaten dituen globalizazioaren makina da. Begira futbolak duen poderioa...
Hezkuntza arlora jota, zein da joko eta jolas hauen papera eskoletan? Zein da ematen zaien garrantzia eta zein eman beharko litzaiekeena?
Badakigu joko eta jolasak gizartearen ispilu direla eta badakigu ere joko eta jolasak izango direla etorkizunaren gizartearen eraikitzaileak. Guk eskolan zer erakusten diegun? irabaztearen plazerra edo elkarbanatzeko plazerra? Lehen orekatuta zeuden, gaur egun elkarbanatzearen plazerra galtzen ari da. Orduan Hezkuntzak jakin behardko du zein nolako gizarte mota nahi duen- Gero eskola bakoitzak du bere proiektua, baina marko demokratiko batena dauden bezala minimo batzuk izan beharko ditu eta hori da hain zuzen Hezkuntzak markatu behar duena. Nire iritzi xumean, haur batek jakin beharko luke gure kulturan zer nolako joko/jolasak egin diren, horrek erakutsiko baitio nola guk, euskaldunok, jokoa eta jolasa egiten ditugun etxekoen eta kanpokoen banaketa egiten dugun heinean. Eta etorkin bat gure herrira etortzen denean ulertu beharko du gure gizartea nolakoa den eta joko/jolasak bide egokia izan daitezke horretarako.
Kirola edo joko/jolasen garrantzia handia da, ez bakarrik psikomotrizidadearen aldetik, baizik eta gure ingurua eta gure iragana ezagutzearen aldetik ere...
Noski. Gizakia ez da mugimendua. Guk, soin hezkuntzako irakasleek mugimenduen kontra eta jokabide motorraren alde gaude eta haurraren jokabide hori Hezkuntza bihurtzen dugun heinean, ditugun baloreak bereganatzen saiatzen gera. Eskolan musika irakasten badugu, zentzugabekeria izango litzateke euskal musika ez irakastea eta berdin pasatzen da joko/jolasekin. Iruditzen zait tradizioa ezagutzea ez digula kalterik egingo.
Gero eta ume lodi gehiago daude, bizitza sedentarioa eramaten dugu eta kirola bakarrik pisuz jeisteko egiten dugu...
Soin hezkuntza hori baina askoz gehiago da, baina hori ere arazoa da noski, eta ezin diogu bizkarra eman. Badakigu gaurko gizartea ez dela lehengoa non ekintza motorrak zuen inportantzia. Hori aldatu da eta gorputzak ere moldatzen doaz. Haur batek ez badu behar bere bizitza arruntarako gorputza balorean ipini, bere gaitasun kognitiboa ipintzen du; gaitasun linguistikoa, konbinatorioa... eta hori ondo dago baina gizarteak osasun maila bat eskatzen du ere eta guk hori bultzatu behar dugu, horregatik ez da ulertzen ordu murrizketa soinketako ikasgaian, batez ere jakinda gizarteak zein ahuleziak dituen arlo horretan. Soin hezkuntzako irakasleok jakin behar dugu nola erakutsi gizarteari zein garrantzia duen guk egiten duguna eta horretan oraindik falta zaigu, baina uste dut bidean gaudela.
Betidanik eman zaio garrantzi gutxi musika eta soinketako ikasgaiei, behintzat ikasleen ikuspegitik.
Jarriko dizut adibide bat ikus dezazun zein den soin hezkuntzak duen balorea arlo sinplean. Kotxea gidatzea ekintza motor bat da; guk lortu behar dugu saskibaloian jokatzea lagungarria izatea kotxea gidatzeko. Ez gauza bera egiten dutelako, baizik eta transferentzia positiboa dagoelako bertan. Gidatzean espazioa ikusi eta aukerak hartu, besteek zer egiten dutenaren arabera jokabidea aldatuko da eta hori da azkenean saskibaloian ikasten den zerbait: jakin besteak zer egingo duen aldez aurretik egiten dituen mugimenduen arabera. Eta gauza bera gertatzen da lan istripuekin. Soin hezkuntza etengabe erabiltzen dugun sistema bat da eta ez doa bakarrik gantza kentzearekin lotuta, askoz gehiago ere bada.
Bukatzeko, emakumezkoek eta gizonezkoek modu berdinean jolasten al dute?
Normalki gizonezkoek jokoarekin lotuta daude eta gizon eta emakumeak, elkarrekin, jolasarekin. Bestalde, emakumeek espazio “berezia” dute teknikoki jolasa/jokoa deitzen dioguna eta bien arteko nahasketa dena, adibidez sokasaltoa. Hau estruktura kooperatiboa da, objektuduna, espazioa herriko plaza litzatekeena eta normalki irabazle gabea, hau da ez du memoriarik. Ez dago bultzatuta irabaztearen plazerra jarraituz, ezta elkarbanatzearen plazerra jarraituz, baizik eta errepikapenaren plazerra bultzatzen du. Errepikatzen da saltoa, dantza, aerobika... hori egiten gozatzen dute eta hori gizartearen ispilua da.
Zergatik bultzatzen du gizarteak emakumea errepikapenarekin gozatzea?
Hor atzean dagoen modeloa etxekoandrearen modeloa delako. Egunero gauza bera errepikatu, egunero egiten duzuna ez dauka neurririk, ez dauka konparaziorik eta ez dauka onurarik ere ez. Txikitatik irakasten zaie gozatzen errepikapenaren plazerra bultzatuz eta hori oso modu argian agertzen da. Gaur egun modeloak aldatu nahi dira baina jokoak gizonezkoen eremua dira oraindik eta nahiz eta emakumezkoek sartzen ari diren baina ez dute gizonezkoek duten poderioa. Enpresetan gauza bera gertatzen da. Etengabe joko/jolkasetan ikusten ari garena gizartean agertzen da. Nik klasean neskak ipini ditzaket futbola ikastea baina ipintzen baditut mutilak soka saltoan... zer gertatuko litzateke? “hori ez da gizonentzat”. Beraz gertatzen dena da emakumezkoek euren tradizioa galtzen dutela modu nagusi batean. Esan daiteke emakumezkoek ez dakitela zein eredu jarraitu behar duten: gizonezkoena edo emakumezkoena? Eta hortik datoz konflikto guztiak: gero eta berandu ditugula haurrak, etxeko lana eta kanpoko lana koordinatu egin behar da...
Oso argi izan behar dugu joko eta jolasa, hezkuntza, aldatzen dugun heinean etorkizuneko gizartea aldatuko dugula eta soin hezkuntzako irakasleok ez gara oso kontziente oraindik. Arrisku nagusiena korrontea jarraitzea da, jakin gabe korronte horrek nora eramaten zaituen noski. Balore batzuk bultzatu nahi badituzu jakin beharko duzu bidea nora dioan eta behar bada kontra egin beharko duzu: agian gizonezkoei soka saltoan erakutsi behar diezu nahiz eta arazoak izan klasean. Beraz koherentzia kritikoa behar da.
Batez ere etorkizunera begira
Etorkizuna gaur egiten da... Horregatik da hain garrantzitsua kirolaren mundua, jokoan dagoena inkontzientea delako eta horrela den heinean gizon eta emakume bakoitzaren jokabidea moldatzen da. Modelo horiek oso zailak dira aldatzen eta horren kontziente izatea garrantzi handia dauka. Ez da bakarrik garapen psikomotorra, hiritarraren garapenaz hitz egiten ari gera oro har: zer pentsatuko duen, zein harremanak izango dituen, ze gizarte mota maiteko duen, lehiari edo elkartasunari garrantzia emango dion... Joseba Etxebeste (Iruña) Prestakuntza akademikoa: 1987-1989: Kataluniako Gorputz Hezkuntzarako Institutu Nazionaleko (KGHINeko) irakasle Lleidan: Lleidako Unibertsitatea, Gorputz Hezkuntzako Metodoen Departamentua, errugbiko eta praktika didaktikoko irakasgaia. 1989tik egun arte: EHUko Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko (SHEEko) irakaslea. Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Departamentua. Irakasgaiak: jolasak, jolas alternatiboak eta jarduerak naturan, Gorputz Hezkuntzaren Irakaskuntza. 1999/2000: Lleidako Unibertsitateko “Jolas eta kirol herrikoi tradizionalen oinarri eta aplikazioak eskolan eta aisialdian” Graduondoko eta KGHINeko irakaslea. Gaia, “Jolas tradizionalen mugimendu-aberastasuna”. 2001: Lleidako KGHINeko irakasleak prestatzeko mintegiko irakaslea. Gaia, “Kirol-jarduerei loturiko datu kualitatiboen azterketa”. 2003tik egun arte: EHUko Gorputza eta Kirol Hezkuntzako Departamentuko “Jarduera fisikoak eta kirola” doktoretza Programako irakaslea. Ikerketa-proiektuetan partaidetza: 2001: “kirol-jokoak, Euskal Herriko haurrak sozializatzeko elementu tradizionalak». 2004-2008: “Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko jolas eta kirol tradizionalen sustapen politiken ikerketa”. Kobeko Unibertsitateko Kazuyuki Taketani irakaslearekin lankidetzan. 2003-2008: “Futbol amerikarra, gorputz-hezkuntza eta AEBetako gizartea: Reno-Nevadako High School bateko etnografia”. 2004: “Joko-jolas librea eta kultura: Gorputz Hezkuntzako ikasleek proposatzen dituzten kirol eta jolasen barne- eta kanpo-logikaren azterketa”, “Jokoa eta Jolasa mundu berrian. Euskal-amerikarren sozializazioa eta jarduera fisikoa” eta “Euskal Autonomia Erkidegoan gorputz-hezkuntzaren garrantzia: curriculuma eta irakasleak”. Argitalpenak: “Educación Física”. “Reflexiones sobre la educación física de hoy a la luz de las características de la cultura tradicional vasca”. “L’etude des jeux traditionnels du Pays Basque”. “Le rapport avec l’espace de jeu dans la culture ludique des enfants du Pays basque”. “Aisiaren bi euskal kontzeptu: jokoa eta jolasa”. “La presencia del investigador en etnografía. Una experiencia en un equipo de fútbol Americano de un High School en Reno-Nevada”. “La socialización tradicional vasca una guía para la elaboración de un programa de Educación Física”. “Formation spécifiqie des enseignants d’Education Physique”.