454 Zenbakia 2008-09-26 / 2008-10-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Turismoari buruz, labur

BEREZIARTUA, Loren



Nori ez zaio gustatzen maletak egin eta toki berriak ezagutzera abiatzea? Egun bakarreko, bi edo gehiagoko txangoek kultura eta jende berria ezagutzeko aukera eskaintzen dute, eta biziki atsegin dut. Ahal dudan guztietan irteten naiz, eta egia esan, ez da askorik gastatu behar une gogoangarriak igarotzeko!

Jakin badakit mundu mailako egunak ospatzen direla barra–barra: hizkuntzena, itsasoarena, zuhaitzarena... Eta baita turismoarena ere! Aste honetan irakurri dut irailaren 27a dela data hori; eta dirudienez, ez da kasualitate hutsa. Izan ere, orduan hasten da turismo denboraldia hegoaldeko hemisferioan eta milaka eta milaka pertsonen ahotan egoten den gaia da.

Pixka bat gehiago sakondu nahian egunaren nondik norakoak begiratu ditut: Peru izango da aurtengo anfitrioia eta turismoaren balore sozial, kultural, politiko eta ekonomikoak bultzatu gura ditu egunak. Gainera, ingurugiroa, eta batez ere garapen iraunkorra oinarri ei du mundu mailako hitzordu horrek.

Baina argi eta garbi dago beti ez dela hori ematen, eta kasu garbi bat dugu gure kostaldeak jasandako aldaketa urbanistiko bortitza, esaterako. Turismoaren aitzakiarekin inguruak hondatu dira eta maiz, atzera bueltarik gabeko ondorioekin, gainera.

Bestalde, garapen bidean dauden herrialde askorentzako diru–iturri handienetarikoa izaten da turismoa, horretan ez daukat zalantzarik. Baina beti ez dela modu egokian egiten ere, argi daukat. Nire zalantza hauxe da: halako egun batek kontzientziatuko al du jendea? Eragingo al du zenbait pertsonen esplotazioa desagertzea? (Esate baterako, haurrak lanerako erabiltzea)

Onerako bada, ongi etorriak horrelako datak. Ezertarako balio ez badute, beste bide batzuk bilatu beharko ditugu...