451 Zenbakia 2008-08-29 / 2008-09-08

Gaiak

Denboraren antolaketa eta introiekzioaren bilaketa Tai Chi Chuan-ean

ROMARATEZABALA ALDASORO, Estibaliz

Jarduera fisiko eta kirol zientzien fakultatea (EHU-UPV)



Europako heziketa fisikoan jarduera introiektiboek oso pisu txikia dute, arlo honetako praktika dugu Ekialde urrunetik datorkigun Tai Chi Chuan-a. Ekintza motore hauek ezagutzeko ezinbestekoa da jardueran murgiltzea, norberak bere azalean bizitzea praktikaren esperientzia. Hau dela eta, Legazpiko (Gipuzkoa) Bushï Te Shoreï izeneko Tai chi eskola batean murgildu ginen eta barnetiko bizipen eta sentipenak baloratzeari ekin genion, hau baita teknika hauen benetako objektua. 1. Tai chi saioa: barnetiko denboraren konkista

Tai chi saioaren lehen behaketak, txunditua uzten du behatzailea, jarduleak trantze egoera batean sumatzen baititu: begiak infinitura begira, arnasketa lasaia eta sakona, mugimendu automatikoak, eta gorputz atalak zintzilik daudelarik. Guztiak, lasaitasunaren birusak ziztatu izan balitu bezala ageri dira, denbora geratu egin da; bakarkako unibertsoa gailentzen da. Bat batean dena amaitzen da eta kurloaren modura aintzira gainean pasioan zebilen emakumea, bi haurren ama bilakatzen da. Baina hau gertatu aurretik, kolektibo sekretu horren partaide direnak, beren hitzekin saioaren efektuak deskribatzen saiatzen dira: begiradak sortzen dira, bizipenak konpartitzen dituzte. Zer gertatu da? Zer nolako loak murgildu ditu? Zer nolako mekanismoak ikasten dira tai chia egiten den bakoitzean behin eta berriz egoera hauek bizi daitezen? Legazpiko Kiroldegia. 2007.

Sekretua denboraren eraikuntzan dago, bere neurrian. Denborak gizakion ekintzak koordinatzen ditu, ordulariak iparrorratz gisara funtzionatuz. Mundu modernoan zita bakoitzak helburu bat dauka, kausa bat; denbora linealak, kausalak, eguneroko bizitzako ekintzak gidatzen ditu. Tai chiak bestalde, bere jarduleak beste errealitate batean murgiltzen ditu, denbora propio batean, momentuko bizipenak garrantzitsuak bihurtuz, gainontzekoak ahaztuz. Ez da neurketa eta konparaketarik egiten, inork ez du irabazten. Denbora memoriarik gabekoa da, Egoera hau posiblea da tai chiak puntuazio sistemarik ez duelako. Barne logikak, bere arauek eta azturak, elkarren artean neurketarik ez egitea bultzatzen dute, natura eta esperientzia mistikoa biltzen dituen ametsean elkartzea baizik. Kontenplazioa barne logikaren denbora mekanismoetan kokatzen da, kosmos hori bizitzea da nagusiena, errealitate orientalaren trantzea partekatzea. 2. Saioaren iraupena eta erritmoa: arnasketa lantzen

Tai chian ez dago neurketarik, partaideen errendimenduak ez dira konparatzen, baina honek ez du denbora unitate propioak izatea ukatzen; horrela, denbora unitate txikiena arnasketa ziklo osoa da: arnas hartzea, arnasbotatzea eta apnea.

Saioaren erritmoa, arnasketaren maiztasunak eta abiadurak mugimenduarekin duen ukaezineko loturarengatik emana dator. Mugimendu azkar bat burutzeak, arnasketa bizkor bat dakar eta modu berean, exekuzio geldo batek arnasketa lasai bat. Sabeleko arnasketa burutzen da, sakona eta geldoa, hein handi batean kontzientea; tai chiaren arnasketa ikasi egiten da, introiekzio motor lengoaiaren ardatza da. Arnasketa, gizakiaren alderdi kontzientea eta inkontzientea lotzeko bidea da, meditaziorako beharrezkoa den urratsa.

Tai chiaren gorputz tekniken aprendizaia maisuak gidaturiko prozesu bat da, honek denbora unitateak antolatzen ditu barnetiko bizipenak bideratzeko. Irakasleak, arnasketa eta mugimendu zikloen arteko lotura ulertu ahal izateko, denbora banaketa bi alderdi kontuan izanik antolatzen du: sekuentziaren iraupena eta keinu-arnasketa erritmoaren finkatzea. Guzti honen helburua dizipuluarengan autonomia garatzea da, hots, denborarekiko erabaki gaitasuna ematea. Partaidearen erabaki hartzearen arabera, erritmo eta jardueraren iraupenarekiko denbora sekuentzia ezberdinak zatitzen ditugu. 2.1. Erabateko denbora mendekotasuna

Sistema hauetan maisua da keinu-arnasketaren erritmoa eta abiadura finkatu eta gidatzen dituena. Taldeak unitate bakar moduan funtzionatzen du, denek une berean arnas egiten dutelarik. Bi denbora unitate ezberdintzen dira: imitazio bidezko zenbaketa eta zenbakien bidezko kontaketa. Legazpiko Kiroldegia. 2007.

Imitazio bidezko zenbaketan maisuak emandako modeloa da errepikatu beharrekoa. Maisua mugitzen hasten denean, dizipuluek imitatu egiten dute. Mugimenduen abiadurak arnasketa abiadura finkatuko du. Sistema honetan, ikaslearen arreta gorputz kanpoaldean gertatzen denera bideratua dago eta tai chiaren benetako objektutik aldentzera eraman dezake; lan introiektiboa alde batera uztera, barnetiko begiradaren bilaketa ukatzera.

Zenbakien bidezko kontaketan, maisuak burututako ariketen zenbaketa egiten du, eginiko keinu-arnasketa bakoitza kontatu egiten da. Zenbakiak, burutu beharreko periodoari buruzko informazioa ematen dio dizipuluari; “bi” entzutean arnasketa-keinu ziklo berri bat hasteko prest egongo da. 2.2. Denboraren kontrol banatua

Denboraren kontrol banatua dagoenean, maisuak sekuentziaren iraupena finkatzen du eta arnasketa erritmoaren kontrola ikaslearen eskuetan uzten du. Sistema hau erabiltzean, taldearen batasuna galdu egiten da eta norbera bere ekintzen jabe da. Taldea banakako jardule bakanez osatua dago, norberak bere erritmoa eramaten duelarik. Maisuak abiadura kontrolatzeko bi unitate uzten ditu ikasleen eskuetan: arnasketa kopurua eta denbora finkoa.

Lehenengoan, maisuak saioko fase bakoitzarentzako gutxi gora beherako iraupen bat finkatzen du burutu beharreko arnasketa kopurua zehaztuz. Guztientzako konstantea den arnasketa kopuruaren exekuzioa, aldi berean hasiko da baina arnasketen sakontasunaren baitan, ariketaren iraupena aldatu egingo da. Sistema honetan, nahiz eta burutu beharreko arnasketa kopurua zenbatu beharra izan, zentzuak pertsonaren barnealdera bideratzen dira, lan introiektibora. Introspekzio sakon bat lortzeko, atentzioa ezerezera bideratu behar da, burutu beharreko mugimenduak alde batera utziaz.

Denbora finkoa denean, maisuak ariketaren iraupena minutuetan neurtuz finkatu egiten du eta dizipuluaren eskuetan uzten du keinu-arnasketaren erritmoa. Maisuaren helburua norberak bere lana burutzean datza, barnetiko prozesuaren aprendizaian aurrera egitea. Sistema honek ikasleari bere bizipenetaz gozatzeko aukera eskaintzen dio, ia erabateko introiekzio lan bat lortzen duelarik; gelditzen den lan denbora begiratu beharrak mugatzen diolarik erabatekoa izatea. 2.3. Denbora autonomia

Sistema honetan ikasleak finkatu eta kontrolatzen ditu keinu-arnasketaren iraupena zein erritmoa. Dagoeneko maisuarekiko eta taldearekiko autonomia bat lortu du, norbanakoa bere erritmoaren arabera mugitzen da. Hemen denbora unitate bakarra agertzen da, limiterik gabekoa edo iraupen gehienekoa.

Sistema honetan, ikasleak duen autonomia eta maisutzaren arabera, lanaren iraupena eta erritmoa aldatu egingo da. Meditazio eta esperientzia mistikorako gaitasuna agerian geratzen dira, ikaslearen independentziaz inguruneko munduarekiko isolatuz. Ikasleak arnasketen jariopenean jartzen du arreta, energia gorputzeko alde batetik bestera nola mugitzen den, gorputzaren eta burmuinaren erlaxazioan... barnetiko baretasuna eta bake sentipena erabatekoa da. Egoera kontziente eta inkontzientearen arteko gune batean murgiltzen da, pentsamenduak batera eta bestera dabiltza, ezer konkretutan geratu gabe. Denbora zenbaketa sistemak Arnasketa-keinu erritmoaren kontrola Sekuentziaren iraupenaren kontrola Autonomia modalitateak Imitazio bidezko zenbaketa MAISUA MAISUA Erabateko denbora mendekotasuna Zenbakien bidezko kontaketa MAISUA MAISUA Arnasketa kopurua DIZIPULUA MAISUA Denboraren kontrol banatua Denbora finkoa DIZIPULUA MAISUA Limiterik gabe,

iraupen gehienekoa DIZIPULUA DIZIPULUA Denbora autonomia Denbora sekuentzia ezberdinen laburpena partaidearen erabaki aukerak kontuan izanik, bai erritmo zein ariketaren iraupenaren gainean. 3. Denboraren eraikuntza: meditazioaren bidea

Tai chiak, denbora, mugitzen, kontatzen eta neurtzen ez den egoeratzat identifikatzen du. Gorputz teknika hauek bultzatzen dituzten denbora unitateek, denbora nozio ziklikoa birsortzen dute. Tai chiak banakako autonomia bilatzen du, garapen pertsonala, natura eta barnetiko armonia elkar lotzeko gaitasuna izatea eta denboraren eraikuntza, aprendizaia honen ardatza da. Hori lortzeko, jarduleak emaitzaren eta konparazioaren nozioak ahaztu eta meditaziora bideratu behar du.

Saioetan erabilitako sistema guztiek emaitzen memoria ez gordetzera eramaten dute. Banakako bizipenak eta momentukoak dute garrantzia, errealitatea arnasketa zikloaren gainean eraikitzen da, konparaziorik gabeko testuinguru batean. Jarduera, lan introiektibora bideratzen da, barruko orekaren bilaketara, barnetiko denboraren konkistara, meditazio bidean gidatzen gaituen arnasketaren autonomia eta kontrolaren arteko mugara, gizakiaren kontzientzia eta inkontzientzia lotzen dituen ibilbidera. Maisuak, denboraren erabateko mendekotasun batetik, denbora autonomia oso batetarantz gidatzen du dizipulua; propiozepzioaren sakontasunaren eta gorputz kontzientziaren bila gidatzen du; orientalek dioten modura naturarekiko lotura bilatzeko. Ekialdeko kulturan arnasketa ez da gasen elkartrukera mugatzen, honetaz gain, naturan dagoen eta gorputzak beharrezkoa duen energia sartzean datza, “QI” moduan ezagutzen dena. Qi hau, “ezkutuko gorputzean” oinarritzen da, zientzia modernoak onartzen ez duen gorputz batean finkatua dago, zientifikoki frogatu ezin dena. Gorputz hau, meridiano izeneko ubide ezberdinez osatua dago; bertatik, gorputzeko txoko guztietara banatzen den energia garraiatzen da. Kosmos-ari, naturari, lotua dagoen eta unitate energetikoa den gorputzaren interpretazio orientala da. Ikuspegi hau Asiarren eguneroko bizitzan barneratua eta onartua dago, baina mendebaldeko gizarte dualistarentzat arrotza egiten da, gorputza arimaren zerbitzura dagoen makina bat izanik. Tai chiaren praktika jarraituak pertsonarengan barnetiko aztoramena sorrarazten du, ongizate sentipen orekatua dakarrelarik, gizakiaren txoko bakoitza berotzen duen inurridura: beste gorputz bat posible denaren ideia.