448 Zenbakia 2008-07-11 / 2008-07-18

Elkarrizketa

Jose Angel Iribar. Futbol jokalari ohia: Kirolari ona izateko imaginazio asko behar da; irudimena gazte-gaztetatik erabili behar da

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Euskonews & Media astekariak bere 10. urtemuga betetzen du 2008an. Hori dela eta, beste ekintzaren artean, hilean behin eta abendura arte, elkarrizketa berezi bat argitaratuko dugu gure herriko azken urteotako historiaren pertsonai adierazgarri batekin. Astero ditugun milaka irakurleei egin diezaiekegun oparirik onena delakoan gaude.

Jose Angel Iribar euskal futbolak emandako izenik garrantzitsuenetakoa da, handiena ez esatearren. Aro oso bat bete zuen goi-goi mailan, batez ere Athletic-eko atezain bezala, eta mundu osora heldu zen bere ospea. Apala bere jokabidean, futbol eta kirol esparruko zale guztien estimua irabazi zuen. Bestalde, futbolean ari zenetik bikain uztartu zituen euskal kultura –bereziki euskara– eta bere profesioa, euskal gizartearentzako eredua bilakatuz

Euskal futbola ez zen berdina izango Jose Angel Iribar gabe, ezta?

Nik uste dut ahalegindu naizela nire ekarpena egiten, baina ni bezala beste askok ere. Euskal futbola, aspaldikoa da eta tarte horretan jokalari on asko izan dira, oso ezagunak mundu guztian. Eta alde horretatik, denen artean egin dugu euskal futbola. Hori garbi daukat nik, bakoitzak ahal duena emanez, noski, nork bere aldetik ekarpena egiten. Modelo denak ez dira berdinak inoiz, ezta futbolean ere. Beraz, esan liteke asko izan garela euskal futbola aurrera atera dugunak.

Beti bezala, Jose Angel, apal! Dena den, zuk aukera paregabea izan zenuen. Izan ere, zure garaian hasi ziren lehen ez zeuden komunikabide mota batzuk, batez ere telebista. Horri esker askoz ezagunagoa egin ahal izan zinen aurreko beste jokalari mito batzuk baino. Denok entzun ditugu Zarra, Panizo eta abar luzearen izenak, baina futbol zelaian ikusi egin ez ditugulako zure irudia askoz hurbilagoa egin da... Zalantzarik gabe, telebistak asko lagundu du horretan...

Bai, horrela da. Zuk esan duzun moduan, ni futbolean sartu nintzen garaian hasi zen telebista. Nik uste dut telebistatik zuzenki emandako lehen Mundiala, Ingalaterrakoa, 1966koa izan zela. Eta ni han nengoen. Horrek asko laguntzen du zabaltzen zure irudia eta zuk jokatzeko duzun estiloa, baina, hala eta guztiz, hor izan dira beti antzinako jokalarien gaineko kronikak. Eta niretzat horiek beti izan dute izugarrizko balorea. Zeren azken finean, nolabait hortik jan dugu guk, baita ikasi ere: nola zen futbola, bere arauak eta bere trukoak...

Iribar: zarauztar, euskaldun, elkarrizketa hau euskaraz egitea nahiago izan duzu... Nik gogoratzen dut futbola utzi zenuenean zure omenezko partiduaren irabaziak futbolaren terminologiari buruzko euskarazko hiztegi bat finantzatzeko erabili zirela. Horrek ere ohoratzen zaitu! Zergatik hartu zenuen erabaki hura?

Bada, hor hutsune izugarri bat zegoelako garai hartan. Guk hutsune hori sentitzen genuen gure jokoan, lagun artean, aldageletan eta abar. Beti komentatzen genuen: zergatik ez dugu euskara gehiago erabiltzen jokoan eta gainerakoetan? Baina, han aurkitzen ginen oso... nola esango dizut?... Terminologia murritzarekin. Hitz gutxi zegoen ongi erabiltzeko. Laurogeiko hamarkadako garaia zen; orduantxe hasi zen euskal telebista, euskal irratiak eta abar, euskara komunikabideetara atera nahian. Nik ere, ikusiz aukera hori bazegoela, oso egokia iruditu zitzaidan momentu hartan niri hainbeste eman didan jokoari zerbait eskaintzea ere. Zeren nik, azken finean, omenaldiak beti ikusi izan ditut ez dirua jasotzeko, besterik gabe. Nik uste dut beste sentimendu bat behar dela hor, omenaldi batean, gustura sentitzeko eta jendearen txaloak edo oniritzia jasotzeko. Orduan pentsatu nuen “Aportazio hori egingo diat”, eta iruditu zitzaidan momentu egokia zela, gure artean ere batasun handia zegoelako. Eta gaurtik begiratuta, nik uste dut oso erabaki ona izan zela. Nik hola sentitzen dut. Harrokeriarik gabe esaten dizut harro nagoela erabaki hori hartuta.

Harro egotea ez da bekatu...

Bai, eta gainera ikusiz nola erabiltzen den orain euskara kiroletan, ez futbolean bakarrik, gainerako kirol askotan ere, hiztegi hori nola euskara bideratzeko baliagarri gerta zitekeen. Komunikabideetara, izparringietara ateratzeko bitartekoa izan zen... Ba... pozik nago.

Hor ere, Jose Angel, eredu izan zara. Alde horretatik behintzat euskaldunok eta euskaltzaleok eskerrak eman behar dizkizugu.

Ni ez naiz lehenengoa izan hori egin duenik. Nik beti irakurri izan dut eta agian ikusi ere, telebistan edo, beste jokalari ospetsu askok ere beren diru sorta handi bat eman dutela, ez agian hiztegiaren gisakoetarako, baina bai beste ekintza batzuetarako. Eta nik beti ondo ikusi izan dut hori.

Lehen esan duzu euskarak aurrera egin duela komunikabideetan, kirol munduan, futbolean zer esanik ez... Nik aitortu behar dizut, ezagutu nuela gazte bat futbolean, iragan mendeko hirurogeigarren hamarkada hasi berria, Arrasateko fraideek Basauriko Basozelaira eraman gintuzten goiz batean. Baskonia futbol taldeko atezain gisa Iribar bizar gabe bat ari zen orduan, Zarauztik heldu berria... Ez dakit nola amaitu zen partidua, Indautxuren kontra zena. Baina nire burmuinean atezain haren irudia geratu zitzaidan. Ordudanik izan zinen nire faboritoa. Ordutik hona ere, euskarak aurrera egin duen bezala, futbolak ere aldakuntza nabaria izan du, ezta?

Bai, aldatu da izugarri. Atera kontua! 1961-1962 denboraldia izango zen hori. Aldakuntza, gehienbat, futbola gestionatzeko orduan eman da. Gero, profesionalizatu ere askoz gehiago egin da. Lehenago, nolabait amateurragoa zen. Ez zen hainbesterainoko denborarik hartzen ere kirola lantzeko, taktikaz hausnartzeko eta gero teoria jokoan jartzeko. Horrek bazituen bere abantailak, nolabait ere, gehienbat espektakulu denaren aldetik. Lehenago, agian, ikusteko politagoa zen, erru gehiago egiten baitziren jokoan, eta hori hobeto aprobetxatzen zuten trebeziazko jokalariek, eta ikusgarria egiten zuten. Nola? Gol gehiago eginez eta partidak irekiagoak izanez. Orain jokoa askoz itxiagoa da eta, beste aldetik, klubek eta zuzendaritzek beste modu batera erabiltzen dute beren gestioa. Batipat, oraingo ia klub guztiak sozietate anonimoak egin dira. Inbertitzen dute dirua klubean, irabazteko negozio bat balitz bezala. Kirola, beraz, aitzakia da irabaziak ateratzeko. Hori lehenago ez zen. Lehen futbol zelaian ateratzen zen diruarekin egiten zen taldea, eta talde denek berdintsuago jokatzen zuten.

Baina futbol elkarte anonimo baten kudeaketa ez da sarrailak edo txokolateak egiten dituen enpresaren gisakoa. Ezta inbertsio planak ere. Industrian sosak ipiniko genituzkeen bitartean, nola arraio jar dezake inork dirurik futbol talde batean, bere produktua, fraka motzetan igandeetan pilota baten atzetik ari diren hamaika jokalariren huts eta asmatzeen araberakoa baldin bada?

Desberdina da zeharo, baina batzuek ez dute hola ikusten. Jende berri asko sartu da futbolean eta horietako hainbatek pentsatzen dute, nik behintzat hala sumatzen dut, enpresa baten moduan gestionatu behar dela guztia. Eta ez da hala, jokalariak gizonak dira, beren abantaila, trebezia, huts eta bertute guztiekin... Bat ez da bestearen berdina inoiz ateratzen. Lan hori oso zaila da, hau ez da, diozun moduan, sarrailak egitea...

Badaukat lagun bat, Athleticen lehendakariorde izanda karguan egoteari berehala utzi ziona. Eta hark aitortzen zidanez, profesionalki Iberdrolatik zetorrenez gero ezin zuen klubaren modelo enpresariala, hain zuzen, ezker hegaleko aurrelariaren balizko gau txar baten menpean jarri. Ezin zuen arriskatu. Nire lagunaren ustez, Athletic –eta hura bezala beste talde guztiak– ez zen ohiko enpresa bat, kirol kluba baizik, eta beraz enpresari baten ikusmoldearekin ezin zuen hura gestionatu.

Ni erabat nago zure lagun horrekin. Eta baldin bada nik uste dudana... arrazoia hurbildik ezagutzen zuen, zuzendaritzako kargu horretan aritu baino lehen Athleticeko jokalari izan baitzen. Egia da: enpresa gestiorik onenak ezin du bermatu ez emaitzarik onena, ezta emaitza on bat ere.

Dena den, futbola aldatu da, dudarik gabe. Garaia bizi izan ginenok, frankismoarekin zer nolako klabeak jokatzen ziren oroitzen dugu. Normala zen adieraztea –eta horretan sinestunak ginen, gainera– frankismoak futbola erabiltzen zuela herria loak hartuta edukitzeko. Baina gaur Francoren garaian baino askoz futbol gehiago ikusten da. Badakit eguneko modelo honek ez duela adierazi behar frankismoak ez gintuela kloroformatu. Ingalaterran, Frantzian, Alemanian... antzerako aldakuntza bizi izan dute. Baina esanguratsua dugu, ezta? hainbeste futbolak inguratuta bizitzea... Gizartearen sektore desberdinek hitz egiten dute futbolaz, lasai asko. Duela berrogei bat urte, ezkerrekoek –agerian, behintzat– gaitzetsi egiten zuten futbola.

Nik uste dut, aurrena, futbolak baduela bere xarma, gustuko duela jende askok, gero eta jende gehiagok. Erakargarria da, maila askotan, eta gizarte fenomeno mundiala bilakatu da. Zuk esan duzun moduan, egun jende asko apuntatu da edo sartu da futbol mundura. Intelektualek ere maite dute, onartzen dute, kritikatzen dute... Lehen hori beste modu batera zen, egia da. Langileriari goitik ezarritako kirol bat zela esaten zen Francoren garaian. Hitzaldi hori erabiltzen zen... el opio del pueblo. Baina orain, nik uste dut aldakuntza nabaria eman dela eta jende gehiagok du gustuko. Bestela, ez litzateke hainbeste ikusle joango zelaietara. Egia da ere komunikabideek gero eta garrantzi gehiago ematen diotela kirolari, futbolari, kasu. Horrek ere nolabait eguneroko bizitzari lagundu egiten dio, nola esango dizut, barruan dauzkagun demonioak ateratzeko ere. Eta gauza friboloa denez gero, azken finean kirolarekin fribolizatu egin daiteke, edozein jokalariri buruz hitz egin daiteke askatasun guztiagaz... Nik uste dut horrek ere baduela eragina. Hainbeste jenderen ahotan futbola dantzan ikustea izugarria da... Bai, bai, fenomeno mundiala da, mundu osokoa.

Horrela da, bai, lehen futbola egiten ez zen tokietan ere gauza bera gertatzen ari baita. Kutsatu egin da grina hori...

Grina, bai... noski, horrek ere beste arrazoi bat ere badu, izugarri antolatu baita: FIFA, UEFA... Hor izan da Afrika aldean, edozein hiritan, edozein herrialdetan futbola oso ezaguna da. Baita ere jada Estatu Batuetan ere. Telebistak eraman du espektakulua munduko azken punturaino. Eta grina altxarazi du.

Adierazgarria da...

Bai. Gainera, txapelketa handiak antolatzen direnean, hiri bakoitzak, herri bakoitzak eta herrialde bakoitzak erabiltzen du futbola munduari argi eta garbi erakusteko bere nagusitasun puntua, zein nolako espezifizitateak dituen, zein aurreratua dagoen...

Plataforma propagandistiko bezala...

Plataforma bezala, bai. Herrialde bat promozionatzeko. Hori ikusten da Europako Txapelketa batean, Ligako Txapelketa batean, Europakoetan edo Mundialetan. Azpiegituraren aldetik ere txapelketa horietan egiten diren gastuak, inbertsioak, ikaragarriak dira baina aprobetxatzen dira alderdi artistikoak ere suspertzeko. Monumentutzat hartzen dira orain egiten diren obrak. Bai zelai berriak, bai inguru aldeak, lehengo Piramideak edo antzerakotzat hartzen dira ... Eta badirudi erakuspen horren bitartez ondorioztatzen ari dela, horrelakorik egiteko gai ez den herrialdeak ezin duela itxaron ezer mundu modernotik. Promozio horretarako, beraz, futbola plataforma izugarria da eta ondo aprobetxatzen dute politikoek.

Hitz egiten ari zinenean burura zetozkidan, komunikabideek sarritan zerbitzatzen dizkiguten irudiak. Itzela da horien boterea, izan ere denok ikusi ahal izan baititugu, Afrikako herri pobre horietako batetik edo Irak zein Iraneko erreportaia lazgarrietatik datozkigun irudietan, Barçaren edo Manchester Uniteden kamisetaz jantzitako haur eta gazteak. Miseriarik handienean ere beti agertzen da norbait Ronaldinhoren izena daraman elastikoarekin...

Bai, miseria handiena dagoen tokietara ere ailegatzen da futbola. Mundu globalizatu honetan beti heltzen da irudia eta publizitatea... Gertatu bezain laster dago munduko beste muturrean albistea. Eta horrek aldatu du pilo bat futbolaren eragina. Oraingo jokalariak benetan oso ezagunak dira mundu osoan, lehen ez ginena. Munduko txapelketaren bat jokatzen bagenuen, gehienez jota munduaren zati batek ikusten gintuen, baina orain mundu osoak ikusten zaitu.

Fenomenoa ez da aplikagarria, dena den, kirol guztietara...

Ez, ez. Futbolak dauka... beste dimentsio bat, behintzat nire iruditik. Agian norbaitek esango dit: “Mundua zabala duk eta beste kirol batzuk bazeudek munduan” Ez dakit. Estatu Batuetan, adibidez, beste futbol klase bat badute, eta beste kirol batzuk ere. Baina, oro har, futbola da gehien ikusten dena eta bisitari gehien mugiarazten dituena.

Zer sentitzen da, Jose Angel, zugana gaztetxo bat etortzen denean eta futbol atezain izan nahi duela esaten dizunean? Zer esaten diozu?

(Barre egiten du) Niri horrek oroitzapen onak ekartzen dizkit. Nik Athleticeko Carmelo ikusi nuen gaztetan Zarautzen eta bere ondoan egotea bakarrik gustuko zerbait izan zen. Zer sentitzen den eta zer esaten diodan? Lehenengo, enrollatu egiten naiz pixka bat berarekin. Animatu egiten dut, mezu alai bat ematen diot futbolarekin gustura egon dadin. “Zenbat urte dituk? Ño, handia haiz, eskuak erakutsi ... Ño, esku honek... Zer, jaten duk? Ondo zaintzen haiz?... Ez duk parranda egin behar, e!” eta holakoak esaten badizkiozu gelditzen dira jota, zure ahora begira. Ikusten dute jendea dagoela inguruan eta puztu egiten dira. Pedagogia pixka bat ere erabili behar da,... Eta askotan etortzen zaizkit gero gurasoak eta: “Jode, zorionak! Orain mutikoak kasu egiten dit, lehen ez zidan inongo...” Beti erabili behar da sen ona, eta ez zaizkie umeei gauzak euren testuingurutik atera behar. Helburua ez da txiki txikitatik futbolarekin obsesionatuta bizitzea. Horrek ez dio gaztetxoari onik egiten. Prozesu osoa urratsez urrats egin behar da, presa gabe.

Zuri norbaitek eman zizkizun aholkuak?

Bai, bai. Gu txikiak ginenean, egia esan, gure nolabaiteko mitoak edo herrikoak, bertakoak ziren, Zarautzen jokatzen zutenak. Zerbait esaten zizutenean, ostra, hura kontuan edukitzekoa zen.

Eta gero, norbaitek eman al dizu aholkurik zure kirol bizitzan?

Noski. Hori entrenatzaileen lana da; batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Hasieran, behintzat, aurreneko urteetan, zu hasten zaren moduan entrenatzaileak apuntatu behar dizkizu korrekzio batzuk, arnasketa egiteko ariketak eta abar. Gero, egia esan, urteak daramazkizula jokoan, entrenatzaileek berek ikusten badute ondo egiten duzula lan, atezaina lagatzen dute nahikoa lasai. Nire kasuan, behintzat, behin maila batera heldu nintzenez geroztik konfidantza ipini zuten nigan eta nire kontura ibili nintzen. Dena den, kirolari baten bizitza arriskuz betea egoten da eta gauza ona da fidantzazko aholkulariak hurbilean edukitzea. Areago, gaur bizitzak duen erritmoa kontuan edukita.

Euskal Herriko futbol hauteslea zara... Eta hor ari gara aspalditik inoiz gauzatuko ote den gure zorioneko futbol selekzio hori. Nik ez dakit bide malkartsu horretatik guk geure buruari ez ote geniokeen hobeto erakutsiko hasiko bagina gurea erabat den kirol batekin. Futbolean bai, baina ene ustez hor daukagu lehenago euskal pilota. Zergatik ez gara hasten horretatik?

Galdera hori neuk ere nire buruari egiten diot, zeren hor ikusten da nolabait zein zaila dagoen nazioarteko zirkuituetan sartzea lortzea. Euskal pilota bera, jatorriz eta mundu guztian ezaguna den joko bat da, eta geurea, eta ez digute aukerarik ematen euskal selekzio gisa munduan zehar jokatzeko... Horrela bada euskal pilotarekin, beste kiroletan zer gertatuko da? Hori benetan galdera zorrotza da. Eta nik ez daukat erantzunik

Ez dut esaten, inondik ere, utzi behar denik ate horretara jotzen, nazioartekotasuna lortu ahal izateko. Baina maila hori ez badugu eskuratzen... Zer? Etsipenean erori behar al dugu? Ez al da, azkenean, kirol hutsa?

Bai, zalantzarik gabe. Kirol egiten jarraitu behar da eta ofiziala izan edo ez baina, bakoitza bere tresnarekin eta ahal duen neurrian, aurrera egin behar dugu.

Kirolak beste sentimendu batzuk estaltzen ditu nazioartekotasunaren lasterketa horietan ari garenean. Denok dakigu zer dagoen mugimendu horren atzean, noski. Baina, hainbeste urte eman ondoren, ba al duzu bibrazio onik? Jorratzen al dira behar bezala euskal kirolari nazioartekotasunaren ofizialtasuna eskaini ahal izateko beharrezkoak diren bideak?

Nik uste dut zaila dela, oso, tema hori. Beti esaten diot neure buruari gauzak askoz ere naturalagoak edo normalagoak izan beharko liratekeela, azken finean futbola futbola da, eta maneiatzen dutenak entitate pribatuak dira. UEFA, FIFA eta erakunde horiek denak pribatuak ditugu. Normalena izan beharko luke: nik asmoa daukat zuen erakundean parte hartzeko. Eta eskabidea egiten dut, beste edozein erakunde pribatutan egiten den moduan. Baldin eta mahai gainean zure ahalmena jartzen baduzu, ezinbesteko tresnekin, eta erakundeak bere bazkideei exigitu behar dizkienak betetzen badituzu.... Ateak libre eduki beharko zenituzkeela dirudi, ezta? Ba ez! Bide ofizialetik joan behar duzu eta gure kasuan Espainiako Federazioaren baimena behar da... Hori guztia ulertezina egiten da, ezta? Azkenean, hor sartzen dena borondatea da, guk nazioarteko statusa erdiets dezagun espainiar agintariengan ez dagoen borondate politikoa. Baina bidea, zuk esan duzunari erantzunez, zenbait arlotan burutu egin da. Joan da erakundeetara, baina alperrik. Guk hala nahi izan arren, erantzuna ezezkoa gertatu da.

Ezagutuko zenuen Alfredo Etxabe, ezta?

Bai, noski.

Alfredo Etxabek Sanbo Nazioarteko Federazioan lortu zuen, 1980 inguruan, Euskal Herriko Federazioa sartzea. Dakizun bezala borroka mota bat da eta munduko txapelketa ekarri zuen Gasteizera. Espainiar gobernuak txapelketa eragozteko guardia zibilak bidali zituen norgehiagoketak egiten ari ziren polikiroldegira. Sartu ziren eta armekin eragotzi zuten txapelketa burutzea. Gertatu zen handik zenbait hilabetetara beste gauza bitxi bat: Espainiako futbol selekzioa jokatzen ari zen ez dakit zein txapelketako partizipazioa, Eskoziaren kontra. Espainiar gizartea dardaran zegoen, irabazi behar zuen partidua gaindituko ote zuen. Komunikabideak ere urduri ikusten ziren: espainiar ohorea arriskuan zegoen. Eta gai hori hartuta artikulu bat idatzi nuen, espainiarrei euren klasifikaziorako formula eskainiz, Gasteizko sanbo txapelketa gogoraraziz: bidal itzazue guardia zibilak eta eragotzi Espainia-Eskozia partidua! Nik dakidanez, Eskozia ez da estatu, ezta? Beraz, eskoziar futbolariak atxilotu eta kito! Zuk aipatu duzun moduan, zuzenbide pribatua da Nazioarteko Federazioak arautzen dituena. Ez gara gauza izan eragozpenak, langak gainetik igarotzeko. Eta galderak datozkit. Ez al ditugu munduan behar bezalako lobbyak horretarako? Non dago euskal diaspora, pilotaren kasuan?

Presio gehiago egin beharko genuke, baina hain zuzen testuinguru internazionalean. Eta horretarako gutxi eta sakabanatuak garela uste dut. Ez da batere samurra. Azken finean, politikoki ere legez hartuta dago erabakia hemen, euskal parlamentuan. Ofizialki jokatzeko bideak ireki zituen legebiltzarrak. Euskal kirol legeak ere ematen du aukera hori. Estatutuak garbi adierazten du eskubide hori. Baina gero, makineria bideratzeko orduan baimena beti goitik behar da eta borondaterik ez dagoenez gero ez da lortzen... Zerbait ez dabilela ongi garbi dago. Euskal diasporak apur bat gehiago egin zezakeen ere pilotan... Baina lur irristakorretan sartzen ari garela uste dut...

Zeinek lortuko du lehenago? Kataluniak? Euskadik?

Agian biak batera joango dira. Uste dut nahiko eskutik joan gintezkeela... Kataluniak beste kirol mota batzuk baditu, bereagoak. Horra hor, hockeya, adibidez. Eduki dute aukeran baina atzera bota dute nazioarteko federazioan, eta hor dabiltza eztabaida horretan.

Gatozen futbolera berriro eta konpromezutan ipiniko zaitut. Emango al zenizkidake zuk ezagututako hamaika euskal jokalariren izenak, zure talde ideala osatzeko? Zu hautesle zara eta ausartuko zara, nonbait...

Zerrenda askoz ere handiagoa da hamaika baino eta ez nuke nahi... Ez nuke inor mindu nahi...

Ez zara bustitzen... ?

Ez, ez nuke inorekin ahaztu nahi, eta inor edo inor ahaztu egin dezaket eta ez dut gura. Asko dira. Nik hamazazpi urtean jokatu izandu dut eta gero orain ere barruan nago hautatzaile bezala. Beraz, oso zerrenda handiak dauzkat eta postu bakoitzean ere atera litezke bi edo hiru jokalari, oso maila handikoak. Zalantzarik gabe, futbol zale den bakoitzak baditu bere gustukoak, ezta? Nik beraiei, zaletu horiei lagako nieke aukeraketa egiten, horiek asko dakite, agian nik baino euren gainean presio gutxiago dute eta ziur asmatuko luketela.

Paso egin diozu, beraz, nire eskariari. Bederen, beste kiroletan, zeintzuk izan dira Euskal Herrian puntakoak?

Euskal Herrikoak? Txirrindularitzan Indurain, ez dago zalantzarik. Marino Lejarreta ere oso gustukoa izan dut. Futbolean atezain bezala, Zubizarreta oso atsegin nuen, Arkonada ere bai. Euskal pilotan Retegi, eta orain Aimar Olaizolaren oso zalea naiz...

Arraunean?

Zarautzek oso traineru gutxi atera ditu. Oriokoa izan naiz. Badut osaba bat oriotarra dena, arraunean egiten zuena eta bere semea ere bai. Orio izan dut beti gogoan. Orain pixka bat out nago, baina ziur egon direla nire garaiko kirolari oso ospetsuak eta onak.

Nik berriz aitortu behar dizut, zu izan zinela nire faboritoa, baina hori ez da batere originala, garai hartan denok ginelako Iribar zaleak, ezta? Zelako hirukotea! Zamora alde batetik, gero Yashin eta azkenik Iribar. Horiek ziren guk genituen erreferenteak futbolean...

Urte asko pasa dira...

Ezagutu zenituen bai bata eta bai bestea. Nolakoak ziren pertsonaia horiek?

Niretzat oso jatorrak. Ni gazteagoa nintzen baina beraiekin egon nintzen guztietan oso harrera ona izan zuten nirekiko, oso ondo jarri ninduten. Goxo-goxo hartu nindutela esango nuke eta nik beti asko eskertu dut jarrera hori. Beren garaietan atezain onenak izan ziren biak, eta nirekiko erakutsitako jarrera gogoan izan dut beti. Oraindik jokatzen ari nintzela, aktiboan, udako torneo bat aprobetxatuz egin zidaten omenaldi xume batean parte hartu zuten biek. Eta benetan eskertu nuen detailea. Niretzat ohore izugarria izan zen bi atezain horiek nire ondoan edukitzea... Bai kirolari bezala eta baita pertsona bezala ere estimatzen nituen.

Goi mailako beste atezainik, zure mirespena izan dutenak?

Bai, pilo bat gustatu izan zait nire garaian Gordon Banks, Ingalaterrako atezain ospetsua. Oso ona zen. Gero asko izan dira goi mailakoak: Municheko Bayerneko Sepp Maier alemana, Manchester Uniteden urte askoan jokatu zuen Peter Schemeichel daniarra, Juventuseko Dino Zoff italiarra. Gero, hemen, nire atzetik etorri direnak, bai Zubizarreta eta bai Arkonada. Lehen aipatu dizudan bezala, asko mirestu ditut biak. Iruditzen zait goi-goi mailakoak izan direla, mundu osoan baloratuak eta oso atezain ederrak. Eta orain bada atezain bat, oso modan dagoena, eta nire gustuko dena, Iker Casillas.

Eta zergatik ez da sortzen atezain euskaldun gehiago azken honetan?

Ba, galdera interesgarria da. Nik uste dut atezain onak badirela, baina lehen zenbakia eraman lezakeen inor ez dago momentu honetan. Baditugu onak. Horra hor, adibidez, Almunia, Arsenalen jokatzen ari dena. Maila handiko atezain egin da; kosta egin zaio pixka bat, beranduxeago atera da baina hortxe dago. Athleticen daukagun Gorka Iraizoz ere puntakoa da; zoritxarrez lesionatu egin zaigu baina asko eman dezakeen atezaina da, euskal futboleko izar izatera hel daitekeena.

Gertatzen dena zera da, hemen beti baloratu dela atezainaren jokoa. Agian lan gehiago egiten genuen; hasi hondartzatik eta poliki-poliki goraino heltzen ginen. Beste lurraldeetan, beharbada, gutxiago baloratzen zen atezainaren jokoa eta lan gutxiago egiten zuten beraiekin. Horrek abantaila bat ematen zigun. Europan zehar ere, lehen ikusten nituen atezain eslaboak, norvegiarrak, suediarrak, holandesak ere, zerbait falta zitzaien lantzeko. Orain horiek, gu lehen bezala hasi direnetik murriztu egin dute gure lehengo abantaila. Azkeneko urteetan lan espezifikoa egiten dute atezainekin, eta maila berdindu egin da gurearekin alderatuta.

Orduan gu ez gara mailan jaitsi baizik...

...besteak igo egin dira.

Lehen esaten zen pilotan jokatzen zenutelako zela...

Asko lagundu du. Pilotak badauzka berezitasun batzuk. Agian kirol guztiek daukate zerikusia futbolean behar den jokaerarekin baina pilotak ematen du izugarrizko abantaila. Gaztetatik hasita, kolokatzeko eran, oreka bilatzeko eran, atze-aurrera, ezker-eskubi ibiltzeko eran, erreflexu eran, intuizioa behar da. Pilotan ondo jokatzeko trebezia horiek guztiak behar dira eta gero horiek futbolera orientatu daitezke; agian tenisean bezala, bai; badira joko batzuk aukera hori daukatenak. Eta nik ere pilotan egin nuen, gure adineko guztiek bezala.

Baina lehengo galderarekin jarraikiz, hots, lehen bezain atezain onik zergatik ez den sortzen, erantzuna zabalagoa eman nahi nuke. Guk txiki-txikitatik bizi izan genuen egoerak, bizimodua, ez zuen zerikusirik izan gaur gazteek bizi dutenarekin. Horrek esan nahi handia dauka, gaztetan nola hazi zaren, gerora zure bizitza osoan eragin nabaria duelako. Eta kirolean ere argi eta garbi dago. Nolabait esatearren, geure burua geuk hazi eta hezi egin genuen kirolean, eta oraingo gazteek agian dena daukate eskuan; gehiegi eman diegu eta hori ere nabaritzen da.

Gainezka daude?

Bai, gainezka, eta gu berriz goseak geunden, nolabait esatearren, ezta? Eta horrek kirola egiteko eta pixka bat zure progresioari eman behar zaiona emateko inportantea da. Orain dena mutxikatua eskaintzen zaio jokalariari, eta horregatik gutxi lantzen du burua. Eta kirolari ona izateko imaginazio asko behar da; irudimena gazte-gaztetatik erabili behar da.

Horrek, gainera, badu proiekzioa beste arlo guztietara, izan ere gazteari dena ematen bazaio ez du irudimenik lantzen.

Nik ez daukat zalantzarik beste esparru askotara trasladatu litekeela. Guri dagokigunez, futbolarioi, ariketa fisikoaren aldetik, psikomotrizitatearen koordinazio ahalmenaren aldetik egundoko abantaila izan genuen nire denboran. Guk, zortzi urtera arte, ez dakit zenbat kilometro egingo genituen, zenbat zuhaitzera igo, mendian gora mendian behera ibili, eta hori eramaten baduzu oraingo gazteengana... Zer aurkitzen duzu? Eserita daude, zenbat ordu eserita!, beren joko elektroniko horiekin arreta auskalo non jarria,. Eta horixe da daukaguna. Eskailera batzuk igotzeko ere ez daukate gaitasunik, erraztasun guztiak izan dituzte eta. Alderdi horretatik atzeratuta datoz.

Horrek esan nahi du lurralde behartsuetatik datozen kirolariak hobeak direla...

Abantaila handia daukate, trebezia. Nik garbi daukat, aurreneko urteetan ume bati pilota bat eman behar zaiola, joko mota pila baitira pilotarekin egitekoak, baina aire librean. Nork bere burua inbestigatuz, eta hor ez duzu maisu handirik behar, nor bere lagunekin jolasten trebatu behar da. Horrela bakoitzak bere aukeraketak egiten ditu eta disfrutatu egiten du, gainera. Eta hori oraingo gazteei ez diegu eskaini. Guregana datozen jokalari gazte asko deskoordinatuta daude beren motrizitatean, 9, 10, 11 urterekin, eta hori penagarria da. Zer dela eta hain adimen gutxi futbolean? Sustraietatik dator arazoa: ez ditugu gure umeak beharrean hazi eta hezi. Afrikatik datozen jokalari horiek, aitzitik, argi eta garbi erakusten dute beste indar bat daukatela, beste jarrera bat, beste koordinazio bat ...

Orduan, horretan behintzat beherakadan goaz, ezta?

Hor bai. Gero, hori zuzendu nahi izaten da teknologiarekin, entrenamendu espezifikoekin. Baina berandu da, lehenago ikasi behar baituzu on-ona izateko, lehen mailakoa izateko.

Errealitate horrek Athleticen filosofiaren kontra jotzen du...

Bai, hemen zementoa dago eta. Eta igartzen da. Orain hartzen dituzun mutil askok ez dituzte erakusten, gure garaiko baldintza fisikoak, ezta urrik ere! Gauza batzuk ondo egiten dituzte, baina deskoordinazio falta izugarria dute. Fisikoki ez dute ematen, adinarengatik eman behar zuten neurria. Gero oso fragilak dira, arazo bat topatzen dutenean... hanka egiten dute segituan. Orain psikologo pila bat behar da, gazteen konportamendua pixka bat bideratzeko eta autoestimuan irabaz dezaten.

Epe motzean oso zaila da joera hori aldatzea eta gainera aldaketa atzerapausutzat joko ez ote genukeelakoan nago.... Garapenaren alderdi negatiboa da...

Dudarik gabe... eta zaila daukagu, bai jauna.

Gorago aipatu dugu Lev Yashin eta nik ezin dut argitu gabe utzi, bera “Armiarma Beltza” bezala ezagutu genuela eta zu beti beltzez jantzita ateratzen zinela. Ez al zen izango hark zugan zuen eraginarengatik?

Orduan ohitura normala zen atezaina beltzez edo kolore ilunez jokatzea. Ni ere hona etorri nintzenean Carmelo beltzez ibiltzen zen. Horregatik Athleticen sartu nintzenean atezainaren elastiko ofiziala horixe zen. Gero, nahi baduzu, nik kolorea nire egin nuen, oso gustura sentitzen bainintzen margo horrekin, eta agian ere –zergatik ez?– “Armiarma Beltza”k erabiltzen zuelako. Eredu bat edukitzea normala izaten da. Ez dut esaten ona edo txarra denik, baina gauza horietan ere izaten da halako konplizitate bat, norbait nolabait imitatu nahia. Kirol munduan ere berdina gertatzen da eta ni, beti beltzez, oso eroso eta jantzia sentitzen nintzen.

Athleticekin partidu gehien jokatu duena, oker ez banago, zu zara: 450 inguru...

Horiek Ligakoak dira. Denera, txapelketa desberdinetan, 614 ditut.

Izango dira momenturik goxoenak eta beltzak...

Horiek gogoan edukitzen dira. Goxoena, lehenenik, Athleticen fitxatu nuenean. Hori amets bat betetzea izan zen, baina amets izugarria! Gero, txapelketaren bat irabazten duzunean. Nire lehenengo Kopa ekarri genuenean eta hemen Bilbon, Bizkaian, Euskal Herrian zer harrera egin ziguten ikusita, bete-bete eginda geratu nintzen, oso pozik, oso harro. Ikusten zenuen parte bat zinela herriaren, gizartearen bizitzan eta horrek zorioneko sentsazioa ematen dizu. Momentu horiek dira onenak normalean, bizitzaren beste arlo askotan bezala. Garaipena eta maitatua izatearen sentimendua.

Eta beltzak?

Txarrenak, agian, UEFAko Txapelketaren finalera ailegatu eta irabaztea lortu ez genuenean, eta gainera merezi izanda. Bilbon bertan gertatu zen, San Mamesen, 1977an, eta Juventusi 2-1 irabazi genion arren... Beste atean lehen aipatu dizudan Zoff handia zegoen! Hura izan zen momentu txar bat, eta gainera urte bereko Errege Kopa Txapelketa Betisen aurka galdu egin genuen, hogei penalty jaurtiketa egin behar izan genituen final famoso hartan. Zoritxarrez gauzak ez ziren ondo atera. Horiek izan ziren kirolaren aldetik momenturik txarrenak. Athleticen behintzat hori izan zen. Gero, Espainiako selekzioan jokatzen nuenean, 1964an Europako Kopa Txapelketa irabazi genuen... Eta kirola aldetik oso goxoa izan zen.

Zorioneko golarekin...

Bai Marcelinoren golarekin, Yashini gainera, Errusiako atezainari. Horiek dira kirol aldeko unerik aipagarrienak.

Espainiako partidu hura Madrilen izan zen, Francorekin palkoan...

Bai, Madrilen, 1964an, Francok presiditzen zuen. Eta Chamartin bete-bete eginda zegoen, izugarrizko giroarekin.

Zu 1964an nazio heroia izan zinen espainiarrentzat. Azken partidu internazionala 1976ko apirilean jokatu zenuen. Eta urte bereko abenduaren 5ean euskal ikurrina atera zenuen Atotxa futbol zelaian, Real Sociedaden kontrako partiduan eta bat-batean espainiar gorrotoaren jomuga bihurtu zinen... Ez zinen itzuli, noski, espainiar selekziora...

Ez ninduten gehiago deitu.

Zer sentitu zenuen, Kortabarriarekin batera ikurrin hura ateratzean?

Emozio izugarria eta poza zaletuen harrera ikusi eta entzunda.

Lehen aitortu duzu zure begikoak zirela Arkonada eta Zubizarreta. Arkonadari kantatzen zitzaion: “No pasa nada, tenemos a Arkonada”, eta Jose Angel Iribarri beste hau: “Iribar, Iribar es cojonudo, como Iribar no hay ninguno”... Zer sentitzen da berrogei mila pertsonari hori entzuten zaionean?

Dardara batek hartzen zaitu. Noski, ondo jokatzen ari zarenean botatzen badizute ederto dator, baina jokaldi batean fin ibili ez zarelako egiten badute,... ez da berdina izaten. Uneko gorabeheren araberakoa izaten zen. Nik, ordea, beti hartu nuen animo kanta bezala. Gainera beti pentsatzen nuen abestiaren eragin hori taldearentzat ere bideratu behar nuela, denentzat positibo gerta zedin, azken finean futbola talde jokoa baita, eta horretan oinarritu behar dugu.

Hasieran komentatu duzu talderik gehienak elkarte anonimoak direla Athletic ezik. Gainera bere berezitasuna euskaldun izatea da, jokalariek Euskal Herrikoak izan behar dutela, alegia. Noiz arte eutsi ahal izango zaio modelo horri?

Nik uste dut bazkideek dutela hor hitz garrantzitsua..., baina baita gizarteak ere, eta gero eta gehiago, azken finean Athletic klubean gizartea ikusten da oso inplikatua. Orduan, bada, beraiek dute azken hitza, eta erabakia ere hartu behar den garaian hartu behar bada, modelo aldaketa edo... bazkideek eta gizarteak esango dute. Modelo horrekin, filosofia horrekin jarraitzearen aldekoa naiz, nahiz eta zailtasun guztien gainetik izan beharko den. Pentsatzen dut oraingo jokamoldearekin zaleari balio bat ematen diogula. Balio hori jaiero, igandero ikusten da harmailetan, zalearen eta ikusleriaren erantzunarekin. Oso hunkigarria da, nahiz eta bere kostua duen, guk hemengo zumeekin egiten baitugu otarrea.

Bai, kostu ekonomikoa ere halakoa izango da, ezta? Gainera, apustu egin da filosofia horren alde, harrobiaren alde. Eta beste norbaitek eraman diezazuke zure esfortzuaren fruitua... Erdaraz esaten den moduan, “cantera o cartera”. Eta ikusten ari gara zer gertatzen ari den...

Bai, bai. Nahiz eta futbola dagoen moduan egon, pentsatu behar da cantera eta cartera biak batera garatu behar direla. Asko inbertitu behar da. Inbertsioa da canterarekin egin behar dena eta etekinak atera behar zaizkio. Etekin horiek garaian garaikoak izaten dira. Kirolaria ez da ateratzen torlojuak bezala, beti berdinak, baina egoten dira urte onak, uzta onak ematen dituztenak, eta horiek dakarte indarra berriro ere suspertzeko eta emaitza onak lortzeko. Horixe da nire modeloa.

Euskal gizartea dagoen bezala ikusita, zatikatuta, eta elkarri ezin begira askotan, zerk biltzen gaitu gehien euskaldunak, Athleticek edo Gernikako Arbolak?

Galdera horrek badauka, e? Biek biltzen dute asko, baina Gernikako Arbola gehiago izango dela uste dut, gehiagotara ailegatzen dela. Gainera iruditzen zait puntu bat serioagoa dela Gernikako Arbola. Egia da Athleticek oso berezitasun on bat daukala, proiektu baten barruan ideologia desberdineko jendea biltzen duela, alegia. Proiektu horren barruan ez du multzo bakar batek edo ideologia bakar batek agintzen, baizik eta osotasunean desberdinak dira ideologiak, eta horrek aberastasun handia dauka. Eta gauden egoera honetan balio handikoa da berezitasun hori. Urte asko ez dela argazki batean Bilboko udaletxeko politiko guztiak elkartuta ipini genituen. Hori aberastasuna da eta horretara begiratu beharko genuke gizartean ere.

Duela hogeita hamar bat urte Gernikako Arbolara ere bildu ziren batera espektro politiko osoko politikoak... baina argazkirako gaur San Mameseko palkoan denak batera Gernikan baino askoz errazago bilduko liratekeelakoan nago...

Athleticen 110. urteurrena balira edota jaietan, agian bai, errazagoa.

Berriro jaioko bazina izango al zinateke izan zarena? Nik gustukoa izan dut izan naizena. Nik uste dut, orain dakidana jakinda, futbolean gauzak hobeto egiteko gai izango nintzatekeela... eta bizitzan ere bai. Jose Angel Iribar (Zarautz, 1943) Jose Angel Iribar futbolari eta entrenatzailea Zarautzen (Gipuzkoa) jaio zen, 1943ko martxoaren 1ean. Atezain jokatu zuen eta bere taldeak honako hauek izan ziren: Salleko, Zarautz, Baskonia eta Athletic Club. Horrez gain, Euskal Herriko selekzioaren entrenatzailea ere izan da. Gazte-gaztetatik aritu zen Athleticen beheko kategorietako taldeetan, harik eta 1962. urtean lehen taldera heldu arte. Lehen mailako aurreneko partida 1962ko irailaren 23an jokatu zuen eta Malaga-Athletic taldeen arteko norgehiagoka izan zen. 1969-70 denboraldian Zamora Saria lortu zuen, 30 partidatan 20 gol soilik jasota. Guztira 466 partida jokatu ditu lehen mailan. Horrenbestez, Athleticen historian partida gehien jokatu duen futbolaria izan da. 1980an jokalari izateari utzi eta taldearen beheko kategorietako taldeak entrenatzen hasi zen. Bilbao Athleticen entrenatzailea zela, bigarren mailako bigarren postua lortu zuen 1983-84 denboraldian. Ondoren, 1986-87an, Athleticen lehen taldeko entrenatzailea izan zen. Espainiako selekzioarekin 49 aldiz jokatu du nazioarteko taldeen aurka. Haietatik, lehenengoa 1964ko apirilaren 8an izan zen, Irlandaren aurkako partida batean. Nazioarteko azken partida, berriz, 1976ko apirilaren 24an jokatu zuen, Alemania Federalaren aurka. 1964ko Europako txapelketan Espainiako selekzioaren atezaina izan zen eta, orduko hartan, espainiar selekzioa txapelduna izan zen.