444 Zenbakia 2008-06-13 / 2008-06-20

Elkarrizketa

Txema Muñoz. Kimuak-eko zuzendaria: Askoz ere interesgarriagoa da film labur bat euskaraz filmatzea ingelesez baino

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Kimuak-ek 10 urte bete ditu, eta programa horri buruz zerbait gehiago jakiteko zuzendariarekin, Txema Muñozekin, hitz egin dugu. Berak Kimuak-en zerizana helarazi digu.

Zer egiten du “zu bezalako mutil batek horrelako proiektu batean?”

Psikologia ikasi nuen lanbide horretan jarduteko asmoz, baina denborak aurrera egin ahala kultura-mundua gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. 1981ean (aspaldiko “pertsona handiek” gogoratuko dute) King Kong Zinema-talde iraultzailea osatu genuen Errenterian, eta hori dela-eta, klub hura Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen hazia da. Bertan topatu nuen, hain zuzen ere, José Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria. Hiru urtetan, zinema-ikusle hutsa baino “zerbait gehiago” izatera pasa nintzen. Ondoren, 90. hamarkadaren hasieran, kulturaren beste arlo batean hasi nintzen lanean, hots, testuak argitaratzen, eta lehen, zinema batzeko kultura, antzerki eta jaialdien Patronatua zeritzanean. Ondoren, bide beretik jarraitu eta 2001-2002an Kimuak-en hasi nintzen lanean, Kultura Patronatuan lehenbizi, eta gero, Zinematekan.

Zer da Kimuak?

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskal Zinematekaren programa publiko bat da, eta euskal film laburrak mundu osoan hedatzea du helburu nagusi. Hasiera-hasieratik proposatu zuten film laburrak nazioartean hedatzea.

Noiz eta nola sortu zen?

1998. urtean sortu zen. Lehen urteak zalantzez beteta egon ziren, baina 2001etik aurrera, arreta gehiago jarri zitzaion eta programa hazten hasi zen. Beraz, gaur egun, programa tinkoa da, eta film laburren egileen erreferentzia da nazioartean.

Beraz, munduko gainerako tokiek Kimuak-etik ateratzen denari arretaz begiratzen diote...

Baina ez horri bakarrik. Haientzat deigarria da ere hain leku, herrialde txiki batean herrialde askoz ere indartsuago eta antolatuagoetan ez dagoen zerbait egotea, haiek ez duten zerbait izatea. Pentsa Italian, Alemanian, Ingalaterran... Abuztuan Manchesterrera joateko gonbidapena bidali didate Kimuak zer den azaltzeko, interes handia baitute ereduan. Beraz, Kimuak erreferente da film laburren egileentzat eta erakundeentzat.

Nor izan daiteke Kimuak-eko kide?

Kimuak-en sartzeko hautaketa-irizpideetako bat bete behar da: zuzendaria Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetako batean bizitzea, edo film laburra EAEko enpresa batek ekoiztea; hau da, ekoizlea edo zuzendaria Euskadin erroldatuta egotea.

Eta Eusko Jaularitzak ekoizlea diruz laguntzen badu?

Ez dezagun gure burua engainatu, Madrilen dago ikus-entzunezkoen zentro nagusia, eta hemen ez dugu oraindik indar nahikorik ikus-entzunezkoen munduan lanean aritu nahi duenak lan profesional iraunkorrik izateko. Horregatik, badira Madrilen bizi eta enpresa han duten euskal ekoizleak, eta kasu horretan ezingo dute Kimuak-en sartu.

Orduan, norbaitek nahi balu Euskadiko helbideren batean erroldatu...

(Irribarre egin du). Beno, Kimuak-en sartu aurretik, ekoizleak edo zuzendariak gutxienez, bi urtez egon behar du Euskadin erroldatuta: bada Bilbon erroldatuta egon zenik ere Kimuak-en sartu ahal izateko. Horrelako gauzetan beti izango dira pikarokeriak, baina neuri ez zait guztiz gaizki iruditzen, Kimuak-en egoteko interes erreala dagoela adierazten baitu, eta horrek estrategiak taxutzen laguntzen digu... Lagun arteko liskar horietako bat da, odolik edo kontu txarrik gabekoa.

Kimuak-en aurkezten diren lanetan EAEko hiru lurraldeetako bat gailentzen al da?

Film labur gehienak Gipuzkoakoak edo Bizkaikoak dira, Arabakoak bakar batzuk; ez galdetu zergatik, baina beharbada, lurralde horretan ez dago hemen bezain zinema-tradizio garbirik. Donostiako eta Bilboko Kazetaritza Fakultateek Ikus-entzunezkoen eta Arte Ederren adarrak dituzte.

Lehen oztopoa gainditu ondoren, zein da hautagaiek eman beharreko hurrengo pausoa? Zenbat film labur aurkezten dituzte eta zenbat aukeratzen dituzue?

Azken bi urte hauetan, film laburren kopurua nahiz beste faktore batzuk asko hazi dira (15-20 film laburretik 40 baino gehiagora pasa gara 2007an eta 2008an).

“Oskarrek” erakarrita, beharbada...?

Bai, Oskarrek ere asko lagundu dute programa ikusterrazagoa egiten, noski! Hala ere, lehen esan dizudan bezala, film laburrak gehiago dira eta kalitate hobea dute. 2008an aurkeztutako film laburren batez besteko kalitatea 2005ekoena baino askoz ere hobea da.

Kalitateaz hitz egin dezagun, nola neur dezakegu film labur baten kalitatea?

Kimuak-en zer film labur sartzen diren erabakitzeko profesionalez osatutako epaimahai bat dugu, eta bertan hainbat erakundetako ordezkariak ditugu: euskal zinematekakoak, euskal produkzio-etxeen konpainietakoak, Donostiako Zinemaldikoak, Eusko Jaurlaritzakoak... Kimuak-eko epaimahaia nahikoa arriskatzen ari da, baina irizpidez. Horra hor azken urteetako emaitzak. Argi dago, film laburra ona eta motza (5 minutu irauten du) bada, ona izanik ere 25 minutu irauten duen beste batek baino aukera gehiago dituela.

Berbarik onena, laburrena?

(Irribarrez) Jakina. Baina egungo gauza da. Ez diot “txiste-film laburra” izan behar denik, nahiz eta garai batean ohikoa izan, denbora laburrean oso konplexua izan daitekeen ideia garatzea baizik.

Film laburra film luzearekiko dena al da ipuina eleberriarekiko?

Antzeko garapena, egitura konprimitua... izan dezakete, baina ezberdintasun asko daude, dudarik gabe. Bi komunikabide erabat ezberdinez hitz egiten ari gara, ez da gauza bera ipuin bat idaztea film labur bat egitearekiko edo eleberri bat idaztea film luze bat egiterekiko. Ipuina idazle batek idazten du, eta film laburra egiteko pertsona asko behar dira; hori da, nire ustez, alde nabarmenetako bat.

Zinea maite dutenek film laburrak ere maite al dituzte?

Nik uste bakoitzak bere gustuak dituela, baina Jaime Rosalesek Goya saria jasotzerakoan esandakoaren kontra nago erabat. Hark adierazi zuenez, film labur bat film luze batean konta ezin daitekeen “zerbait” da. Jaime Rosalesi 10 minutu irauten dituen “Gerra” film labur ikaragarria ikusaraziko nioke. Historia bera film luze batean kontatuta ikusi nahiko nuke nik! Film labur horren indar bizia eta kontatzeko abilezia duen film luze oso gutxi ikusi ditut nik bizitzan.

Non ikus daitezke film laburrak? Zer egin dezake film laburrak maite dituenak? Zer aretotara joan daiteke?

Gaur egun, Internet dugu, eta sarean topa daitezke egindako film labur ia guztiak, baina argi dago ez dela gauza bera sentitzen. Nire ustez, Interneteko eskaintza horri guztiari zinema-aretoetan aterako zaio etekina azkenean, gaur egun film luzeekin egiten den moduan. Gaur egun, film laburrak ikusteko jaialdietara joan beharra dago; izan ere, oso gutxitan ematen dituzte horrelako filmak merkataritza- aretoetan. Kultura-etxetan ere film laburrak eman ditzakete

Eta telebistan? Telebistek film laburrak babestu ohi dituzte, ezta?

Faltan botatzen dut film laburrak telebistan ikuste hori. Hurbilen ditugun telebista-kateetan, ETBn esaterako, film laburrak ematea ohiko bihurtzeko erronka dugu. Ez dut esan nahi ETBk film laburrak inoiz emititzen ez dituenik, hala egin duenean, haren berri eman ez duela eta gehienentzat ordutegi desegokian ipini duela baizik. ETBk film labur asko erosten ditu, baina ez ditu ongi baliatzen, ahal baino etekin gutxiago ateratzen die.

Nire ustez, gaur egun, estatu osoko ekoizpen onena dugu, eta hori dela-eta, euskal telebista publikoa animatu nahiko nuke film laburrei beren txokoa, saio zehatz bat (beste telebista-kate batzuetan hala dute) emateko aukera aztertzera. Proposamen bat da, ez kritika. Gure film laburrak kultura-produktuak dira, baina beren inguruan urrutira iristen diren egile gazte asko ere dabiltza; Nacho Vigalondo edo Borja Cobeaga esaterako, Oskarretan izan ziren, eta Luis Bermejok Kevin Costner zuzendu berri du.

Filma aukeratzeko garaian, zerikusirik al du horren hizkuntzak?

Hitzik gabeko film laburrak dira errazenak, Jaialdietan errazago ematen baitituzte, eta merkeagoa da haientzat, ez baitizkiete azpitituluak jarri behar. Eta film laburrei azpitituluak jartzen zaizkiela eta bikoizten ez direla kontuan hartuta, askoz ere interesgarriagoa da lana euskaraz filmatzea ingelesez baino. Horrela, zure filmari plus bat gehitzen ari zara; izan ere, estatuan nahiz nazioartean milaka urte dituen hizkuntza bat entzun dezakete, eta hori asko gustatzen zaie estatu batuarrei, alemaniarrei edo albacetetarrei.

Zer formatu eskatzen duzue filma aurkeztu ahal izateko?

Orain arte, azken formatua 35mm-koa izatea eskatzen ari gara.

Horrek diru asko eskatzen du...

Bai, baina gero Kimuak-ek aukeratzen bazaitu hark ondo konpentsatzen zaitu, kopiak, igorpenak, promozio-materiala... hori guztia guk ordaintzen baitugu. Filmaren zuzendariak edo ekoizleak hartzen du beti jaialdietan sarituen zerrendan egoteagatik lortutako dirua, filma emateko ordaintzen duten alokairu-saria...

Orduan, hori pagotxa Kimuak-en sartzea!

(Barrez) Nire ustez, bai.

10 urtetako balantzea: Hasieran zalantzez beteta egon zen programa, baina 2001etik aurrera gora egin zuen. Egunez egun, Kimuak-eko film laburrak gero eta leku gehiagotan ikusten dituzte, eta horiek hain ongi ekoitzita egoteak gure herrialde txiki hau nazioartean zabaltzen du.

Hurrengo 10 urteetarako aurreikuspenak: Lan asko geratzen da egiteke, eta ezin gara bertan gozo gelditu. Horrelakoak atzean geratzen dira, eta eguneroko lana oinarrizkoa da.

Zer film laburrek sorrarazi du zirrara gehien? Luis Alejandro Bermejo eta Jorge Doradoren “Gerra” filmak (2005). Oso ondo gogoratzen dut film laburra ikusi nuen lehen aldia, han ginen zortzi pertsonak harrituta geratu ginen, ikusi berri genuena sinetsi ezinda.

Konpondu gabeko arazoa: Film laburrak jendeari nola helarazi. Filmak ETBn, kultura-etxetan eta abarretan eman ditzaten saiatuko gara, eta lanak merke saltzeko formatu bat sortzen ahaleginduko gara... Film labur sorta bat lortu nahi dugu gutxienez, nahi duenak etxean noiznahi ikus dezan (baina oso prozesu konplexua da). Erakunde-oparia: Kimuak-eko film laburren sorta berezi bat lortu nahi duten erakundeek, Euskal Etxeak adibidez, gurekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar, eta guk poz-pozik bidaliko diegu. Txema Muñoz (Zeanuri, 1961) Lehen pertsonan: “Psikologian lizentziatua naiz EHUn, baina ez naiz inoiz lanbide horretan aritu. Nik, oro har, kultura-mundua nahiago izan dut beti, ikus-entzunezkoa bereziki, eta zinearena zehazki. 1990ean, Donostiako Kulturaren Udal Patronatuan hasi nintzen lanean; Nosferatu aldizkaria eta izen bereko zinema-zikloak sortzen eta abiarazten ere aritu nintzen. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean eta Giza Eskubideen Aldeko Zineman parte hartu dut, eta gainera, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin elkarlanean aritu naiz noiz edo noiz. Euskal Zinematekaren Kimuak saioko (euskal film laburrak hedatzen eta banatzen ditu) arduraduna naiz 2002tik. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren proiektu horrek 10 urte bete ditu aurten”.