443 Zenbakia 2008-06-06 / 2008-06-13

Elkarrizketa

Txema Auzmendi. Kazetaria eta jesuita: Pertsona besteekin harremanak izatean aurkituko duen sufrimendua konpartitzen ikasten badu, gero eta gizatiarragoa izango da

SALA, Teresa

Donostiako Garibai kalean dagoen Herri Irratian hartu gaitu, bertan egiten baitu lan kazetari gisa. Solasaldia eroso gertatuko dela antzematen da hasieratik, izan ere, Txema Auzmendi hitz egiteko prest azaldu da eta edozein gairi eusteko irekia. 2000. urtetik Loiolaetxean bizi da eta sei urtez bertako arduradun izan da. Loiolaetxea gizarteratzeko proiektua da, kartzelan egon diren edo gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzen diena. Bizimodu hobeago batekin amesten du jesuita ordiziarrak eta etorkizunean non egongo den jakin ez dakien arren, argi dauka euskal munduarekin harremanetan jarraituko duela. Egunkaria Sortzen herri ekimeneko bultzatzaileetako bat izan zen, eta behin proiektua gauzatu zenetik Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen, harik eta 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak itxi zuen arte. Atxilotu egin zuten, hogei egun egin zituen preso, eta 12.000 euroko bermea ordainduta aske utzi zuten. Orain epaiketaren zain dago. Bi auzitan dago inputatua. Sumario nagusiarengatik 14 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak, eta auzi ekonomikoarengatik 26 urtetik gorakoa, eta 32.891.150 euroko isuna.

Ia bederatzi urte daramatzazu Donostiako Loiolaetxean. Nola sortu zen ekimena?

Gaztez eta erlijiosoz osatutako talde bat espetxera joan zen bisitan, eta bertako kapilau Carmelo Bellosok Donostiako Intxaurrondo auzoan pisu bat ireki zuela ikusi zuten. Bigarren eta hirugarren graduan preso zeudenei hiru eguneko baimena ematen zieten batzuetan, baina beren arduradun bezala azalduko zen inor ez bazuten, espetxean gelditzen ziren. Hala, kapilauak ardura hori hartu eta preso horien arduradun bilakatu zen. Oso behar garrantzitsua zegoela ikusi zuen. Izan ere, zortzi edo hamar urte espetxean igaro dituen pertsona bat atera behar denean, oso egoera latzean aurkitzen da ez baldin badu ezer prestatu. Aurretik irteera batzuk egin ez baditu kale gorrian aurkitzen da, eta oso egoera larria suertatzen da. Aipatu taldean bazegoen jesuita bat eta honek esan zioan Bellosori bera prest egongo litzatekeela etxean laguntzeko. Jesuita hau Bilboko Gizakia Helburu (Proyecto Hombre) erakundeko zuzendari izan zen hamar urtez eta oso ongi ezagutzen zuen droga mundua, beraz, bere ekarria oso baliotsua izan zen. Espetxetik hiru egunez ateratzen ziren presoei etxean droga eta alkohola kontsumitzea debekatuta zutela esan zien. Hiru urtez iraun zuen etxe horrek, eta egunero joaten zen taldeko kideek espetxe barruan ematen diren portaerak errepikatu ez daitezen beste giro bat sortzen ahalegindu ziren. Hala, etxe handiago bat behar zela ikusi zuten, familia handiago bat barne hartuko lukeena. Gazte horiek prest zeuden elkarrekin bizitzeko. Jesuitak planteatu zidan eta baiezkoa bota nion, gure nagusiari ideia komentatu zion, modu harrigarrian baietza eman zion, etxe handi bat aurkitu zuen Donostian, eta aurrera egin zuten.

¿Oso sakona da Loiolaetxeak betetzen duen hutsunea?

Modu batean bai. Behar bat zegoen, eta dago, preso batzuk ez dute kanpora ateratzerik baldintzapeko askatasuna heldu baino lehen, inor ez dutelako etxean hartuko dituztenak. Gure etxeak gauza garrantzitsu bat zuen, ez zela jesuiten komunitatea, baizik eta komunitate mistoa. Pertsona laiko normalak zeuden, lanean ari zirenak eta elkarrekin bizi zirenak. Nolabait familia giroa sortzen ahalegindu ginen, horrelako utopia bat edo ideal bat zegoen, eta horrela sortu zen Loiolaetxea 2000. urtean.

Eta, zein momentutan aurkitzen da? Hasiera batean proposatu zenituzten helburuak lortu dituzuela esango zenuke?

Garrantzitsuena da etxeak behar bati erantzuten diola eta eskaintza bat egiten duela. Gizarteak orain arte eskaintzen ez zuen zerbitzua eskaintzen dugu. Behar bat dago gizartean, eta konpondu gabe dago oraindik. Etxea ez da apeta bat, hutsune garrantzitsu bat betetzen duelako. Gainera, komunitate mistoa da, eta horrek erakusten du posible dela beste modu batean bizitzea, zentzua duela. Gure asmoa ez da presoei bizitza konpontzea, baizik eta eskaintza bat egitea beren baimena gurekin eman dezaten. Gero, baldintzapeko askatasunean ateratzen badira eta gurekin jarraitu nahi badute, elkar ezagutzen dugu, eta idatzizko plangintza bat aurkezten digute, non etxean egingo duten egonaldia zertarako aprobetxatuko duten azaltzen duten. Modu honetan, autonomoak izateko prest daudenean etxetik alde egiten dute. Hasieran markatu genuen bide berbera jarraitzen dugula esango nuke, baina hainbat gauza onerako aldatu ditugu. Adibidez, hasieratik ez zegoen etxea emakumezkoak hartzeko pentsatuta. Batetik, espetxean preso dauden gehienak gizonezkoak direlako eta, bestetik, emakumezkoak gutxi izanda ere, gehienetan ateratzean askoz hobeto konpontzen direlako. Baina orain emakumezkoak ere hartzen ditugu.

Presoak soilik hartzen dituzue?

Hamar-hamabi plaza ditugu, eta, batzuetan bi edo hiru libre daudenean, Rais gobernuz kanpoko erakundearen bitartez beste motatako pertsonak etortzen zaizkigu. Beti dugu oheren bat libre, adin txikikoen zentrotik etorkin bat edo beste ere etorri izan da.

Horrelako egoerei aurre egiteko gizarteak eskaintzen dituen aukerak eskasak direla esango zenuke?

Zorionez, gizartean badaude sentsibilitate ezberdinak, eta erakundeak zenbait behar edo hutsune betetzera iritsi baino lehen, jendeak talde ezberdinak sortu ditu beharrei erantzun konkretuak emateko. Gero, instituzioek ardura har dezaten lan egitea beste gauza bat da. Gure erakundeak bost urte eman ditzake eta ondoren bere lanarekin amaitu. Argi dago oraindik konpondu gabe dagoen arazo bat dagoela. Guk badakigu kanpoko espetxeetan euskal preso sozialak daudela, eta inoiz ekarri izan dugu Asturiasetik, eta baita Burgosetik ere. Gure kabuz mugitu izan gara eta ez gaude horrek eskatzen duen lan guztia egiteko liberatuta. Lantaldea handitu bada ere, ez gara toki guztietara heltzen. Oraingoz, erakunde instituzionalik ez dago horrelako hutsunea betetzen duenik. Eskarmentuari esker detektatzen joan gara badirela pertsona batzuk osasun mentalarekin oso kaltetuta ateratzen direnak espetxetik. Gure etxean hilabete batzuk eman ondoren pertsona bat ez bada modu autonomoan bizitzeko gai, etxea kaltegarri bilakatzen zaio pertsona horri, beste batzuk aurrera ateratzen ari direlako. Eta egoera hori taldearentzat ere kaltegarria da. Jende asko oso egoera txarrean atera da espetxetik, guk Foru Aldundiari transmititu izan diogu horrelako pertsonekin ezin dugula lan egin eta bestelako irtenbide batzuk ere eskatu dizkiogu. Hala, duela gutxi hasi dira horrelako pertsonekin lan egiten duten pisuak irekitzen. Gure etxea ez da etxe terapeutiko bat, pertsona bat gaizki baldin badago, hondatzen ari dela ikusten baldin baduzu eta aurrera egin beharrean atzera egiten baldin badu, oztopo bilakatzen da azkenean. Horrelako kasu batzuk aurkitu izan ditugu, Foru Aldundiari aurkeztu dizkiogu, eta mugitzen hasi da.

Nola ikusten duzu herritarren kontzientzia? Jendea boluntarioki lan egiteko prest dago?

Zorionez, boluntarioki lan egiten duten pertsonak baditugu, gehienak 50 urte ingurukoak. Gurean lan egiteko heldutasun maila bat beharrezkoa dela esango nuke. Besteak beste, emakume alargun bat etortzen da noizean behin, Kutxan lan egiten duen gizonezko bat, minbizia duen beste gizon bat ere hurbiltzen zaigu noizbehinka, eta baita emakume erlijiosoen taldetxo bat ere. Gaur egun gure etxean hamar boluntario inguru izango ditugu, eta hori zoragarria da guk arnasa har dezagun. Guretzat bizitzak duen gauzarik garrantzitsuena konpartitzea da, eta hori galtzen bada proiektu honek bere zentzua galduko luke. Egin daiteke proiektu bat profesional batzuen bitartez presoen beharrei erantzuteko, baina hori ez litzateke gure proiektua izango. Gure proiektuak gure gizartea hobetu daitekeela pentsatzea suposatzen du, beste modu batean bizi gaitezkeela; hori da apustua eta horretan ari gara. Guztiak ez gara jesuitak eta horrek are ederrago egiten du ekimena.

Esparru orokorrago batean, hiritarrek kontzientzia soziala dutela esango zenuke? Eragin nahikoa duen pedagogia soziala aplikatzen dela uste duzu?

Nik uste dut erronka handia dagoela hor. Asmatuko balitz ikasketa garaian alor bat zaintzea, eta esatea zorionez gizarte honek gauza on asko dituela, baina baita zulo eta hutsune handiak ere... Hutsune horiek nolabait asetzen edo gure moduan betetzen joaten ez bagara, gizarteak eta herritarrek sufritu egingo dute. Hor badago lan bat egin beharra, baina ikastetxeetatik egin beharko litzateke, txikitatik. Edozein pertsona edozein egoeratan ikus dezake bere burua eta hori transmititzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Inor ez da libre, gaixotu gaitezke, lana galdu dezakegu, gure familia hautsi daiteke... Edonor pasa daiteke horrelako trantze gogor batetik, eta horren kontzientzia izatea, edozein pertsona zure antzekoa dela barneratzea premiazkoa da. Zentzu horretan, pedagogia soziala oso gaztetik hasi beharko litzateke, baina gaur egun ez da horrelakorik gertatzen. Duela gutxi Bruselan izan naiz gurearen antzeko proiektu bat ikusten. Gure etxean, gehienez bi urte eman dezakete pertsonek, eta Bruselako etxean badaude betirako bizitzen gelditzen direnak. Baina arazo larria daukate orain, izan ere, ekimenaren sortzaileak hiltzen hasi dira eta ez dute ordezkorik.

Gazteek gutxiago inplikatzen dira?

Gure aldetik, erantzukizun handiagoa duten pertsonak hurbildu zaizkigu, 50 edo 60 urte ingurukoak guztiak, esperientziadunak. Behar bada, zentzu horretan gure etxea ere berezia da, gurera zauri handiak dituzten pertsonak hurbiltzen direlako. Beraz, gure etxeak behar dituen boluntarioak ez dira gaztetxoak. Ez dut esaten ateak itxi behar direnik, baina bizitzan bestelako esperientzia bat beharrezkoa dela iruditzen zait, heldutasun bat, noizbehinka oso egoera latzak bizitzen ditugulako. Dena den, gazteak etortzea ez da txarra. Nik uste dut Euskal Herrian eta Mendebaldean horrelako arazo sozialez arduratzen den gaztedi zati bat dagoela, baina horrelakoak gero eta gutxiago direla esango nuke, eta hauek zaintzen ez baditugu, desagertu egingo dira. Arazoei aurre egiten gara pertsona eta helduago, eta gaizki aurre egiten badiegu, frustrazioak eta arazo psikologikoak sortzen dira. Arazoei aurre egiteko moduan asmatzen baldin badugu, ordea, hazi egingo gara, eta zentzu horretan ez dago pedagogia sozialik.

Gainera, gaur eguneko gizartea gero eta indibidualistagoa da, inpertsonalagoa.

Bai, hala da. Bakoitzak bere mundua dauka, bere etxean bere ordenagailuarekin. Internet oso ederra da, baina arriskua da mundu txiki horretan itotzea. Eta pertsona besteekin harremanak izatera ireki behar da, sufrimendua aurkituko du, baina sufrimendu hori konpartitzen ikasten badu gero eta gizatiarragoa izango da, eta gaur eguneko gizartea ez doa hortik. Zera esaten duen korronte bat da nagusi: Zuk ikasi, dirua irabazi eta horrela nahi duzuna erosi ahal izango duzu, modu honetan izango zara zoriontsu. Hori da mezua, oso barneratuta duguna. Sakrifizioak egingo ditugu hori lortu nahi dugulako. Baina galdera handi bat sortzen da hor: Modu honetan zer nolako pertsonak egiten ari gara? Zorionez, gizartean badira beste zerbait azpimarratzen duten pertsona eta taldeak, eta nik uste dut pedagogia sozialak hori hartu beharko lukeela, gizarteari berriz bueltatzeko. Esperientziak, ezagupenak dira garrantzitsuak eta horiek gabe gero eta pobreagoa, gero eta bakartiagoa izango da pertsona. Hori ez da nik amesten dudan gizartea, ez dut horrelako gizarterik nahi.

Duela urte batzuk Gipuzkoako Giza Eskubideen Saria jaso zenuen Foru Aldundiaren eskutik, zein zentzu aurkitzen diezu horrelako esker onei?

Horrelakoak onak dira eta momentu hartan, gainera, Egunkaria-ko afera zela eta oso pozgarria suertatu zitzaidan. Gipuzkoako ordezkaritza nagusitik horrelako sari bat jasotzea guztiz kontra zetorren Madrilen egin nahi edo egiten ari direnarekin. Dena den, gizartean eraginik ez duela esango nuke, momentuko gauza da eta gero desagertu egiten da. Duela hilabete batzuk Madrilen izan nintzen eta, kasualitatez, Zapatero eta Rajoyren arteko eztabaida ikusteko aukera izan nuen. Zera ikusi nuen, egia ez dela hemen garrantzitsua, show-a baizik. Eta sariek ere horri erantzuten diotela uste dut, ez dut mespretxuz esaten, baina arriskua dagoela argi dago. Hemen arazo sozialak ditugu, eta horiei nola aurre egin, zein diru ipini eta zer nolako jendea behar den erabakitzea premiazkoa da. Horrelako kontuak dira hemen garrantzitsuak. Oinarri sendoak jarri behar direla uste dut.

Brusela aipatu duzu lehen, atzerrian erreferenterik aurkitu izan duzu?

Berlinen jesuiten komunitate bat dago, presoak hartzen dituzte eta gu bezala bizi dira. Jakin badakit horrelako ekimenak badaudela, baina ni ez naiz inoiz liberatua egon beste lurralde batzuetara bidaiatzeko, irratian lan egiten dut, eta, gainera Loiolaetxea bizitza konpartitzea da. Ez da horretarako bizi baizik eta horiekin bizi eta konpartitu. Hori da niretzat inportanteena, eman dezakedan onena. Gainera, ni ez naiz profesionala. Gurea ez da etxe terapeutiko bat, eta zentzu horretan oso apalak izan behar gara. Proiektua handitzen joan da, aberasten eta konplikatzen aldi berean. Besteak beste, trantsizioko pisu batzuk ere abian jarri ditugu. Azken aldaketa honek arlo profesionalari komunitate bizitzari baino garrantzi handiagoa ematearen arriskua dauka, baina esperientziak erakutsiko digu.

Nolakoa da zure eguneroko bizitza? Nola konbinatzen dituzu Herri Irratiko lana eta etxeko kontuak?

Etxea eta lana guztiz banatuta ditut. Asteazkenero bilera bat egiten dugu etxean; bertan, etxeko gauzak antolatzen ditugu, eta sortzen diren arazoei irtenbidea aurkitzen saiatzen gara. Jesuita batzuentzat gogorra izango litzateke espazio guztiak konpartitzea. Guk elkarrekin egiten dugu dena, eta ni oso eroso sentitzen naiz, nahiz eta batzuetan tentsioak sortzen diren eta horrek bizitza arruntean ematen ez den desgaste bat dakar. Mistika edo erlijiosoa izan behar ez duen espiritualtasun bat edo heldutasuna beharrezkoak dira horrelako egoerak erre gabe eraman ahal izateko. Gazteentzat horrelako egoera latzei aurre egitea zailagoa da, eta egon badaude lan egin ezin duten helduek.

Etorkizunean Loiolaetxean jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Egia esan, gustura utziko nuke, nahiz eta ez dudan besterik gabe utziko. Sei urtez etxeko arduraduna izan ondoren, Manu Arrue jesuitak ordezkatu ninduen. Nik banekien bera ezberdina dela eta gauzak beste modu batean egingo zituela. Antzerako zerbait aurkitzea gustatuko litzaidake, baina euskal munduarekin zerikusia izan behar du. Badaukat zerbait buruan, eta planteatu ere egin dut, baina nolabait epaiketaren zain gaude, eta hori argitu bitartean ez naiz mugituko, edozein momentutan espetxera joan naitekeelako. Dena den, nahiago dut horrela bizi beste zerbait azaltzen ez den bitartean.

Zer eman dizu kazetaritzak? Aukera ederra gauza askotarako. Besteak beste, Euskal Herriko hainbat esparrutan sartzeko. Izan ere, Egunkarian sartzeko aukera izan nuen, eta baita Elkarri-ren sorreraren partaide izateko ere. Irratiak jende asko ezagutzeko bidea ireki dit, baina euskal munduan denbora gehiago emateko utziko nuke. Txema Auzmendi (Ordizia, 1949) Batxilergo ikasketak Ordizian hasi zituen eta 1962an Gijon-eko Lanbide Eskolara joan zen. 1964tik 1966ra Nafarroak Xabierren amaitu zuen batxilergoa. 1966tik 1968ra Donostiako Jesuiten ikastetxean ikas izuen eta 68an, 19 urte zituela, Jesulagundian sartu zen (1978an apaiztu zen). Ondoren, Filosofia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Teologian lizentziaduna egin zen Frankfurten (Alemania) 1978tik 1980ra. Doktoregoa egin zuen Deustun, eta bertan Roman Garateren laguntzailea izan zen 1980tik 1984ra. Urte bete eman zuen Mexikon eta 1985ean Azpeitiko Loyolara abiatu zuten, bertan hiru urte eman ondoren, 1988an Herri Irratian hasi zen lanean. Donostiako Altzako etxean 12 urte igaro ondoren Loiolaetxera mugitu zen.