442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06

KOSMOpolita

Iparretik Hegora...

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA



S Pobrezia Caracasen. an Frantzisko tristezia laino handi batean utzi eta Venezuelara airatu ginen, –arazorik gabe aldi honetan–, apirilaren 15ean.

Bagenekien aitzinetik hegora pasatzerakoan klima, ingurumena, jendea, euskal mundua eta beste hainbat ezaugarri aldatuko zirela; baina aitzinetik jakinik ere, errealitatearen parean izanez bakarrik ohartu ginen bakarrik iparra eta hegoaren artean dagon zuloaren handitasunaz.

Caracasera hurbiltzerakoan, txabolak eta kutsadura agerian daude berotasun handi batean. Baina, leku guzietan gertatzen den bezala, kontrastez beteak dira denak, eta jendea lasaitasun handian bizi dela ematen du, presarik gabe sekulan, autoan daudenean salbu: eroak bezala gidatzen dute.

Eta euskal jendea! Non dago hortaz! Txaboletan? Seguru ezetz! Edo gehiengoa bederen. Hemen ere, euskaldunek lortu dute haien lekua egitea. Halere, laster ohartu ginen euskaldunak ez zeudela Euskal Etxeetan bakarrik eta urrunago bilatu beharko genituela, batez ere Venezuelako Euskal Etxeen egoera kezkagarriaz konturatuta.

Lehenik, beharrezkoa da kontestu historiko bat planteatzea hobekiago ulertzeko gaur egun agertzen diren zailtasunak. Venezuelarantz izan diren euskaldunen migrazioak hiru taldetan bana ditzakegumanera orokorrez: bizi berri baten hastera etorri direnak lehen migrazio batean; frankismoa ihesi dutenena (Espainiako gerla zibilaren inguruan kokatzen dena); eta azkenik, 80. hamarkadan beharturik etorritakoena, Euskal Herrian dagon gatazka politikoagatik.

Caracaseko Euskal Etxea. Migrazio ezberdin horiek, arrazoi ezberdinetakoak izanki, eta politikoak hein batean, ez dute lagundu euskal mundua elkartzen eta gaur egun zailtasun horien arrastoak nabaritzen dira.

Baina kezkagarriena, Euskal Etxeen heriotza isila da gure iduriko. Noski, Caracaseko Euskal Etxean begirada batez itzulia eginez geroz, pozten ahal ginateke bere handitasunaz eta dauden animatzeko tresnen aberastasunetaz: ezker pareta handia, igerilekua, jatetxea (aktibitatean gehiago ez dena), bulego handiak ala haurrentzat jokoak. Alta, itxura elegante honek ahuleziak gordetzen ditu maila anitzetan. Adibide gisa, jakin behar da nehor ez dela ibiltzen Euskal Etxean astean zehar eta itxoin behar dela ostiral gaua, lauzpabost pertsonako multzo bat ikusteko.

Larunbat eta igandetan ibiltzen da jende gehien, baina lagun arteko pilota partidak alde batera utzita, ohartzen gara jendea igerilekuan murgiltzera etortzen dela: eta nola ez ba, dagon beroarekin! Ohar honekin azpimarratu nahi duguna euskal kulturaren ezaugarrien galtzea da. Hamar urtez izugarrizko abiaduran alde txarrerantz aldatu dira gauzak. Potreta edertzeko une batean, erran dezakegu jendea dagola, bazkariak egiten direla eta haur txiki anitz dagoela gurasoen inguruan. Baina zer perspektiba daukate geroari begira? Egia erran, gaur egun, gurasoen heziketari emana zaio euskal kulturaren transmisioaren pisu guztia. Bai, Euskal Etxe bat badago euskal jendearen biltzeko; baina euskal kulturaren mantentzeko baliabideak desagertzera doaz.

Gaizka Burgaña, 37 urteko gaztea, irakurketa honen aparteko lekukoa izan da. Noski, aurkezten ahal zigun Euskal Etxea edertuz, baina zintzoki erran zizkigun gauzak. Azken honek esplikatu zigun bere iduriko, nahiz eta azpimarratu Euskal Etxeko bulegoak egindako indarrak, Euskal Etxean euskal kultura hiltzera doala. Jendea guttiago heldu da eta Euskal Herritik heldu den laguntza ez da haien beharren araberakoa. Hala nola esplikatu zuen Euskal gobernuak diru-laguntza handia ematen zuela: igerilekua, monumentuak eta ezker paretaren eraikitzeko, adibidez. Baina horren ondoan, euskal kulturaren biziarazteko baliabideak ez dira garatzen. Dirua behar da, baina euskal jendearen animatzeko beste erantzunak behar dira.

Euskal Etxeko Jai Alaia. Halere, Gaztemundu proiektuak esperantza uzten du eta aukera eman dezake, gazteak interesatzeko haien gurasoen jatorriaz, garai batean utzi zuten herriaren aberastasunaz ohar daitezen.

Baina lan handia dago egiteko dinamika sano baten berpizteko Venezuelan.

Kostaldean ere ber kezka sentitu dugu bigarren astean, Puerto la Cruzera hurbiltzerakoan. Euskaldun gutti Euskal Etxean, eta adibide harrigarri batzuek egoeraren larritasuna azpimarratzen dute.

Lehenik, jakin behar da ezker pareta handi bat dagoela eta duela hamar bat urte berritu zutela (diru laguntzei esker). Hamar urte berantago, ohartzen gara ongi tindatua izan dela eta polit polita gelditzen da oraindikere; baina beti badago detaile bat potreta izorratzeko eta kasu horretan zentzuz pisuzkoa: dena ongi tindatua izan zen erran bezala, baina lana bukatu gabe dago oraindik, zailena eginda (tindatzea), eta hamar urte ondoren, pilotan jolasteko beharrezkoa den xafla ez dutelako jarri.

Bigarren oharra lehenaren ondorioa izan daiteke. Euskal Etxeko langile bati (Venezuelakoa) galdetu diogularik pilota ala dantza kurtsorik bazegon, erantzun zigun, halakorik ez zegoela gehiago bere iduriko; aldiz, ziur izan gabe, erran zigun iruditzen zaiola tennis eta futbol saioak egiten zirela.

Adibide pentsaezin bezala ikus ditzakegu baina errealitatearen parte latz bat da hori dena, agertu zaigun bezala bederen. Baina irakurketa honek ez du ezagutu dugun jende baloretsu eta elkartasunezkoa izorratzeko helburua, baizik eta errealitate kezkagarri baten salatzea gauzak alda ditzaten eta ditzagun Euskal Herritarron ardura delako ere.