439 Zenbakia 2008-05-09 / 2008-05-16
Euskal Herriko hainbat museo eta ondare-leku ikusteko aukera izan nuen 2007ko irailetik abendura bitartean: Chillida Leku Museoa eta Donostiari buruzko Urgull mendiko Museoa (Donostia); Oiasso-Erromatar Museoa (Irun); Guggenheim Museoa (Bilbo); Sorginen Museoa (Zugarramurdi); Artziniegako Museo Etnografikoa (Artziniega); Arabako Arkeologia Museoa eta Santa Maria Katedrala, zaharberritzen ari direna eta arkeologia-indusketa ikusgai duena (Gasteiz); Bakearen Museoa (Gernika-Lumo); Euskal Herriko Museoa (Gernika) eta Euskal Museoa (Baiona).
Museoetan ikertzen duen mexikar baten begietarako, harrigarria da lurralde txiki batean hainbeste museo aurkitzea. Baziren nazioarteko museo handiak eta tokiko museo txikiak, gai eta arlo desberdinetakoak, baliabide gutxi edo askotakoak. Baina, batez ere, harritu ninduen hainbat museo duela gutxi sortuak direla ikusteak. Haietako batzuk Erkidegoaren bultzadaren bidez gauzatu dira eta beste batzuk, berriz, Gobernuak bultzatuta.
Euskal Herriko museo guztien egoeraren eta historiaren berri ez badut ere, bai zuzenean eta bai “Museoak, Kultura Ondarea eta Gizartea” Kongresuaren bidez (Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostia, 2007ko azaroa) ezagutu ditudanei esker, badakit gaur egun jarduera bizia dagoela museo eta ondare-lekuak sortu, zaharberritu eta bultzatzeko, eta alde horretara bideratuko ditut nire gogoetak. Guggenheim Museoa.
Museoen aldeko mugimendu horren erdigunean bi osagai daudela esango nuke. Batetik, azken urteotan ondareari buruz garatutako ideia, zeinen arabera “dena den ondare” eta haren dimentsioak biderkatu egiten diren, kanpoan ezer ez uzteko. Hala, alderdi materialak, kulturalak, naturalak, ez-materialak, genetikoak eta baita etikoak ere sartzen dira nazioarteko karten inbentarioan, eta ondare bihurtzeko mugimendu hori bultzatu eta koordinatzeko hainbat ekimen gauzatzen dira (Hartog, 2005:9-10). Mugimendu hori azkar ari da hedatzen eta adierazpen ugari ditu. Horrela ulertzen da, adibidez, Euskal Herriaren Museoaren solairu oso batean kirolak, jaiak eta gaur egun ere erabiltzen diren bestelako jarduera “tradizionalak” erakusteko hainbeste baliabide aurkitzea, eta haien ondoan, gutizia gastronomiko gozoak eta dagozkien Michelin izarrak, haiek guztiak euskal ondarearen osagai direla. Lanbideak, mitoak, hizkuntza, musika eta askotariko jarduerak eta jakintzak ondare bilakatuta daude bisitatu nituen museoetan.
Bestetik, globalizazio-prozesu orokorraren ondoan, nortasuna eraikitzeko mugimendua eta euskaldunen borroka luzea ere oso agerikoak dira. Euskal museoetan historiari, etnografiari, arkeologiari, arteari eta abarri eskainitako aretoetan, diskurtsoak goresten dituzten objektuak eta kodeak ageri dira nonahi, berezko euskal irudia eraikitzeko eta euskal gizartea besteengandik bereizten duten berezitasunak eta ezaugarriak erakusteko xedez. Haietako batzuk iragan urrunean betiko geratu diren irudiak dira, eta beste batzuk oraingo garaiarekin lotura duten iraganeko jarduerak eta formak. Batzuk eta besteak egungo Euskal Herriari buruzko narrazio batean integratuta daude eta haien aberastasuna agerikoa da.
Azpimarratzekoa da museoek indarra berreskuratu dutela norbera “erakusteko”, eratzeko, garaipenak eta ahalmena ikusarazteko, hau da, erakunde horien hastapenetan bezala, XVIII. mendean. Ondarea eratzeko mugimendu aktiboa ikusten dut Euskal Herrian eta gizarte zibilak zein gobernuak parte hartzen dute horretan. Ondarea berreskuratu, ikertu, berreraiki eta ezagutarazi nahi dute ekimen horien bidez. Kultura-ondarea eztabaida politiko, sozial eta sinbolikorako espazioa da. Ez da zentzu bakar eta neutroen multzo finkoa, gizarte-prozesua da (cfr. García, 1997). Orobat, aurkakotasun ekonomiko eta politikorako eremua da (cfr. Hernández, 2003). Euskal Herria Museoaren beheko solairua.
Ondarea eratzeko prozesuaren bidez, gizarte-talde do herri bati dagozkion eraikin, lurralde, jarduera, objektu edo gertakizunek balio handia dute (balio arkeologikoa, historikoa, arkitektonikoa, artistikoa edo kulturala), talde edo herri horren nortasunari, historiari edo oroimenari lotutako edo lotu daitezken ondasunak baitira.
Joël Candauren analisiaren arabera, ondarearen “berezko” ezaugarri horiek oroimenaren hondarrekin batera dihardute. Izan ere, ondare-ondasun batek, halakoa izango bada, gogoan izateko borondatea edo esanahiak eraikitzeko gaitasuna aktibatu behar du. Hala, produkzio sinboliko bat gertatzen da eta horretan hainbat elementu artikulatzen dira (denbora, argumentazioa, talde bat eta objektu edo leku bat), testuinguru jakin batean, non uztartzen baitira materiala eta ideala, objektiboa eta subjektiboa, iragana eta irrikatua, legendario/mitologikoa eta historikoa, iraganaren fabrikazioa eta iraganarekin izan nahi dugun harremana, oroimenaren maila desberdinak eta beste garai gatazkatsu eta trinkoak (2001:31-32).
Izan ere, prozesu historiko eta gatazkatsuek eragiten dute ondarea, errealitatearen, estetikaren, historiaren, oroimenaren eta nortasunaren ikuspegi desberdinen esanahiek aktibatzen dute (Hernández, 2003).
Sakon aztertu genezake hemen zergatik bihurtu den lehengo Gernikako Museoa egungo Bakearen Museo, zergatik berreskuratu den historia partikularra Sorginen Museoa sortzeko edo zertarako berreskuratu diren erromatar sustraiak Oiasso Museoa bultzatzeko. Ez naiz inolako konklusioak ateratzera ausartzen, baina zalantzarik gabe, adibide horiek zer pentsaturik ematen dute, testuinguru jakin batean hartutako erabaki eta negoziazio politiko, sinboliko eta historikoak direlako. Euskal nortasunean, lurraldean, oroimenean edo gizartean eragina duten erantzun inplizituak edo esplizituak dira. “Besteen” aurrean eta beraien aurrean emandako erantzunak. Oiasso Museoa.
Aipatu dut lehenago zein garrantzitsuak diren ondarea eratzeko eta oroimen kolektiboa eraikitzeko ekintzak: Horien bidez, loturak sortzen dira ondarearekin, identifikazioaren bidez, erreferente komunak eraikiz eta ondare hori oroimena irudikatu edo oroitarazteko euskarri gisa erabiliz.
Orduan, zer adierazten digu egungo euskal gizartean hainbeste museo sortzeko bultzada sozialak? Zer mezu lehenesten dira? Nori zuzenduta daude? Nola birsortzen dute haien oroimena? Nork hartzen du parte ondare bihurtzeko edo “kontsumitzeko” prozesu horietan? Horiexek dira erantzun gabe uzten ditudan galderak, museo horietako batean egin beharreko hurrengo bisitaldirako. Erreferentziak:
CANDAU, Joel. (2001) “Lieu patrimonial, mémoire, amnésie et anamnèse”, Carrier, Ch. eta Hetet, V. (ed.) Médiation culturelle, lieu patrimonial et territoire: 31-35. Association pour l’Animation du Château de Kerjean, Frantzia.
GARCÍA CANCLINI, Néstor. (1997) “El patrimonio cultural de México y la construcción imaginaria de lo nacional”, Florescano, E. El patrimonio nacional de México, I. Tomoa. Consejo Nacional para la Cultura y las Artes – Fondo de Cultura Económica, Mexiko.
HARTOG, Francois. (2005) “Tiempo y patrimonio”, MUSEUM Internacional, 227 zk.: 4-15.
HERNÁNDEZ RAMÍREZ, Javier. (2003) “Patrimonio cultural y movimientos sociales urbanos”, Actas del IX Congreso de Antropología de la Federación de Asociaciones de Antropología del Estado Español. Institut Català d’Antropologia, Bartzelona. MACEIRA OCHOA, Luz. “Los públicos y lo público. De mutismos, sorderas, y de diálogos sociales en museos y espacios patrimoniales”. Argitaratu gabeko dokumentua. 2007.