438 Zenbakia 2008-05-02 / 2008-05-09
Museoko arte-ondarea, gaur egun ere aberastuz doana, hasieran artelanen dohaintza eta ondare garrantzitsuekin hornitu zen, erakundeek eta partikularrek emandakoekin. Museoaren bildumak kronologia-zabaltasuna –XII. mendetik gaur egun artekoak– eta askotariko eskola eta adierazpen artistikoak ditu ezaugarri, eta gaur egun zazpi mila artelan baino gehiago ditu. Hori bi ardatz nagusiren inguruan dago egituratuta: antzinako artea, espainiar eskolen protagonismo handiarekin eta flandestar eta holandar eskolen artelan garrantzitsuekin; eta arte modernoa eta garaikidea, nazioarteko artistek espainiar eta euskal arteari behar duten testuingurua eskaintzen dietela. Bestalde, Museoak grabatu eta marrazki-funtsak eta dekorazio-arteen berariazko bildumak ditu. Horietatik azpimarratzekoak dira Manises zeramika-bilduma garrantzitsua eta Sortaldeko Arte Jauregiko bilduma. Museo bisitatuz gero, ezinbestekoa da artistarik onenen artelanak ikustea: El Greco, Moro, Murillo, Zurbarán, Ribera, Goya, Meléndez, Arellano, Paret, Benson, Mandjin, De Vos, Van Dyck, Gentileschi, Bellotto, Ribot, Guiard, Regoyos, Zuloaga, Arteta, Gauguin, Cassatt, Ensor, Sorolla, Solana, Tàpies, Oteiza, Chillida, Caro, Saura eta Bacon. Antzinako maisuak eta maisu modernoak
Eraikin Zaharrean, eta hogeita hamaika aretotan banatuta, hirurehun obretatik gorako ibilbide historikoa egiten da. Bertan, mendebaldeko artean garatu ziren estilo, eskola eta artista nagusiak deskribatu daitezke, Erromanikoan hasi eta XX. mendeko lehen abangoardietara heldu arte. Lanak kronologikoki daude aurkeztuta, bederatzi menderen barruan izandako bilakaera artistikoa hobeto ulertzeko. Horretarako, Europako zenbait eskolako (Espainia, Flandes, Holanda, Italia, Frantzia...) piezarik nabarmenak daude ikusgai. Euskal arteak presentzia berezia dauka, batez ere XIX. mendearen erdialdetik aurrera, eta bildumarik aberats eta interesgarrienetakoa osatzen du. Honela daude banatuta ziklo artistiko nagusiak (aipatutako artisten zerrenda aldatu egin daiteke, beste erakunde batzuei egindako behin-behineko maileguak direla eta). Erromanikotik Errenazimendura (1-5 aretoak)
Kataluniako arte Erromanikoaren obra esanguratsuetatik hasita, bildumako lanik zaharrena aioatu behar da: XII. mendeko eskultura bat, Kristo maiestatikoa erakusten duena. Bisitak Frantziako gotikoarekin egiten du aurrera, Ama Birjinaren eskultura ederrak erakutsiz. Erakusketan Italiako eta penintsulako gotikoa ere ikusgai dago, arte hispano-flandestarraren adibide bikainak emanez –Pere Nicolau, Berthomeu Baróm San Nikolaseko Maisua, Diego de la Cruz eta, batez ere, Bartolomé Bermejo–. Horrez gain, Maniseseko buztinolako zeramika garaikidea ere badago, eta, amaitzeko, Ipar aldeko Errenazimentua erakusten da, Flandes eta Holandako antzinako artisten –Benson, Memling, Engebrechtsz, Erhart, Coecke, De Coter...– kalitate handiko pinturak eta eskulturak aurkeztuz. Berpizkundea eta Manierismoa (6-9 aretoak)
Espainiako Berpizkundeko pintura eta eskulturetatik hasita (tartean daude Ororbia Maisuarenak) eta Flandeseko artistek (De Vos, Mandijn, Gossaert edo De Vries) moldatutako Manierismoaren formak erakusten duten beste obra batzuetatik pasatuta, Espainiako XVI. mendeko gortesauen erretratu fin eta sakonetara haltzen gara: Moro eta bere dizipulu nabarmenetakoa, Sánchez Coello eta haren jarraitzailea, Pantoja de la Cruz, eta egile ezezaguneko Italiako erretratu dotore bat eta Pourbus “Gaztea” artistaren beste handi bat. Azkenik, El Greco, Morales “Jainkotiarra” eta Gaspar de Palencia artisten obra interesgarriak daude ikusgai, bai eta Joan Antxietaren kalbario eskultorikoa ere. Antxieta da bilduma honetan dokumentatua dagoen lehenengo euskal artista. Barrokoa (10-16 aretoak)
XVII. mendea Flandesko generoko pinturarekin hasten da (paisaia, Bibliako eszenak, batailak...), Italiako eskolako zenbait maisu-lanekin segitzen du –Gentileschi, Crespi eta Piola–, bai eta Frantziako eskolarekin ere, eta bildumako kalitate handieneko gune nagusietako batean sartzen da: Espainiako pintura barrokoa, garai hartako maisu eta eskola handien pieza nabarmenekin. Harrera “Zaharra”, Roelas, Zurbarán, Ribera, Murillo, Coello, Carreño, Arellano, Antolínez, Bocanegra eta Valdés Leal daude bertan, bai eta Orrente, Ribalta eta Castelló valentziarrak ere. Era berean, areto hauetan XVII. mendeko hiru euskal artista ere topatuko ditugu: Iriarte, Amigo eta De la Quadra. Barrokoarekin amaitzeko, berriz agertuko zaizkigu Flandeseko eta Holandako pinturak, Jordaens, Grebber, Van Dyck eta Ruisdaelen obrekin. Rococoa eta Klasizismoa (17. artetoa)
Areto honetan XVIII. mendeko zenbait artista daude –Paret, Carnicero eta Camarón–, batez ere espainiarrak, Rococoa zer izan zen ederto erakutsiz. Paret ilustratuak zenbait urteko erbestea bizi izan zuen Bilbon, ondorioz, Hiribilduko ikuspegia eta, erregearen enkarguz, Kantauri Itsasoko portuak pintatuz. Goyaren jenioa agerian geratzen da, Zapater eta Moratín lagunen erretratu birekin. Vicente Lópezek erretratuak egiteko zuen talentua ere bistakoa da, bai eta Meléndezek zuena ere, natura hilak egiteko. Italiako eskola vedutiarra oso ondo ordezkatuta dago Bellotto veneziarraren eskutik, hain zuzen. Espazio hau osatzeko, Pareten pintura erlijiosoa eta Lópezen pintura historikoa daude, eta Tehbergen pieza handi bat, XIX. Mendearen hasierakoa. Erromantizismotik Inpresionismoara (18-20 aretoak)
Batez ere Espainiako eta Euskal Herriko obra esanguratsuen bitartez, Andaluziako kostrunbrismoko atalik garrantzitsuenetakoak ikus daitezke Esquivel, Fernández Cruzado eta Cortésen eskutik, bai eta Alenza eta Lucas Velázquez madrildarren lanik garrantzitsuenak edo Haes eta Beruetaren paisaia errealista ere, paisaia-pintura inpresionistarako behin betiko joerarekin. Horrez gain, historia eta ohiturei buruzko eszenak daude, Raimundo Madrazo, Palmaroli, Pinazo, Álvarez Catalá, Pradilla, Gisbert eta Ferranten eskutik, eta Benlliure eskultorearenetik. Horiekin batera, Ribot frantziarraren natura hil zoragarri bat dago, Espainiako barrokoaren eraginak dituena, eta Dickseeren errepresentazio aurre-rafaeldarra. Fortunyren) bere tableautin eder bat dago ikusgai) ondo ordezkatuta dago, Jiménez Aranda eta Zamacoisi esker. Azken hori Bilbokoa zen eta, Bringas eta Juan Barroetarekin batera, hasiera eman zion euskal pintura modernoari. Hurrengo belaunaldiak, Parisen Degasen lagun eta dizipulu izandako Guiardekin eta denen buru dagoen Guinearekin, Errealismotik edo kostunbrismo akademizistatik Inpresionismorako pausua eman zuen. Garai hartan ohikoa Erromara bidaiatzea bazen ere, Guiard Parisera joan zen, eta inpresionismoaren berrikuntzak ezagutu ahal izan zituen, ezaugarri horiek bertako pinturan sartuz. Euskal pinturaren alde inpresionista horretako obra nagusietako batzuk (Bruselarekin bat egiten duen Regoyosen puntillismoa-ukitu bereziarekin, Brusela mende amaierako beste berrikuntza-gune garrantzitsuetakoa izanbaitzen), alde batetik Mary Cassatt iparramerikarraren obra bikain baten testuinguruan kokatzen dira, eta, bestetik, Rusiñol eta Sorollaren pintura errealistekin. Atarian mende aldaketako euskal eskulturaren lehen obrak daude, Nemesio Mogrobejo eskultore bilbotarraren eta Moisés de Huertaren eskutik. Autore horien lehen esperientzia modernisten ezaugarri den ukitu klasizista ageri da guztietan. Leihate handitik, Juan Crisóstomo de Arriaga konpositoaren Monumentua ikus daiteke. Francisco Durrio eskultorearen maisulana da. Bertan, eredu klasiko femeninoa interpretatu zuen, ikuspuntu sinbolista eta primitibista erabiliz. Euskal Artistak (21-21 aretoak)
Lehenengo solairuan, XIX. mendeko azken urteetan eta XX.eko lehenengo hiru hamarkadetan (Guiard, Regoyos eta Guinearen bidetik) agertuz joan ziren euskal artisten obrak daude batez ere. Horiekin batera, Espainiako eta Europako pintore garrantzitsu batzuen obrak daude ikusgai, bertako artistek harremanak izan baitzituzten beraiekin. Zuloaga, Losada, Iturrino, Echeverría, Larroque edo Barojaren bilakaera ikus daiteke, euren maisulanetako batzuen bidez. Horietako batzuen arrakasta handia izan zuten garai hartako parisen, eta mugimendurik berritzaileenetakoetan sartu ziren (Derain, Vouillard, Matisse eta Picassoren lagun izandako Iturrino fauvearen moduan), edo 98ko Belaunaldiaren estetika ezartzen kolaboratu zuten (esate baterako Zuloaga eta baroja, edo Losada, Larroque eta Echeverríaren zenbait obra, edo Maezturen modernismo berantiarra).
Euskal pintura etnizistak Artetaren, Arrúe anaien (lau ziren) eta Zubiaurre anai bien lanetan izan zuen gailurra. Beti ere eragin kubista eta joera muralista handiko novecentismoan oinarrituta, Artetak zenbait aukera estetiko zeharkatu zituen, bere garaiko hiri eta baserrietako lan-munduaren ikuspegi konplexua eta sutsua emanez. Alberto Arrúeren obrak segida eman zion Artetaren testigantzari, eta José anaiak euskal baserri-giroko alderdirik anekdotiko eta alaiena eman zuen, hiritar baten begietatik. Zubiaurretarren obrak, eta batez ere Ramónenak, hasierako itxura etnografikotik gora egiten du, munduaren ikuspegi ironiko, malenkoniatsu eta existentzialista emanez.
XX. mendeko lehen erdiko euskal pintorerik onenen panorama osatzeko, beste artista batzuk ere bildu dira: Tellaechea, itsasoko munduaren margolaria; Benito Barrueta, intimismo fin eta garbia erakutsi zuena; eta euskal arteko figurarik originaletakoa izandako Ucelay sofistikatua, anglofilia ukitua zuena eta surrealismoaren ezaugarrien mugan zegoena. Eskulturan, nabarmenak dira Gauguin eta Picassoren lagun izandako Francisco Durrioren obra sinbolistak. Durriok lan handia egin zuen euskal artistak Parisera joateko. Gauguinen koadro bikain bat ere badago, Arlèsen pasatutako garaikoa, bai eta bere lagun eta jarraitzaile izandako Serusierren beste bat ere. Ikusgai dagoen euskal eskulturaren bildumarik interesgarrienetakoa Quintín de Torrerena da. Bere errealismoa, batzuetan, ohikoa da, beste batzuetan, xelebrea. Edozelan ere, errealismo eta espresionismo garaikideen sentsibilitatearekin modu berezian egiten du bat. Arte garaikidea
Eraikin Modernoko arte garaikidearen areto handian, eta ehun bat obraren bidez, Euska Herriko eta Espainiako pinturaren joera nagusien errepasoa egiten da, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte. Horiekin batera, bildumako nazioarteko artisten lanak ere ikus daitezke. Kubismoko (Gris, Metzinger, hayden, Lipchitz), kubismoaren adarretako (Blanchard, Delaunay), futurismoko (Lagar, Guezala) eta espresionismoko (Ensor) obrak daude bertan. Gargallo eta González dira garrantzi handiko beste eskultore batzuk. Horieni inguruan, proposamen geometrikoek edo formen estilizazioak eragindako zenbait obra ikus daitezke: Torres García, Arteta edo euskal paisaiarekin oso lotuta egon zen Vázquez Díazenak, esate baterako. Gainera, Domínguez, Alberto, Togores edo Lekuonaren pintura surrealistak ere badaude. Horren ostean, euskal abangoardiaren figurarik nabarmenetakoa izan zen Oteizaren zenbait eskulturaren bitartez, Europako artean II. Mundu Gerraren ondoren sortutako mugimendua konstruktibista edo espazialistetan sartzen gara. Mugimendu horiek geometria kubistaren oinordekoak dora. Oteizarekin batera Palazuelok argi erakusten digu maisu handia izan zela eta eragin nabarmena izan zuela hastapenetako euskal eskulturan. Beste alde batetik, Ibarrola errealismo sozialaren ordezkari da, eta baliabide kartelistak eta espazialistak erabiltzen ditu. Izan ere, baliabide horien gaineko ikerketa abstraktuak egin zituen, militantzia politikoa zuten pinturak eginez diktadura garauan. Chillidaren pieza ugari ere ikus daitezke Euskal eskultore handi horrek eragin handia izan zuen bere inguruan, obra zabala utziz. Unibertso poetiko bikaina eraiki zuen, materia desberdinak erabiliz eta forma asko bilatuz. Leihateen aurrean, Urzayk pintura eta argazkilaritzaren artean egiten zituen azken ikerketak erakusten dizkigu. Euskal taldeak
1966an Euskal Eskolako Taldeak sortu ziren. Horietatik, hiru osatu ziren guztiz –Gaur (Gipuzkoa), Hemen (Bizkaia) eta orain (Araba)–, berrogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera sortutako euskal artistarik onenak bilduz. Hurrengo espazioetan (Oteiza, Chillida eta Ibarrolarekin topo egin ostean), Amable Arias, Zumeta eta Balerdi margolarien eta Mendiburu eta Larrea eskultoreen lanak ikus daitezke. Pintore horietako gehienak espresionismo abstraktuarekin daude erlazionatuta, eta eskultoreek proposamen informalista eta geometrikoetara egiten dute gehienbat. Espainiako Abstrakzioa
Espainiako abstrakzioaren (eta, batez ere, ezaugarri informalistaren) izen handietako batzuk modu independentean daude bilduta. Lan horien ezaugarri nagusia kolore falta da. Materiarekin interesatutako espresionistak –Tàpies, Millares, Muñoz–, keinu-trazu handiko margolariak –Saura– edo zehaztu gabeko egituraren kolore-orbanen gainean lan egiten dutenak –Guerrero, Broto– ere bertan daude. Beraiekin, sailkatzeko zaila den Vieira da Silva, Bram van Velde espresionista abstraktua eta Michaux poeta eta keinu-margolari frantziarra daude. Figurazioa eta Errealismoa
Ondoren datozen espazioetan, euskal artisten obrak ikus daitezke, proposamen figuratibo desberdinak egiten dituzten nazioarteko beste artista batzuekin batera. Proposamen horien artean daude pop-a, surrealismoa edo zenbait errealismo mota: Nagel, Aquerreta eta Herrero daude hor, Bacon, Kitaj, Blake eta Davies moduko artista figuratibo ingelesekin edo Arroyo, Crónica Taldea, Gordillo eta Pérez Villalta moduko espainiarrekin batera. Hurbil daude, era berean, Italiako transabangoardiako zenbait autoreen –Paladino, Tatafiore– irudimenezko figurazioa, eta Alemaniako neoespresionismoa –Lüpertz–. Horiekin guztiekin batera dago Barceló, nazioartean sonarik handienetakoa duen Espainiako figura, espresionismo figuratibo eta materiko bitxia darabilena. Oraintsuko Euskal Artea Amaitzeko, zenbait euskal autorek (Badiola, Bados, Irazu, Morquillas Gortázar, Ortiz de Elgea, Mieg, Ramos Uranga, Goenaga, Tamayo edo Lazkano) artearen azken joerak erakusten dizkigute, konstruktibismoaren kutsua eta objektuekiko erreferentziak emanez. Modu horretan, hiriko bizitza konplexua eta mundu garaikideko gatazka existentzial eta soziala erakusten dizkigute, bai eta egungo gizakiak jasotzen dituen mezuen esanahi ugariak ere.