437 Zenbakia 2008-04-25 / 2008-05-02
Oraindik oso garbi daukat zein nolako mingostasunarekin bidali zidan eskutitz bat Federico Krutwigek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailera, 1983ko erdialdean, euskal editore batekin zituen auziak salatuz. Eta are garbiago –grabatuago– geratu zitzaidan, aipatu editore horrek Eusko Jaurlaritzaren errekerimenduari eskaini zion isiltasuna.
Euskal Idazleen Elkartea (EIE) sortu bagenuen, gehien bat izan zen idazleon eskubideak defendatzeko. Eta Elkartearen geroko garapena eta bere jarduera mota desberdinak helburu nagusi haren ondorioak direlakoan nago. Oro har, profesionaltasunetik ez bazen ere, behintzat seriotasunetik sartu nahi genituen idazleak, eta beren lanaren emaitzari beste profesionalek ordura arte eskainitako tratamendua.
Idazlea ekonomikoki ordainduta izatea amets bat zen hirurogeita hamarretako amaieran. Horrek ez zuen zailtzen liburu ekoizpenaren katea, izan ere mailarik garrantzitsuenak –hots, idazleak berak– ongi saritua sentitzen zuen bere burua liburuaren argitarapenarekin. Katearen martxa, dena den, apaltxoa zen. Argitaletxeek artean ez zuten gero hartuko zuten garrantzia eta argitaletxe-idazleren arteko inoren ezeko lur muga hartan diru mozkinak banatzea zientzi fikzioa zen. Hala ere, dena ez zen hain lineala eta liburugintzak iruzur ekonomikoren bat edo beste ezagutu zuen hamarkada hartan ere. Beti izan dugu gure artean ahalkeen odoletik xurgatzea atsegin duen banpiroa eta idazleen zainetatik odola gutxi eta mehea korritu den arren... bizkarroiak inguruan izan ditugu maizegi. Isiltasunarekin erantzun zigun gorago aipatu dudan editoreak oraindik orain isilik jarraitzen du, arestian bidali zaion beste errekerimenduaren aurrean.
Bitxia da, EIE modu ofizialean 1983an sortu aitzin, elkarte osatu guran burutu ahaleginetan garaiko argitaletxe batzuk espresuki aipatuak izaten zirela idazleen arteko dokumentuetan, hain zuzen euskarazko liburuak publikatzeko egokitzat jotzen ziren argitaletxeak. Ez da inongo sekretu hausterik, idazle aitzindari haien gogoak Lur editorialak bereganatu zituela adieraztea. Baina, batez ere, arrazoi ideologikoak eta, noski, hizkuntzarekin erlazionatuak zeuden jokaera haren atzean. Lur argitaletxeak euskararen batasunaren alde jokatzen zuen, besteek hain garbi ez zuten bitartean.
Euskal liburugintzako iraultza ekonomikoaren lehen sintomak, Euskal Idazleen Elkartearen eraginez, Eusko Jaurlaritzaren lehen agintaldiko hasieran eman ziren. Eta horren arrazoi nagusia, idazle eta argitaletxearen artean liburua publikatu ahal izateko ezinbestekotzat jarritako hitzarmena izan zen. Zer esanik ez, argitaletxe batzuek ez zuten begi onez ikusi erabakia... baina dirutan irabazten irten zitezkeela igarri zutenean azkazalak pintzelak bilakatu ziren.
Lehen Jaurlaritza hark ahalbidetu zuen, modu indartsuz garatuko zen euskal liburuaren sektorerako lan esparru egokia. Lehen aldiz, idazleek babestuta –zerbait esatearren, iruzurrekin osotasunean amaitzerik ez zegoen eta– ikusten zuten euren lan intelektuala eta nolabaiteko seriotasuna eskaintzen zion bi aldeen arteko merkatal itunari. Eusko Jaurlaritzara lehen datuak iristen ziren, euskal liburugintzari zegozkionak, eta aurreneko aldiz sektorearen eraikina nola enfokatzen ari zen ikusi ahal izan genuen, gardentasun apur batekin. Nahikoa, alegia, aurrean genituen urteak emaritsuak izan zitezkeela kontura gintezen. Eta hala izan zen.
Faktore desberdinek aldeko eragina izan zuten: alde batetik, demokraziak irekitako euskal produktuetarako merkatua, oro har; beste batetik, Eusko Jaurlaritzak ongarritutako sektorearen malgutasuna eta enpresa egitura aproposak; azkenik, euskal hezkuntza sistemarako modu bizi eta azkarrean sortu beharreko testu eta irakurgai egokien premia. Hiruak ilaran jarri izan balira bezala, makineriak ekoizpenari ekin zion eta merkatua bezeroz bete zen. Argazkia: The bbp. http://www.flickr.com/photos/thebbp/93235624/
Gurata idatzi dut “bezeroz”, eta ez “irakurlez”, nahiz eta –jakina– euskaraz irakurtzen zutenen kopurua modu esponentzialean hazi zen. Noski, zero azpitik hasiz gero hazkunde esponentziala –zifra absolutuetan emanda- motelagoa da, kopuru marduletik abiatzen denean baino. Baina hori bagenekien denok, gure gizartearen egoera –euskal analfabetismo itzelarekin– ez baitzegoen kantu alaietarako.
Argitaletxe berriak sortu ziren, lehendik ziharduten banaka batzuk birmoldatu egin ziren baldintza berrietara, eta gainerakoak desagertu zitzaizkigun editoreen espektrotik. Edozein industria sektoretan bezala. Gertatzen zena da, ordutik aurrerako parametro ekonomiko eta komertzialak zeharo bestelakoak izan zirela, eta liburuaren industria diru publiko mordoaz baliatu zen. Euskal liburua urrezko aro batera sartu zen... denboran –ez zen gertatu ustekabez– EIE-ren sorrerarekin bat zetorrelarik.
Eta beste inoiz ere esan dudan moduan, EIE-tik ahaleginak eta bost egin genituen, euskal liburuaren inguruko marko legal egokia sortzeko. Idazleen eta argitaletxeen interesak, eta batez ere euskararen garapen sendorako bidea genituen helburu nagusia gure ekimen hartan. Epe luzerako ikuspegiarekin aritu ginen, ibilbide laburreko txangoak politikoentzat utzita. Eta lanean jarrita, liburuen gaineko legeak aztertu genituen –Europako zenbait estatutako kasuak kontuan izanda, batez ere hizkuntza txikikoei zegozkienak– eta testu artikulatu bat prestatu genuen.
Euskal Liburuaren inguruko industria indartuko bazen, lehen lehenik euskara bera sendotu behar zen, irmoki. Eta idazleok euskaraz sortzeko eskubidea ez ezik, baita euskaraz ez zekitenongana iristekoa ere aldarrikatzen genuen gure testu hartan. Hogei bat urte eman dira ordudanik eta esan daiteke, argi eta garbi, euskal liburuari begira orain arteko onena dela testu hura... besterik egin ez delako. Tamalez, gure inozotasunean Euskal Liburuaren Lege Proiektua deitu genion hura, Lakuako kajoiren batean galdu zen, suposatzen dut, betiko.
Urte politak izan dira euskal liburuak bizi izandakoak. Eta horrela aitortu behar da, ekoizpenak atzera pausurik gabeko gorako joera markatu baitu, oraintsu arte. Orain badirudi tendentzia puskatu egin dela eta auskalo zer esan nahi duen horrek. Iritsi al gara aldaparen erpinera? Berreskuratuko al du euskal liburuak bere goranzko martxa?
Sintomak ez dira oso onak, ez euskal libururako ezta beste hizkuntzetakoetarako ere. Irakurtzeko zaletasuna galtzen ari al da? Neurri handi batean, bai, zalantzarik gabe. Teknologia guztien emaitza, haren erabilpenaren araberakoa izaten da, eta ondorio onak eta txarrak, sarritan, oso espazio nanometriko batetik atera daitezkeen bektore desberdinetatik esekitzen dira. Teknologia berriek euskararen onerako plataforma adierazten badute ere... baliteke teknologia berri horiek irakurtzeko zaletasuna kamustu ahal izatea,... itxura guztien arabera, gertatzen ari den moduan. Argazkia: Apesara. http://www.flickr.com/photos/apesara/2213397183/
Gazteentzat Eusko Ikaskuntzan dugun aldizkari elektronikoan zenbat irakurle ditugun ikusita, sasoia ez da kanpaiak alaiki jotzeko. Eta gure kasuan irakurgaien karga arina izaten dela kontuan badugu, ez dut pentsatu nahi zer nolako erantzuna eman litekeen –estrapolazioa eginda– irakurtzeko gaia liburu formatuan dagoenean. Hutsunea ematen ari da, gero eta handiagoa, irakurgaia eta balizko irakurlearen artean. Ohiko testua ez da ongi jasoa gazteen aldetik eta prozesu honek nora garamatzan asmatzerik ez da gauza samurra.
Ez dira berrogeita hamar urte igaro, irakurtzeko ariketa (gazteleraz) –ia,ia– ekintza goxoa genuenetik. Liburu gutxira iristen zen gure erosteko ahalmena baina gogoz disfrutatzen genituen, eskutik eskura elkar trukatzen genituela lagunen artean. Orduan, ordea, euskarazko libururen arrastorik ere ez genuen sumatzen. Esango nuke, existitzen zenik ere ez genekiela. Belaunaldi bat geroago, hots, euskal liburuaren urrezko aroaren hastapenetan euskal liburuek gora egin zuten ia zerotik, irakurleriaren hazkundea bizi ari ginen bitartean. Egun, aldiz, euskal gizartea kalitatezko edozein motatako literatura sortzeko gai denean –dirudienez– irakurleria aleak galtzen ari da. Mende erdian, beraz, denetariko egoerak ezagutu ditugu euskal liburugintzan. Euskal liburuak ez du bere aurrean arrosa koloreko panorama. Ezagutzaren gizarteak ekarri duen kontraesan itzela da irakurtzeko gaitasuna kamustarazi diela balizko irakurleriaren tropeleko azken iritsitakoei. Eta, hain zuzen, horiexek ditugu bihar etziko hezitzaileak. Nola arraio emango da lekukoa aldatzea belaunaldi berrien eskuetara?