43 Zenbakia 1999-07-23 / 1999-07-30

Media

Eskualduna kazeta

ALTZIBAR, Xabier

Eskualduna kazeta Eskualduna kazeta* Xabier Altzibar Euskarazko kazetaritzan bada tradizio bat, ene ustez balio handikoa, ezagutzeko ahalegina egin nahi baldin badugu behintzat. Tradizio hori XIX. mendean hasten da, bereziki Eskualduna kazetarekin, 1887an hasi zena. Baina kazeta hau, iraun luzekoa zinez, ez da ia ezagutzen, hemeroteka eta biblioteka pribatu batzuetan barreiaturik baitago. Eskualdunan kazetagile edo kazetari izan ziren batzuen kazetalan apur batzuk baino ez dira argitaratu orain arte. Adibidez, Hiriart Urrutyren kazetalanen %10 edo gutxiago baino ez, orain arteko antologietan (artikulu desberdinak esan nahi dut). Eta milaka batzuk idatzi zituen. Blaise Adémaren antologiarik ere ez dago, eta ez Arnaud D’Abbadie apezarenik, ez beste hainbat eta hainbatenik. Kazetaritzako lanean astean astean eta gehienetan egunean egunean idazten jardundako urteak bertzalde. Hiriart Urrutyk eta D’Abbadiek 25na urte egin zituzten, gutxi gora behera; B. Adémak eta Jean Etxepare medikuak 30 bat gutienez (eta hauek guztiak sosik kobratu gabe, oro erran behar bada). Eta kalitateaz nork zer esango du? Hiriart Urruty eta J.Etxepare hitz lauzko idazleen artean lehen lerrokoak dira. Esandako gauza hauek erakusburu batzuk baino ez dira, euskaraz, orain baino lehen, kazetari eta idazle bikainak izan ditugula adierazteko. Eta aintzatago hartu beharko genituzkeela. Besterik da gure ezaguera eta ezagutza, ondikotz. Nire ezagupenari dagokionez, bereziki Eskualduna astekaria ezagutzen dut, batez ere XIX.eko azken hamarkada eta XX.eko lehena. Beraz, artikulu honetan prentsa idatziaz ariko naiz, huts hutsik. Iparraldetik hasiz, hor sortzen baita "euskal kazetaritza" izena merezi duen zerbait. Zer da Eskualduna eta nor zen Hiriart Urruty? Bi hitzez esan behar banu, Eskualduna Iparraldeko kontserbadoreen euskal kazeta astekaria izan zela eta haren egile edo idazleen buruzagia, Jean Hiriart Urruty, euskal kazetaritzaren aita dela esango nuke, eta gainera, bera izan zen Eskualdunaren arima,1915ean hil arte. Euskal Herrian euskal kazetaritza indarrez Eskualdunarekin agertzen da. Alde bat uzten ditugu beraz Xahoren saioak (Üskal Herrico Gaseta ren bi argitaldi baino ez zituen atera 1848an). Bai eta euskaldunek Ameriketa ateratzen zituzten kazetak: Los Angeles eko Escualdun Gazeta (1885), Biscailus ek egina eta demokraten alderdikoa, eta California ko Eskual Herria (1893 1898), Goytinok zuzendua eta, dirudienez, euskara hutsean lehena. Halaber Hegoaldean Azkuek ateratako Eskualzale (1897 1899) eta Ibaizabal (1902 1903), edo Iparraldeko almanakak edo urtekariak. Eskualduna III. Errepublikan sortu zen, errepublikaren Réveil Basque (Euskal Iratzartze, frantsesez) astekariari ihardetsiz eta ihardesteko. L. Etxheverry deputatugaiak sortu zuen eta bera izan zen jabea 1903 arte eta buruzagia 1901era arte. Etcheverry deputatu "xuria" Berdoly errepublikarraren ("gorri") eta kontserbadore, erregetiar eta bonapartisten ("xuriak") arteko borroka politikoek hauteskundeetakoek, hots markatutako garaia da. Hauteskundeak deputatu, zenator, departamenduko kontseilu jeneral, arrondizamenduko kontseilu eta herrietako kontseiluetarakoak ziren baina ez oro bet betan, aldizka baizik egiten zirenak eta beraz urtero ia pare bat egokitzen ziren edozein tokitan. Esan gabe doa, gizonezkoek zuten bakarrik bozkatzeko eskua. L. Etcheverry Le Play soziologoaren jarraitzailea zen, erlijioa, familia eta jabego pribatuaren aldekoa. Etxekojaunen alde jardun zuen, Donibane Garaziko kantonamenduan batez ere. 1889 92 urteetan bi hiru aldiz garaitu zuen Berdoly, harik eta 1893an galdu eta erretiratu zen arte. Eskualdunak bere burua euskalduntzat zuen Réveil Basque kazetatik bereiziz eta euskaldunentzat egina. Kazeta ttipia zen baina bipila, borrokaria eta xorrotxa, euskaldunen ohiko jiteari jarraiki, omen. Hasieran batez ere laborari eta etxekojaunentzat egina bazen ere, gero eta gehiago euskaldun giristinoentzat, laborari nahiz langile, komerzant edo jaun xapeldun. Baionan ateratzen zen.Hasieran hamabostekaria, aurki astekaria. Bi orrikoa, lehenik 3, gero 4 eta gero 5 zerrendakoa (gazt.columna). Politikan gobernamendu errepublikarraren kontra ari zen, haren politika eta legeen kontra, bereziki erlijioa eta erlijioaren interesak ukitzen zituen ororen kontra (eskola laikoak, elizgizonak eskoletarik kanpo ezartzearen, fraide eta seroren kanporatzearen, Estatuaren eta Elizen Eliza katolikoa ez baitzen bakarra berexkundearen kontra, Eliza Katolikoaren ondasunak kentzearen kontra). Framazon, judu, sozialista eta radikalak ditu etsaien etsaitzat, adibidez Férry edo Combes ministroak. Euskal Herrian, hautagai gorrien, prefetaren eta honen agindupean ari zirenen aurka, bereziki errient errientsa, bideetako aitzindari, guarda eta bertze nonbeitik jinikako atzerritar kargudunen (funtzionarioen) kontra. Hala ere, xurien arteko tirabiren ondorioz ("Ralliemente" delako politika, hots, Errepublika onets eta Errepublikar eztiekin batzea) Eskualduna Etcheverryren joera radikala baztertuz joan zen eta errepublikar ematuekin hautsi mautsiak onartuz. Bestenaz, Eskualdunaren harreman, kidetasun, autoritate batzuk Frantziako eskubiko egunkari antisemita eta frantsez nazionalistetan, alde batetik, eta bestetik katolikoetan (La Croix) aurkitzen dira, edo departamenduko joera politiko beretsuko kazeta batzuetan ditu, bereziki Courrier Baionakoan. Ezin da ukatu Frantziako Eliza Katolikoak eta bereziki Baionako apezpikutegiak esku handi eta luzea izan zuela Eskualdunaren politika editorialean eta kanpainen antolamenduan. Kazetaren azken bizpahiru zuzendarien izendapena ere handik etorri zen. Eskualduna astekari elebiduna zen, Réveil Basque (1886 1894)eta haren ondoko Le Pays Basque Eskual Herria bezala, baina euskalzalea haste hastetik, eta gero eta gehiago. Euskara nagusituz joan zen apurka apurka, astekari errepublikarretan ez bezala. Hau batez ere Hiriart Urruty buruzagiaren lanari eta apaiz idazlarien euskara on eta kalitatezkoari esker gertatu zen. Egia da Eskualdunakerlijioa eta euskara hertsiki lotzen zituela; baina ez da gutiago egia errepublikarrek, radikalek eta sozialistek ere, bide beretik nahiz alderantziz, progrès delakoaren izenean, euskara bretoiera bezala atzerakuntzarekin lotzen eta frantsesa progrès delakoarekin zaku berean ezartzen zituztela. Eskualdunaren bilakaera historikoan beti Frantziako politikak baldintzatua badira aldikada aipagarri batzuk: hasierako urteak (1887 1891) Pochelou gerentearen kudeaketapean ateratzen da kazeta, hurriki hedatuz; Larresoroko apaiz kazetarien sartzeak (1891 inguru) kazetaren sail finko eta nagusiak sortzen eta bermatzen ditu. 1901ean, krisialdi baten ondoren, R. d' Elissagaray kazetari atarraztarra bihurtzen da buruzagi (1901 1903). 1904ren hasieran jabe berriak eta izen berriak hartzen du kazetak: Eskualdun Ona (1904 1907). Garai honetan ari da bizienik kazeta. Alde batetik, Combes ministro nagusiak euskaraz dotrina edo katixima irakastea debekatzeko manua igortzen die prefetei, hots, frantsesik ulertzeko gai ez ziren haurrei frantsesez behar zitzaiela irakatsi (1903). Bestetik, Eskualdun Ona ren aldian gertatzen da ere Estatuaren eta Elizaren arteko Berexkundea (1905) honen ondorio guztiekin: elizen ondasunen ikerketa edo inbentarioak edo "imitorioak" zenbait herritan asaldamendu handia sortu zutenak , apezen paga eta etxea, apaizgaiak seminarioetatik fueratu eta barreiatzea, elizak laikoen eskuetan jartzeko legea etab. Bestalde, Hiriart Urrutyk jakin zuen idazle talde bat biltzen (J. Etxepare, Lacombe, etab.), baita zuberotarrak (Constandindarrak, esaterako), orrialde bat gutienez zubereraz agertaraziz. Honek guztiak lagundu zuen, noski, Eskualdun Ona 7000 aletaraino heltzen (1907). Ondorengo urteak lasaiagoak dira, gatazka ematen baita. Bestalde, 1907an, Etcheverry hiltzean, haren alargunak Eskualduna titulua ordura arte Etcheverryk beretzat atxikia ematen die Eskualdun Ona koei eta berriro Eskualduna izenarekin ateratzen hasten dira. Lehen Mundu Gerlak (1914 1918)aldaketak dakartza kazetan. Orri bakar bat aterako da eta Monge gerentea eta idazle batzuk gerlatoki inguruetara doaz, handik berriak igorriko baitituzte (Etxepare medikua, Jean Saint Pierre eta Elissalde apezak). Gerla garaian Hiriart Urruty eta D' Abbadie hiltzen dira (1915 eta 1916) eta Adéma kargutzen. 1925an gerlari ohien belaunaldi gazteak kudeatuko du kazeta, Jean Saint Pierreren buruzagitzapean. Hau apezpiku izendatuz gero, Domingo Soubeletek zuzenduko du (1930 1937). Eta azkenik, Salbat Arotzarenak (1937 1944). II. Mundu Gerla garaian Eskualduna Vichyko gobernuaren politikaren aldeko sutsua izan zen eta komunistagoa zuen debru madarikatua. Hortaz nahiago zuen Hitler, honen hitzaldiak itzuli baitzituen euskarara; Frente Popularra eta antzekorik ezin zuen irets eta ez Hegoaldeko abertzaleen jokabidea onets. Elkartuak Parisez jabetzean hetsi zuten (1944 28koa azken alea). Urte berean, urrian, Pierre Lafittek eta Herria sortu zuten (1944 10 19koa lehen alea). Aitzinago, Eskualdunaren jokabidea gogoko ez eta Lafittek berak eta gazte talde batek Aintzina sortu zuten (1924 1937). Eskualdunak nonahi eta euskaldunak ziren tokietara hedatzeko ahalak egin zituen: Frantziako hiri batzuetan, Hegoaldeko Nafarroan eta Ameriketan, Buenos Airesen, adib., bai eta toki batzuetan berriemaileak ukan (Nafarroatik idazten zuten Irigaray "Larreko"k eta E. Zubiri "Manezaundi"k). Jakina, Frantziako egunkari eta kazetak, frantses hutsean ari zirenak edo ia, irakurle anitz zuten Euskal Herriko hiri gotorxeetan eta eskualdunen artean. (*): testu hau, XX. mendeko Euskal Kazetaritza (1945 arte) izenburupean egileak idatzitako lanaren zati bat da. Xabier Altzibar, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzia Fakultateko Doktorea eta irakasle titularra