424 Zenbakia 2008-01-18 / 2008-01-25

Euskobooks

Aipamena. Euskararen Normalizazio Kasu aurreratuak: Soziolinguistika Klusterra

Egileak: Hainbat Argitaratzailea: Soziolinguistika Klusterra Orrialde kopurua: 40 (hiru hizkuntzetan: euskara, gaztelania, frantsesa) ISBN: 978-84-690-8084-9 Ezaugarriak: Zer egin euskara norbere erakundean normalizatzeko? Galdera horri erantzun nahi izan zaio pasa den abenduaren 14an, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean aurkeztu ziren bi kasuen bidez. Bi hauek Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak bildumaren lehen bi aleak dira, eta bertan euskara beren erakundean laneko tresna bezala erabili ahal izateko egin dituzten urratsak kontatzen dira, modu atsegin eta irakurterraz batean. Argitalpen hauek Soziolinguistika Klusterrak, HUHEZIrekin eta Ezagutzaren Clusterrarekin lankidetzan osatu ditu 2007an zehar. Ezagutzaren Clusterrak egindako Kudeaketa Aurreratuko Enpresak argitalpenak eredu hartu eta soziolinguistika arlora egokitu ditugu. Beraz, kudeaketan eredugarri diren kasuen ordez, euskararen normalizazioan eredugarri direnak aztertu ditugu. Aurten landu ditugunak ELAY Taldea eta EIKA Koop. E. erakundeen kasuak dira. Kontaketa hiru hizkuntzetan egin da: euskara, gaztelania eta frantsesa. Urtero beste bi kasu aztertzea da helburua. EIKA, lan-gune euskalduna

EIKA Koop. E.k bere buruari “lan-gune euskalduna” deitu ahal izateko egindako bidea kontatzen du koadernoak. Emun Koop. E.ren aholkularitzarekin, horretara iristeko bizitutako prozesuaren giltza batzuen berri ematen du, elementu hauei garrantzia azpimarratuz: erakundeak inguruarekin duen konpromisoa eta langileen borondatea eta parte hartzea. Hauek osatu dute aldaketarako oinarri sendoa. EIKAk euskarari lekua egin dio lan-munduan. Gazteek eskolan jasotzen duten heziketari jarraipena emateko lekua. Bere adibideak besteei ere hori nola egin erakusten die.