42 Zenbakia 1999-07-16 / 1999-07-23

Gaiak

Euskaldunok, botere judiziala eta justizia

ETXABE, Jon

Euskaldunok, botere judiziala eta justizia Euskaldunok, botere judiziala eta justizia * Jon Etxabe Jauregi Gure hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzea dela eta, azken bi urte hauetan epaitegi aurrean azaldu diren gatazkak baloratzerakoan, oso garrantzitsuak izan direla esan beharra sentitzen dut. Hain zuzen ere, aurten hogei urte beteko dira Euskal Herriko Autonomi Estatutua indarrean sartu zela (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa). Testu honek bere 35. Artikuluan azaltzen du: "Magistratu, Epaikari eta Idazkarien izendapena Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Lege Organikoetan aurrikusten den bezalaxe, egingo da, Euskal Zuzenbide Forala eta euskara ezagutzen dutenei lehentasuna emanez, izatasuna eta auzotasuna dela eta, salbuespenik egin gabe". Geroxoago; 1982ko Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak bere 9.1 artikuluan honako jasotzen du: "Epailaritzarekingo harremanetan, herritar guztiek aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeelarik". Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak itzultzaileak kontratatu zituen epaileei zama arintzeko asmoz. Legeak lege izan arren eta gure Erkidegoko botereen ezintasuna, Botere Judizialaren jokaera arrotza eta inolako borondate ezagatik edo utzikeriagatik lege hau ez da inoiz ere bete izan, nahiz eta indarrean egon oraindik ere. Bestalde, honi kontrapuntua ipiniz, abokatuok eta orohar euskal gizarteak duela gutxi jaso berri dugu prentsaren bidez espero genuen berri txar bat, hots; epaitegi aurrean zortzi abokatu beren bezeroen defentsan euskara itzulpenik gabe aritzeagatik Euskadiko Auzitegi Nagusiko Gobernu Batzordeak eta beste epaile edo magistratu batzuk berretsi dute ia 2.000.000. Pztako. isuna abokatu hauentzat eta, guzti hori, gure hizkuntzaren ofizialtasuna (justu izatetik at, legezkoa dena) nahi izateagatik. Euskadiko Auzitegi Nagusiko Gobernu Batzordeak dio nola Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bere 1997ko urriaren 1ean emandakoauto esanguratsu hartan zioen euskara justizi administrazioan erabili nahi izateak garbi uzten duela euskararen gabezia edukin konstituzionalari dagokionez. Ez Konstituzioak ezta gaur egungo legeek ere ez dute bermatzen hizkuntz koofizialtasuna Justizi Administrazioan. Esaldi hau ondo ulertzeko, esan beharra dago Espainiako Botere Judizialak ez duela arautu ahal izan (ez ditugu sakonduko arrazoiak idatzi honetan) Euskalerriko Autonomi Estatutuak lehen aipatu dugun 35. artikulu hori. Horrela bada, esaera zahar batek dioen bezala usteak gutxienez erdia ustela, (gertatu zaigun bezala) eta beste erdiak itzulpena behar omen. Aipaturikoa, berez nahikoa izango ez balitz bezala beraien errugabetasuna bermatzeko, Auzitegi Konstituzionalaren autoak aipatzen du nola Giza Eskubideko Auzitegi Europarrak dioen akusatuek badutela interpretari bat izateko eskubidea beraiek epaitu behar dituen Auzitegiaren hinkuntza ondo menderatzen ez badute. Ez da txantxetako ausardia onartzea euskararen ezofizialtasuna eta hori gutxi balitz, euskaldunoi atzerritarrei eskeintzen dieten tratamendu bera ematen digute, geure etxean itzultzailea alboan ipiniaz. Gauzak horrela, legalitate printzipioak legeei zor zaien errespetua alajaina gu zigortzera bultzatu ditu epaileak, esanaz epaiketa horretan euskara ez jakiteagatik justizia emateaz abstenitu izan baziren, epaile beraiek disziplina erantzunkizun baten aurrean aurkituko zituztela beraien buruak. Abstenitze hori, badirudi Konstituzioaren aurkako delitu larria dela eta Zuzenbidezko Estatuaren zutabeak kinka larrian geratuko lirateke. Auzitegiak ezin dute bere kabuz lege berririk eman edo sortu eta gehienez berezko duen jakinduria, norbanakoen eskubideak printzipioak, lojika, eta hermeneutika erabiliaz dauden legeak interpretatu baizik dagokion jurisprudentzia sortuz. Ez dugu guk ukatuko lana saila dela esaten badugu eta are gehiago lanbidea, familia, soldata eta bidaiatze derrigortuak funtzionario nazionalen bizizetzan tartekatzen direnean. Arazohau, ondo ulertu nahi izanez gero, beraien ustetan euskara ikasteko zailtasun jasangaitzan datza. Epaileek, nahiz eta jende azkarra bezala kontsideratuak izan orokorrean ez dute denborarik hizkuntza berriak ikasteko eta noski, nahiago izan dute abokatuok zigortu beraiek duten betebeharrez pentsatu baino. Izan ere, nahiz eta gehienok Justizia Administrazioa "zerbitzu publiko" bat bezala kontsideratu ez dugu ahaztu behar Estatuko hirugarren boterea dela eta, beraz, ezin ahaztu Botere Judizialak bere arau eta beste lege guztiak interpretatzen dituela. Eta argi utzi behar da inori ez zaiola gustatzen bere buruaren lepotik harria zintzilikatzea. Beste era batera esanda, beraien esanetan ez dago zalantzarik gure protestaldia arrazoi politikoetan oinarrituta dagoela eta ez juridikoetan. Dena dela, eta bakoitzak bere interpretazioak eta mamuak astintzen dituen bitartean, arestian aipaturiko abokatu multzo honi enbargatu zaizkie bere kontu korronteak edo ondareak magistratu batzuk ezarritako isunei aurre egiteko. Nola nahi ere, esan behar dugu, eta itxaropenik galdu gabe gaurko Jaurlaritzako Justizia Saila, Abokatu Elkargoetako Euskara Batzordeek eta epaile batzuk lanean ari gara eguneroko lan isilean gauzak hobetu daitezen, formulariak prestatzen, aldian gero eta demanda gehiago euskara hutsean aurkezten, Botere Judizialari presioa eta proposamenak eginez, epaitegietarako zirkuito euskaldunak esijitzen, Fiskaliari xaxatzen. Gauzak horrela, azken berrien arabera orain egun batzuk dela, lehendabiziko aldiz Botere Judizialaren Kontseiluak onartu du meritu bezala onartuko duela euskara eta Zuzenbide forala jakitea Euskal Erkidegoko epaile ordezkoa bezala izendatua izateko. Horretarako Botere Judizialaren Ikasketa Batzordea behartu du erabaki dezan zer nolako euskara ezagutza maila behar duten izan epaileek meritu bezala onartua izan dadin. Lerro hauek bukatzen ari naizela albiste berri bat (ekainaren 14koa) etorri zait eskura, hala nola, Santiago de Compostelan bildu den BotereJudizialaren Plenoak erabaki omen du hemendik aurrera Eskola Judizialetik irtetzen duten epaile berri elebidun edo eleanitzak lehentasuna izango dutela beraien lehen destinoa aukeratzerakoan. Egoera berri baten ezaugarri pozgarria dela ezin dugu ukatu. Funtsean, gure ustetan, arazoa ez da konponduko epaile, idazkari eta funtzionari guztiei hizkuntza ezagutza maila duin bat esijitzen ez zaien bitartean. Esanak esan, hogei urte eta gero hau. Jon Etxabe Jauregi, abokatua