417 Zenbakia 2007-11-23 / 2007-11-30

Elkarrizketa

Lucía Martínez Odriozola. Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakaria: Komunikabideek hobeto informatzen dute indar ekonomiko handiagoa duten heinean

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Profesional ona denez, Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakari Lucía Martínezek kontu handiz aukeratzen ditu hitzak laugarren boterea deritzotenari buruz hitz egitean. Poliki egiten du berba, baina irmoki kazetaritzaren arazoei heltzen dienean. Kazetaritzak betetzen du bere denbora osoa, bai Euskal Herriko Unibertsitatean ematen dituen eskoletan eta baita Elkartean ere. Era berean, Lucía Emakume Kazetarien Nazioarteko Sareko kide da eta Euskalasia fundazioko partaide. Asiako herrialdeekiko harremanak sustatzea da Fundazioaren helburua. Biziki maite ditu irakaskuntza eta kazetaritza

Noiz eskaini zizuten Euskal Kazetarien Elkartearen gidaritza eta zein egoeratan zegoen erakundea?

Egia esan, ez ziguten eskaini, gure ekimena izan zen, egun batzordea osatzen dugunona. 45 urte inguruko kazetariak gara, eskarmentudunak beraz, baina aldi berean indarra ere badaukagu borondatezko lan mardul honi heltzeko. Hauteskundeak deitu ziren eta hautagai-zerrenda prestatu genuen. Orain elkarteak gizarte-mailan nolabaiteko garrantzia izatea lortu nahi dugu, erakundea erakustea eta kontuan hartu dezatela. Kazetariak gara eta kazetaritza- eta komunikazio-alorrean dakiguna eta egiten duguna eskatzen digunaren esanetara jartzen dugu. Gauza jakin batzuk antolatzeko eskatu diezagukete, gizartea kezkatzen duten gaiez informatzeko komunikabideek dituzten moduez hausnarketa egitea... Helburua ez da bakarrik gizartearengana jotzea, lanbideari ere begiratzen diogu, kazetariak prestatzen jarraitu nahi dugu. Gainera, korporazio gisa onuraren bat ateratzen badugu, lanbide-kideei eskaini nahi diegu, museoetarako sarrera merkeagoak, beherapenak garraio publikoan, hizkuntza-ikastaroak...

Kazetarien artean nahikoa ezaguna al da elkartea?

500 kide gara jada, eta uste dut gugana jo dutela elkartea ezagutzen dutelako. Gainera kide berrien etorrera etengabea da, bajak ere badauden arren. Poliki-poliki handituz goaz.

Beste modu batera esanda, ez al zaigu kazetarioi apur bat kostatzen antolatu eta elkartzea?

Egia da lanbide honetan joera hori nabaria dela, baina orokorrean gertatzen dela esango nuke. Gizarte zibila jada ez dago horren egituratuta, duela 25 urte zegoen moduan.

Kazetariak batzea elkartearen xedeetako bat al da?

Modu serioan heldu diogu gaiari, baina poliki-poliki egin behar dugu. Gure lanbidea nahiko atomizatua dago, harremanak enpresa barruan sortzen dira, eta gainera ez beti, bakarrik lan egiten duen kazetari asko baitago. Hau da, etxetik lan egiten dute, gehienetan baldintza prekarioetan. Kazetaritzan ez dago harreman handirik beste komunikabideetako profesionalekin, prentsaurrekoan edo ekitaldiren batean elkartzen garenean lanera goazelako, ez lagunak egitera, nahiz eta egiten ditugun. Beraz, xedea elkartzea da, gertaera garrantzitsu batzuen inguruan batzea. Hala egin genuen, esaterako, Euskal Kazetarien I. Sariaren ekitaldian, Manu Leginetxe saritu genuenean.

Eta etorkizunera begira bestelako zein jarduera eramango ditu aurrera Elkarteak?

Burutu berri dugu Garapen Iraunkorrari buruzko ikastaroa, eta azaroaren amaierarako ekologiarekin zerikusia duten gaiei buruzkoa egingo dugu. Urte hasieran Justizian Informatzeari buruzkoa egin ohi dugu, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin batera antolatzen duguna. Aurten hirurogeita hamar profesional baino gehiago aritu dira judikaturako kideekin hizketan. Bi sari emateko asmoa ere badaukagu... Aurten sari berri bat emango dugu, Portell Saria, José María Portell kazetaria gogoan. Epaimahai zabala osatuko dugu eta hil zuten egunaren urteurrenean emango dugu.

Adinean, ideologia politikoan... arras diferenteak diren pertsonak daude elkartean. Asko eztabaidatzen al duzue erabakiak hartzeko orduan?

Mota honetako erakundeetan halabeharrezkoa da akordioak lortzea. Akordioak erdiestera behartu nahi dugu geure burua, eta ildo horretan osatu genuen batzordea ere: askotarikoak dira kazetarien jatorria, komunikabideak edota euskarriak. Komunikabide publiko zein pribatuetan egiten dute lan, eta ideologiari dagokionez euskal gizarteak duen kolorea islatzen du taldeak, kide bakoitzak berea baitu.

Laugarren boterea: horrela esaten zaio prentsari mundu osoan... baina hemen kazetarien lan-baldintzen inbidiarik ez dute beste sektore batzuetan, ezta?

Gu, elkartea, ez gara sindikatua. Hala ere lanbidean ematen den lan-egoerak kezkatzen gaitu, bukaerako produktuan eragina duelako. Minbizia da benetan. Profesionalek euren behar ekonomikoak betetzen ez dituzten heinean kazetaritza-prozedurak bide okerretik abiatu daitezke. Edukiari eragiten dio, ez bakarrik informazioaren edukiari, informazio hori lortzeko moduari ere.

Enpresek euren onurarako erabili al dute kazetaritzan aritu nahi dutenen bokazioa?

Guztiek. Kazetarion ezinbesteko laguntzarekin gertatu da guztia. Lukurreria ez da ona, eta komunikabideen kasuan ezin txarragoa da. Diruzalekeria ez da ona.

Informatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu beti, baina... ondo egiten al dugu lan euskal kazetariok?

Ondo informatzen dugula esango nuke, inolako zalantzarik gabe. Gainera, hemen oso kazetaritza arduratsua egiten da. Baina beti izan dira komunikabideak kontrolatu nahi izan dituzten sektoreak. Kazetaritza-lanbidean gaitz endemikoa da. Horren aurka borroka egin dezakegu, jakinaren gainean gaude eta. Lan-baldintza prekarioen gaia koiunturazkoa zela uste genuen, baina egiturazkoa dela ikusten ari gara. Komunikabideek hobeto informatzen dute indartsuagoak diren heinean, indar ekonomiko handiagoa dutenean. Jarraitzaile-kopuru bikaina duen komunikabidea indartsua da, eta gainera ekonomikoki ondo badoa indar handiagoa izango du kazetaritza arduratsuagoa egiteko.

Zure esaldiari buelta ematen badiogu, komunikabide txikiek ez al dute horren ondo informatzeko ahalmenik?

Komunikabidearen araberakoa da hori. Badira komunikabide oso txikiak primeran ari direnak. Baina Autonomia Erkidego batzuetan badira erregio-mailako egunkariak gorriak ikusten dituztenak bat-batean administrazio autonomiko edo erregionalak publizitatea atzera bota dielako. Oso gaizki pasatzen dute. Eta etengabe ari da gertatzen: azken kasua Extremaduran izan da. Publizitatea kentzen dizutenean komunikabidean lan egiten duten pertsona batzuen soldata kentzen dizute, eta ez hori bakarrik, oztopo handiak jartzen dizkizute informazioa lortzeko. Beno, ba baldintza horietan ere aurrera egiten dute. Herritarrak dira galtzaileak, zalantzarik gabe. Eta baita komunikabideak egoera horietara bultzatzen dituztenak ere, ez dira herrialde demokratikoei dagozkien jarrerak. Azkenean emaitza oso txarra izaten da.

Zure ustez zer da kazetari ona izatea?

Kazetaria da besteek ez dakiten zerbait jakiten duenean korrika haiei kontatzera doana: lehenengo egiaztatu eta kontrastatu egiten du, eta gero korrika doa kontatzera.

Lanbidea asko aldatu da denbora gutxian. Informazioa nahikoa kontrastatzen dela uste al duzu?

Kazetari profesionalok egiten dugula uste dut.

Bai, baina Interneten bat-batekotasunarekin, esaterako, aldatzen ari da informatzeko modua berriak kontrastatzeari dagokionez.

Baliteke, baina hori ezin da aitzakia izan lana gaizki egiteko. Edozein arlotan kazetaritza-akatsak ondorioak izaten ditu. Zuhurrak izan behar dugu, ezin dugu, adibidez, gizon bat hiltzat eman hogei minututan, pertsona horrek senitartekoak eta lagunak baititu, berria jasotzen egongo direnak eta izugarrizko atsekabea izango dutenak. Zuhurtziaz jokatu behar dugu.

Nola ikusten duzue elkartetik kazetaritza egin eta kontsumitzeko moduetan izan den aldaketa?

Kazetaritzaren erronka betidanik izan da ahalik eta denbora gutxien igarotzea notizia gertatzen denetik jendearengana iristen den arte. Denbora laburtzea, beraz. Hori guztia profesionalen onerako izango zela uste genuen eta erratu egin gara. Oso denbora laburrean iristen da berria goitik behera landuta herritarrengana. Baina gainontzean gauzak ez dira funtsean aldatu...

Doako egunkariek edota egunkariak Internetez irakurtzeko aukerak egunkarien salmentak jaistea ekarri dute...

Jaitsiera kezkagarria da... baina enpresentzat, herritarrentzat agian ez. Notiziak lantzerako orduan ez diogu garrantzirik eman behar komunikabideak finantzaketa-sistema bat ala bestea erabiltzeari. Berdin da jendearengana Internetez doan iristea edo paperean inprimatuta, azken finean garantia guztiak dituen kazetaritza-produktua baita. Baina badira Internetez eta telebistaz ikusten ari garen beste gauza batzuk, kazetaritza itxura dutenak baina ez direnak, inoiz izango ez direnak. Izan ere, zer eskatzen diogu komunikabide bati, ohiko kazetaritza-enpresa bati? Zorroztasuna notiziak bilatzean eta bere jarraitzaileei eskaintzen dien menuan.

Telebista-kateen arteko audientzia-gerren ondorioz informatibo berriek gertakari-saioak dirudite...

Uste dut arriskutsua dela eskuartean dugun produktu informatiboaren kalitate-maila jaistea, irakurle edo ikus-entzule gehiago lortzeko... Agian telebista ez da ondo informatuta egoteko komunikabiderik aproposena, itxuraz hala dirudien arren. Gizarte demokratikoen ardura da ondo informatuta egotea, eta ondo informatuta egoteko irakurri egin behar da, ez da nahikoa telebista ikustea edo irratia entzutea. 20 segundoko titularrak, prentsa idatzian lerro gutxi batzuk betetzen dituenak, ezin ditu azaldu munduan gertatzen ari denaren sakoneko gakoak. Agian esango digu zer gertatzen den, baina ez zergatik.

Lizentziatu berri bati gomendatuko zeniokeen lanbideari buruzko liburu bat...

Bat bakarra? Asko eta asko irakurtzeko esango nioke, hori baita idazten ikasteko modurik onenetakoa, eta azken finean kazetari guztiok idatzi behar izaten dugu, irratian edo telebistan lan egin arren. Funtsezkoa deritzot tipografia-mota oro neurririk gabe kontsumitzeari. Kazetariek idazten dituzten liburuak ere oso interesgarriak dira. Klasikoak irakurtzeko ere esango nioke...

Eta bide batez, nola datoz belaunaldi berriak? Gauzak orain oso ezberdinak dira. Kontuan hartu behar dugu bokaziozko karrera dela. Unibertsitatera iritsi aurretik eskaintzen den hezkuntza-maila asko jaitsi da, oso kezkatuta gaude heziketaren gaiarekin. Onartezina da jendea Unibertsitateko lehen mailara iristea hizkuntza aise erabiltzen jakin gabe, ortografia akatsekin... eta onartezina litzateke unibertsitate-garaia modu horretan amaitzea, baina egiten dute. Egoerak ezin du horrela jarraitu, norbaitek zentzutasun apur bat ekarri behar du. Selektibitateko kontrola lasaikerian erori da. Lucía Martínez Odriozola Informazio Zientzietan Lizentziatua EHUn (1983). 1991n El Correo-UPV Masterra burutu zuen. Tokiko argitalpen batzuetan lan egin du eta 1991tik El Correo egunkarian idazten du. Informazioak eta artikuluak argitaratzen ditu bertan. 1994an hasi zen EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean kazetaritza-eskolak ematen. Bertan Kazetaritza II Saileko kide da.