Zer da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana 2010? Zergatik du horrenbesteko garrantzia egungo egoeran?
Datozen urteetan gure herria “Europa mailan Berrikuntzaren erreferente” bilakatzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen apustu sendoa da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana 2010.
Zer berritasun ekarri ditu planak 2001-2004ko plangintzarekin alderatuta?
Planak, kontzeptu-mailan, berrikuntzaren ikuspegi zabalagoari emango dio garrantzia, eta eduki teknologikodun produktu eta enpresak hartuko ditu kontuan, kudeaketan, antolaketan eta marketingean berrikuntza erabat bereganatu dutenak.
Azken finean “berrikuntza irekiaren” kontzeptua hedatzea da xedea, kontuan hartuta berrikuntzak balioa sortzea esan nahi duela eta ez ezinbestean gauzak sortzea. Beraz, berrikuntzak emaitzetara bideratuta egoteaz gain merkatuaren errekonozimendua izan behar du, hori du printzipio nagusia.
Egiturari dagokionez, Planak hiru helburu nagusi ditu, garapen iraunkorraren hiru oinarriekin estuki lotuta daudenak: lehiakortasun ekonomikoa, ingurumen-oreka eta gizarte-garapena.
Hiru helburu nagusiak lortzeko lau arlo nagusi finkatu dira: Lehiakortasuna, Dibertsifikazioa, Eko-berrikuntza, Gizarte Berrikuntza.
Azalduko al dizkiguzu lau arloen nondik norakoak?
Lehiakortasun-mailan sektoreko eta klusterreko estrategiak inplementatu egiten dira, bereziki bi estrategia Turismo eta Merkataritzan eta orokorrean zeharkako estrategia teknologikoak, Euskadiren lehiakortasun ekonomikoan eragin handia dutenak, hala nola Manufacturing-a, Material Berriak, Elikagaien Segurtasuna, IKTak eta Hizkuntzaren Industriak.
Dibertsifikazioaren arloan bioBASQUE 2010 eta nanoBASQUE 2015 estrategiak ditugu, Garraio Adimendunerako Elektronikarekin eta Energia Berriztagarriekin batera.
Aipatutakoez gain Eko-berrikuntzaren eta Gizarte Berrikuntzaren estrategiak hartu ditugu kontuan. Gizarte Berrikuntzaren estrategiaren barruan erakundeen eraldaketa, lurralde adimendunak eta gizarte-ikerketa aztertzen dira.
Zientzia eta Teknologia alorrean nola aldatu da Euskal Autonomia Erkidegoa azken urteetan?
Zientzia eta Teknologiaren alorrean EAEk onerako aldaketa izan du.
Nolakoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera gaur egun? Eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta? Nahikoa diru inbertitzen al da?
I+G inbertsioa, EUSTATen arabera, BPGaren %1,43koa izan zen 2005ean (azken datu ofizialak). Estatuko batez bestekoaren gainetik dago (BPGaren %1,13koa 2005ean), baina hala ere Europako mailatik nahiko urrun gelditzen da oraindik ere (EU-25 BPGaren %1,90ekoa 2004an).
Egindako ahalegina garrantzitsua izanik eta aurrera egin badugu ere, herri eta erregio garatuenetan dituzten parametroetara iristeko lanean jarraitu behar dugu.
Enpresa-sektoreak 2005ean Euskadin egindako I+G inbertsioa BPGaren % 1,14koa izan zen, eta horrenbestez enpresek I+G alorrean gastu-proportziorik handiena egiten duten Europako herrialdeen artean gaude. Dena den, aipatu kopuruari Teknologi Zentroek egindako I+G gastua kentzen badiogu proportzioa % 0,86an gelditzen da, hau da, Europako batez bestekoaren azpitik, 2004an BPGaren % 1,30ekoa izan baitzen. Aipagarriak dira Finlandia eta Suediaren kasuak, horietan I+G gastua BPGaren % 2tik gorakoa baita (% 2,45 eta % 2,93 hurrenez hurren).
Beraz, inbertsio orokorrari eta enpresak egindakoari begiratuta EBko herri eta erregio garatuenetatik urruti gaude. Inbertsio publiko-pribatuak handiagoa izan behar du.
Ildo horretan Planak ahalegin publiko esanguratsua egin nahi du 2010era begira. Termino homogeneoetan hirukoiztu egingo du ahalegin publikoa, eta 2010. urtera bitartean 6714.49 M ¤ bideratuko ditu; EAEko Administrazioaren aurrekontu-baliabideetatik 2173.14 M ¤.
Egungo lehiakortasun-egoeran ezinbestekoa dirudi enpresak berrikuntzaren garrantziaz jabetzea. Ildo horretan ahaleginik egiten al dute euskal enpresek?
Berrikuntza-gastuak enpresa handietan kontzentratzen dira Euskadin ere, baina beste herrialde batzuetan baino askoz neurri txikiagoan gertatzen da fenomeno hori.
Berrikuntza-ahalegina zatituegia dago, enpresa bakoitzaren batez besteko I+G gastuak argi eta garbi erakusten duenez (88 enpresek egiten dute I+G gastu totalaren % 79). Ondorioz, garrantzitsua da enpresak jabetzea berrikuntza dela bide bakarra enpresari balio erantsia emateko; berrikuntza produktu berrietan, prozesuetan edo negozio-eredu berritzaileetan.
Kultur aldaketa da Planaren ekintza-esparruetako bat. Ahalegin berezirik egin behar al da euskal gizarteak kontzeptu horiek bereganatu ditzan?
Orokorrean ematen ari diren aldaketek ez diote esparru ekonomikoari bakarrik eragiten. Aitzitik, gizarte osoari eragiten diote modu berean. Berrikuntza gizarte-fenomenoa da eta ildo horretan giza dimentsioa du, pertsonen arteko eta erakundeen arteko elkarrekintzarekin lotuta dago eta ekonomiaren esparrua gainditzen du: gizarte- eta kultura-mailako testuingurura zabaldu da.
Gizakiek eta gizarteek multzo gisa espazioarekin elkarreragiteko duten moduen ezagutzak garrantzi berezia hartu du. Elkarrekintza horren emaitza izango da faktore eta baliabideak eraikitzea, eta etorkizunean baliabide berriak eraikitzeko gaitasuna baldintzatuko du faktore eta baliabide horien ustiakuntzak. Horregatik Planak gizarte osoarengan eragina izango duen kultur aldaketa proposatzen du, Berrikuntzarako Euskal Sisteman inplikatutako eragile guztien konpromisoa izango duena. Zientzia-Gizartea komunikazio-ekintza integratuaren bidez egingo da aldaketa. Helburua balore-eskala aldatzea izango da, modu horretan berrikuntzaren kultura gizartean txertatzeko, hori ezinbesteko urratsa baita ezagutzaren gizartea izatera iristeko.
Planean enpresa handiak bakarrik sartzen al dira? Enpresa txikiek ba al dute tokirik?
Gure garapen ekonomikoaren oinarri garrantzitsua diren trakzio-enpresei lagunduko die Planak, baina era berean gure ekonomiaren oinarriaren lehiakortasuna zabaltzea ere badu helburu. Horretarako sektoreen, klusterren eta enpresa txiki eta ertainen intentsitate berritzailea (teknologikoa eta ez-teknologikoa) areagotuko du, jakin badakigulako enpresa txiki eta ertainak gehiengoa direla gure herrian. Ildo horretan INNOVA ekimena jorratu da, bi estrategia dituena: lehena INNOVA -kooperazioa da, berrikuntzarako elkarlanaren bidez Klusterren eta sektoreen lehiakortasunari laguntzea helburu duena; bigarrena INNOVA- enpresa da, enpresek eta bereziki enpresa txiki eta ertainek euren gaitasun berritzailea modu sistematikoan garatu dezaten bultzatuko duena.