409 Zenbakia 2007-09-28 / 2007-10-05
Klima aldaketak Euskal Herrian izango dituen eraginen arteko hainbat oso aintzat hartzekoak dira: ekosistemen mediterraneotzea, euri jasen egituraren eta itsasaldeko hezegunen aldaketa, arro atlantikoen aldakortasun handitzea... Inpaktu horiez gain, euskal hondartzen %40 desager liteke eta kostaldeko gune ugari urpean gelditu. Ez da makala, gero, datorkiguna! Isurpenak, gora eta gora
Horrela bada, ezinbestekoa da zentzuz jokatzea eta errora doazen politika ausartak ezartzea. Estatu frantsesak eta espainolak konpromiso zehatza hartu zuten Negutegi Efektuko Gasen (NEG) emisioarekiko: 1990etik 2008-2012 tartera hark ezin zituen igo eta honek gehienez %15. Pirinioetatik gorakoak betetzetik hurbilago badaude ere, beheragokoek aitortua dute ezintasuna. Geureari dagokionez, Iparraldeko daturik ez daukagu oraindik eta Hegoaldean 1990ean baino %50 inguru gorago gabiltza.
Nafarroa Garaiko Gobernuak bere Plan Energetikoan 2010erako emisioen %90eko hazkundea iragartzen du, lotsak gorritu gabe gainera. Lakuak, bere aldetik, aitortua du 2010erako ez duela lortuko isurpen zuzenak %52 baino gutxiago haztea. Hala ere Europar Batasunean muturrean omen gaude iraunkortasunari dagokionez. Horrela saldu nahi digute behintzat. Garraioa eta energia, minbiziaren sintomak
Isurketei arloka begiratuz gero, energia eta garraioa dira era izugarrian hazi direnak. Ondoren dator industria eta pisu txikiagoarekin etxebizitzarekin lotutakoak eta zerbitzuak, nekazaritza eta abar. Europako erdialdean eta iparrean energia aurreztearen eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin den arren, Euskal Herrian ziklo bateratuetan oinarritutako gehiegizko ekoizpena da helburua. Urte gutxi barru eskariaren oso gainetik egongo da ekoizpena Euskal Herrian, enpresa elektrikoen pozerako. Isurpenek gora eta gora egiteak, jakina, ez ditu gehiegi kezkatzen Iberdrola, Hidrocantabrico eta enparauak. Santurtzi, Boroa, Zierbena, Kastejongoak... gutxi ez badira, litekeena da urte batzuen buruan Pasaia, Lantaron, Lemoiz eta Kastejonen zentral termiko berriak izatea.
Garraioari dagokionez, pertsona zein salgaiena errepidearen morroi dira. Izan ere, garraio erarik kaxkarrena eraginkortasun eta kutsadurari begiratuta da, hain zuzen, administrazioek bultzatu dutena hamarkadetan. Garraioaren ondoriozko Negutegi Efektuko Gasen emisioak %95 hazi dira EAEn 1990etik eta beren energia kontsumoa %88 eta Nafarroa Garaian antzekoa da egoera. Kopuru hauek alarma pizteko modukoak dira, jakina. Nahikoa garraio eredua erabat aldatu behar izateko, baina Lakuak lehengo lepotik burua. Beraiek jakingo dute zer interesekiko lotura eta tutoretza duten berdin segitzeko.
Eskaria kudeatzeari ekin beharrean, energia xahutuko duen AHT inposatzen dute eta Foru Aldundiekin batera ahalmen handiko errepide handi gehiago eraiki. Jakina da azken neurri honek, trafikoaren kongestioa arindu beharrean lozorroan zegoen eskaria aktibatzen duela, gurpil zoroa are gehiago elikatuz. Bada sasoia politika zaharkitu horrekin amaitzeko. Beste horrenbeste esan dezakegu Nafarroa Garaiko gobernuaren mugikortasun eta garraio politikaz. Ea eskuina oposiziora joanda, eskuinekoak diren ereduak ere ahazten diren.
Garraio eta energia ereduek ez ezik, gobernu biek ezarritako hirigintza plangintza, lurralde antolamendu eta zerga politikek ere eraman gaituzte errealitate gordin honetara. Hiri sakabanatuak eraikitzeko prozesuak ibilgailu pribatuan egindako joan-etorriak areagotu ditu, luzeago bihurtuz gainera. Sakabanaketa, dela dentsitate baxuko etxebizitzak, aisialdi eta salmenta gune handiak kanpoan eraikiz, dela ikasguneak toki isolatuetan jarriz, oso praktika okerra da, iraunkortasunaren guztiz kontrakoa.
LABek bestelako lurralde antolamendu eta garraio eredu baten alde egiten du. Ikuspegi orokorra, integrala eta diziplina artekoa behar dugu, joan-etorrien beharra murriztuko duena. Gehiengoaren interesen alde egingo duena, gizartearen beharrak aintzat hartuz eta ingurumena zein osasun publikoa babestuz. Garraio publikoa defendatuko duena eta ez pribatua, salgai eta pertsonen garraio beharrak garraio publiko eta iraunkorrean egitea ahalbidetuko duen eredua. Eredu bat, finean, gas kutsakor gutxiago isurtzea lekarkeena, horrela Kyotoko Ituna betez. Euskal gobernuek, bata esan eta bestea egin
Hego Euskal Herriko gobernu biek antzera jokatu izan dute azken hamarkadetan. Badatorkizu Ingurumen Saila eta neurri zorrotzak hartu beharraz aritzen zaizu, auto pribatuaren erabileraren kalteak gora eta energia kontsumoa murriztea behera, konturatzen zarenerako badirudi erru guztia norbanakoena dela. Argi esan zuen Lakuak: “Klima aldaketa eragoztea zure esku dago”. Baina gero, atzetik, gainontzeko Sailak datoz: industria eta energia, garraioa... eta beraiekin batera gure lurra seko jota uzten duten “herri-lanak”, “ezinbesteko azpiegiturak”, “lehiakortasuna bermatzeko baimenak”... Bilduma ezin oparoagoa da: saihesbide bat bestearen atzetik, autopista zaharrerako errei berriak, beste autobia bat, zentral termikoak perretxikoak beste, merkatalgune erraldoiak nonahi...
Batetik azaltzen digute klima aldaketak eragin larriak ekarriko dizkigula: lehorteak, tenperaturen gorakada, biodibertsitatearen galera, uholdeak, uzten murrizketa eta itsasoaren mailaren igoera besteak beste. Horren guztiaren kontra egitea, noski, zure esku omen dago, herritar xume hori. Beraiek, laguntzeko, klima aldaketaren aurkako Bulegoa eratuko dute, enpresa “iraunkorrenei” sariak eta diru laguntza oparoak emango dizkiete eta munduko beste puntako Nobel saridunak ekarri elkarrekin argazkia egiteko.
Hori bai, ostean etorriko dira aurrekontuetan partida handiak benetan hartzen dituztenak, autoaren erabilera etengabe bultzatzen dutenak, trenbide sarea hamarkadatan zaharkitzen utzi dutenak, kontsumokeria sustatu eta gizarte eredu xahutzailea bilatu eta lortu dutenak, sistema energetikoa Iberdrola eta enparauen aginduetara planifikatzen dutenak. Europar Batasuneko lurraren artifizializazio tasarik altuenetarikoa dugu. Aztarna ekologikoa izugarria da. Negutegi efektuko gasen emisioak gora eta gora doaz. Hirigintza eredua, merkataritza antolatzeko era, mugikortasuna, harrobien hazkundea, zentral termikoen areagotzea -zaharrak itxi barik, gainera!-, zerga politika ezegokia... aldagai gehiegi onik ateratzeko.