Euskonews Gaztea
Gaiak: Jakin-minik gabe ezin ezagutu
Antropologoa
Irakurtzeko argi ona ematen duten lanpara horietako baten bila nenbilen, eta lanparaz bete zegoen denda batean sartu nintzen. Kolore, tamaina, forma askotako diseinuak zeuden. Behar nuen argitasun motaren bila hasi nintzen, diseinuagandik ihes egiten, diseinua zenbaki potolo baten sinonimo baitzen. Dendaria okupatuta zegoen beste bezero batzuekin, bikote bat euren hiru edo lau urteko semetxoarekin. Hainbeste lanparekin zorabiatuta, dendaria eta bezeroen mugimenduak jarraitzeari eman nion; kuxkuxero puntua dudala onartzen dut.
Lau pertsona ginen dendan, poliki-poliki espazioan kokatzen hasi ginen. Dendaria eta bikotea lanparen ezaugarriak aztertzen, ni geldi mostradore ondoan (kuxkuxero talaian) eta umea altxor txiki ugarien uharte batean zegoen, gorputza geldi baina begiak toki guztietara luzatzen. Kuxkuxero profesionala naizenez umearen mugimenduak jarraitu nituen.
Begiratu eta begiratu, hor zebilen umea, eta bat batean, begiak bi eguzki erraldoi bihurtu ziren. Munduko gauzarik politena ikusi zuen, kristalezko urdin biziko hautsontzia. Aitari begirada luzatu, amari begirada luzatu, dendariari begirada luzatu (niri jaramonik ez) eta zuzenean, katutxo baten ibilerarekin, hautsontziarengana gerturatu zen. Segundo bat eta eskuetan zuen altxorra. Hiru segundo eta helduen alarma piztu zen; dendariaren laguntza! soa eta gurasoen haserre begirada. Hauskorra dela, gurea ez dela, oso garestia, baimena eskatu, geldi egon, gaiztoa zara... zigortuta bazter honetan.
Egoera horren ondoren, berriz kokatu ziren espazioan (ni nire talaian jarraitzen nuen) helduak produktuak aztertzen eta umea zigor txokoan. Baina umea ez zegoen lasai. Berriz mugimenduan jarri zen, helduen alarma ez pizteko taktika erabili zuen oraingoan. Dendan zegoen altzari baten atzean ikusi zituenean, berriz hautsontzia hartu eta lehen egiteke utzi zuena burutu; hautsontzia begietan jarri eta mundua ikusi. Azkar bueltatu zuen bere tokira, azkar bueltatu ere bere txokora. Eta orduan konturatu zen ni han nengoela eta dena ikusi nuela. Isilik egongo nintzela adierazi nion keinuz eta galdera bat bota nion - zer ikusten da hortik begiratuta? –Erantzuna zoragarria izan zen – dena itsaso barruan.
Umearen jarrera ez zen izan kontra egitea, bere jakin-minari erantzun behar zion; hautsontziaren ezkutuko aukerak ezagutu nahi zituen. Heldu batek azaleko ezaugarriak aztertuko zituen; tamaina, forma, kolorea, diseinua, erabilera, prezioa... Heldu batek (eta zoritxarrez gero eta lehenago nahi dugu helduak izan) ez zuen hartuko mundua ikusteko tresna bezala, ez zituen arakatuko hautsontziaren ezkutuko erabilerak.
Gure ingurua ere horrela aztertzen dugu, azaletik. Kuriositatea galdu dugu eta inguratzen gaituena azaletik begiratzen dugu; ez ditugu bilatzen ezkutukoak, hautsontziari ez diogu buelta ematen. Eta ezkutuko horiek esaten digute nolakoak garen. Egunero zeharkatzen ditugun kaleak ez ditugu “irakurtzen”, eta asmoz ezagunak direnak arrotz ditugu.
Umeak hautsontziarekin egin zuena egiten ahalegindu; ilunpetan bilatzen ahalegindu. Zaila egiten bazaizue, lasai, hurrengoan ezkutukoa “ikusteko” pistak emango dizkizuet. “Irakurketa” jolasa proposatuko dizuet kuxkuxero profesionalen baliabideak eskainiz; gizarteak gordetzen dituen sekretuak ikusteko betaurrekoak.
