Aipamena. Arantzazuko Santutegia: El Santuario de Arantzazu
Egileak: Hainbat Argitaratzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia Orrialde kopurua: ISBN: 978-88-216-7064-0 Ezaugarriak: “Arantzazuko Santutegia-El Santuario de Arantzazu” izeneko liburua argitaratu berri du FMR italiar etxe ospetsuak. Liburuak Arantzazuko multzo artistiko monumentalaren berezitasuna jaso du, eta bere balio arkitektonikoa eta espiritualitatearen gune modura izan duen eragina islatu nahi izan du. Arantzazu bere garaiko artearen eta gizartearen adierazpen esanguratsuena da eta hori guztia jaso nahi izan da liburuan; edizioa bereziki zaindu da, gaiak merezi duen bezala, eta ondare artistikoaren zabalkundean aditua den Italiako FMR argitaletxe ospetsuak egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu duelarik liburuaren plazaratzea. Liburuan lau idazleren testuak ageri dira. Aurrenekoa Joseba Intxaustik idatzi du; Arantzazuko iragana eta orainaldia ondo baino hobeto ezagutzen du eta “500 urteko historia” izenburupean santutegiaren jatorria eta santutegiak bizi izan dituen aroak izan ditu aztergai. Joxe Azurmendi euskal literaturako pentsalari eta idazlerik oparoenetakoak idatzi du liburuaren bigarren zatia, “Arantzazu, gizartea eta kultura” izenburu duela. Arantzazun eroso sentitzen da bere iturrietatik edatera joaten den sinestuna zein bizitzaren eta heriotzaren zentzuari buruzko galdera handien oihartzuna entzuten duten sinesgabea. Gauza guztien gainetik, Arantzazu espiritualitatearen gune da, hala dio Javier Garrido frantziskotarrak liburuaren hirugarren zatian. Bukatzeko, Miguel Alonso del Valek santutegiko arteari eta arkitekturari buruz idatzitako artikulua dator. Arantzazu denboraren emaitza da, ideiengan eta Arantzazun lan egin duten arkitekto eta artistengan eragiten duen denborarena. Arantzazuko multzo artistiko monumentala berezia dela esan dugu eta berezitasun horrek Saenz de Oizaren arkitektura, Oteizaren eskultura, Muñozen absidea, Chillidaren ateak, Basterretxearen kripta, Eulateren beirateak eta Egañaren margoez gozatzeko aukera ematen digu. Inolako zalantzarik gabe, bere garaiko artearen eta gizartearen adierazpiderik esanguratsunena da. Argazkiak Roberto Bigano argazkilariak egin ditu bereziki argitalpen honetarako. 4.500 ale atera dira. Horietatik 500 luxuzko edizioan, eta 4.000 edizio normalean. 23000 liburu euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dira eta beste 1.000 frantsesez eta ingelesez. Arantzazuko santutegian bakarrik jarriko dira salgai eta Euskaditik kanpo FMR argitaletxeak banatuko ditu.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.