Irakaskuntzaren lehen urratsak Euskal Herrian Irakaskuntzaren lehen urratsak Euskal Herrian *Traducción al español del original en euskera Iurdana Akasuso Ume eta gazteen hezkuntza beti egon da familiarekin lotua, baina XVI. mendetik aurrera (eta batez ere, XIX. mendetik aurrera), irakaskuntza instituzionalizatua Euskal Herrian ere zabaldu zen. Hasiera batean, gizarte tradizionala osotzen zuten jakintza ezberdinak ahoz aho transmititzen ziren familiaren, eleizaren eta herri taldearen barnean. Oso jakintza egonkorra zen eta bizi esperientzian oinarritzen zen batipat: taldearen aurrean nola portatu, zelan lan egin, herriko mito eta kondairak, erlijio erritoak,... Guzti hauek "autoritate" batek euskeraz igortzen zituen. Hezkuntza ez formal honen espazioa eguneroko bizitzaren mundua zen. Jasotzen ziren ezagutzak ume horiek jakin behar zituzten ohitura, portaera, sinismen, balore eta lan teknikak ziren. Pertsona helduek gidari bezala jokatzen zuten, umeek gizarte eredu tradizionala errepikatzen zuten bitartean. Garai hartan familia zabalaren eredua nagusitzen zenez, umeek oso sozializazio aberatsa jasotzen zuten, jakintza ezberdinetarako gidari ezberdinak aurkitzen zituztelako. Hezkuntza formala agertu zenean, hau gaztelaniaz edo frantsesez ematen zen eta elitera bakarrik zuzenduta zegoen. Udaletako eskoletan irakurtzen, idazten eta oinarrizko aritmetika bakarrik irakasten zen (neskek irakurtzen bakarrik ikasten zuten ordea). Ikasketekaz aurrera jarraitzea goi mailako jendearentzat zen bakarrik posible: Latinitate edo Gramatika eskolak billa nagusienetan zeuden eta gehienetan erlijio ordenek kudeatzen zituzten, nobleziak eta goi burgesiak tutore partikularrak izaten zituzten. Goi mailako ikasketak (bai unibertsitarioak, bai erlijiosoak eta baiata teknikoak) oso jende gutxik betetzen zituzten. XIX. mendean barriz, eskolatzea derrigortu eta lurralde guztitik zabaldu zenean, hezkuntzaren egoera guztiz aldatu zen. Mende honetatik aurrera hezkuntza sistema nazionalak martxanjartzen hasi ziren, umeei derrigorrezko eta doako eskolatzea bermatuz. Horretarako ikastetxe sare bat eraiki zen, irakasle eta inspektore talde egonkor eta profesional bat antolatu zen eta estatuak bere aurrekontuaren zati bat hezkuntza publikora zuzentzen zuen. Lehen mailako eskoletan irakurtzen, idazten, zenbatzen eta gizartearen baloreak irakasten ziren. Umeak ikasgeletan batuta zeuden irakaslearen aurrean eta jaso beharreko informazioa liburuetatik hartzen zuten. Irakasleak orduan, informazio horren igortzaileak ziren eta umeak barriz hartzaile pasiboak. Ikasketekaz aurrera jarraitu nahi zuenak hezkuntzaren hierarkia errespetatu behar zuen baina geroz eta errazagoa bihurtzen joan zen elitekoa ez zen jendearentzat. Eta hauxe da egun oraindik mantentzen dan irakaskuntza eredua. Eskolen helburua biztanleria alfebetatzea izan da urteetan eta ideia hau ordutik burutu diren lege eta planetan nagusitu da: XIX. mendeko plan probintzialak, Franco garaiko "Ley de Instrucción Primaria" (1945) eta "Ley General de Educación" (1970),... Baina gaur egun barriz, hezkuntza kritiko baten alde agertzen dira adituak, horregaitik 1990. urtean ezarri zen LOGSE delakoa. Iurdana Akasuso soziologoa da
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.