398 Zenbakia 2007-06-08 / 2007-06-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mutrikuko Portu Berria

AÑORGA, Andoni ARIZAGA, Mikel

DBH 4.mailako ikasleak



Kostaldeko kala txiki batean azaltzen zaigu portua, eta herria maldan gora portuaren atzean. Iparraldeko bi kai-mutur paralelok eta hegoaldeko kai-mutur batek eratzen dute gaur egun portua. Arrantza-portua da gaur egun ere Mutriku, nahiz eta bertan aisialdi-ontzi ugarik atrakatzen duten.

Burumendi eta Alkolea mendiek eskaintzen duten babesa erabili zuten Mutrikuko portua eraikitzeko. Ontzi txikienak Deba ibaira sartzen ziren bertan lehorreratzeko. Badirudi, Mutrikuko portua izan zela Gipuzkoan hargintza erabilita eraiki zen lehenengoa. Espainiako errege izan zen Fernando III. aren garaikoa da portua (XIII. mendekoa).

Enbatak zirela-eta, XVIII. menderako portua erabat zaharkitua zegoen. Kaia berritzeko lan asko egin arren nahiko kaxkar egoten jarraitu zuen. 1866. urtean bigarren mailako portu izendatu zuten eta kudeaketa Estatuaren eskuetan geratu zen, Mutrikuko Udalaren mesedetan.

Bi kai- mutur eraiki ziren “kanpo portu” bat sortuz. Ondoren, hegoaldeko dikearekin elkartuta hasierako ahoa baino txikiago bat sortzen zuen nasa berri bat eraiki zuten. Horrela, kai barruko ura lasaiago egoten zen. Urte batzuk geroago itsasoko olatuak portuaren paretan ez hausteko malda bat eraiki zuten. Gaur egun, arrantzako zenbait ontzi txiki eta kirol ontziak izaten dira Mutrikuko portuan nagusi.

2003.urtean hiru arrantza ontzi soilik zeuden. 2006. urtean lan berriak hasi ziren Mutrikuko portua birmoldatzeko, Mutrikuko Portuaren Ordenamendu Plan Berezia onartu ondoren. Helburua, portuan lehendik zeuden instalazioak egokitzea, 600 kirol-atrakaleku prestatu eta arrantza-jarduera guztiak kai berri batera eramateko asmotan.

Portuaz aparte, Mutriku hondartzengatik da famatua. 6 hondartza zoragarri ditu; hauexek dira beraien izenak: Hondar Beltz; herriko hondartzan hiru daude sakabanatuta elkarren ondoan (hauek zenbakiz ezagutzen dira). Azkenik, Saturrarango bi hondartzak daude, horietako bat nudistentzako. Gainera, Saturrarango hondartzak interesa badu bere inguruan sortu den kondairagatik. Saturrarango Kondaira

Talde nomada batek Saturraranen gelditzea erabaki zuen aspaldi. Satur eta Aran deituriko bi gazte zeuden talde horretan. Txikitatik ezagutzen zuten elkar, eta sorginkeria batek eraginda maitemindu egin ziren. Satur arrantzara ateratzen zen eta Aran hondartzan gelditzen zen bestea bueltatu arte.

Egun batean, galerna sartu eta Aran hondartzan egon zen Saturren zain, baina hau ez zen itzuli. Esperantza guztiak galduta, Aranek garrasika itsasoari bera ere eraman zezan eskatu zion. Gau hartan izugarrizko zarata entzun zen, eta bertakoek begiratzean hondartzako haitzak itxuraldatuta ikusi zituzten. Bi pertsonen irudiak ikus zitezkeen bertan. Bat Satur zen eta bestea Aran.