395 Zenbakia 2007-05-18 / 2007-05-25

Artisautza

Maite Alkorta. Lore konposizioak: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

PROZESUAK

Oro har kontatuta, honelakoa da mahaierdiko baten edo antzeko zerbaiten egite prozesua: 1. Egin beharrekoa erabaki

Hau da, bezeroak zer nahi duen jakin behar da, norako, zer testuingurutan erabiltzeko. Ez dira gauza bera mahai bat apaintzeko mahaierdikoa, emaztegai batek eskuan eramango duen lore sorta, edo hil koroa bat, esate baterako. 2. Materialak erosi

Egin beharrekoa, tamaina eta koloreak erabaki ondoren, artisauak osagaiak erosten ditu. 3. Oinarria prestatu

Oinarria egiten da, eta hor txertatuko dira osagaiak. Oinarritzat loreontziak edo bestelako ontziak erabil daitezke, edo belakiak, barne euskarriak, etab. 4. Osagaiak prestatu

Adar bakoitza, lore bakoitza egin behar da, eta haien formak eta multzoak osatu behar dira, burdin hariak eta beste elementu batzuk erabilita. 5. Aurkezpena

Osagai guztiak eginda daudenean, artisauak multzo osoa aurkezten du, behin betiko lotu aurretik.

Une horretantxe izan behar da arreta gehien, koloreak elkarrekin ongi etor daitezen, bolumena nahi dena izan dadin, multzo osoaren egonkortasuna bermaturik egon dadin. 6. Muntaketa

Multzo osoa muntatzen da behin betiko.

Gure artisauak ura ipini ohi du oinarrian, lixiba tanta batzuekin nahasita. Horri esker, parasitoek ez dute ixten ebakidura zona, eta ura barruan ibiltzen da. Era horretan, apaingarriak luzaroago irauten du. Materialak

Orain arte elkarrizketatu ditugun guztien artean, segur aski Maite da bere lanean “motordun ezer erabiltzen ez duen” artisau bakarra. Haren osagaiak oso sinpleak dira: A. Materialei dagokienez:

A.1. Lore freskoak, adarrak, hostoak, etab.

A.2. Osagai lehorrak: loreak, fruituak, haziak, adarrak, harriak, etab. B. Tresnak: Kolorezko larruzko xingolak, lokarritzat. Forma emateko burdin hariak. Zinta itsaskor berezia, burdin hariak estaltzeko. Kolore askotako kotoizko xingolak lore sortentzat, bereziki emaztegaienentzat. Kotoizko begiztak. Lodiera eta kolore ugaritako sokak. Belaki xurgatzailea, mahaierdikoetan oinarritzat ipintzeko. Oihalak eta hariak. Plastikoak eta zelofanak, bilgarritzat. Labana. Guraizeak. Aliketak. Kurrika. Etab.