394 Zenbakia 2007-05-11 / 2007-05-18

Elkarrizketa

Patxi Baztarrika. Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede

SALABERRIA, Urkiri

Zoriontzekoak gara euskaldunak eta euskaltzaleak. Joan den hilabetean, apirilak 20, aho batez Legebiltzarrak onartu zuen Etxepare Euskal Institutuaren Sorrera Legea. Horretaz mintzatzeko, Patxi Baztarrikarekin, Hizkuntz Politikarako Sailburuordea, izan dugu hitzordua.

Hasiera polita. Ondo hasi, ondo hezi?

Hala bedi. Esan dezakegu Etxepare Euskal Institutua izar bikainarekin sortu dela, oso gutxitan gertatzen den alderdi guztien babesarekin sortu baita. Legea osoko bilkuran onartu zen egunean, ni Estatu Batuetan nintzen, Etxepare Euskal Institutuarekin zer ikusia duen euskara eta euskal kulturari buruzko mintegi batean. Beraz ezin izan nuen nire begiekin zuzenean ikusi Legebiltzarrean botoak jasotzen dituen pantaila berde jarri zen unea, 51 parlamentari ziren bertan eta guztiak Etxepare Euskal Institutuaren sorrera alde bozkatu zuten.

Zer izango da Etxepare Institutua?

Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede. Sorrera legearen zio azalpenetan zera dio: “Euskarak eta euskal kulturak, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, gure identitatearen ezaugarririk sakonenak biltzen dituzte”; beraz, alde batetik, euskara, euskal herriaren identitatearen funtsezko elementua, kanpoan sustatu, bultzatu eta hedatuko du Etxepare Euskal Institutuak.

Bestetik, kanpoko kultura-aniztasunari eta unibertsaltasunari irekita agertzeaz gain, euskal komunitatea bere identitate kulturalari eutsita proiektatuko da kanpora, bere adierazpen eta agerbide guztietan; bi hizkuntzatan espresatzen den kulturari orain artekoa baino proiekzio handiagoa eman nahi diogu.

Zintzoki aitortuaz bi hizkuntza ditugula hemengoak, modu berean aitortzen da biak ez daudela oraindik ere maila berean. Batean eta bestean sortzen den kulturak ez dituela ez aukera berak ez eta zabalkunde bera ere. Horrexegatik, Institutu berriak, “bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz” jardungo du.

Ez dugu ahantzi nahi, ordea, bi hizkuntza izan arren hemengoak, egunetik egunera indar eta behar handiagoz, beste hizkuntza batzuk ere badirela “hemengoenak”. Horrexegatik nahi izan dugu izena bera izatea egunetik egunera eleanitzagoa den gizarte honen adierazgarri, eta hemendik kanpoko mundu eleaniztunean ibili beharko duelako oroigarri: Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

Zergatik Etxepare? “Euskara jalgi hadi mundura” esaldiagatik?

Jalgi hadi mundura lelo ezin hobea du euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena xede duen erakundeak. Argi dago XXI. mendean Europar Batasunean txertaturik dagoen herri txiki honek kanpo zabalkundearen beharra baduela. Botere publikoei badagokie hemengo idazle, zinegile, dantzari, eskultore, margolari, eta abarri beren lana mundu zabalean ezagutzera eman dezaten laguntzea. Botere publikoei badagokigu euskarari eta euskal kulturari munduko unibertsitateetako ateak zabaltzea. Botere publikoei badagokigu gure errealitatea euskaraz hitz egiten duten kolektibitateetara eta hainbat herritarrengana hurbiltzea, bereziki herritar horiek euskal komunitateak dituzten herrialdeetan bizi direnean. Horixe guztia esan nahi du egun, Etxepareren “jalgi hadi mundura”.

Eta leloarekin batera, hori sortu zuen Etxepareren izena hartu du Euskal Institutuak. XVI. Mendean Bernat Etxeparek, mundura jalgitzeko agindua eman zion euskarari. XXI. mendean, inoiz baino gehiago, mundu zabalean txertaturik bizi da euskal gizartea. Ez dugu munduari bizkar emanda bizi nahi, hartu eta eman egin nahi dugu, trukea aberastasuna delako. Badugulako zer emana, zer irakatsia, baina baita ere zer hartua eta zer ikasia. Euskaldunok munduan egon nahi dugu, ez daukagu besteak baino gauza hoberik, ez okerragorik. Guk gurea dena, gure hizkuntza eta gure kultura aportatu nahi dugu. Jakinda beti ere, zabaldu nahi ditugun leihoak eta ateak ez direla norabide bakarrekoak, gurea eman eta bestetatik jaso nahi baitugu.

Noren ekimena izan da?

Etxepare Euskal Institutuaren ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Jaurlaritzari baitagokio lege proposamena; Legeak Eusko Legebiltzarrak egiten ditu, eta zentzu horretan esan dezakegu Etxepare Euskal Institutuaren ekimena Legebiltzarrarena ere badela; are eta gehiago honetan gertatu den bezala Sorrera Legea aho batez onartu denean.

Komentatu duzuenez, Eusko Jaurlaritzak “bultzatu du”, baina sorrera nondik dator?

Etxepare Euskal Institutuaren hazia aspaldi erein zen. Eusko Jaurlaritzan euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenaz arduratuko den erakunde baten beharra urteetan landu dugu. Berez, honen inguruko proposamena 2001eko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu egitasmoan azaltzen zen eta orain aurreko legealdi osoan landu izan da. Hausnarketa horren barruan, Jaurlaritzaren baitan aztertu zen zein motatako egituretan oinarritu behar zen, gisa eta garrantzi honetako tresna; eta horren ondorioz Lege mailako araudi baten bitartez sortzea oniritzi zen, kontuan izanda erakunde berri honen garrantzia.

Horrekin batera, joan den lege aldian etorkizunean Etxepare Euskal Institutuak landu beharko dituen hainbat alor jorratzeari ekin zitzaion. Horrexegatik esan izan dugu Etxepare Euskal Institutua ez duela bere lana hutsetik hasiko eta ez duela bere lana bakarrik egin beharko. Legez sortu ondoren, Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko eta garatuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak, hor txertatuko dira azken urte hauetan garatu diren euskara munduan erakusteko egitasmoak (euskara munduan eta irakurletzak) eta euskal kulturaren alor desberdinetan (literatura eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, arte ederretan eta abarrean). Kultura sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzerekin egiten diren hainbat ekimen.

Nola zabalduko da euskal kultura munduan zehar?

Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskara eta euskal kulturaren irakurletzak sortu ditu Europa eta Amerikako hainbat unibertsitatetan. Gaur egun Amerikako eta Europako 9 herrialdetako 17 unibertsitatetan eskaintzen dituzte euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzak eta Amerikako Estatu Batuetako, Argentinako eta Mexikoko beste 5 unibertsitatetan horren atarian dira; azkenik, beste 31 unibertsitateren eskaerak aztertzen ari gara. Ildo berean eta honekin batera, Kultura Sailak, HABE erakundearen bitartez, abian du Euskara munduan Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako egitasmoa eta honen baitan Estatuko, Europa eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu dira. Euskara eskolak Europan, Amerikan eta Australian ematen dira HABEk zuzendutako ikastaroetan, 1.500 ikasle aritu ziren iaz euskara ikasten Ameriketan eta beste 800 inguru Europan. Bestalde, kultura eta hizkuntzen alorrekin zer ikusia duten azoka eta ferietan parte hartuko du. Horrez gain, kultur produkzio eta espresio desberdinen mundu zabalpena bultzatuko du eta hedapen kulturaleko jarduerak estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egingo ditu...

Zein beste arloetan jorratuko ditu Etxepare Euskal Institutuak?

Arian-arian lankide izango da edo eta bere gain hartuko ditu literatura eta liburugintza alorrean kanpo zabalpenari begira hainbat azoketan egiten diren parte hartzeak, esaterako literatura eta liburugintza alorrarekin elkarlanean Frankfurteko Liburu azokan egiten den parte hartzea. Halaber, ikus-entzunezko alorrean Kultura sailak zuzenean eta beste batzuekin elkarlanean gauzatzen dituen euskal ikus-entzunezkoen kanpo zabalpenerako ekintzak (Kimuak, Niniak eta abar) bultzatuko ditu eta hor Euskadiko Filmategia lankide izango du. Arte Plastikoen alorrean Etxepare Euskal Institutuak Gure Artea sarien kanpo zabalpena bultzatuko du. Ez da lan makala agindu dioguna. Alajaina!

Non egon da halako adostasuna lortzeko gakoa?

Aurten Euskararen Legearen 25. urteurrena betetzen dugu. Euskararen legearekin gertatu zen moduan, orain ere euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna den Etxepare Euskal Institutua kontsensu zabalarekin -aho batez- Lege egin da. Eusko Legebiltzarrean ziren indar politiko guztiak, bakoitzak bere iritzi eta ñabardurekin, bat egin dute egitasmo honetan eta berea egin dute Etxepare Euskal Institutua sortzeko eta arautzeko legeak, zioen azalpenean aipatzen duen xedea: “elkarren mendekotasuna gero eta handiagoa duen mundu globalizatu honetan, Euskadi ezin da izan bere baitan itxita dagoen herrialde bakartu bat; aitzitik, mundura irekita egon behar du eta, kulturen arteko harremanak bultzatu eta haien alde egiteaz gain, bere berezitasuna erantsi behar du. Gure kanpoko presentzia iraunkor eta aktiboak Euskadiren irudi positiboa islatu behar du munduan, hartara, ezagutza soiletik haratago joanez, nortasun eta identitate propioak dituen etorkizuneko herrialde gisa nazioartean onartua izan dadin”.

Jakin badakigu euskararen joko zelai nagusia eta erabakigarriena euskal gizartearen joko zelaia dela; euskarak hor irabazi behar du eta irabazten ari da bere etorkizuna, geroz eta leku gehiago hartzen ari baita; hori horrela izateak, baina, ez du esan nahi joko zelai bakarra denik, orain euskara munduan ere jarri nahi baitugu. Ez inoren gainetik ez inoren azpitik, beste hizkuntzekin batera. Koldo Mitxelenak esan zuen moduan, “gure herriak beste herrien artean bere tokia behar duen bezala, euskarak ere berea aurkitu behar du hizkuntzen artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia”.

Hala ere, ez euskara ezta euskal kultura ez dira salbatuko kanpoan egiten denarekin...

Jakina, hori argi dago, eta eta Kultura Sailak ez du inoiz bestelakorik pentsatu. Hemen egiten duguna da kanpoan zabaldu behar duguna. Etxepare kanpo hedapenerako tresna dugu, etxean ez badugu sortzen ez dugu kanpoan zabaltzeko zer izango. Parekotasunak eta ezberdintasunak. Cervantes Institutua, Kataluniako Institut Ramón Llull-ekin...:

Ramon LLull Institutua, Cervantes Institutua, Goethe Institutu alemaniarra, British Council, Alliance Française... mundu osoko hizkuntzak eta kulturak kanpoan zabaltzeko erakundeak izan ditugu aztergai Etxepare Euskal Institutuaren sorrerako egin ditugun lanetan. Enpresa munduan hain zabaldua den Bench marking-a egin dugu besteen esperientzietan oinarrituta ikusteko eta ikasteko. Eta lan horretan aipatzen duzun LLull Institutua oso kontuan izan dugu, besteak beste, Etxepare Euskal Institutuak bezala, hizkuntza eta kulturaren kanpo zabalpena hartzen duelako bere gain; aldiz munduko beste batzuk bakarrik hizkuntza gaietan aritzen dira. Oso erreferente ona izan da, baita ere, hurbiltasunagatik, eta egia esanda sakonean aztertu dugu LLull Institutua, bere funtzionamendua eta joan etorriak. Esaterako, Legea prestatze bidean zenean, berau aztertzen ari zen Legebiltzarreko batzorderekin batera bisita egin genuen Kataluniara, eta ez da izan hori hartu eman bakarra. Bide batez, eskertu nahi nuke Llull Institutuak gurekin izan duen harrera eta abegia. Tresnak eta azpiegitura helburuak lortzeko. Langileak, zuzendari posiblearen profila...:

Legeak Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea gisa ezartzen du. Etxepare Euskal Institutuaren organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria izango dira eta bere lanerako Etxepare Euskal Institutua alorretan antolatuko da Sorrera Legeak aurreikusten du urte bete baino lehen Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak Etxepare Euskal Institutuaren araudia onartu eta erakundea sortuko duela. Horretan dihardugu. Egoitza nagusiaren kokapena:

Bere egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu, bere helburuak betetzeko. Horretarako, merkataritza-sozietateetan, fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartu ahal izango du beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko baimenarekin. Eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzak munduan zehar dituen ordezkaritzak erabiliko ditu. Zergatik Donostian?

Alde batetik eraikin berean, Tabako fabrika zaharrean, Donostiako Kultura Garaikide Zentrua izango duelako etxekoneko; etxepean, gainera, Euskadi Filmategiaren egoitza dugu eta jakina den moduan, Etxepare Euskal Institutuak Kultura sailak -zuzenean eta beste batzuekin elkarlanean- gauzatzen dituen euskal ikus-entzunezkoen kanpo zabalpenerako ekintzak (Kimuak film laburren alorrean, Niniak animazio eta dokumentalen alorretan eta abar) jorratuko ditu, eta hor Euskadiko Filmategia lagun eta lankide izango du. Eta zer esanik ez euskararen kanpo irakaskuntzaren alorrean, arestian aipatu dugun moduan, Etxepare Euskal Institutuak ez du bakarrik lan egingo ezta bakarrik izango, ezta urritik ere hutsetik hasiko, munduko euskara eskoletan eta irakaskuntzan HABE erakundea lankide izango du. Aipatu hiru erakunde hauen egoitza Donostian da eta hauetako bi, Etxepare Euskal Institutuarekin batera, Tabakaleran izango dute etxea. Patxi Baztarrika Galparsoro

(Ataun, 1958) Ezkondua, Donostian bizi da eta 2005eko uztailaren 12an, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordea izendatua izan zen. IKASKETAK · Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan Lizentziatua (EHU). · Euskaltzaindiaren D titulua (1972) eta 4. Hizkuntza Eskakizuna. · Frantsesa: ulermena eta irakurmena (nahikoa edo), mintzamena (zerbait, nahikoa ez). · Ikastaro ugari 1981az geroztik ondorengo alorretan: itzulpena, hizkuntza-plangintza, idazkera, terminologia, euskararen erabilera-planak... LANBIDEA · Itzultzaile/interpretari lehenik eta Euskara Teknikari (Euskara Zerbitzuburu) geroago Andoaingo Udalean 1981az geroztik. · Andoaingo Udaleko Euskara Teknikari (Zerbitzuburu) plazaren titularra, orain zerbitzu berezitan deklaraturik dagoelarik. ESPERIENTZIA POLITIKOA ADMINISTRAZIOAN · 1999-2003: Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteburua (Roman Suduperekin Gipuzkoako Foru Aldundian). · 2003 ...: Donostiako Udalean EAJ-ren zinegotzi (Euskara Patronatuko Batzorde Nagusiko kide, besteak beste).