Zer da bakearen aldeko ikerketa? Nola ikertzen da bakearen alde?
Guk hausnarketa zientifikotik ikertzen dugu bakearen alde, hau da, garrantzitsua da bakearen aldeko azterketen edukia ezagutzea gizarte zientzia aplikatu gisa. Aukera zabal horren barruan, honako gai hauek guztiak sartzen dira: bakearen aldeko ikerketa, bakearen aldeko heziketa, gatazken azterketa, gatazkak eraldatzeko proposamenak (bitartekaritza, negoziazioa...), eta gatazka horiek era ez bortitzean eraldatzeko elkarrizketak eta komunikazioak duten garrantzia... Eta baita indarkeriaren azterketak ere. Hogei urte igaro dira, eta diziplina horretako jakintzaren eremua haziz joan da. Eta beste iturri batzuk ere izan dira non edan: nazioarteko lankidetza, garapen gaiak, etab. Eta adi egon gara halaber gizarte mailako beste etorrera batzuk onartzeko: kulturartekotasunaren gaiak, zer da generoaren ikuspegia delako hori... Horrek guztiak aberastu egiten du bakearen aldeko ikerketen diziplina. Hortaz, nola egiten dugu bakea Gernika Gogoratuzetik? Ba, gaiari buruz dagoen ekarpen akademiko osoa kontuan edukita, hemen eta munduan lantzen ari diren esperientziak ezaguturik... Hori oso garrantzitsua da. Eta, gainera, hausnarketa zientifiko hau guztia gizarte ekintza bihurtuta: nola igaro hitz egiten ari garenetik ekimen zehatzetara? Zer gara dezakegu bake prozesuak sustatzeko edo bultzatzeko? Zer gara dezakegu parte-hartze prozesuak ere bultzatzeko, adibidez gatazken eraldatze ez bortitzean?
Gatazkaz ari garenean, osagai politiko bat duen zerbaiti buruz ari al gara beti?
Euskal kasuan?
Orokorrean. Auzoen artean ere izan baitaitezke gatazkak, adibidez, edo bikotearen barruan.
A, ez, desberdinak dira, hau da, gatazkaren tipologiak giza taldetako gatazkak aztertzen ditu. Ildo horretan, gatazka batzuk auzoen artekoak izaten dira, beste batzuk enpresa esparrukoak, beste batzuk politika esparrukoak.
Eta zuek horiei guztiei buruz teorizatzen duzue?
Horiei guztiei buruz teorizatzen dugu, bai, eta, gainera, teoria hori zabaldu nahi dugu. Gatazken eta bakearen azterketarako teoria edo hurbilketa onenak jotzen ditugunak Gernika Sarearen barruan argitaratzen ditugu. Gure argitalpen saila da hori. Gatazkaren gaiari heltzen dion oro gizartean zabaltzen saiatzen gara, gatazkez eta indarkeriaz ari garenean zertaz ari garen jakiteko. Biak gauza desberdinak baitira, eta kasu batzuetan, tamalez gehiegitan, nahasi egiten baitira, baina biek lotura estua dutelako ere bada hori. Halere, gatazka bati heltzeko, beharrezkoa da bereiztea zein diren gatazkaren zergatiak, zein diren gatazkak eraldatzeko proposamenak, gure kasuan proposamen positiboak, hau da, ez bortitzak, eta, era berean, beharrezkoa da ongi aztertzea eta ulertzea zein diren gatazkekin lotutako indarkeria adierazpenak. Oso ongi ulertu behar dira horiek, gatazkak legitimatzeko eta indarkeria deslegitimatzeko. Eta gatazka batzuek duten indarkeria maila gutxitzen hasteko.
Hortaz, indarkeria geldiaraztea al da gatazka bat konpontzeko lehen urratsa?
Zuzeneko indarkeria, egiturazko indarkeria eta kultur indarkeria hiru indarkeria mota dira. Aztertu egiten dira, eta lotura estua dute elkarrekin. Zuzeneko indarkeria geldiaraztea da lehen helburuetako bat gatazkak eraldatzeko eta bake lanari ekiteko, eta horrela hel daiteke bake akordioak egiteko egoeretara. Dena dela, baldin eta zuzeneko indarkeria (hiltzen duen indarkeria jo dezakeguna) amaitzen bada, eta ez baldin badira tratatzen behar adina eta modu serioan beste bi indarkeriak... Izan ere, zuzeneko indarkeriaren kausak, eraginak eta ondorioak kontuan edukitzea bezain garrantzitsua da gainerako indarkerien (kulturala eta egiturazkoa) kausak eta ondorioak ere kontuan edukitzea. Eta gatazka bat era ez bortitzean eraldatzeko orduan, hirurak eduki behar dira kontuan. Funtsezkoa da errealitatea konplexua dela ulertzeko modu batean lan egitea, indarkeria horiez guztiez ari naizenean. Halere, funtsezko gauza bat ere eduki behar da beti gogoan, hots, biziak duen balioa, duintasunez bizitzeak duen balioa. Horregatik eskatu behar dira giza eskubide guztiak, eta hortik abiatuta, eta horrekin, gatazken azterketan lan egin behar da.
Gatazkarik eza bezala ulertu behar al da bakea?
Ez horixe. Bakea ez da gerrarik edo gatazkarik eza. Bake positiboa, alegia. Bakea gerrarik eza bezala Johan Galtung-ek definitu zuen jadanik, hura baita bakearen aldeko ikerketen sortzaileetako bat, baina bake negatiboa deitu zion horri. Bakearen aldeko ikerketen diziplina zorroztasun zientifikoa bereganatzen hasi zenetik, bakearen definizio ugari eman dira. Eta kontzeptuen garapen garrantzitsu bat izan da. Hark, Johan Galtungek “bake negatiboa” kontzeptua asmatu zuen, bakea gerraren edo indarkeriaren ausentzia zela esaten zenean, egoera hori bake negatiboa baita bakarrik. Harago joan behar da, eta bake positiboaz hitz egin. Eta guri iruditzen zaigu bizia zaintzeko giza gaitasunak garatzea dela bakea, baina baita oinarrizko premiak asetzea ere, hots, premia pertsonalak eta baita kolektiboak ere. Hor gogoratu behar dugu bakearen aldeko ikerketek egiten dutena: gizarte zientzia aplikatua. Gizakiak izaki sozialak gara, taldean bizitzekoak. Eta ase beharreko oinarrizko premia batzuk ditugu: ongizatearen premia, nortasunaren premia eta askatasunarena. Baina, gainera, geure kulturan bertan ditugun aukeretatik beretatik garatu behar ditugu giza gaitasun horiek. Bake prozesuez hitz egiten denean, beste esperientzia batzuk kontuan edukiko dituzten akordioak iristeaz hainbeste hitz egiten denean... bai, garrantzitsuak dira esperientzia horiek, baina ezin da esperientzia bat hartu, ebaki eta beste toki batean itsatsi. Horregatik, iruditzen zaigu aipatzen ari garen bakea geu bizi garen erkidegoaren kultur aukeratik bertatik garatu behar dugula. Eta iruditzen zaigu, halaber, bakea eraikitzean ardura pertsonal eta kolektibo batzuk hartu behar ditugula geure gain, eta interdependentzian oinarrituta egon behar dutela ardura horiek. Eta hori guztia, gatazkak era positiboan, ez bortitzean eta sortzailean eralda daitezen.
Nola definitzen da interdependentzia hori?
Giza garapena eta giza segurtasuna bezalako terminotan garatzen diren proposamenak bezala. Hor ideia hauxe proposatzen da: “Nire erkidegoaren ongizatea estu-estu dago loturik zure erkidegoaren ongizatearekin”. Horrek paradigma aldaketa bat adierazten du, jadanik, orain arte egiten ari diren bakearen aldeko proposamenetan. Jadanik kontua ez da bakarrik geure erkidegoetan dauzkagun gatazkak konpontzea edo eraldatzea, baizik eta gainera ulertu behar da nork osatzen dituen erkidego horiek, eta erkidego horiek beste batzuekin dituzten harreman estuak, gogoan edukita gainera mundu globalizatua errealitate bat dela. Eta errealitatea bada zentzu ekonomikoan (horixe da basatiena eta ankerrena), beste zentzu batean ere garatu behar litzateke globalizazio hori, maila globalean dugun papera kontuan edukitzeko. Horregatik proposatzen dugu Gernika Gogoratuzetik tokiko parte-hartzea bultzatzea, gizarte ehun sendo bat erraz dezan, toki hori edo udalerri hori bera osatzen duten beste erakundeekin harremanak izateko. Interdependentzia, beraz, zentzu horretan. Erakundeek ikus ditzatela elkarteak aliatutzat, elementu lagungarritzat, ekarpenak egiten dituzten elementutzat, eta elkarteek ere ikus ditzatela erakundeak aliatu moduan, proposamen berriak egiteko orduan.
Hiru indarkeria mota aipatu dituzu: zuzeneko indarkeria, egiturazkoa eta kulturala. Badirudi zuzenekoa nahiko garbi daukagula, izugarri ikusgarria baita. Baina, eta beste biak? Zer dira?
Egiturazko indarkeria egitura antolatuetatik egiten da. Eta indarkeria kulturalak beste biak legitimatzen ditu. Adibide bat emango dizut: Hegoafrikan, apartheidaren garaian, egiturazko indarkeria gobernuarena zen, gobernuak azalaren koloreagatik diskriminatzen baitzituen pertsonak. Legez, onartua zen pertsona beltzak autobuseko toki batean joatea eta zuriak beste batean. Apartheida indargabetu zenean, jadanik ez zen jokabide hori errazten zuen legerik. Halere, pertsona beltzak igo autobusera eta lehengo tokian esertzen ziren, eta zuriak ere bai. Indarkeria horren azterketa ere kontuan izan behar da, gatazkei heltzeko orduan.
Beraz, indarkeria kulturala dago beti azpian...
Hori da, indarkeria kulturala da euskarria. Indarkeria mota hori adierazpen artistiko batzuen bitartez, hizkuntzaren bitartez, ikurren bitartez... gertatzen da. Baina, jakina, zuzeneko bakea, egiturazko bakea eta bake kulturala ere aipa ditzakegu. Kontua da indarkeriaren kultura horri eusten dioten osagai horiek guztiak eraldatzea poliki-poliki, aurrerantzean bakearen kulturari euts diezaioten. Eta horrek denbora luzea eskatzen du.
Gizakiaren kulturaren zati al da indarkeria?
Elementu bortitz ugariko kultura dugu. Komunikabideetan eta beste era askotan ikus dezakegu hori.
Baina, berezkoa al du indarkeria pertsonak?
Ez. Agresibitatea du berezkoa pertsonak.
Esan didazu agresibitatea duela berezkoa gizakiak, ez indarkeria. Agresibitateak eragiten al ditu gatazkak?
Ez. Eduki dezakegu jarrera agresibo bat, baina jokabide baketsua edukitzea erabaki halere. Jakina, badira amorrua eta agresibitatea ere, baina baldin badakigu zer den amorrua eta zer den agresibitatea, baldin badakigu zer diren horrelako emozioak, badakigu beste zerbait egin dezakegula haietaz, eta ez orain arte egiten genuena. Horregatik, bakearen aldeko heziketan (ez naiz ari eskolaz bakarrik, baizik eta gizarteko beste edozein mailaz), garrantzitsua da izendatzea, eta emozioak izendatzeko, ezagutu egin behar dira. Orduan, eduki dezakegu emozio agresibo bat, amorrua bezalako emozio bat, baina, hortik aurrera, jokabide bortitza edo ez bortitza edukitzea erabaki dezakegu. Garrantzitsua da horren kontzientzia hartzea.
1987an Gernika Gogoratuz Aztertegia sortu zenean, bakearen aldeko ikerketaren diziplina oso ahula zen Euskadin, nolabait esateko?
Euskadin eta leku guztietan. Ez zen hain ahula esparru akademikoan edo izaera sozialeko beste batzuetan, adibidez mugimendu antimilitaristan, mugimendu bakezalean... Azken hogei urte honetako lorpenak ez dira lortu bakarrik Gernika Gogoratuz bezalako zentroei esker, edo unibertsitatetik egiten diren ekarpenei esker, baizik eta baita gizarte mugimendu batzuen bitartez ere. Adibidez, Garraxi Ixilak, Elkarrik eta beste batzuek, gizarte mobilizazioaren bitartez, bakearen aldeko pedagogia egin dute. Eta, orain, gizarte bitartekaritza, akordio negoziatua... terminoak ezagunagoak zaizkigu. Garraxi Ixilak, esaterako, berebiziko lana egin zuen termino bat proposatzean. Jazarpen indarkeriaz mintzatu zen, hemengo jende askori ari baitzitzaion gertatzen hori (tamalez, gaur egun ere gertatzen da oraindik), eta hori aurrerakada handia izan zen bakearen garapen kontzeptualaren mailan. Bake inperfektuaz ari gara, zuzeneko bakeaz, egiturazko bakeaz, bake kulturalaz... eta aipatu ditugun indarkeriez ari gara, jazarpen indarkeria da horietako bat. Horrela definitzen ditugunean gugandik hurbil-hurbil dauden errealitateak, jadanik urrats garrantzitsuak ari gara egiten bakea eraikitzeko.
Negoziazioa al da azken bi hamarkada hauetan garatu den kontzeptu horietako bat?
Negoziatu... bizitza osoan aritu gara negoziatzen...
Izan ere, 1987an, Gernika Gogoratuz sortu zenean, ETA eta Espainiako Gobernua Aljerreko Mahaitik jaiki berriak ziren, orduan behintzat negoziazioa deitu zen zerbait egitetik...
Negoziazioa bake akordio baten barruan sartzen da. Bake akordio horiek, edo negoziazio prozesu horiek ez diete helduko edukietan oinarritutako konponbideei, baina, gutxienez, aldeen arteko harreman modu berriak zehazteko proposamenei helduko diete. Helduko zaie noski gai zehatz batzuei, beroriek konpontzeko. Baina funtsezko gaiek eztabaidagai iraungo dute.
Eta sekula guztian iraungo dute?
Mahai gainean egongo dira beti, funtsezko gai horiek guztioi eragiten baitigute, eta arlo desberdinak ditugu berorietan esku hartzeko. Edukidun gaiez ari naizenean, zera esan nahi dut... adibidez, euskal gatazkaren esparruan, edo bake prozesuarenean, erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazioa eta lurraldetasuna dira bi funtsezko gai. Horiek dira edukidun gaiak, gatazkaren mamia. Eta uste dut hemendik 20, 30 eta 50 urtera ere arituko garela horietaz.
Eta ez al litzateke hobe horrela ez izatea, gatazka konpondu den seinale?
Ez. Hori ez baita gatazka. Lurraldetasunaz edo subiranotasunaz aritzea gatazka iruditzen zaizu? Orain 50 urteko subiranotasun gaiak desberdinak dira oraingoetatik, adibide bat ematearren, baina subiranotasunak gertatzen ari diren errealitateak dira. Euskal Herriak subiranotasuna edukitzea oso ulergarria da egun, Madrilekin edo Bruselarekin partekatutako subiranotasuna. Hortaz, zergatik ez dugu aztertzen era berean zein diren subiranotasun partekatu horiek, eta nola hobe daitezkeen, hori baldin bada toki horietan bizi diren pertsona gehienen nahia? Horregatik diot gatazka berezko gauza dela gizakiarengan eta haren harremanetan. Badira auzo, erkidego, enpresa, sindikatu, politika gatazkak. Familia esparruan edukitzen den gatazka, konpontzen al da? Konpontzen dira gai batzuk, edo agian konpon daiteke familia gatazkaren bat, jakina baietz, baina, seguruenik, familia horrek, nola gauza bizia eta pertsona ugariz osatua den, nola mendekotasun harremanak diren norabide askotan, gatazkak eragingo eta sortuko ditu aurrerantzean ere, barruan edo inguruko pertsonekin. Hortaz, negoziazio proposamenak egitea, eta horietan bizikidetza esparru berriak ezar ditzaketen edukidun konponbideak aztertzea, hori ia zibilizazio guztiei dagokie. Hori luzaroan gertatuko da, zeren etorriko baitira agian oraindik asmatu ere egin ez ditugun proposamenak, edo denborarekin garatuko diren gobernatzeko era berriak.
Zergatik irauten dute beren horretan gatazkek? Aldaketak beldur handia sortzen duelako. Oraindik denbora gehiago behar dugu elkarren arteko konfiantza irabazteko espazioak sor daitezen; oraindik denbora gehiago behar dugu aldaketarekiko, harremanarekiko, bestearekiko beldurra galtzeko. Konfiantza ez da irabazten egun batetik bestera; jarrera batzuen eta emaitza batzuen ondorio da; ez da nahikoa esatea: “Nik egiten ari garen honetan ipintzen dut orain neure konfiantza, eta kito”. Jarrera bat eduki behar da, eta, hor, konfiantzak balio bat izan behar du, nahiz eta gainera ez kontrolatu hori. Inor negoziazio prozesu batean sartzen denean, badaki handik irtengo dena ez dela ezagutzen. Berak zerbait proposatuko du, eta zerbait utzi beharko du atzean. Baina zerbait atzean uzte hori beste zerbait irabazteko izango da. Bestela, ez baita negoziazioa. Konfiantza irabazten den espazioak sortzeaz ari garenean, konpromisoaz ari gara, jarrera batzuez. Hor, beharrezkoa da jakitea konfiantza garrantzitsua dela, baina konfiantza hori erakutsi ere egin behar da, eta emaitzak eskatu behar dira. María Oianguren Idigoras (Gernika, 1966) Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatu zen EHU-UPVn. Gernika Gogoratuzen egin du bere lan ibilbide osoa. 1991ean hasi zen hor, eta dokumentazio zentroa ipini zuen martxan. Gero, argitalpen zerbitzuaz arduratu zen, eta web orria argitaratzeaz. Gainera, bakearekin eta gatazkekin lotutako nazioarteko zenbait jardunaldi eta mintegi antolatzen lagundu du. Azkenik, eta 2001 hondarrean Gernika Gogoratuzen sortzaileetako bat eta zuzendari bakar izandako Juan Gutiérrez erretiratu zenean, Maria Oiangurenek bere egungo kargua hartu zuen, 2002 hasieran. Gernika Gogoratuzen egin duen lanetik datorkio, hein handi batean, gatazken konponketa eta bakearen ikerketa diziplinetan daukan prestakuntza. Erakunde ugarik (Universitat Oberta de Catalunya barne) antolatutako espezializatze ikastarotan ere izana da.