383 Zenbakia 2007-02-23 / 2007-03-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Uhinak irratia, Aiaraldeko irratirik libreena

GASTAKA URRUELA, Eneko



1999 urtean jaio zen egitasmoa da Uhinak Irratia. Lau katu tristek hasi zuten proiektua, eta urteen eta lan gogorraren poderioz, itxura ona hartu duen irrati librea bilakatu da. Dozenaka buruhauste eta arazo gaindituta, programazio propioz betetzen ditu eguneko ordu gehienak. Halaber, ordu libreak ere geratzen dira, eta irrati honen helburu askotariko bat hutsune hauek betetzea da. Horretarako nahi duen jende guztia animatzen du irrati honetan parte hartzera eta gai ezberdinei buruzko irratsaioak egitera bultzatzen du, edozein adineko, sexuko...jendea.

Orain dela gutxi, gainera, lokal bat alokatu dute eta irratiko bertako jendearekin eta lagun batzuekin batera Uhinak Irratiaren egoitza ofiziala altxatzea lortu dute. Izan ere lehen, hasieran, arazorik handiena horixe zen, alegia, Laudioko Gaztetxeko goiko pisuan zeudela estudioak eta Laudioko Udalak estudio hauek 9:30etan gehienez ixtea eskatzen zien irratiko kideei. Honek buruhauste ikaragarriak ekartzen zizkien, baina azkenean prezio onargarri batean utzi zieten lehen harategia zen lokal hau, eta han ezarri ziren azkenik.

Lokal berri honetaz aparte, webgune bat ere eraiki dute, www.uhinak.net, eta aldizkari baten proiektua ere aurrera eramatea erabakitzen ari dira.

Etorkizunari begira batek daki zer nolako komunikabidetan sartuko diren Uhinak Irratiko kideak...