383 Zenbakia 2007-02-23 / 2007-03-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gure herrian igerilariak ere badaude

RUIZ IBARRA, Ane



Nahiz eta herriko jende askok ez jakin, Laudion igeriketa talde bat dago eta talde honen sortzailea Iñaki del Hoyo izan zen 1990 urtean. Hamazazpi urte hauetan zehar igerilari asko eta oso onak egon dira, hauetako batzuek Euskal Herriko txapeldun geratzea lortu dute eta beste batzuek Espainiako txapelketan ere parte hartu dute. Guzti hau lortzea ez da batere erraza izan, horretarako igerilariok egunero entrenatu behar dugu, baina ikasketak ez ditugu alde batera uzten.

Gaur egun, Igeriketa Laudion, 19 igerilari federatu, 39 eskola-igerilari eta igeriketa eskolan 60 ume daude.

Laudioko polikiroldegian entrenatzen dugu, baina gure ordutegia ez da erosoa. Entrenatzeko igerilekua goizeko 6:00etatik 8:30ak arte daukagu, eta arratsaldez, astelehen, astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:00ak arte eta asteazken eta ostiraletan 15:00etatik 19:00ak arte daukagu. Baina arratsaldez kale bakarra daukagunez, gure entrenatzaileak, Zigor Berdugok, talde desberdinetan banatu gaitu. Txapelketa garrantzitsuak datozenean larunbatetan ere entrenatzen dugu.

Taldearen historian zehar, lorpen nagusienak honako igerilariek egin dituzte:

Iratxe Duñabeitiak, 2002 urtean neguko Espainiako txapelketan 2. postua lortu zuen 50. bizkarretan. Eider Santamariak, 2004 urtean Reusen, 3. postua lortu zuen 800 m. libreetan; 2005 urteko neguan, Sabadellen, 3. geratu zen 400 m. libreetan. Udan Bartzelonan 100 eta 200 m. libreetan 3. postua lortu zuen.

Ane Ibarrolak, 2004 urtean eta Reusen, 50 eta 100 m. libreetan 2. postua lortu zuen. Beste igerilari batzuk ere txapelketa hauetara joan dira, klubarekin zein Euskadiko selekzioarekin. Orain arte txapelketa hauetara joan den mutil bakarra Jon Ruiz izan da eta 15. postua lortu zuen.

Pasa den denboraldian, Oihane Escandon bi finaletan sartu zen eta 8. postua lortu zuen, eta Ane Ruizek beste bi final eskuratu zituen eta 7.eta 8. postuak lortu zituen.

Aurtengo denboraldian Garazi Uribarri, Oihane Escandon eta Ane Ruizek neguko Espainiako txapelketetan parte hartuko dute Sabadellen eta Madrilen.

Espero dugu iaz bezalako emaitzak edo hobeak izatea, horretarako ari gara lanean.